Burgosko Merindadeak

Euskal Herriarekin eta Cantabriarekin muga eginez, Gaztela Leongo parajerik ederrenetako bat aurkitzen da, Burgosko Merindadeak. Izan ere, eskualde honetan aurkitzen dira Burgosko eta Gaztela osoko herririk ederrenetako batzuk. Ingurune natural paregabeak, ondarea, erdi aroko herriak eta ustekabeko hainbat leku topatuko ditugu bertan. Ah, eta baita AKgune sare zabala ere!

Euskal Herritik gertu badago ere (Bilbotik edo Gasteiztik orduerdira), guretzat erabat ezezaguna zen zonalde hau, baina bertan egun batzuk pasatu eta gero, garbi esan dezakegu merezi duela asteburu pasa edo zubi baterako plan moduan kontutan hartzeak. Guk bost egunean egin dugu, baina lau bat egunean ere ondo ikus daiteke zonaldea.

Merindadeak Burgosko probintziaren iparraldean kokatutako eskualdea da; ekialdean Bizkaiarekin eta Arabarekin egiten du muga, eta iparraldean, Cantabriarekin. Merindade izena, garai bateko Merino edo jauntxoen izenetik datorrela uste da. 

Frias

Dozenaka argazkitan ikusi eta gero, aspalditik genuen Merindadeetako herri hau ezagutzeko gogoa. Gaztelako eta Espainiako “hiririk txikiena” izateko ohorea dauka, hiri izendapena izanagatik, apenas iristen baita 280 biztanle izatera. Turismo aldetik, ordea, jende dexente erakartzen duen herria da, eta laster deskubrituko dugu zergatik den.

Friasi buruzko lehen aipamenak IX. mendekoak dira; ‘Aguas Fridas’ bezala jasotzen zen testu haietan. Geroztik, Gaztela eta Nafarroaren arteko tirabiren eskenatoki izan zen, eta hainbat urtez, baita Nafarroako Erreinuko parte ere. Gatazka horietatik sortu zen herria harresitu eta gaztelu bat eraikitzeko beharra.

Herriak AKgune dotorea dauka (behean azalpena). Furgoneta han utzi dugu eta oinez abiatu gara 500 bat metrora dago herrigunera, aldapa eta eskailera batzuk igota. Izan ere, muino baten gainean eraikitako herria da Frias. Gainaldera iritsi orduko dago herriko begiralekua. Merezi du bertara hurbiltzeak, handik baitago herriaren ikuspegirik ederrena. 

Herrigunean hainbat taberna eta jatetxe aurkituko ditugu, plaza inguruan. Plazatik eskubitara, beherantza doan kale bat hartuta, arrokan zintzilikatuta dauden etxeak ikus daitezke. Plazatik gora berriz, erdi aroko kale eta etxeak ikusiz, San Vicente elizara iritsiko gara. Eraikin erromaniko baten aztarnen gainean eraikia dago, eta XV eta XVI. mendeen artean berritu eta handitu zuten. Dorre nagusia, berriz, XX. mende hasieran erori eta berreraiki behar izan zuten.

Elizak bere izen bera daraman parke bat du aurrean, eta haren parean daude Friasko udaletxea, eta aurreraxeago, baita turismo bulegoa ere. Herriaren goikaldeko monumentu multzoa Friasko kondeen (edo Velascotarren) gazteluak osatzen du. La Muelako harkaitzen gainean eraikita dago, bailara osoaren ikuspegi ederra duela. XII. mendean hasi ziren eraikitze lanak, baina XIII, XIV eta XV. mendeetan berritu eta osatzen joan ziren, egun duen itxura hartu arte.

Herrigunetik aparte badago ere, gaztelutik eta haren ondoko begiralekutik ondo ikusten da Friasko Erdi Aroko zubia. Izan ere, leku estrategikoan kokatuta dago Frias, garaiko pasabide garrantzitsua baitzen. Bertan bat egiten zuten Burgosera, Errioxara eta Cantabriako kostaldera zihoazen bideek. Hala, Ebro ibaia gurutzatzeko 143 metroko harrizko zubia eraiki zuten bertan, askoren ustez erromatar jatorrikoa dena. XIV. mendean, dorre bat eraiki zitzaion erdian, bertatik pasatzen zirenek bidesaria ordaindu zezaten.

Friasen non lo egin

AKgune ederra du Friasek, espazio zabal batean kokatua, eta 20 bat autokarabana eta furgonetarentzako tokiarekin. Urak hustu eta betetzeko lekua ere badu, eta leku ederra da bertan gaua pasa eta herria oinez bisitatzeko. Berez eguneko 6 euro ordaindu behar dira, eta turismo bulegoan egin behar da erreserba. Gu joan garen egunetan, ordea, bulegoa itxita zegoen, eta doan egin dugu lo. 


Tobera

Friastik apenas 5 kilometrora aurkitzen da Tobera, Molinar haitzartearen sarreran. Frias udalerriaren barruan dagoen herrixka txikia da (28 biztanle ditu), baina ondare garrantzitsua ezkutatzen du. Izan ere, urjauzien herria dela esan daiteke; herrian barrena egin daitekeen ibilbide erraz batean (ondo seinalatuta dago), hiru urjauzi ikus daitezke, baita errota bat ere. Urjauzi horietako bi, herrigunea zeharkatzen duen Molinar errekan bertan daude; hirugarrena, ibilbide horren bukaeran, herriaren gainkaldean. 

Toberako eraikinik ezagunena, ordea, Santa Maria de la Hoz ermita da. Erromanikotik gotikora bitarteko garaian eraiki zuten, haitz handi baten babesean. Haren aurrealdean, Molinar erreka zeharkatzen duen harrizko zubia eta gurutzetoki edo ‘humilladero’ bat dauzka. Multzo osoak eta bere kokapenak xarma berezia du.


Oña

Bureba eskualdeko herria da Oña, eta mila biztanle inguru ditu. VII. mendean bertan eraikitako gotorleku batean du jatorria, nahiz eta hiribildu titulua, bi mende geroago jasoko zuen. Herriaren historia eta izaera benetan aldatu zen gertakaria, ordea, 1018.an iritsiko zen, Sancho García kondeak, bertan monastegia eraikitzeko agindua eman zuenean. 

Handik aurrera, Oña herria ezin izan da ulertu Beneditarren Abadetxe hori gabe. Abade horiek, Oñako konde titulua izatera iritsi ziren, eta abadetxeak botere erlijioso eta politiko handia hartu zuen; Gaztela osoko lau komentu garrantzitsuenetako bat dela esaten da. 

Oña herriko plaza nagusia

Ondare aldetik ere, oso aberatsa da San Salvador monastegia. Izen bereko eliza da bere eraikin nagusia. XII eta XV. mendeen artean eraiki zuten. Sarreran eskailera luze bat du, eta hiruko kanpandorrea nabarmentzen da, baina portikoan dituen erregeen irudiak ere. Barruan, XV. mendeko bobeda eta kapera, XIV. mendeko freskoak, XV.eko koru gotikoa eta erretaula barrokoak aurki daitezke, besteak beste. Monastegian, berriz, klaustro dotorea eta Gaztelako hainbat errege eta konde lurperatuta dauden panteoia ere baditu.

Fraide beneditarrak 1835. urtera arte egon ziren bertan. Komentua utzi zutenean, eliza herriari eman zioten, bertako parrokia izan zedin. 1880an, jesuitek hartu zuten, eta eskola eta nobizio-etxea jarri zituzten bertan. 1967an etorriko zen aldaketarik handiena, eraikina Gaztela Leongo diputazioari 24 milioi pezetatan saldu ziotenean. Honek, buruko arazoak zituztenentzako sendategia jarri zuen bertan.

Jardin sekretua

Eraikina kanpotik ikusi eta gero, monastegiko jardin edo lorategiak erakusten dituen seinale bat jarraituz, monasterio izandakoaren atzekaldera sartu gara. Han etorri da gure sorpresa. Lore, iturri eta berdeguneen ordez, erabat utzita eta ondatuta dauden eraikinak ikusi ditugu bertan, muralez eta hormetan idatzitako esaldiz beteta. Baita, sarrera baten gainean, “eroak” eta “zentzudunak” lemadun bi ate ere. Gainera, oso energia arraroa nabaritzen da leku horretan, eta hotzikara moduko batekin atera gara handik. 

Gerora jakin dugu, bertan ‘sanatorio’ bat izan zela, eta ‘jardin sekretua’, hari eskainitako lan artistikoen multzo bat dela. Sarean arakatuz, Verdades de Merindades blogeko artikulu honekin egin dugu topo. Bertan, leku horren inguruko istorio eta legenda beltzak jasotzen dira; horietako batzuk, beldurrezko filmeetatik ateratakoak dirudite. 

Oñan non lo egin

Gainontzean, herrian badago furgonetan edo autokarabanan lo egiteko leku on bat. Ez da AKgunea, baina errekaz bestalde, garai bateko geltokiaren lekuan, aparkaleku handi bat dago, hainbat AK edo kanperrentzako lekua duena. Ondoan parke bat du, mahaiekin eta berdeguneekin.


Pontarrongo kobak

Oñatik gertu, Trespaderne herrira bidean, ezagutzea merezi duen beste leku bat dago: Pontarrongo Kobak, Portugaldarren kobak bezala ere ezagunak. Eremitek VII eta VIII. mendeen artean egindako 14 kobako multzoa da. Berez bizigune independienteak badira ere, horietako asko haien artean komunikatuta daude.

Hareharrizko harkaitzetan egindako zulo horiek asentamentu bat osatu zuten. Eta horien jatorriari buruz teoria ezberdinak daude; batzuen ustez, artzain nomadek egindakoak dira; beste batzuen arabera, inguruan zeuden ermita batzuei lotutako fraide eremitak izan zitezkeen zulo haiek egin zituztenak. 

XX. mendearen hasieran, Trespaderneko kanal hidroelektrikoa eraikitzera etorritako etorkin portugaldar batzuk bertan bizi izan ziren, eta hortik datorkio portugaldarren goitizena.


Poza de la Sal

Izenak dion moduan, gatzaren inguruan sortu eta hazitako herria da Poza de la Sal. Ingurune bereziak (diapiro batean kokatuta dago) sortutako baldintzak eta berezko iturburuak aprobetxatuz, inguruko gatzaga garrantzitsuenetako bat izan zen, eta horrek aberastasuna ekarri zion herriari.  Garai batean 3.000 larrain izatera ere iritsi zen, egun gutxi batzuk mantentzen badira ere.

Larrain horietatik abiatuta, herrigunera gerturatuz, Fuente Buena iturria eta garbilekua ikus daitezke, baita ura garraiatzeko erabiltzen zen aktueduktua ere. Gatzagak aktibitate betean zeuden garaian, ehun bat lagun biltzen omen ziren han, lanean erabilitako arropak garbitzeko. 

Gatza garai bateko urrearen edo diruaren parekoa zen (hortik dator ‘salario’ hitza), eta Poza de la Sal, zentzu horretan, herri aberatsa zen. Eta baita inguruetako herrietako merkataritza gune nagusia ere. Garai horren erakusgarri da herrigunean dagoen Plaza Zaharra, bere soportalekin eta sarrerako ate dotorearekin. Plazatik gertu dago San Cosme eta San Damian santuei eskainitako parrokia eliza ere. XIII eta XIV. mendeen artean eraikitakoa da, nahiz eta geroztik hainbat berrikuntza lan egin zaizkion.

Felix Rodriguez de la Fuente naturzale eta telebista aurkezle ezagunaren jaioterria ere bada, eta hari eskainitako hainbat estatua edo jaio zen etxea ikus daitezke herrian zehar.

Poza de la Sal domo edo krater formako egitura baten magalean kokatuta dago. Eta tontorrean kokatuta dago Rojastarren gaztelua, herria ez ezik, bailara osoa zaintzen duena. Izan ere, defentsarako eta zaintzarako eraikitako gotorlekua izan zen, eta besteak beste, kartzela funtzioa ere bete zuen. Hainbat urtez abandonatuta izan eta gero, Independentzia Gerran edota Gerrate Karlistetan ere erabilia izan zen.


Orbaneja del Castillo

Merindadeetan barrena egiten ari garen bidaiaren aurreneko zatian herri ederrak ikusi baditugu, bukaerarako utzi ditugunak ere ez dira nolanahikoak. Askok gomendatu ziguten Orbaneja del Castillo ezagutzeko, eta ez zitzaien arrazoirik falta.

Erdi Aroko herri hau, Valderrible bailarako mendi eta harkaitzez inguratuta dago, baina zerbaitek ezagun egin badu, hori herria erditik zeharkatzen duen erreka eta urjauzia dira. Izan ere, etxe artetik pasa ondoren, 25 metroko jauzi izugarria egiten du urak. Urjauziaren behekaldean, poza edo putzu natural batzuk sortu dira, turkesa kolore bizia dutenak.

Herriguneak berak ere merezi du aipamen bat, Erdi Aroko egitura eta harrizko etxe dotoreak mantentzen baititu bere kaleetan. Etxe arteko irekiune batean, erreka eta haren sorburua den Uraren Koba ikus daitezke. Gainera, herrian zehar bertako gastronomia ederra probatzeko aukera ematen duten hainbat jatetxe daude. Hori bai, jai egunetan edo uda garaian joanez gero, hobe da aurrez erreserba egitea, segituan betetzen baitira.

Orbanejak ez dauka AKgunerik, baina herriaren behekaldean hainbat aparkaleku ditu, eta gu gaua pasatzen gelditu ez bagara ere, hainbat furgoneta eta autokarabana ikusi ditugu bertan.


Santelices

Pozatik Puentedeyrako bidean, loleku baten bila genbiltzala topo egin genuen Santelices herriarekin. Herriak berak ez du ikusteko gauza haundirik, baina inguruko AKgunerik txukun eta osoenetako bat aurkitu dugu bertan.

Tren geltokia izandakoaren aparkalekuan kokatuta dago, eta zerbitzu guztiak ditu: urak hustu eta betetzeko gunea, argindarra hartzeko puntuak eta baita parke bat ere, mahaiekin eta umeentzako jolas parkearekin. Aldamenean dagoen aterpetxeko jabeak kudeatzen du, eta eguneko 6 euro ordaintzen da. Handik gertu, okindegi bat eta taberna bat ere badaude, azken hau herrigunean.

Argindarra behar genuelako, edo gelditu eta lasai egoteko leku bat nahi genuelako izango da agian, baina leku ederra eta oso lasaia iruditu zitzaigun.


Puentedey

Orbaneja Burgosko herririk ederrenetakoa bada, Puentedey Espainiako herririk ederrena izendatu dute duela gutxi. Izan ere, kokapen harrigarria duen herria da. Nela ibaiaren mendeetako erosioak sortutako Santuaren Koba bezala ezagutzen den arku naturalaren gainean eraikita dago. Zubi honen eta azpiko koba edo pasabidearen inguruan legenda ugari daude, eta herriko aurreneko biztanleak bertan asentatu direla uste da. XX. mende hasieran, Puente Dei Juntako ordezkariak ere bertan biltzen ziren.

Apenas 50 biztanle ditu, baina haren etxeek garai bateko arkitektura mantentzen dute. Horien artean, bik ematen dute atentzioa: Brizuela palazioak eta San Pelayo elizak. Azken hau, eraikin erromaniko zaharrago baten lekuan eraikia izan zen, eta garai hartako hainbat ezaugarri mantentzen ditu oraindik. Horietako bat da sarrerako atea; gainean, gerlari baten irudia du, ezpatarekin herensuge moduko baten aurka borronkan ari dela.


Ojo Guareña

Eta behin ibilbide hau guztia eginda, ezin genuen Ojo Guareña bezalako leku berezi bat bisitatu gabe utzi. Bertara joaterako bagenekien, jai egunak zirela eta, bisitentzako itxita zegoela, baina hala ere hainbeste argazkitan ikusitako leku hori bertatik bertara ezagutu nahi izan dugu. 

Ojo Guareña Monumentu Naturala, Iberiar penintsulako bigarren gune karstikorik handiena da, eta munduko hamar garrantzitsuenetako bat. Hainbat ibilbide daude, bertako begiraleku, koba eta parajeak ezagutzeko. Baina interesgune nagusietako bat, San Bernabe ermitak eta Palomera kobak osatzen duten multzoa da. 

San Bernabe ermita Guareña errekaren sorbegiaren ondoan kokatuta dago, arroka karstikoaren barruan zulatuta balego bezala. VIII eta XIX. mendeen artean eraiki zela uste da, nahiz eta historialariak ez diren data horren inguruan erabat ados jartzen. Hasera batean San Tirsori eskainitako ermita bazen ere, XVIII. mendetik San Bernaberen izena hartu zuen. Barrualdean, kobak osatzen duen bobeda naturala aprobetxatuz, hainbat margolan egin zituzten.

Ermitaren ondoan dago Palomera koba, Ojo Guareñako ingurune karstikoan aurki daitezkeen 14 kobetako bat. Sare horrek 110 kilometroko galeria multzoa osatzen du. Bi ibilbide egin daitezke kobaren barruan, bata 1,5 kilometrokoa eta bestea 2,5 km-koa. Ermita eta kobako bisitaren informazioa eta sarrerak hartzeko, webgune honetan sar zaitezkete. 

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude