Italia furgonetan (1): Cinque Terre

Italiara egindako bidaian, mila aldiz argazkitan ikusitako leku harrigarri bat ezagutzeko aukera izan dugu: Cinque Terre. Liguriako mediterranear kostaldean eta izen bereko natur parkean kokatutako bost herrik osatzen dute Cinque Terre. Itsasertzean eta inguruko muinoetan eraikitako herri hauek, ikuspegi ederrak eskaintzen dituzte.

Cinque Terre Liguria eskualdean kokatuta dago, Italiaren ipar-mendebaldean. Bertara iristeko, Frantzia osoa zeharkatu eta kostaldetik doan autobidea jarraituz, Genova atzean utzita iritsiko gara La Spezia probintziara.

Izenak dioen moduan, Cinque Terre bost herrik osatzen dute; Iparraldetik hegoaldera, hauek dira: Monterosso, Vernazza, Corniglia, Manarola eta Riomaggiore. Denak ere, itsasertzeko labar, arroka eta muinoen gainean daude eraikita, harrizko kale estuekin eta etxe koloretsuekin.

Italiara bidaia prestatzen ari bazara, galdu ezineko lekua da. Baina ingurunearen berezitasunagatik, bidaia prestatzerako garaian hainbat gauza kontuan hartu beharrekoak dira. Post honetan, Cinque Terreri buruzko informazioaz gain, non lo egin eta herriak bisitatzeko hainbat aholku aurkituko dituzu.

Nola iritsi eta non lo egin

Cinque Terreko herriek duten kokapenagatik, eta herrien ezaugarri bereziak direla eta, herri barruko trafikoa mugatuta dago, eta kalerik gehienak oinezkoentzat dira. Hori dela eta, ez da gomendatzen haietara ibilgailuz joatea, are gutxiago kanper edo autokarabanarekin.

Cinque Terre bisitatzeko modurik onena, eskualdea aldenik alde zeharkatzen duen trena hartzea. Tren hori, Cinque Terreren iparraldean dagoen Levanto herritik, hegoaldean dagoen La Spezia hiriraino joaten da. Lotan gelditu eta furgoneta uzteko aukerarik onena, beraz, bi herri horietakoren batera jotzea da.

Gure kasuan, Levanto aukeratu dugu, herri txikiagoa eta politagoa da, gure ustez, La Spezia baino. Bertan, Aqua Dolce kanpina aukeratu dugu; herrian bertan kokatuta dago, txikia eta txukuna da, eta tren geltokitik 10 minutura dago oinez. Italiaraino errepidez egindako bide luzearen ondoren, nahiago izan dugu aurreneko geldialdia kanpin batean egin. Arratsaldea lasai egoteko eta herria ikusteko aprobetxatu dugu, eta biharamunean hartu dugu Cinque Terrera daraman trena.

Bigarren aukera, La Spezian gelditzea da. Levantoren aldean herri handiagoa da, hiri bat kasik, eta portu garrantzitsua du. Bertan, AKgune bat eta hainbat kanpin aurki daitezke. Levanton bezala, handik ere har daiteke Cinque Terrera doan trena.

Trenez, barkuz edo oinez

Gorago esan dugun moduan, trena hartzea da Cinque Terre bisitatzeko modurik onena. Levanto eta La Spezia arteko bidea egiten du expresoak; ordu laurdenero ateratzen da, bost herrietan geldialdiak eginez. Herriak elkarrengandik gertu daude, eta bide osoa 20 bat minutuan egiten da. Trena itsasertzetik doa, eta herrien behekaldean daude geltokiak. Horietako batzuetan, aldapan gora igo behar da herriaren goikaldea, eta batez ere begiralekuak ikusteko.

Levantoko nahiz La Speziako geltokietan har daiteke trenerako txartela. Cinque Terre Card izenekoa hartzen baduzu, nahi adina geldialdi egin daitezke bidean zehar; hau da, herri guztietan jaitsi, trenera igo eta itzulerako bidea txartel bakarrarekin egin daiteke. Pertsonako 17,50 euro kostatzen da, baina gutxienez bi herri bisitatzen badituzu, errentagarri ateratzen da.

Trenaren ordez beste aukeraren bat nahiago dutenek, oinez edo itsasontziz ere egin daiteke bost herriak lotzen dituen ibilbidea. Oinez egitekotan, kontuan izan behar da Monterosso, Vernazza eta Corniglia arteko zatietan pasatzeko, ordaindu egin behar dela; kasu honetan ere, Cinque Terre Card (treking modalitatean 7,50 kostatzen da) erabiltzea aholkatzen da. Barkuei dagokionean, berriz, herri guztietako portuetan aurki daitezke; hainbat enpresa daude, prezio eta ordutegi ezberdinekin.

Zer ikusi herrietan

Kanpina Levanton hartu dugunez, bertatik hasi dugu bisita. Cinque Terreko herriak bezain ezaguna ez bada ere, herri ederra eta bizia iruditu zaigu. Kanpinaren ondo-ondoan, Erdi Aroko harresiak eta gaztelua ikus daitezke, baita Sant’Andrea eliza ere. Piazza Colomboren eta parkearen beste aldean, berriz, herriko jatetxe, denda eta bertako produktu gastronomikoen saltokiak aurki daitezke. Herriaren gainkaldean dagoen muinoan, berriz, Santa Maria della Costa eliza eta San Giacomo oratorioa daude.

Acqua Dolce kanpina oso ondo dago. Herrian bertan dagoela esan daiteke, kokapen ezinhobean. Hori bai, garesti xamarra iruditu zaigu, 33 euro eguneko (ez dute ACSI txartela hartzen) argindarrarekin. Hori bai, plazak ondo daude, komunak garbiak eta kanpina ere orokorrean, oso txukuna da. Baina tira, errepidean egindako ordu guztien ondoren, atsedena hartu eta lasai egoteko, ondo etorri zaigu. Gainera, Italian hartu dugun kanpin bakarretakoa izan da.

Cinque Terre bisitatzeko eguna iritsi zitzaigunean, euripean esnatu zen eguna. Zalantza ere egin genuen, egun horretan abiatu, beste egun bat itxaron, ala bisita bueltako biderako utzi. Azkenean, ordea, abiatzea erabaki genuen, eta ondo atera zitzaigun, berehala atertu eta eguerdirako ostarteak ere atera baitzituen. Gainera, horrela, jende gutxiagorekin ikusi ahal izan genituen herririk gehienak.

Ibilbide osoa trenean egin, bertako bistekin gozatuz, eta azkeneko herritik, Riomaggioretik hastea erabaki dugu. Geltokitik atera eta lurpeko pasabide batetik iristen da herrigunera. Taberna eta denda ugari daude bertan, Cinque Terreko herrien ezaugarri diren etxe koloretsuez inguratuta. Kaleak aldapan jarraitzen du, Piazza Vignaioli zeharkatuz eta Via di Loca kalean gora. San Giovanni Baptista eliza herriaren gainkaldean dago. Handik aurrera jarraitzen duen oinezko bidea jarraituz, Riomaggioreko gazteluaren aztarnak eta herriko ikuspegirik ederrenekin gozatzeko aukera dago. Bide beretik jarraituta, atzera ere tren geltokira iritsiko gara.

Handik, hurrengo herrira, Manarolara joan gara. Geltokitik atera eta berehala iritsi gara jatetxeak eta dendak dauden kalera. Herri honen kasuan, goraka baino, portu aldera joanda daude ikuspegirik onenak. Kalean bertan ere, txalupa ugari ikus daitezke, herri honek itsasoarekin duen lotura estuaren seinale. Portutik abiatuta, kanposantu aldera joanez gero, herriaren argazki ezagunenarekin egingo dugu topo aurrez aurre.

Gainontzeko herrien artean, trenetik ikusi dugunaren arabera, Vernazza izan da atentziorik gehien deitu diguna. Eta asmatu dugu. Beste biek bezain argazki edo ikuspegi ikusgarririk eskaintzen ez badu ere, herri bezala gehien gustatu zaiguna izan baita. Kale biziez eta duen mugimenduaz gain, itsasoaren aldamenean eraikita dagoen Santa Margherita di Antiochia elizak eta haren aurreko plazak maitemindu egin gaituzte. Plaza horretan bertan jan dugu Italiako lehendabiziko pizza! Eguzkipean eta itsasoari begira, zein ondo sartu zaigun!!!

Bazkalondoan, eguraldiak hobera egin duelako izango da, jendetza hasi da etortzen, eta Cinque Terreko bisita bukatutzat ematea erabaki dugu. Azkenean ez ditugu bost herriak bisitatu, baina oso gustura gelditu gara ikusitakoekin. Italiara etortzen bazarete, benetan gomendatzen dizuegun bisita da.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude