Guadalajara: Herri beltzak eta herririk ederrenetako batzuk

Gaztela Mantxak aukera ugari eskaintzen ditu furgonetan edo autokarabanan ibilbide ederrak egiteko. Azken urteetan, Kixoteren Ibilbidea eta Soriako herririk ederrenak ezagutzeko bidaia egin ditugu, eta aurten, Guadalajaran murgildu gara. Aurrekoek bezala, honek ere herri eta paraje ederrak ditu, nahiz eta askorentzat ezezagunak diren.

Aspaldian begiz jota genuen ibilbidea zen Guadalajarakoa. Batez ere bertako herri beltzen ibilbidea egiteko gogoa genuelako. Baina bertan, beste hainbat txoko eta herri eder ere ezagutu ditugu. Eguraldiak ez digu askorik lagundu bidaia honetan, baina gozatu dugu bidaiarekin.

Gure ibilbidea:

Ibilbidea Guadalajara hiriburutik hasi dugu; handik, lurralde honetako herririk ederrenetako batzuk ezagutu ditugu: Pastrana, Brihuega, Sigüenza eta Atienza. Eta nola ez, baita Guadalajarako herri beltz ezagunak ere. Guztira sei eguneko ibilbidea izan da, baina egun gehiago izatera, lasai asko luzatu daiteke.


GUADALAJARA

Guadalajara Gaztela Mantxako bost probientzetako bat da, eta bertako hiriburua lurraldearen hego-mendebaldean kokatuta dago, Madrildik kilometro gutxira. AKgunera iritsi eta berehala oinez abiatu gara hiria ezagutzera. Eremu zabalagoa hartzen badu ere, erdigune historikoa eta ikusi beharreko monumentu gehienak nahiko gertu daude elkarrengandik, beraz, oinez errez egin daitekeen bisita da.

Muinoan kokatuta dagoen herrigunera sartu aurretik, lehen bisita Infantadoaren Jauregian egin dugu. XV. mendean eraikitako palazio gotikoa da, sarrerako horma berezia duena; albo batean lorategia dauka, arkuz apaindutako sarrera eta balkoiarekin. 36ko Gerran bonbardatu egin zuten, eta geroztik hainbat lan egin dituzte eraikina zaharberritzeko. Egun, Guadalajarako Artxibo Historikoa eta Probintzia Museoa daude bertan kokatuta.

Aldapan gora eginda, herrigune historikoan barneratu gara. Bertan, hainbat palazio eta jauretxe ikus daitezke, hala nola: Antonio Mendozarena edo Cotilla palazioa. Handik metro gutxira, Guadalajarako Konkatedrala dago; XIV. mendean eraiki zuten, leku berean zegoen mezkita baten gainean. Haren ondoan dago Luis de Lucenaren kapera, XVI. mendekoa; barruan, museoa ere badauka.

Bisita egin eta gero, Guadalajarako `tapeoa’ ere ezagutu nahi izan dugu. Sarean aurkitutako gida bat jarraituz, hainbat taberna probatu ditugu (beste batzuk itxita zeuden, astelehena zelako), nahiz eta gehienak, herrigunetik aparte dauden.

Guadalajaran non lo egin

Guadalajarak doako AKgunea du herriaren kanpoaldean. Supermerkatu gune baten ondoan dago, autobidearen ondoan kokatua (egunez zarata asko xamar dago). Urak hustu eta betetzeko gunea du, baina horrelako hiriburu batentzat, txiki xamarra da (8 plaza ditu), eta segituan betetzen da.


PASTRANA

Bidaia honetan gehien gustatu zaigun herrietako bat izan da Pastrana. Herri txikia da, baina herrigune ederra du, eta hasieratik gustura sentitu gara bertan. Hainbeste, goiz pasako bisita izan behar zuena egun osokoa izan dela azkenean.

Herrigunera iritsi orduko, atentzioa ematen dute Dukeen Palazioak eta Orduaren Plazak. Izen bitxi horrek atentzioa eman zigun, eta jakin genuenez, Eboliko printzesaren istorioari esker hartu zuen izen hori. Bere garairako oso emakume berezia eta interesgarria izan behar zuen, azkarra eta botere handiko jendearekin harremana zuena. Felipe II.a erregea lehengusua zuen, eta harekin izandako tirabiren ondorioz, 11 urtez palazioan preso egon behar izan zuen. Egunean ordubetez bakarrik atera zitekeen hesitutako balkoira; hortik datorkio ‘orduaren’ izena plazari.

Plazatik, Erdi Aroko atea zeharkatuz eta kale nagusian gora, Pastranako Kolegiatara iritsiko gara. Berez XIV. mendean eraiki bazuten ere, gerora hainbat zabaltze eta berritze lan egin zaizkio. Ederrena, ordea, barrukaldean dago. Eliza honen bitxikerietako bar, erretaula nagusia da, emakumezko santuen irudiekin baitago osatua. Bisita gidatuak merezi du, eliza bera ikusteaz gain, lurpeko kripta eta parrokia museoa ikus baitaitezke. Azken honetan, ohiko erlikia eta objektu erlijiosoez gain, XV. mendeko tapiz gotiko-flamenkoen mundu mailako bildumarik aberatsenetako bat dago.

Handik Palma kalera joan gara; bidean, XVI. mendeko lau buruko iturria ikusi dugu. Eta Palma kalean, gaztelako ohiko arkitektura mantentzen duten hainbat etxe ikus daitezke, tartean, baita Sinagoga izandako eraikin bat ere. Kalean gora jarraituta, San Frantzisko atearen inguruan, Pastranaren garai bateko harresiak ikus daitezke. Eta handik metro gutxira, Dean plaza, San Frantzisko konbentuarekin.

Pastranan non lo egin

Pastranak ez dauka AKgunerik, baina bai parkin eder bat, herriaren behekaldean kokatua. Aparkaleku zabala da, eta hainbat autokarabana eta furgoneta egon gara bertan gaua pasatzen. Herrigunea lauzpabost minutura dago oinez.


BRIHUEGA

Labanda soroengatik da ezaguna, batez ere, Brihuega herria. Urtean behin loratzen dira, ekainean, eta uztailean mozten dituzten arte irauten du loraldiak. Ikuskizun ederra izan behar du, baina gu aste santuan joan garenez, oraindik loratu gabe zeuden zelaiak.

Hala ere, herriak berak ere badu zer ikusi. Peña Bermeja gaztelua da horietako bat. Herriaren behekaldean kokatuta dago (ezohikoa bada ere), eta egun, XI. mendeko eraikinaren horma eta aztarna batzuk bakarrik mantentzen dira. Gazteluaren ondoan, Santa Maria de la Peña eliza dago, XIII. mendekoa.

Handik gertu, garai bateko harresia zeharkatuz, plaza nagusira iritsiko gara. Bertan, udaletxeaz gain, garai bateko kartzela izandako eraikina dago (egun turismo bulegoa dago bertan). Plaza berean, arabiar kobetarako sarrera dago. Brihuega azpian. arabiarren garaian eraikitako 8 kilometroko kobazulo sarea dago; horietako batzuk bisitatzeko aukera dago egun.

Herriaren goikaldean berriz, Katearen ate dotorea, 12 buruko iturria, eta garai bateko oihal fabrika (egun hotel bihurtua) daude. Guk herriaren goikaldean utzi dugu furgoneta, Brihuegak ez baitu AKgunerik, eta goiz partean bisita egin ondoren, bidean jarraitzea erabaki dugu.


SIGÜENZA

Herririk ederrenen zerrendari jarraituz, Sigüenzara iritsi gara. Herrigune historiko ederra daukan herria da, eta bisita tapeoko hainbat tabernarekin osatu daiteke. Gainera, AKgunea ere badu, beraz, egun bat pasatzeko oso toki aproposa da.

Herrigunera iritsi eta berehala, Sigüenzako Katedralarekin egin dugu topo. Eraikin ikusgarria da, bai barrutik eta bai kanpotik. Bisita audiogida batekin egiten da, eta merezi du, eraikinaren txoko ugari (klaustroa barne) ikusteaz gain, azalpenen bidez haren historia eta hainbat bitxikeria ezagutzen direlako.

Handik gertu, plaza nagusia, bere arku dotoreekin, Doncel etxea edota Santiago eliza bisitsatu daitezke. Kalean gora eginda, Sigüenzako gazteluraino iritsiko gara. Egun, paradorea da, eta ezin da osorik bisitatu (arma-patiora bakarrik sar daiteke). Apezpiku-Jauregia, Ursulinen Konbentua edota garai bateko harresien ateak ere bisitatu daitezke.

Eta bisitaren ondoren gosea jartzen bazaizue, tapeorako leku ona da Sigúenza. Guk Tormes taberna gomendatzen dizuegu, baina kale berean eta alameda inguruan, edariarekin batera tapak ematen dituzten beste lau bat taberna aurki daitezke.

Sigüenzan non lo egin

Sigüenzak AKgunea dauka, herritik kilometro batera kokatua. Doakoa da, 12 plaza ditu (inguruan gehiago ere sartzen dira) eta urak hustu eta betetzeko gunea. Herrira joan-etorria paseo bat emanez egin daiteke.


ATIENZA

Abiatu ginen puntutik, Guadalajarako probintziaren beste muturrera iritsi gara, ipar-ekialdera. Bertan kokatuta dago Atienza, herri txikia baina hau ere herririk ederrenen zerrendakoa. Erdigune ederra dauka, garai batean erabat harresiz inguratua, gaur egun zati batzutan bakarrik ikus badaiteke ere.

Gaztela eta Aragoiko mugan egoteak, eta Santiago Bidearen, Kixoteren bidearen eta Ciden ibilbidearen pasaleku izateak, toki esanguratsu eta berezi bihurtu dute. Herriaren gainkaldean garai bateko gazteluaren aztarnak ikus daitezke oraindik, bailara osoa zaintzeko moduko lekuan.

Herrigunean, berriz, San Salvador eliza, Gariaren plaza ederra bere arkupeekin, edo bere kaleetan barrena ohiko arkitektura mantentzen duten etxe ederrak ikus daitezke.

Bitxikeria moduan esan, Entre Tierras telesaila bertan grabatu zela. Etxera iritsi ginenean estreinatu zen, eta kuriosoa izan zen egun batzuk lehenago egondako plaza, eliza eta eraikinak bertan ikustea. Bestetik esan, Atienzak ez daukala AKgunerik, eta ezta gaua pasatzeko aparkaleku egokirik ere. Beraz, bisita egin eta gero, bidean aurrera jarraitu dugu.


HERRI BELTZAK

Ayllon eta Rincón mendilerroen artean, mendi eta haranetan galdutako hainbat herrixka daude, arkitektura berezi bat mantentzen dutenak. Herri beltzak bezala ezagutzen dira, inguruko mendietako arbela erabiltzen zutelako haien teilatuak estaltzeko. Arbelaz gain, harria, egurra eta buztina erabili ohi ziren neguko giro hotzetarako eta elurretarako prestatutako etxe horiek egiteko. Hamar bat herrik osatutako zonaldea da, eta denak ikusteko egun batzuk behar badira ere, egun bakarrean lauzpabost bisitatu daitezke.

Esan behar da bisita hau egin dugun egunean, hotza eta euria izan ditugula lagun. Udaberrian edo udazkenean inguruko paisaiak ederrago ikusiko dira akaso, baina negu giro honek ere ematen dio ukitua, izan ere, herriak are beltzagoak ematen dute, eta tximinien usainarekin, etxe horietako batean sartu eta sutondoan esertzeko gogoa ematen du.

Campillo de Ranas herritik hasi dugu herri beltzen bidea. Gure ustez, herri hauen eta bertako arkitekturaren esentzia hobekien mantentzen duen herrietako bat da. Santa Maria Madalena elizak berak ere ohiko arkitektura mantentzen du, eta haren parean plaza dauka, eguzkitako erlojua eta iturriarekin. Plazaren inguruan daude eraikita etxeak, herri beltzen esentzia guztia mantenduz. Horietako asko, gainera, zaharberritzen ari dira.

Roblelacasa herri txikia da oso, eta ‘alderantziz’ eraikita dagoela esan ohi da, iritsi orduko, elizaren atzealdea ikusten baita, eta honek ezkutatzen ditu gainontzeko etxeak. Eliza abandonatuta badago ere, sarrerako horma mantentzen da oraindik. Herri honen bitxikerietako bat, etxeak multzoka banatuta daudela da, erdian, oilategi moduko patioekin. Etxeaak ez daude kale moduan antolatuta, baizik eta etxeen tarteko pasabideak dira kaleak. Herritik abiatuta, Aljibre urjauzira edota El Jarama amildegira daramaten ibilbideak egin daitezke.

El Espinar izan da gehien gustatu zaigun beste herrietako bat. Herri beltzen esentzia ederki biltzen du, teilatuetako arbelaz gain, hormak ere arbelez eginak baitaude. Aparkaleku on bat dauka herriaren gainkaldean, eta bertatik, herriguneko etxe eta kale estuak bisitatu daitezke. Beste hainbat herritan ere ikusi ditugu, baina hemen agerikoagoak dira etxeetako horma beltzetan zuriz margotutako gurutzeak. Herri sarreran, garbitokia ere mantentzen du. Espinarretik ere Aljibreko putzuetara eta urjauzira joan daiteke oinez, Roblelacasarekin lotzen duen ibilbidearen bidez.

Campillejora jaitsi eta haranez aldatuta, Palancares eta Valverde de los Arroyos herriak utzi ditugu azkenerako. Aurrenekoak ez dauka ikusteko handirik, baina bigarrenak harritu egin gaitu. Batetik, herririk ederrenetako bat delako, eta bestetik, denetan turistikoena ere badelako. Herriaren gainkaldean aparkaleku handi bat du, eta oinez joan behar da herrira. Herrigunean, eliza eta plaza dotorea ditu, iturriarekin, baita haren inguruko etxeak ere. Hainbat jatetxe eta ostatu daude bertan. Nahi izanez gero, museo etnografikoa ere bisitatu daiteke. Herritik, Las Chorreras de Despeñalagua urjauzira ibilbidea egin daiteke.

Herri beltzetan non lo egin

Guadalajarako herri beltzak ingurune natural babestuan daude kokatuta, eta gehienak oso herri txikiak dira eta oso kale estuak dituzte. Gainera, batzuk aparkalekurik ere ez dute. Hori dela eta, abiatu baino lehen lolekua planifikatzea aholkatzen dizuegu. Bertako turismo bulegoan galdetuta, Roblelacasa edo Campilloko herri sarreretan dauden aparkalekuetan gaua pasa daitekeela esan digute. Hori bai, ez dago urak hustu edo betetzeko lekurik.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude