Galiza: Rias Baixas

Galizan barrena egiten ari garen bidaian, A Coruña eta Costa da Morte ikusi eta gero, hegoalderantz jarraitu dugu, Pontevedra alderantz, eta Rias Baixas ingurua bisitatu dugu. Galizako gunerik turistikoenetako bat da, eta Costa da Morteko lasaitasunaren aldean kontraste handia egiten badu ere, bere paisaia ederrak, hondartzak eta gastronomia dira bisitarientzako amu nagusiak.

Bidea

Muros herria eta Costa da Morte atzean utzi eta gero, barnealdera sartu gara, Santiago de Compostela ezagutzeko. Handik kostara itzuli eta Corrubedora iritsi gara. Itsasertzeko bideari jarraituz, Illa de Arousa, O Grove edo Combarro bezalako herriak pasa ditugu, Galizako kostako ibilbidea A Guarda herrian bukatzeko.


Santiago de Compostela

Ezin genuen Galizaraino etorri eta Santiago de Compostela bisitatu gabe gelditu. Hiri garrantzitsua da, ez bakarrik milaka erromesen helburu delako, baita galiziar parlamentuaren eta gobernuaren egoitza delako, eta gizateriaren ondare izendatuta dagoelako ere. Bere alde zaharrak eraikin historiko ugari biltzen ditu; denetan ezagunena ordea, Santiago apostuluari eskainitako katedral erraldoia da.

Turismo aldetik joan-etorri handia duen lekua izaki, katedrala bisitatzeko ilarak sor daitezke abuztuan, baina hala ere, bisitak merezi du. Eliza barrutik ikusteko ez dago ordaindu beharrik. Aldarea ikusgarria da, urre kolorez betetako objektuekin, eta botafumeiro ezagunarekin. Kanpoaldean, Obradoiro plaza ikusi dugu, erromesez betea, eta udaletxearen eraikina den Raxoy Palazio ikusgarria.

Platerías plazatik gertu, kalez kale ibili gara, aurrez gomendatu ziguten lokal baten bila. O Gatro Negro du izena, eta benetan, taberna ‘autentikoa’ da. Garai bateko filme edo telesailetatik ateratakoa dirudi. Lokal txikia da eta kanpoaldean apenas du izena iragartzen duen kartelik, katu beltz baten pegatina du leihoan. 1920an zabaldu zuten, eta urte haietako estiloari eusten dio; hori bai, inguruko tapa eta jakirik gozoenak probatzeko leku ezinhobea da.

Santiago de Compostelan non lo egin

· Unibertsitateen gunea: Nahiko leku lasaia da uda garaian. Campus Sur markatzen duten seinaleei jarraituz iritsiko gara. Parte zaharretik gertuen dauden kaleetan ORA ordaindu behar da, baina barrurantz eginda, aparkatzea libre den tokiak bilatuko ditugu. Bertan pasa daiteke gaua, eta hirigunera 10 minutuan iristen da oinez.
· AC gunea: Santiago de Compostelak badu autokarabanentzako gune bat, Salgueiriños deitua. Rúa de Manuel kalean dago, herrigunetik aparte antzean, baina bus geltoki bat du ondoan. Gaua pasatzeko 12 euro ordaindu behar da, eta beste 3 euro urak aldatzeko.
· Kanpina: Cancelas kanpina merkatalgune handi baten atzean dago kokatuta. Ez dago herrigunetik horren aparte, baina oinez joan-etorria egiteko luze gerta daiteke. Autobusak badaude han ere.


Porto do Son

Santiagora derrigorrezko bisita egin eta gero, atzera kostako bideari heldu diogu, Rias Baixas aldera eginez. Noia ondotik pasata, Portosín herrixkan bazkaldu dugu, gero Porto do Son herrira joateko. Portuaz gain, hainbat hondartza daude, eta herrigunean jatetxe ugari aurki daitezke. Handik gertu Playa de As Furnas bisitatu daiteke; Mar Adentro filmeko eskena bat grabatu zuten bertan.

Baina Porto do Sonek duen tokirik berezienetako bat, Baroñako Kastroa da. Herritik hainbat kilometrotara dago, kostako bidea jarraituz, baina ongi seinalatuta dagoenez, erraz aurkituko duzue. Aparkalekutik paseo erraz bat eginez jaisten da itsaso pareraino.

Penintsula batean eraikitako herrixka baten aztarnak dira. Hogei bat etxe zirkularrez eta defentsarako bi hormaz osatuta dago. Kristo aurreko IV. eta ondorengo I. mendeen artean egon zen okupatuta. Oso toki berezia da, ikusgarria, eta merezi du bisitak eta paseoak.


Corrubedo eta Boiro

Kostan barrena jarraituz, Corrubedo aldera iritsi gara. Herria baino gehiago, lurmuturra eta haren inguruak ikusi nahi genituen. Corrubedoko Dunen Parke Naturala bisitatu daiteke, eta baita lurmuturrean dagoen itsasargia ere. Baina haizeak gogor jotzen du, eta furgonetara itzuli eta jarraitzea erabaki dugu.

Eta hala iritsi gara Boirora, Praia Jardineko AC gunean lo egiteko asmotan. Gaua pasatzeko toki ona zela entzun genuen, baina bertan aurkitu genuenak ez zigun grazia handirik egin. Hainbat autokarabana ia bi leku hartuz zeuden aparkatuta, toldoak, mahaiak eta aulkiak aterata. Azkenean, tokirik ez zegoela esan ziguten, nahiz eta denek ondo aparkatu izan balute, beste hamar bat ibilgailu erraz kabituko liratekeen. Baina tira, aurreraxeago jarraitu eta kanpin batean sartu ginen.


Rianxo

Ria de Arousan barrena, Rianxo herrian gelditu gara, kafe bat hartzeko asmotan. Feria handi batekin egin dugu topo herri sarreran. Oinez Rafael Dieste plazara iritsi gara. Parean Santa Comba eliza dago, eta plazaren erdian cruceiro edo gurutze handi bat. Plazaren aldamenean berriz, liburutegiaren eraikin berezia du. Portua eta Rodriguez Castelaoren jaiotetxea ere bisitatu daitezke.


Illa da Arousa

Hegoalderantz jarraitu dugu, Ría de Arousa gurutzatzeko asmoz. Palleiro eta Quintans atzean utziz, ibaia zeharkatzen duen zubira iritsi gara. Torres de Oeste dorreen ondotik pasatu eta Catoira herrira iritsi gara (egun batzuk lehenago vikingoen festa bat ospatu zuten bertan, pena da garaiz iritsi ez izana).

Ibaiertzetik goazela, marisqueiroak ikusi ditugu lanean, eta begira gelditu gara. Lan gogorra da egiten dutena, baina nola eskertzen den mahaian esertzen garenean! Vilagarcía de Arousa oso handia da, hiri industriala, eta aurrera jarraitu dugu.

Hala, Illa da Arousara iritsi gara. Izenak dioen moduan, irla bat da, baina zubi handi baten bidez dago lurrari lotuta. Zubia bukatu eta irlara sartu bezain pronto, parking bat dago ezkerretara, hondartzaren ondoan. Ez da espreski AC gune bat, baina autokarabanentzat gordetako 23 plaza ditu, nahiz eta uda garain behintzat, gutxiegi izan.  Udaltzainak hainbat alditan pasa ziren bertatik, eta gordetako tokitik kanpo zeuden ACei mugitzeko eskatu zieten, han ezin zutela lo egin esanez. Furgoneten kasuan ere toki horietara mugitu behar ote genuen galdetu genien, baina gure kasuan ez zela beharrezkoa esan ziguten. Hori bai, gehienezko egonaldia 24 ordukoa dela dioen kartel bat dago jarrita.

Portutik gertu hainbat jatetxe daude eta horietako batean bazkaldu dugu; bertako gastronomia ezagutzeko toki aproposa da. Bazkalondoan, parkingera itzuli eta lasai egon gara, O Bao hondartzan paseo bat eman eta irakurtzen.  Ondoan dagoen txiringitoan pulpo bokata bat afaldu (ze onaaa!!!) eta parkingean lo egin dugu. Bertan tokirik aurkitzen ez baduzue, handik gertu dagoen camperpark pribatu batean egin dezakezue saiakera.


Cambados

Cambadosi albariñoaren hiriburua deitzen diote, eta ez zaie arrazoirik falta. Herrian hogei ardandegitik gora daude, eta bizilagun gehienek euren albariñoa egiten dute beraien mahastietan. Albamar ardandegia bisitatu dugu, Xurxoren eskutik. Albariño bikaina egiten duen gazte bat da, tradizioa etxetik jaso duena. Mahastiak erakusteaz gain, albariñoa egiteko prozesua azaldu digu. Cambadoseko lurra buztintsua dela azaldu digu (teileria ugari daude inguruan), eta horregatik, mahats mota horiek ekoizteko oso toki aproposa dela. Egiten dituen albariño mota ezberdinak probatu ondoren, kaxa pare bat erosi eta bideari ekin diogu berriz, kostari jarraituz, O Grove aldera.


O Grove

Rias Baixasen zenbat eta gehiago murgildu, orduan eta turismo gehiago eta herriak masifikatuago daudela ohartu gara. O Grove da horren adibide garbia. Hala ere, toki eferra da eta merezi du bisita bat egiteak.

O Grove penintsula bat da, eta istmo estu baten bidez dago lurrari lotua. Sarrerako biribilgunean eskubitara hartuta, Grovera iritsi gara, bertako herrigune nagusira. Portu aldean parking handi bat dago, baina azoka dagoen egunetan itxi egiten dute. Portutik hainbat barku ateratzen dira, eta kostaldean edo inguruko irletara irteerak egiten dituzte.

Uharteari itzuli osoa eman diogu kanpin egoki baten bila; bidean batzuk pasa ditugu, baina Grovetik gertuen daudenak, hondartzatik urruti antzean daudela iruditu zaigu. Azkenean, Muñeira izeneko kanpin txiki bat aurkitu dugu, izen bereko hondartzaren ondoan, eta bista ederrekin.

Groveko herrigunetik gertu dago A Toxa irla ezaguna, zubi handi bat zeharkatuta. Oso toki turistikoa eta komertziala da, eta lehendik ezagutzen genuenez, oraingoan ez ginen bertatik pasa. O Groveko ikuspegi on bat nahi baduzue, Sidarela izeneko mendira igotzea da aukerarik onena; hondartza nahiago baduzue berriz, La Lanzada hondartzan pasa dezakezue eguna.


Combarro

Kostari jarraituz, Combarro herrira iritsi gara, kosta guztian ikusi dugun ederrenetako bat. Hau ere nahikoa toki turistikoa da, eta goiz iritsi gara, herria lasai ikusi ahal izateko. Herrigunea oso berezia da, bere kale estuek harrizko etxeak eta galtzadak erakusten dituzte, eta etxe atarietan, jendea etxean egindako albariñoa eta orujoa saltzen ikusi dugu, bestelako souvenir eta denda txikiekin batera.

Itsasertzean dagoen kalean, Combarroko horreo ezagunak ikusi ditugu; itsasoari begira daude, paisaia erabat aldatzen duten itsasgora eta itsasbeherei begira baleude bezala. Bodega O Boccoi taberna berezian tapa batzuk janez bazkaldu dugu; itsasontzien eta piraten inguruko dekorazioa du, eta oso jan goxoa!


Baiona

Pontevedrako itsasadarra zeharkatu eta kostako bideari segiz, Cangas herrira iritsi gara; espero genuena baino herri handiagoa eta turistikoagoa da. Agian orduagatik izango zen, baina ez dugu aparkatzeko lekurik ere aurkitu. Hori ikusita, errepidera itzultzea erabaki dugu; autopista hartuta, Vigoko itsasadarra zeharkatzen duen zubi handi bat pasa dugu. Beste aldean dago Vigo, kostako hiria eta portu garrantzitsu bat duena.

Autopista utzita, kostako bidera itzuli gara berriz; Nigran alde batera utziz, Baionara iritsi gara. Han gelditzeko asmotan joan gara, baina Cangas bezala, Baiona ere leporaino beteta dago jendez. Gaztelua eta hondartzak pasaeran ikusi, eta leku lasaiago baten bila joatea erabaki dugu, egun berean bigarren aldiz.


A Guarda

Kuriosoa da, Cangasen eta Baionan zegoen jende guztia ikusita, badirudi handik atera bezain pronto turismo masiboaren muga pasa dugula, eta kolpetik, kosta basatiago eta lasaiago batekin egin dugu topo.

Oia herrixkan zerbait hartzeko gelditu gara; tabernako terrazatik, itsasoaren ondoan kokatuta dagoen Mosteiro de Santa Maria de Oia monastegia ikusten da. Handik gertu dago A Guarda; kostaldeko herria da, nahiko hazia lurraldearen barrurantza, baina portuak merezi du bisita bat. 

Baina A Guardaren interes turistiko handieneko gunea, Santa Tecla mendia da. Sekulako bistak ditu; alde batean, herria eta galiziar kostaldea ikusten dira, bestean berriz, Miño ibaia, Galizaren eta Portugalen arteko muga egiten duena. Santa Tecla gainean, Galizako kastrorik garrantzitsuenetako bat ere bisitatu daiteke. Herriko festekin batera iritsi gara, eta egun horretan bertan, Santa Tecla mendiko festa ospatzen ari dira.


Vilanova da Cerveira

Behin Portugal hain gertu ikusita, kosta egin zaigu tentazioari eustea, eta Miño ibaia zeharkatu eta beste ertzera pasatu gara.

Hala iritsi gara Vilanoba de Cerveira herrira. Oso herri dotorea da, eta Galizatik oso gertu egon arren, kontraste handia nabaritu dugu. Hemen ere festak ospatzen ari dira iritsi garenean, eta kaleak kolorez jantzita ageri dira. Plaza eta San Cipriano eliza ikusgarriak dira, eta herria zaintzen duen gotorlekuak ere merezi du bisita bat. Lasaiago ibili nahi baduzue, oinez edo bizikletan txango bat egin dezakezue ibai-ertzetik doan eko-ibilbidean 

Autokarabanentzako gunean lo egin eta biharamunean, Portugalgo bidaian ezagutu genituen pasteis de belem ederrak gosaldu ditugu.

Hemen bukatzen da Galizako kostako gure ibilbidea. Portugalgo kosta ezagutzen jarraitu dezakezue, edo Galizan jarraitu nahi izanez gero, Ribeira Sacra eskualdea ezagutu, baina hori, hurrengo postean izango da. 

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude