Bidaiatzeko grina piztuko dizuten 25 film
Lumière anaiek zinematografoa asmatu zutenetik, zinea eta bidaiak beti eskutik joan dira. Meliès-en Ilargira bidaia-rekin hasi eta Arabiako Lawrence Casablanca, Afrikako Memoriak, Easy Rider edo Zazpi urte Tibeten bezalako klasiko bikainek, leku ezezagunetara bidaiatu eta abentura berrietan sartzera eraman gaituzte.
Baina jar dezagun arreta milurteko honetan, izan ere, zinemaren historia osoa kontuan hartuko bagenu, zerrenda amaigabea litzateke. Honako hauek dira azken urteetan gehien gustatu zaizkigun bidaiei buruzko filmeetako batzuk:
1.- Diarios de motocicleta
2.- Walter Mittyren bizitza sekretua
3.- Into the wild
4.- Chef
5.- On the road
6.- 4 latas
7.- The Darjeeling Unlimited
8.- Wild
9.- The Leisure Seeker
10.- Little Miss Sunshine
11.- Uda bat Provenzan
12.- Diecisiete
13.- Eat, pray, love
14.- Habana Blues
15.- The art of travel
16.- Sideways
17.- Familia rodante
18.- The way
19.- The angel’s share
20.- The lady in the van
21.- Wild Hogs
22.- Hector eta zoriontasunaren sekretua
23.- Nire sorterria
24.- Vaya vacaciones!
25.- Nora
Diarios de motocicleta
‘Che’ Guevara ikono iraultzaile bihurtu baino urte batzuk lehenago, 1952an, Erneso gazteak (Gael García Bernal) eta Alberto Granado (Rodrigo de la Serna) lagunak bidai handi bat egin zuten Hego Amerikan barrena. La Poderosa goitizena zuen Norton 500 modeloko moto zahar bat zuten bidelagun. Bidaia horrek, herrialde anaiak hobeto ezagutzeko eta bi gazteen kontzientzia soziala pizteko balioko dute. Guevarak eguneroko batean jaso zuen bidaia hori, eta mende erdi bat geroago, Walter Sallesek zinemara eraman zuen haien istorioa, ikutu historiko eta sozialak dituen road trip honen bitartez.
- Jatorrizko izenburua: “Diarios de motocicleta”
- Zuzendaritza: Walter Salles
- Herrialdea: Argentina
- Urtea: 2004
- Aktoreak: Gael García Bernal, Rodrigo de la Serna.
Walter Mityren bizitza sekretua
Walter (Ben Stiler) tipo gris bat da, bizitza gris batean murgilduta. Bere bizmodu monotono eta aspergarritik ihes egiteko, inoiz burutuko ez dituen abenturak imaginatzen du bere buruan. Aldizkari ezagun batentzat lan egiten du argazkiak errebelatzen; papereko azken zenbakia argitaratzera doaz, eta Sean O´Conell (Sean Penn) argazkilari ospetsuak, azala ilustratuko duen argazkiaren negatiboa bidaltzen dio. Walterrek, ordea, ez du negatibo hori aurkitzen eta O’Conellen bila abiatu beharko du, munduan zehar bidaiatuz, hori lortzeko. Azkenean, beti amestu izan dituen abenturak biziko ditu.
- Jatorrizko izenburua: “The Secret Life of Walter Mitty”
- Herrialdea: Estatu Batuak
- Helbidea: Ben Stiler
- Urtea: 2013
- Aktoreak: Ben Stiler, Kirsten Wiilg, Adam Scott, Sean Penn.
Into the wild (bide basatietara)
Christopher McCandlessen (Emile Hirsch-ek antzeztua) benetako istorioan oinarrituta dago filma. Gazte idealista baten istorioa kontatzen du, inguratzen duen gizarte kapitalistaz eta funtsik gabeko jendeaz nekatuta, mundu zibilizatutik ihes egitea erabakitzen du. Alaskara iritsi eta bertan naturarekin harreman zuzenean bizitzea du helburu, bizitzaren benetako esanahia ezagutzeko. Sean Pennek eraman zuen zirena haren istorioa, gaur eguneko klasiko bihurtuz. Eddie Vedderrek konposatutako soinu banda harrigarriak ere aipamen berezia merezi du.
- Jatorrizko izenburua: ” ‘Into the wild’”
- Zuzendaritza: Sean Penn
- Herrialdea: Estatu Batuak
- Urtea: 2007
- Aktoreak: Emile Hirsch, William Hurt, Kirsten Stewart.
Chef
Nork esan du foodtruck batek ez duela bidaiatzeko balio? Carl Casper (Jon Favreau) ez dago bere ibilbide profesionaleko momenturik onenean. Nagusiarekin tirabira handiak ditu, eta fama handiko kritiko gastronomiko batekin izandako eztabaida gogorra Internet bidez zabaldu da. Bere emazte ohiaren aholkuei jarraituz, janari kamioi zahar bat hartu eta ogitartekoak egiten hasten da. Bere semearekin eta adiskidearekin batera, Estatu Batuak ekialdetik mendebaldera zeharkatuko ditu, Miamitik Kaliforniara, bizitza aldatuko duen bidaia batean.
- Jatorrizko izenburua: “Chef”
- Zuzendaritza: Jon Favreau
- Herrialdea: Estatu Batuak
- Urtea: 2014
- Aktoreak: Jon Fabreau, Sofia Vergara, John Leguizamo, Scarlett Johansson, Dustin Hoffman.
On the road (errepidean)
Walter Salles-ek (ikusten du gustatzen zaigula eh…) pantaila handira eraman zuen On the Road, Jack Kerouak-en eleberri mitikoa. Sal Paradise (Sam Riley) idazle izan nahi duen New Yorkeko gaztearen istorioa kontatzen du. Bere aita hil ondoren, esperientzia berriak bizi eta jende interesgarria ezagutzea bilatzen du. Bidean Dean Moriarty (Garrett Hedlund) ezagutuko du, eta harekin batera Estatu Batuak zeharkatuko ditu, klubak, drogak eta berrogeigarren hamarkadako musika amerikarra nahastuko dituen bidai zoro batean.
- Jatorrizko izenburua: On the road
- Zuzendaritza: Walter Salles
- Herrialdea: Frantzia-AEB
- Urtea: 2012
- Aktoreak: Garrett Hedlung, Sam Riley, Kristen Stewart, Amy Adams.
4 latas
Nork ez du ametsik egin desertua zeharkatzearekin? Horixe da Gerardo Olivares zuzendariak road movie honekin proposatzen diguna. Gazte garaiko lagun bat oso gaixorik dagoela jakitean, bere bi lagun elkartu eta, 80ko hamarkadan egin ohi zuten moduan, Renault 4L batean desertua zeharkatzea erabakitzen dute, Malin bizi den haien laguna bisitatzeko. Adiskidetasuna, abentura eta askatasuna bezalako gaiak jorratzen dituen filma da.
- Jatorrizko izenburua: ‘4 latas’
- Zuzendaritza: Gerardo Olivares
- Herrialdea: Espainia
- Urtea: 2018
- Aktoreak: Jean Reno, Hovik Keuchkerian, Susana Abaitua, Enrique San Francisco.
The Darjeeling Limited
Aitaren heriotzak berriz elkartu ditu Francis, Peter eta Jack, elkarren artean apenas harremanik duten hiru anaiak. Hileta horretatik, Indiara bidaia bat egiteko ideia sortuko da, bide batez, haien arteko lotura berriz sendotzeko. Daarjeling Limited trenean igota, herrialde osoan zehar bidaiatzeko asmoa dute, nahiz eta haien arteko liskarren ondorioz, tren hori utzi egin beharko duten. Orduan hasiko da hiru pertsonaien benetako bidaia eta abentura. Hori dena, Wes Andersonen estilo narratzaile eta bisual bereziarekin kontatuta.
- Jatorrizko izenburua: “The Darjeeling Limited”
- Zuzendaritza: Wes Anderson
- Herrialdea: AEB
- Urtea: 2007
- Aktoreak: Owen Wilson, Adrien Brody, Jason Schwartzman.
Wild (basati)
Cheryl Strayed (Reese Witherspoon) lurjota dago. Dibortzio gogor baten eta amaren heriotzaren ondoren, ez daki nola egin aurrera. Pazifikoko Gailurreko Ibilbideko panfleto bat aurkitu arte. 1.600 kilometrotik gorako ibilbidea da; esperientziarik gabe eta ikaragarrizko pisua duen motxila batekin, Cheryl-ek bideari ekiten dio, bakardadean. Bidean zehar bere bizitza aldatuko duten hainbat pertsona eta esperientzia ezagutuko ditu.
- Jatorrizko izenburua: “Wild”
- Zuzendaritza: Jean Marc Vallée
- Herrialdea: AEB
- Urtea: 2014
- Aktoreak: Reese Witherspoon, Laura Dern, Gaby Hoffmann.
The Leisure Seeker
Inoiz ez da berandu zure bizitzako bidaia ekiteko. Ella eta John-ek bidaia bikainak partekatu dituzte Leisure Seeker-en (beraien autokarabana zaharra). John memoria galtzen ari da, baina Ella prest dago munduaren azken muturreraino laguntzeko. Elkarrekin Bostonetik Floridara bidean abiatuko dira, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldea zeharkatuz. Egunez egun biziz, penak eta pozak partekatuz, galdutzat zuten bizitzeko grina berreskuratuko dute.
- Jatorrizko izenburua: “The Leisure Seeker”
- Helbidea: Paolo Virzi
- Herrialdea: Italia-AEB
- Urtea: 2017
- Aktoreak: Donald Sutherland, Hellen Mirren, Kirsty Mitchell, Janel Moloney.
Little Miss Sunshine
Imajina ezazu alaba bat duzula, eta hara non esaten dizun herrialdearen beste puntan ospatzen den haur ederren lehiaketa batean parte hartu nahi duela. Irabazteko inolako aukerarik ez duela jakinda ere, lagunduko al zenioke? Hori da Hoover familiak egiten duena. Familia berezia da oso, eta esan liteke haren kideek ez dutela munduan beraien tokia aurkitu. Baina alabari laguntze aldera, Volkswagen furgoneta zahar bat hartzen dute eta Estatu Batuak zeharkatzeko prestatzen dira, alabak Little Miss Sunshine lehiaketan parte har dezan.
- Jatorrizko izenburua: “Little Miss Sunshine”
- Zuzendaritza: Jonathan Dayton eta Valerie Faris
- Herrialdea: AEB
- Urtea: 2006
- Aktoreak: Abigail Breslin, Steve Carell, Toni Collette, Greg Kinnear, Alan Parkin, Paul Dano.
Uda bat Provenzan
Hiriko bizimodura ohituta, Antoine (Nicolas Cazalé) oso zaila egiten zaio bere jatorrizko Proventzara itzultzea, baina gurasoek herriko dendan laguntzeko eskatzen dutenean, uda bertan igarotzea erabakiko du. Aita gaixo dago eta ezin du herriz herri produktuak saltzen jarraitu bere furgonetarekin. Horrela topo egiten du berriz jaio eta hazten ikusi zuen lurrarekin, bere jendearekin eta bere hirian ez duen bizimodu lasai horrekin.
- Jatorrizko izenburua: “Le fils de l’épicier”
- Zuzendaritza: Eric Guirado
- Herrialdea: Frantzia
- Urtea: 2007
- Aktoreak: Nicolas Cazalé, Clotilde Hesme, Jeanne Goupil, Daniel Duval.
Diecisiete (hamazazpi)
Hector harremanetarako gaitasun gutxi duen 17 urteko gaztea da. Adin txikikoentzako arreta zentro batean dago, eta bergizarteratze programa batean, Oveja izeneko txakurra ezagutuko du. Bien artean harreman estua sortuko da, baina txakurra adoptatzen dutenean, Hectorrek zentrotik ihes egingo du, txakurra bilatu nahian. Bere anaia banandu berria da, eta harekin batera autokarabana batean bizitzen jarriko da. Bien arteko harremana hobetzeko balioko duen bidaia bat hasiko dute.
- Jatorrizko izenburua: “Diecisiete”
- Zuzendaritza: Daniel Sánchez Arévalo
- Herrialdea: Espainia
- Urtea: 2019
- Aktoreak: Biel Montoro, Nacho Sanchez, Lola Cordón, Iñigo Aranburu .
Eat, pray, love (jan, errezatu, maitatu)
Mundua eta toki paregabeak ezagutzeaz gain, bidaiak norbera aurkitzeko ere balio du. Liz Gilbert-en (Julia Roberts) kasua da, izan ere, hainbat porrot sentimentalen ondoren, Italia, India eta Balira eramango duen urtebeteko bidaia bat egitea erabakitzen du. Leku bakoitzean bizimoduaren egiazko zentzua aurkitzen lagunduko dioten jende inspiratzailea ezagutuko du.
- Jatorrizko izenburua: “‘Eat, pray, love”
- Zuzendaritza: Ryan Murphy
- Herrialdea: AEB
- Urtea: 2010
- Aktoreak: Julia Roberts, Javier Bardem, Richard Jenkins, Billy Crudup.
Habana Blues
Tito eta Ruy kubatar gazteak musika munduan arrakasta izatea amesten dute. Bi ekoizle espainiar uhartera etortzeak amestutako guztia lortzeko aukera eman diezaiekete. Baina prest al daude Kuba eta beraien bizitzak atzean uzteko, zortea atzerrian probatzeko? Benito Zambranoren filmak uhartearen bi aurpegiak erakusten ditu; baliabide gutxi dituen gazte bat, baina sormen askorekin; bizitza hobe baten bila atzerrira joan nahi duten gazteak eta beste batzuk, bertan geratzea nahiago dutenak. Guztia soinu banda sutsu batekin lagundua.
- Jatorrizko izenburua: “Habana Blues”
- Zuzendaritza: Benito Zambrano
- Herrialdea: Espainia-Kuba
- Urtea: 2005
- Aktoreak: Alberto Joel García, Roberto Sanmartín, Yailene Sierra, Marta Calvó
The art of travel (bidaiatzearen artea
Bizitza erabakiak hartzean datza. Eta Conner Layne (Christopher Masterson) bere bizitzako erabakirik okerrena hartzeko zorian dago. Baina azken momentuan ez ezkontzea erabakiko du eta bikotearekin egitekoa zuen eztei bidaiari bakarrik ekingo. Ertamerikara bidaiatuko du, basamortuak zeharkatuz, oihanetan murgilduz, beste abenturazale batzuk ezagutuz eta Machu Pichu bezalako leku bereziak bisitatuz.
- Jatorrizko izenburua: “The art of travel”
- Zuzendaritza: Thomas Whelan
- Herrialdea: AEB
- Urtea: 2008
- Aktoreak: Christopher Masterson, Brooke Burns, Johnny Mesner, James Duval.
Sideways (saihesbideak)
Miles, idazle izan nahi duen ardozale amorratua, eta Jack, ezkontzeko zorian dagoen aktore ohi bat, ezkontza aurreko bidaia antolatzen ari dira. Kaliforniara, ardoaren lurraldera joango dira, bertako upategirik onenak bisitatuz. Miles zoratuta dabil hainbeste ardo onen artean, baina Jackek interes handiagoa erakusten du bidean ezagutzen dituen emakumeekiko. Bi pertsonaia antagoniko hauek elkarrekin bidaiatuz, beraien harremanak eta bizitza alda ditzaketen pasadizioak eta pertsonaiak ezagutuko dituzte.
Jatorrizko izenburua: “Sideways”
Zuzendaritza: Alexander Payne
Herrialdea: Estatu Batuak
Urtea: 2004
Aktoreak: Paul Giamatti, Thomas Haden, Virginia Madsen, Sandra Oh.
Familia rodante
Emilia familiako amona da. 84 urterekin, bere ilobak ezkontzako amandre izateko eskatu dio. Kontua da, ezkontza hori bere etxetik 1.500 kilometrora ospatuko dela. Emilia-k familiari eskatuko dio laguntzeko, eta horrenbestez, autokarabana zaharra hartu eta familia osoa abiatuko da Buenos Airesetik Misionesera bidean. Bidaia horretann momentu ahaztezinak biziko ditu familiak.
- Jatorrizko izenburua: “Familia rodante”
- Zuzendaritza: Pablo Trapero
- Herrialdea: Argentina
- Urtea: 2004
- Aktoreak: Graciana Chironi, Liliana Capuro, Federico Esquerro, Ruth Dobel, Nicolas Lopez.
The way (bidea)
Santiago Bideak makina bat istorio eta filmetarako eman du. Emilio Estevezek 2010. urtean zuzendu zuen film hau, Martin Sheen protagonista nagusiaren rolean jarrita. AEBtako mediku ezagun batek, bere semea Santiago Bidea egiten ari zela hil dela jakin berri du. Donibane Garaziraino joango da zer gertatu den jakitera, eta semearen errautsak jasotzean, haren omenez bidea egitea erabakiko du. Filma hainbat topikotan erortzen bada ere, merezi du ikusteak, batez ere Martin Sheen-en lanagatik eta filmean zehar agertzen diren paisaiengatik (horietako asko Euskal Herrikoak).
- Jatorrizko izenburua: “The way”
- Zuzendaritza: Emilio Estevez
- Herrialdea: Espainia/AEB
- Urtea: 2010
- Aktoreak: Martin Sheen, Deborah Kara Unger, James Nesbitt, Yorick Van Wageningen .
The Angel’s share (aingeruen zatia)
Ken Loach handiak beste behin ere harritu egin gintuen, Eskozian girotutako kutsu sozialeko komedia honekin. Robbie, iragan nahasia izan duen mutila, aita izan berri da, eta bere bizitza zuzentzen saiatzen ari da. Gizarte lanetarako programa batean sartuko da, eta han Rhino, Albert eta Mo ezagutuko ditu. Henrik, haien tutoreak, whisky-aren mundua ezagutaraziko die, eta Eskoziako goi-lautadan zehar bidaia bat egitea erabakitzen dute, upategiak ezagutu eta inguruko likore onenak dastatuz.
- Jatorrizko izenburua: ” The Angel’s share”
- Zuzendaritza: Ken Loach
- Herrialdea: Erresuma Batua
- Urtea: 2012
- Aktoreak: Paul Brannigan, Roger Allam, John Henshaw, Daniel Portman.
The lady in the van
Miss Sheperd bere iraganetik ihesi dabilen adineko emakume xelebre bat da. Egun batean, bere furgoneta Londreseko auzo batean aparkatzea erabakiko du, idazle baten etxearen parean. Hasieran bizilagunek ez dute ondo hartuko, baina denborarekin bien artean oso harreman berezia sortuko da, bien bizimodua aldaraziko duena. Nicholas Hynterrek zuzendutako komedia honetan, bereziki aipatzekoa da Maggie Smith aktoreak egiten duen lana.
- Jatorrizko izenburua: ” The lady in the van”
- Zuzendaritza: Nicholas Hynter
- Herrialdea: Erresuma Batua
- Urtea: 2015
- Aktoreak: Maggie Smith, Alex Jennings, Jim Broadbent, Dominic Cooper.
Wild Hogs (zerri basatiak)
Berrogeita hamar urteen krisialdian dauden lau lagunek, haien bizitza monotonoan geldialdi bat egin eta beti amestu duten bidaiari ekitea erabakitzen dute, motoa hartu eta Estatu Batuak zeharkatuz. Gaztetako askatasunaren ideia hori, ordea, ez dator bat beraien adinarekin eta ohituta dauden bizimodu erosoareki. Hala ere, bidean izango dituzten gorabehera eta oztopo guztiak gaindituz, haien bizitzako bidaia egingo dute.
- Jatorrizko izenburua: Wild Hogs
- Zuzendaritza: Walt Becker
- Herrialdea: AEB
- Urtea: 2007
- Aktoreak: John Travolta, Tim Allen, William H. Macy, Martin Lawrence.
Hector eta zoriontasunaren sekretua
Zer da zoriontasuna? Eta batez ere, zein da hori lortzeko sekretua? Hector (Simon Pegg) psikiatra da, eta nekatuta dago bai bere lanaz eta baita daraman bizimoduaz ere. Urte sabatikoa hartu eta munduan zehar bidaiatzea erabakitzen du. Munduan barrena bidaiatuz, tokian tokiko jendea zerk egiten duen zoriontsu jakin nahiko du. Bidaia horrek, bere bizitza eta munduaren ikuspegia erabat aldatuko dizkio.
- Jatorrizko izenburua: “Hector and the search of hapiness”
- Zuzendaritza: Peter Chelson
- Herrialdea: Erresuma Batua
- Urtea: 2014
- Aktoreak: Simon Pegg, Rosamund Pike, Toni Collette, Stellan Skarsgard.
Nire sorterria
Bidaia bat, sorterrira itzulera ere izan daiteke. Farid (Tewfik Jallab) Frantzian jaiotako gaztea da, baina jatorriz aljeriarra. Bere arbasoen herrialdera joan beharko du, aitaren etxea salbatzera. Bidaia horretan bere arbasoen sorterria ezagutuko du, eta bertako jendearen bitartez, berriz konektatuko du bere sustraiekin.
- Jatorrizko izenburua: “Né quelque part”
- Zuzendaritza: Mohamed Hamidi
- Herrialdea: Frantzia
- Urtea: 2013
- Aktoreak: Tewfik Jallab, Jamel Debbouze, Fatsah Bouyahmed.
¡Vaya vacaciones!
Autokarabanako bidaiei berriz helduz, RV edo ¡Vaya vacaciones! familia giroko komedia barregarri bat da. Bob Munrok (Robin Williams) autokarabana bat alokatuko du, bere familiarekin Coloradoko Rocky Mountains-era bidaiatzeko. Emazteari eta seme-alabei ez dien esan, ordea, hara bidataitzeko benetako arrazoia, lan bilera garrantzitsu bat dela. Bidean era guztietako pasadizoak biziko dituzte, bai autokarabana eta baita familia harremana ere arriskuan jarrita.
- Jatorrizko izenburua: “RV”
- Helbidea: Barry Sonnenfeld
- Herrialdea: AEB
- Urtea: 2006
- Aktoreak: Robin Williams, Jeff Daniels, Cheryl Hines, Kristin Chenoweth.
Nora
Zerrenda hau amaitzeko, etxe aldera joko dugu, Donostiako Zinemaldian estreinatu berria den eta oso itxura ona duen euskal produkzio batekin. Nora, Lara Izagirre zuzendari zorntotzarraren bigarren filma da. Noraren (Ane Pikaza) istorioa kontatzen du; 30 urteko neska bat da, gizarteak eskatzen diona egiteaz nekatuta, bidaia bat egitea erabakiko duena. Zuzendariak emakumearen nortasunaren bilaketari buruzko “anti roadtrip” bezala definitzen du.
Eskena gehienak 2019ko udan filmatu zituzten, euskal kostaldeko leku ezagunetan; esaterako, Zornotza, Lekeito, Ibarrangelu edo Hendaia, beste kokapen batzuen artean.
- Jatorrizko izenburua: ‘Nora’
- Zuzendaritza: Lara Izagirre
- Herrialdea: Euskal Herria
- Urtea: 2019-20
- Aktoreak: Ane Pikaza, Héctor Alterio, Ramón Barea.
Azken iruzkinak: