Euskal Herriko AKgunerik onenak
Euskal Herrian gero eta handiagoa da furgonetan eta autokarabanan bidaiatzeko ohitura; azken hamarkadetan asko hazi da ibilgailu mota honen kopurua, eta baita hauentzako prestatutako gune bereziena ere. Guztira 82 daude gure eremuan, horietatik 29 Nafarroan, 16 Iparraldean, 14 Gipuzkoan, 12 Bizkaian, eta 11 Araban.
AKgune horien artean denetarik dago; aparkaleku soil baten zerbitzua eskaintzen dutenetatik hasi, eta baita dutxak, garbitzeko lekuak, merendalekuak eta bestelako zerbitzu guztiak dituztenetaraino. Post honetan, Euskal Herrian barrena aurki daitezkeen gunerik onenak biltzen saiatu gara; horretarako, zuen laguntza ere izan dugu, Instagram kontuan egin dugun inkesta hartu baitugu oinarri moduan.
ARABA
Kanpezu
Arabako Mendialdean kokatua, Santikurutze Kanpezu eskualdeko herri nagusienetako bat da, eta bertan kokatuta dago Arabako AKgunerik onenetako bat. Herrigunetik gertu dago eta zerbitzu guztiak ditu, baita merendaleku eder bat ere, eta kiroldegiaren eta igerilekuaren ondoan dago. PVerde sistemaren bidez funtzionatzen du.
- Plazak. 14
- Kokapena. N 42º 40′ 22” / W 02º 20′ 39” Ikusi mapan.
- Herrigunetik 700 metrora.
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea, argindarra, merendalekua, jolastokia.
- Prezioa: 3 euro eguneko (PVerde aplikazioa)
- Inguruan zer egin: Antoñanako herrigune harresitua, Vasco-Navarro bide berdea, Izkiko parke naturala…
Eltziego
Arabar Errioxako herriak, mahastiak eta upategiak ezagutzeko abiapuntu ederra da Eltziegoko AKgunea. Zerbitzu guztiak ditu eta herrigunetik eta tabernetatik gertu dago.
- Plazak. 14 ofizialki, baina gehiago kabitzen dira.
- Kokapena. N 42º 30′ 54” / W 02º 36′ 55” Ikusi mapan.
- Herrigunetik 350 metrora.
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea, argindarra, merendalekua.
- Prezioa: Doakoa. Argindarra 2 euro (fitxak tabernetan salgai)
- Inguruan zer egin: Mahasti artean ibilbidea, Marques de Riscal upategia, Laguardiako herrigune harresitua…
Artziniega
Arabako Aiaraldean dagoen herri eder honek merezi du bisita bat, eta horretarako, zer hoberik bertako AKgunean gelditzea baino. Kiroldegiaren eta igerilekuen ondoan kokatuta dago, eta herrigunearen ikuspegi ederra eskaintzen du.
- Plazak. 6, baina inguruko aparkalekuetan ere egin daiteke.
- Kokapena. N 43º 07′ 05” / W 03º 07′ 54” Ikusi mapan.
- Herrigunetik 700 metrora.
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea, argindarra, kirol instalazioak.
- Prezioa: Doakoa. Argindarra 3 euro (fitxak museoan eta tabernetan salgai).
- Inguruan zer egin: Artziniegako herrigune historikoa, Museo etnografikoa, Arteako Amaren Santutegia.
Beste batzuk
Aipatutakoez gain, Araban beste hainbat AKgune aurki daitezke: Agurain, Amurrio, Gasteiz, Labastida, Langraiz Oka, Laudio, Oion eta Urizaharra.
BIZKAIA
Elorrio
Durangaldeko herri historiko honek dauka Bizkaiko AKgunerik onena, gure jarraitzaileen iritziz. Eta ez da gutxiagorako, Bizkaiko gunerik onena aukeratu izan baitute beste hainbat zerrendatan ere. Zerbitzu guztiak ditu, ikuspegi ederra, eta herria bisitatzeko leku aparta da.
- Plazak. 10.
- Kokapena. N 43º 07′ 42” / W 02º 32′ 45” Ikusi mapan.
- Herrigunetik 500 metrora.
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea, argindarra eta merendalekua.
- Prezioa: Doakoa. Argindarra 3 euro (fitxak turismo bulegoan eta udaltzaingoan).
- Inguruan zer egin: Elorrioko herrigune historikoa, Sortzez Garbiaren basilika, Argiñetako nekropolia…
Lekeitio
Bizkaiko kostaldeko herririk ederrenetako bat da Lekeitio, eta kostalde horretako AKgunerik onena ere bertan aurki daiteke. Herrigunetik gertu baina toki lasaiean dago, eta aldapa pixka bat badu ere, gaua pasatzeko leku ederra da.
- Plazak. 15 ofizialki, baina gehiago ere kabitzen dira.
- Kokapena. N 43º 21′ 30” / W 02º 30′ 26” Ikusi mapan.
- Herrigunetik 800 metrora.
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea eta merendalekua.
- Prezioa: Doakoa. Ura betetzea 3 euro (fitxak turismo bulegoan).
- Inguruan zer egin: Herrigunea eta portua, Santa Katalina itsasargia, Andre Mariaren basilika, Marierrota…
Kobetamendi (Bilbo)
Hiritik aparte badago ere, Euskal Herriko hiriburuen artean AKgunerik onenetakoa duena da Bilbo. Kobetamendin kokatuta dago, ordainpekoa eta itxia da, baina zerbitzu guztiak izateaz gain, hiriburuaren ikuspegi bikaina eskaintzen du. Hirira joan-etorria egiteko, autobusa hartu behar da.
- Plazak. 80.
- Kokapena. N 43º 15′ 32,05” / W 02º 57′ 45,66” Ikusi mapan.
- Herrigunetik 3 kilometrora. (autobusa: 58. zenbakia)
- Zerbitzuak: Harrera gunea, urak hustu eta betetzeko gunea, argindarra, komunak eta dutxa.
- Prezioa: 15 euro eguna.
- Inguruan zer egin: Bilboko alde zaharra, Erriberako merkatua, museoak, kultur guneak…
Beste batzuk
Aipatutakoez gain, Bizkaian beste hainbat AKgune aurki daitezke: Bakio, Balmaseda, Bermeo, Gautegiz-Arteaga, Lanestosa, Sopela, Zalla, Zamudio eta Zeanuri.
GIPUZKOA
Oñati
Gipuzkoako barnekaldean, Debagoiena eskualdean kokatuta dago Oñati, Aizkorriko mendilerroaren magalean. Bere ingurune paregabeari eta AKgunearen kokapenari eta zerbitzuei esker, Gipuzkoako AKgunerik onena dela esan daiteke. Merezi du asteburu pasako plan bat eginez ezagutzeak.
- Plazak. 18.
- Kokapena. N 43º 01′ 40” / W 02º 24′ 16” Ikusi mapan.
- Herrigunetik 600 metrora (bidegorria).
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea, komunak eta merendalekua.
- Prezioa: Doakoa. Argindarra 3 euro (fitxak turismo bulegoan eta udaltzaingoan).
- Inguruan zer egin: Oñatiko herrigune historikoa, Arantzazuko Santutegia, Arrikrutzeko kobak…
Zegama
Aizkorripean hau ere, baina Goierri aldetik, dago Zegama, ingurune ederrean kokatuta. Herriaren gainkaldean, AKgune txikia baina ederra dauka, eta herriaz eta inguruko mendiez gozatzeko leku bikaina da.
- Plazak. 8.
- Kokapena. N 42º 58′ 33” / W 02º 17′ 34′ Ikusi mapan.
- Herrigunetik 200 metrora (igogailua du).
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea, merendalekua eta jolastokia. (Anduetza museo eta parketxearen ondoan)
- Prezioa: Doakoa. Argindarra 3 euro (fitxak Anduetzan).
- Inguruan zer egin: Zegamako herrigunea, Anduetza museoa eta parketxea, San Adriango pasabidea, Aizkorri-Aratz Natur Parkea.
Zarautz
Gipuzkoako kostaldeko turismo gune nagusietako bat da Zarautz, eta herrigunean debekatuta badago ere, Abendaño industrialdean dagoen AKguneak ematen du furgonetan edo autokarabanan lo egiteko aukera.
- Plazak. 38.
- Kokapena. N 43º 16′ 40” / W 02º 10′ 42” Ikusi mapan.
- Herrigunetik 1,5 kilometrora (bidegorria du).
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea.
- Prezioa: 5 euro eguna (udan 10 euro).
- Inguruan zer egin: Zarauzko herrigunea, hondartza, Santa Maria la Real museoa…
Beste batzuk
Aipatutakoez gain, Gipuzkoan beste hainbat AKgune aurki daitezke: Beasain, Berio (Donostia), Bergara, Errenteria, Hernani, Illunbe (Donostia), Irura, Legazpi, Tolosa, Orio eta Zestoa.
NAFARROA
Arguedas
Nafarroako Erriberan eta Bardeetako desertuaren sarreran kokatuta dago Arguedas herria, eta bertan aurkituko dugu Nafarroako AKgunerik onena. Ingurune berezia da, eta gunea bera, kobazuloetako etxeen ondoan eta herrigunetik gertu kokatuta dago.
- Plazak. 9 ofizialki, baina gehiago egoten dira.
- Kokapena. N 42º 58′ 33” / W 02º 17′ 34′ Ikusi mapan.
- Herrigunetik 500 metrora.
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea.
- Prezioa: Doakoa. Ura 2 euro (fitxak herriko komertzioetan).
- Inguruan zer egin: Kobazuloetako etxeak, Bardeetako natur parkea.
Izaba
Nafar Pirinioetako sarbide nagusietako bat da Izaba, Erronkari ibarra eta Belaguako harana uztartzen baititu. Horregatik, mendizale nahiz mendiko eskiaren zaleen topagune da herria. Bertan, autokarabana gune zabala dago, herrigunetik gertu kokatuta.
- Plazak. 15.
- Kokapena. N 42º 51′ 32” / W 00º 55′ 30” Ikusi mapan.
- Herrigunetik 200 metrora.
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea eta merendalekua.
- Prezioa: Doakoa. Urak betetzea 2 euro.
- Inguruan zer egin: Herrigunea, San Zipriano eliza, Idoiako baseliza, Belabartzeko urjauzia, Belaguako harana, mendi ibilbideak…
Olite-Erriberri
Euskal Herriko gaztelurik dotore eta ondoen mantendutako bat dago Olite-Erriberrin, eta urtero, milaka bisitari jasotzen ditu. Horrez gain, ardogintzagatik ere ezaguna da herria. Horrek, eta herrigunetik gertu dagoen AKgune bat izateak, asteburu pasarako leku erakargarria egiten dute.
- Plazak. 10.
- Kokapena. N 42º 28′ 50” / W 01º 38′ 51” Ikusi mapan.
- Herrigunetik 300 metrora, harresien ondoan.
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea.
- Prezioa: Doakoa.
- Inguruan zer egin: Gaztelua eta herrigune historikoa.
Beste batzuk:
Aipatutakoez gain, Nafarroan beste hainbat AKgune aurki daitezke: Aoiz, Arizkun, Arroniz, Artabia, Artaxoa, Aiegi, Berriozar, Buñuel, Cascante, Dantxarinea, Etxarri-Aranatz, Faltzes, Fitero, Irurtzun, Lodosa, Martzilla, Iruñea (Trinitarios), Santacara, Sarriguren, Tafalla, Tutera, Uharte-Arakil, Viana eta Zarrakaztelu.
IPAR EUSKAL HERRIA
Donibane Garazi
Behe Nafarroako hiriburua jomuga erakargarria da berez, ingurune paregabean baitago eta herrigune harresitu ederra baitu. Horri autokarabana gune on bat geitzen badiogu, ezinbestean ezagutu beharreko lekua bihurtzen da!
- Plazak. 20 (gehiago kabitzen dira)
- Kokapena. 43.16505 / -1.23199 Ikusi mapan.
- Herrigunetik 200 metrora, kiroldegiaren ondoan.
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea, argindarra.
- Prezioa: 8 euro.
- Inguruan zer egin: Herrigunea eta harresiak bisitatu.
Angelu
Lapurdiko kostaldean eta hondartzatik metro gutxira, Euskal Herriko AKgunerik handienetako bat aurkitu dezakegu Angelun.
- Plazak. 70
- Kokapena. 43.50676 / -1.53459 Ikusi mapan.
- Herrigunetik 3 kilometrora, baina Corsaires hondartzaren ondoan.
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea. Autobusa atean. Okina bertatik pasatzen da.
- Prezioa: 6, 7 edo 10 euro (denboraldiaren arabera).
- Inguruan zer egin: Angeluko hondartzak, surfa, Biarritz, Baiona…
Biarritz
Angelutik gertu, Biarritz hiri ezagunak bi AKgune ditu, Milady, izen bereko hondartzaren ondoan, eta Dorziat, handik 500 bat metro barrualderago. Biak ere ordainpekoak dira; herritik gertuago dagoelako, Milady izenekoa hartu dugu kontutan:
- Plazak. 30
- Kokapena. 43.46617 / ´ -1.57151 Ikusi mapan.
- Herrigunetik 2,5 kilometrora, Milady hondartzatik 250 metrora (hondartzaren ondoan jolas parkea dago).
- Zerbitzuak: Urak hustu eta betetzeko gunea, argindarra.
- Prezioa: 13 euro.
- Inguruan zer egin: Biarritz ezagutu, portu zaharra, Aquariuma, hondartzak…
Beste batzuk:
Aipatutakoez gain, Nafarroan beste hainbat AKgune aurki daitezke: Atharratze, Donapaleu, Donibane Lohitzune, Ezpeleta, Hazparne, Hendaia, Ibardin (Urruña), Kanbo, Mugerre, Uztaritze, Sara eta Senpere.
Azken iruzkinak: