Costa Dauradan barrena

Katalunia betidanik izan da oporretarako gure leku kuttunetako bat. Urte askoan joan izan gara bertara udaran, kanping dendarekin, eta hainbat herri ezagutzeko aukera izan dugu. Pasa den aste santuan, Euskal Herriko eguraldi txarrarekin nekatuta, eguzki bila joatea erabaki genuen. Costa Dauradan barrena ibilbide bat pentxatu genuen, Tarragona eta Bartzelona probintzietako kostako hainbat herritatik.

Ebroren Delta

Gure ibilbidea Ebroren Deltatik hasi genuen. Izenak dioen moduan, Ebro ibaia itsasoratzen den tokian sortutako naturgune berezia da, parke natural moduan babestua. Lurralde oso zabala hartzen du, eta bertan, arroz-soroak, hezeguneak, aintzirak eta hainbat hondartza aurki daitezke. Eguraldiarekin ez genuen zorte handirik izan, eta haizete indartsuak zirela medio, ez genuen bisitaldia nahi adina gozatzerik izan. Hala ere, zenbait toki berezi ikusi genituen, hala nola Ebro ibaia itsasoratzen den tokia edota Riumar hondartza, windsurf zaleen bilgune dena.


L’Ametlla de Mar

Behin Delta atzean utzita, kostako bideari ekin genion, iparralderantz. Hala iritsi ginen lagun batek gomendatutako L’Ametlla de Mar herrira (graçies @haztuequipaje!). Arrantzale giroko herri txiki bezain ederra da, ezagutzeko modukoa. Nautic kanpingean pasa genuen gaua; herritik oso gertu dago,  Pixavaques izeneko kala batean. Ingurua kala eta hondartza txikiz beteta dago, eta nahiago duenak, horietako batean ere pasa dezake gaua.


Cambrils

Iparralderako bidea jarraituz, Cambrils herrira iritsi ginen. Hau ere arrantzale giroko herria da, baina turistikoagoa. Euskaldun askok bezala, lehendik egindako bidaia batzuetatik ezagutzen genuen. Aurreneko egunetan, herria nahiko lasai zegoen, eta gustoa ematen zuen kaleetan ibiltzeak; baina ostegun santutik aurrera, jendez betetzen hasi zen.

Hainbat gau pasa genituen Playa Cambrils kanpingean. Cambrils eta Salouren arteko erdi bidean dago, eta bietara bizikletaz joan daiteke, itsasertzetik doan bidegorri ederra baitago.


Vilanova i la Geltrú

Kostako bideari jarriki, hainbat opor lekutatik pasatu ginen, tartean Comarruga, Calafel edota Arco de Bará, baina ez genuen gaua pasatzeko gustuko tokirik aurkitu. Aurreraxeago dago Vilanova i la Geltrú; aurrekoak baino herri hazixeagoa da, baina hainbat kanping eta hondartza zabala ditu. Herrigunean ere bizi dezente duen herria da, batez ere La Rambla kalean eta itsaso ondoko paseoan, biak ere dendaz eta jatetxez beteta baitaude.


Sitges

Bartzelonara iritsi aurretik, bisitatzea merezi duen beste herri bat da Sitges. Hau ere arrantzale herri izana da garai batean, baina azken hogei urteetan biztanleria bikoiztu egin du.

Turismoa eta eraikuntza berriak direla medio asko hazi bada ere, parte zaharrak eta itsasertzak kostako herri txikien xarma mantentzen dute, oinezkoentzat egokitutako kale estu eta biziekin (nahiz eta denboraldi betean turistaz gainezka egon daitekeen).

Costa Dauradako mapa:

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude