Arabako Mendialdean barrena
Arabako kuadrilla edo eskualdeen artean ezezagunetako bat da Arabako Mendialdea. Izkiko mendien eta Codes eta Lokiz mendilerroen artean kokatzen den haran hau benetako ezustekoa izan da guretzat, espero genuena baino askoz toki ederragoa iruditu baitzaigu. Maeztu,Korres, Antoñana eta Kanpezu dira bisitatu ditugun herrietako batzuk.
Azazeta eta Opakuako portuetatik, edo Lizarra aldetik sar daiteke bailarara. Gipuzkoa aldetik gatozenez, Aguraindik eta Opakuatik barrena etorri gara gu. Bidean atentzioa eman digu Kontrasta izeneko herri txiki batek, baina iluntzen ari duenez, bueltarako uztea erabaki dugu. Ostiral iluntzea da, eta Kanpezuk AC gunea duenez, bertara joan gara zuzenean.
Kanpezu
Santikurutze Kanpezu Arabako Mendialdeko herri nagusia da. AC gunea du (azalpena beherago) eta baita denda, taberna eta zerbitzu ugari ere. Ostiraletan pintxo-potea egiten dutela aprobetxatuz, herritik buelta bat ematera atera gara. Giro ona dago, baino tabernez harago, ez dugu herria askorik ikusi.
Biharamunean ordea, buelta bat eman dugu, herria gehixeago ezagutzeko. Plazan, atentzioa ematen du zortzi buruko iturriak. Handik gertu, herria babesten zuen harresiaren zati bat ikus daiteke. Bere kokapenagatik, toki estrategikoa zen Kanpezu, eta Nafarroako eta Gaztelako erregeen arteko liskar iturri izan zen, urte askoan.
Plazatik gora eginda, monumentu izendapena duen Jasokundearen Elizara iritsi gara; XIII eta XIV. mendeen artekoa. Beheko kaletik sarrera ikusgarria du; eskailera batetik igotzen baita bertara, eta eraikina hare handiagoa denaren sentsazioa ematen du. Elizarako bidean, kale estu eta pasabide ugari daude, etxe artean. Kale Nagusian, armarriak dituzten hainbat etxe ikusiko ditugu; hala nola, Uriarte, Antoñana eta Estenegastarrenak.
Herrigunetik atera eta berehala, Antoñanara doan errepidearen ondoan dago Fresnedoko parkea. Errekako igerileku bat da, ondoan merendaleku bat duena. Uda garaian egun pasarako toki aproposa da, uretan freskatu, eguzkia hartu nahiz itzalean lasai egoteko aukera ematen baitu.
Kanpezun non lo egin
Euskal Herrian zehar ezagutu ditugun AC gunerik onenetakoa du Kanpezuk. Herriaren kanpoaldean dago, kiroldegiaren eta futbol zelaiaren ondoan, baina berehala iristen da herrigunera oinez. Aparkalekuaz gain, argindarra kargatzeko eta urak husteko aukera ematen du. Gainera, merendaleku eder bat du ondoan.
Bertan aurkitu dugun arazo bakarra, gunera sartzerako garaian izan da, sistema berezia (eta guretzat ezezaguna) baitu. Sarrerako langa zabaltzeko, eskuko telefonoan PVERDE (Parking Verde) aplikazioa jaitsi behar da, eta behin hori instalatuta dagoenean, nahikoa da botoi bati ematea, langa zabaltzeko.
Hasiera batean sistema berezia egin bazitzaigun ere, behin instalatuta oso erosoa da gunetik atera eta sartzeko. Hiru euro ordaindu behar da, baina zerbitzu guztiak prezio horretan sartzen dira.
Korres eta Izki
Arabako Mendialdea, izenak dioen moduan, mendiz inguratuta dago. Baina Izkiko mendiek toki berezia dute, bailararen erdigunean kokatuta baitaude. Korres herria da parke natural horretarako sarbide nagusietako bat.
Herri txikia da, eta handik 500 bat metrora dago parkearen sarrerako aparkalekua, merendaleku eta guzti. Hainbat autokarabana ikusi ditugu bertan. Furgoneta han utzi, eta oinez paseo bat eman dugu.
Izkiko mendigunea 1989. urtean izendatu zuten parke natural. 9.000 hektareatik gorako gunea hartzen du, eta basoez gain, hainbat mendi tontor ditu; altuena, Kapildui, 1.175 metrorekin. Inguruak pixka bat ezagutu eta gero, herrira joan gara. Aparkalekutik herrira oinez joateko bidexka bat dago.
Apenas 10 minutuan iristen da aparkalekutik herrira. Herri txikia bezain polita da, ondo zaindutako harrizko etxeekin. Herriko festak ziren, eta goiz partean ekitaldi handirik ez bazegoen ere, nabari zen jai giroa kalean. Herrian buelta bat eman eta gero, aparkalekura itzuli gara.
Maeztu
Korres eta Izkiko mendiak atzean utzita, Maeztura jaitsi gara. Goseak gaude, eta herriari buelta azkar bat eman diogu, bazkaltzera joan aurretik.
Errepide bazterretik ezer berezirik ikusten ez bazaio ere, herrigune ederra du Maeztuk. Eliza aldera goazela, zortzi txorrotako iturri dotorea ikusi dugu, Samaniegotarren jauregiaren parean. Atzerago dago Gurutze Santuaren Jasokundeko eliza, XV. mendekoa (XVIII.ean handitzeko lanak egin zizkioten). Eliza honen berezitasunetako bat, kanpandorreko erlojua da, orduak kantatzen dituen ‘euli txoria’ baitu.
Errepidearen aldamenean dagoen Los Roturos jatetxean bazkaldu dugu. Jatetxea beteta zegoen, baina kanpoaldean plater edo razio batzuk jateko aukera eman digute. Arrozarekin eta barazkiekin egindako bertako odolkiak probatu beharrekoak dira.
Antoñana
Maeztu eta Kanpezu arteko erdibidean, bidaia honetan gehien harritu gaituen herrietako bat ezagutu dugu: Antoñana. Erdi aroko herrixka bat da; 1.182an Nafarroako Antxo Azkarrak eraiki zituen harresiak, Gasteiz sortu eta urtebetera. Egun, garaiko egiturari eusten dio herriak, eta harresien zati handi bat ere mantentzen da.
Bere kaleetan barrena ibiltzea, denboran atzea egitea da. Sarrerako ateak mantendu dituzte, eta etxeek garai bateko tankera dute oraindik. Kaleen artean, pasabide estuak ere badaude. Herri sarreran bertan dago San Vicente Martiriaren eliza gotortua. Handik gertu, herritar jator batek, garai bateko kartzela zena ere erakutsi zigun. Umetan, gaizki portatzen baziren, haruntza eramateko mehatsua egiten omen zieten gurasoek herriko haurrei.
Herriaren inguruan, hainbat ibilbide egiteko aukera dago. Aguaque eta Molino de Oteo urjauzietara doana da horietako bat; beste bide batek berriz, Aginaren senda izenekoak, hainbat legendaren sorburu den Mairuen Kobara eramaten du.
Vasco-Navarro bide berdea
Erdi aroko herrixka honen kanpoaldean, errekaz eta errepideaz bestalde, Vasco-Navarro Trenbideko Bide Berdearen interpretazio zentroa dago. Bere garaian eskualdearentzat garrantzia handia izan zuen tren horrek. 1927 eta 1967 urteen artean egon zen martxan, eta Lizarra, Gasteiz eta Bergara elkartzen zituen. Trenbide haren tokia, eskualde osoa zeharkatzen duen bide berdeak hartu du orain, eta oinez nahiz bizikletan ere, bailara ezagutzeko aukera ematen du.
Bujanda
Antoñanatik zuzenean Kanpezura itzuli ordez, Bujandatik bueltan joatea pentsatu dugu, bide batez, herri hau ere ezagutzeko. Izan ere, legenda edo ustezko mirari batek ezagun egindako herria da. Bertako elizan, San Faustoren momia dago, 614. urtekoa, eta diotenez, izugarri ondo kontserbatzen dena. Ikustera sartu nahi izan genuen, baina itxita zegoen. Beste batean beharko du.
Handik, Kanpezura itzuli gara berriz, eta herrian beste buelta bat eman eta gero, bertako AC gunean egin dugu lo.
Done Bikendi Harana
Igande goizean, bueltako bidean ikusteko utzitako bi herri bisitatu genituen, Done Bikendi Arana (edo San Vicente Arana) eta Kontrasta. Aurreneko herri horri buruz ez genuen erreferentzia handirik; bertako taberna kurioso bat ezagutzeko esan zigun lagun batek, eta halaxe egin dugu.
Herrira sartu eta autoa plazatxo batean utzi orduko aurkitu dugu Casa Vito izeneko taberna. Taberna diogu, baina denda ere bada, aldi berean. Izan ere, beste garai batekoa dirudien lokal honetan, ardo bat hartzearekin batera, galtzerdi batzuk ere eros ditzakezu. Taberna kuriosoa da inondik ere, baina ez pentsa horregatik eskaxa denik! Gazta eta urdaiazpiko pintxo bana eskatu, eta harategi bat bailitzan, paperean bertan arrazio ederrak atera dizkigute!
Santa Teodosia ermita eta erromeria
Tabernan zerbitzatzen zeuden aita-semeekin kontutan hasi, eta ea erromeriara etorriak ote ginen galdetu ziguten. Ez genekien zertaz ari ziren ere! Ba handik gertu, Santa Teodosia izeneko ermita batean, erromeria ospatzen zen egun hartan bertan.
Gertu geundenez, inguratu egin ginen. Urtero irailean egiten den festa bat da, eta jende ugari biltzen da, meza entzun, zerbait edan eta inguruko mahaietan bazkaltzera. Han goitik, gainera, araneko ikuspegi ederra dago!
Kontrasta
Opakua portuaren magalean, 825 metroko altueran dagoen herri txikia da Kontrasta. Hasieratik eman zigun atentzioa, eta etxerakoan geldituko ginela agindu genion geure buruari.
Eliza gotortu batek egiten du ongietorria, eta garen azpiko arkutik pasa behar da herrira sartzeko. Dorreak, kanoi-zuloak eta gezientzako leihoak ditu, defentsarako eraiki zenaren seinale. Herriak 1256. urtean lortu zuen hiribildu titulua. Nafarroarekiko zuen gertutasunagatik, herri osoa harresiz inguratu zuten; oraindik ere osorik dago hainbat zatitan. Bere garaian herri garrantzitsua izan bazen ere, pixkanaka husten joan da, eta gaur egun, hainbat etxe hutsik daudela ikus daiteke.
Eta azken bisita honekin bukatu da Arabako Mendialdean barrena egin dugun asteburu pasako irteera. Benetan harritu gaitu ingurune honek, eta ziur gaude asko utzi dugula ikusteko. Horregatik, seguru itzuliko garela!
Bidaia ederra! Udaran Kanpezura joatekotan egon ginen, bertako putzuan bainatu eta lakuan arrantzatu. Baina planez aldatu eta Aiara bailara ezagutzera joan ginen. Oraindik idazteke dugu, baina gomendatzen dizuegu Arabara joaten zareten beste baterako. Bidaia
zein argazki ederrak. Noizbait, ez oso berandu, zuen urratsei jarraituko diegu. Eskerrik asko!!