Erronkari eta Zaraitzu: Nafar Pirinioetan barrena

Nafarroaren ekialdean, Pirinioen magalean, badira bi haran, harkaitz eta mendien artean, herri eta paisaia ederrak ezkutatzen dituztenak: Erronkari eta Zaraitzu ibarrak. Furgonetan ezagutzeko leku bikaina da, mendiaz eta naturaz gozatzeko aukera ematen baitu.

Iruñeatik A21 autobidea hartuta, Irunberriraino iritsiko gara, eta handik, N-178an, Nabaskoitzera. Bi haranetara daraman bidegurutzea aurkituko dugu bertan. Guk, Burgi aldetik hasi dugu ibilbidea, Ezka ibaiaren bidetik, Erronkari bailara guztia zeharkatzeko asmoz.

Burgi

Erronkari bailarako aurreneko herria da Burgi. Herriaren sarreran, erdi aroko zubi dotorea dago. Handik pasatzen ziren, garai batean, egurra ur gainean garraiatzeko sortzen zituzten almadiak. Hain zuzen ere, almadiei eskeinitako egun bat ospatzen dute urtero Burgin, maiatzaren hasieran.

Almadien eta pirineo azpiko herrietako lanbideen erakustoki ere bada Burgi. Lanbideen Ibilbidea egin daiteke, zubitik abiatu eta Burgiko arroilaraino. Herriguneak ere merezi du bisita bat; plazaren bueltan, lorez apaindutako etxe dotoreak ikusi ditugu.

Burgin geldialdi bat egin ondoren, bideari ekin diogu berriz ere, ibaiaren arroan gora jarraituz.

Lanbideen ibilbidea

Burgi ‘lanbideen herria’ bezala ere ezagutzen da, eta herritarrek egindako ahaleginari esker, gaur egun galduta dauden hainbat lanbide azaleratu eta ikusgai jarri dituzte, herriaren inguruan egin daitekeen ibilbide batean. Erdi aroko zubia zeharkatu eta berehala hasten da, almadia baten erreprodukzioarekin. Bidean barrena, ikatz txondorra, okinaren labea, nebera edo elurzuloa edota zerrategia ikus daitezke, besteak beste.


Erronkari

Iritsi gara bailarari izena ematen dion herrira. Izabaren ondoren, biztanle gehien duen herria da Erronkari. Bere izaerari eusten dio ordea, eta bere kaleetan murgiltzea, denboran atzera egitea da.

Erronkariko herriguneak Pirinioetako berezko arkitektura mantentzen du, harrizko kale eta etxeekin. Aldapan gora eginez, San Esteban elizara iritsiko gara. Haren ataria ikusteko modukoa da, harriz egindako mosaiko ugari baititu, baita lauburuarena ere. Eliza ataritik, herriaren ikuspegi ederra dago.

Beherakoan atentzioa eman digute hainbat etxek, armarriak eta sarrera dotoreak baitituzte. Plazan iturri eder bat dago, eta bertako herritar batek esan zigunez, inork ez dakiur hori nondik datorren, lurpetik ateratzen baita ura, eta haren emaria  ez omen da urte osoan agortzen.

Bertakoa zen Julian de Gayarre tenore ezaguna, eta hari eskainitako museo-etxea ere badago herrian. Beti izan zuen bere herria laguntzeko nahia, eta eskola eta frontoia bere laguntzari esker eraikitakoak dira.

Erronkarin non lo egin

Furgoneta edo autokarabanentzako gune berezirik ez badu ere, herri sarreran dagoen aparkalekuan (Burgi aldetik etorrita), furgoneta ugari ikusi ditugu, eta bertan gelditzea pentsatu dugu. Lekua oso aproposa da, merendaleku txiki bat baitu ondoan, iturri eta guzti. Herrigunetik bi minutu eskasera dago oinez.


Urzainki

Ezka ibaiaren bidean gora jarraituta, Urzainkira iritsi gara. Herri txikia da eta zenbaiti oharkabean pasako bazaioere, merezi du bertan gelditu eta herriari buelta bat emateak. Dorre itxura duen San Martin elizatik hasi eta harrizko etxeetaraino, herri osoak garai bateko bizimodua dakar gogora.

Zubipean, merendaleku eder bat dago, geldialdi bat egin edo bazkaltzeko aproposa. Errekaz bestalde etxe gutxi batzuk baino ez daude, baina tartean da egitura berezia duen San Salvador ermita.


Izaba

Erronkari bailarako herrien artean, Pirinioetatik gertuen dagoen herria da Izaba. Eta horrenbestez, mendizaleen jo muga izan da urte askoan. Baina lotarako leku ez ezik, ikusteko moduko herria ere bada. Bailaran osoan biztanle gehien duen herria da, eta baita zerbitzu gehien dituena ere. Duela gutxi, gainera, AC gunea estreinatu dute bertan.

Herrigunea harrizko kale estuz osatua dago. Bere kaleetan, harriz eta egurrez egindako etxeak ikusi ditugu. Kalean gora, udaletxea eta San Zipriano eliza ikusi daiteke, bere kanpandorre ikusgarriarekin. Lehendik toki horretan beste eliza bat bazen ere, 1427an sute batek erre zuen, herriko etxe gehienekin batera. Egungo eraikina, XVI. mendekoa da.

Herrigunetik atera gabe, Memoriaren Etxea ere bisitatu daiteke. Izabako eta Erronkari bailarako garai bateko bizimodua, ohiturak eta kultura jasotzen dituen museoa da.

Idoiako baseliza

Izaba inguruan, hainbat ibilbide egin daitezke. Horietako bat, Idoia baselizara doana da. Garai bateko galtzada eta ‘gurutze bidea’ jarraituz, berehala iritsiko gara ermitara.  XV. mendeko eraikina da, eta barruan, erretaula eder bat ikusiko dugu; burdinezko hesi batekin babestuta dago, barnealdean, Idoiako amaren XII. mendeko irudia gordetzen baitu.

Izabatik abiatuta egin daitezkeen beste ibilbideetako batzuk dira Erromatar Zubiena edota Belabarze eta Iboneko Koba pasatzen dituena, besteak beste.

Iboneko koba eta Belabartzeko urjauzia

Izabatik gertu egin daitekeen beste ibilbide eder bat, Iboneko koba eta Belabartzeko urjauziarena da. Errepide ondoko zubi erromanikoetako batetik abiatzen da ibilbidea. Zubia zeharkatu eta berehala ikus daiteke koba. Gorako bidea hartuko dugu gero, baso ederretan barrena, Belabartzera iritsi arte. Beherako bidean aurkituko dugu urjauzia, ur garbi eta urdinez betetako putzu batekin. Guztira 2 ordu eta erdi inguruko ibilbidea da.

Izaban non lo egin

Urzainki aldetik gatozela, herriaren sarreran eskubitara, Izabako Udalak egokitu berri duen Autokarabanentzako Gunea dago.  Ur zikinak husteko eta ura betetzeko lekua ditu. Leku lasaia da, eta herrigunera 5 minutuan iritsi daiteke oinez. Aparkalekutik gertu igerilekua ere badago.

Herrigunetik sei kilometrora, Asolaze kanpina dago, Belaguarako bidean. Kanpin lasaia da, eta basoaren erdian lo egin duzula dirudi. Taberna eta jatetxe zerbitzua ere baditu.


Belagua

Erronkari bailarara datozen mendizale askoren topaleku izan da Belagua, hein handi batean, bertan zegoen aterpetxeari esker. Urte askotan utzita egon eta gero, hastekotan dira berritze lanak. Aparteko parajeak eta ikuspegia eskaintzen ditu Belaguak, Pirinioetako lehen mendi garaienak ikus baitaitezke bertatik.

Belaguatik abiatzen dira Kartzela eta Otsogorrigaina bezalako mendietara doazen ibilbideak. Eta gorago, Larratik, Arlas edota Auñamendi (edo Anie) gainetara doazenak. Handik pasatzen da Izaba eta Maule elkartzen dituen Enaren Ibilbidea ere.

Belaguan bertan egin daitekeen ibilbide errazago bat, Zemetoko ibilbidea da. Ordu eta erdi inguruko bidea da, Belaguako aterpetxearen aparkalekutik abiatuta. Ez du aparteko zailtasunik  eta paisaia eta ikuspegi ederrak eskaintzen ditu.

Juan Pitoko benta

Eta nola ez! Horrelako buelta bat egin eta gero, bazkaltzera! Belaguan bertan, badago horretarako toki eder bat, Venta Juan Pito izenekoa. Mendialdeko jaki tipikoak probatu daitezke bertan (migak probatu beharrekoak dira) eta tratua gertukoa da, etxean bezala sentiarazten zaituzte. Merezi du! Hori bai, goiz joatea komeni da, ordubata alderako, bestela tiketa hartu eta itxaron egin behar izaten da eta.

Larra-Belagua elurretan

Mendi ibilaldiez gain, Larra-Belaguak eski nordikoa egiteko eta raketekin ibiltzeko hainbat pista eta ibilbide eskaintzen ditu. Elurra eta elurretan ibiltzea gustuko baduzue, egun pasarako oso leku egokia da.

Guk bertan probatu ditugu raketak aurreneko aldiz. Belaguako aterpetxetik gora, El Ferial-eko eraikinera joan behar da. Materiala bertan alokatzen dute, 12 euroan (raketak eta bastoiak), eta errepidearen ondotik hasten da 6,8 kilometroko ibilbidea. Hasieran aldapatsua da, baina gero baso artetik oso gustura egiten da ibilbidea. Nekatuta bukatu dugu, baino oso gustura, asko gustatu zaigu esperientzia!!!

Ipar eskia edo eski nordikoa egiteko ere, hainbat ibilbide dituzte prestatuta. Kasu horretan, forfaitaz gain, materiala ere alokatzen dute. Taberna eta jatetxea ere baditu eraikinak.

Eski pisten inguruko informazio osoa, prezioak eta eguraldi iragarpena (webcama barne) aurkituko dituzue Larra-Belagua eski guneko webgunean sartuta.


Itzaltzu

Belaguatik behera Izabara jaitsi, eta Otxagabia alderako bidea hartu dugu; Erronkari bailara atzean utzi, eta Uztarrotze pasata, Zaraitzu bailarara iritsiko gara. Itzaltzu da harrera egingo digun aurreneko herria.

Herri txikia da Itzaltzu, Pirinioetako herrien izaera mantentzen duena. Anduña errekaren bi aldeetara eraikita dago, eta zubi dotore batek elkartzen ditu bi aldeak. Herrigunean bertan, XVI. mendeko San Salvador eliza dago.

Plazan, bere pertsonaiarik ezagunena gogoratzeko egindako estatua dago. Itzaltzuko Gartxot bardo ezaguna izan zen, inguruko herri guztietan ezaguna. Kondairak dionez, haren seme Mikelot bahitu egin zuten Orreagako fraideek, eta Gartxot atxilotu eta hiltzera kondenatu zuten. Gaur egun, Gartxoten Ibilbidea deritzon oinezko bidea egin daiteke.

Orhi mendia

Itzaltzutik gora eginda, Larrauko portura iritsiko gara, eta handik hasten da Orhi mendi ezagunera doan bidea. Pirinioetako lehen ‘bi milakoa’ da, eta hainbat abesti xiberotarren protagonista. 2.019 metroko altuera du eta 6 bat kilometroko ibilbidea da (joan-etorria), lau bat orduan egiteko modukoa. Goiz joatea komeni da, eta berehala zabaltzen den behelainoarekin kontuz ibiltzea.


Otxagabia

Zaraitzu bailarako herri nagusia da Otxagabia, bai biztanle eta bai zerbitzu aldetik. Hala ere, bere izaera mantentzen jakin duen herria da. Bere kale eta etxeak harriz egindakoak dira, atari eta sarrera ederrak dituzte, eta ondo mantenduta daude.

Zaraitzu ibarreko herri gehienak bezala, errekaren ondoan eraiki zuten. Bertan bat egiten dute Anduña eta Zatoia errekek, eta bertan sortzen da Zaraitzu ibaia. Erreka zeharkatzen duten hainbat zubi ditu herriak, horietan ederrena, herriaren gainkaldean dagoen erdi aroko zubia da.

Herrigunean, XVI eta XVII. mendeen artean, eraikin zaharrago baten gainean egindako San Juan eliza dago. Baina etxeek ere merezi dute aipamen bat, oso ondo zainduta baitaude. Askok, ateak zabalik izaten dituzte, atardi edo sarrera ederrak ikusteko. Urrutia, Iriarte eta Donamaria jauregi-etxeak ere ikus daitezke, euren armarriekin. Etxe askotan, gainera, eguzkiloreak ikusiko ditugu atarietan.

Otsagabiatik bertatik egin daitekeen ibilbideetako bat, Muskildako ermitara daramana da. Errepidez ere joan daiteke, baina herrigunetik abiatzen den bide zaharra da egokiena. XII. mendeko eraikina da, gain batean dago, eta bertatik herri osoa zaintzen duela dirudi. Otxagabia, Iratiko basora daraman sarbideetako bat ere bada.

Orhipean jaialdia

Urtero, abuztuko azken larunbatean, Orhipean jaialdia ospatzen dute Otxagabian. Herri osoak ehun urtez atzera egiten du, garaiko jantziak eta ofizioak gogora ekarriz. Eskola zaharra, arropak errekan garbitzea, zapataria, dentista… denetarik ikus daiteke herrigunean. Errekaz bestalde, azokako postuak egoten dira, bertako produktuz nahiz artisauen gaiez hornituta. Egun ederra izaten da bisitariarentzat, eta oso giro ona sortzen da egun osoan zehar.

Otxagabian non lo egin

Berez Otxagabiak autokarabana/kanper gunerik ez badu ere, herriguneko aparkaleku nagusian (sagardotegiaren ondoan), lotarako egokitutako 10-12 plaza daude.

Beste aukera on bat, Osate kanpina da. Kanpin txiki eta berdea da, ondo zaindua. Taberna eta jatetxea ere baditu, eta bost minutuan iristen da herrigunera oinez.


Ezkarotze

Ari gara gure ibilbidearen bukaerara iristen. Otxagabia atzean utzi eta Zatoia errekaren bideari jarraituz, Ezkarotzera iritsi gara. Herri txikia bezain ederra da, eta merezi du bertan gelditu eta bueltatxo bat emateak. Errekaz bestalde, aparkaleku handi bat du, merendaleku batekin; iturria ere badu, eta ondo etorri zaigu atseden hartzeko.

Ezkarotzetik behera, Zaraitzu ibarrari jarraituz, Espartza eta Gortza herrietatik Nabaskoitzera itzuliz gero, hasierako puntura itzuliko gara. Jaurrieta aldera hartuta berriz, Aezkoa bailararako bidea hartuko dugu. Azken horri heldu diogu guk.


Jaurrieta

Pasaeran ikusi eta aurrera jarraitzeko asmoa bagenuen ere, Jaurrietak geldialdi bat merezi duela iruditu zaigu. Zaraitzu bailarako herria bada ere, ibarretik aparte dago, Aezkoa alderantz. Sute batek herria erabat kixkali zuen 1.800. urtean, eta eraikin gehienak, geroztikoak edo berrituak dira. Hala ere, ezin ukatu toki ederra denik.


Orbaizeta

Urte asko ziren Orbaizeta aldera lehen bisita egin genuenetik, eta itzultzeko gogoa genuen. Horregatik, bidaia aprobetxatuz haruntz gerturatu ginen. Armaolagatik ezaguna bada ere, herriak berak merezi du bisita bat. Eta gainera, Iratiko basoko beste sarbide nagusietako bat da.

Aezkoa bailara, beheko haranen eta Pirinioen arteko erdigunea da, nahiz eta Orbaizetan, mendialdeko izaera nabaritzen den. Herrian atentzioa eman digu elizaren forma bereziak, eta baita kaleetan ikusi ditugun horreo edo garaiek ere.

Obaizetako armaola

Herrian bisita eta hamaiketakoa egin ondoren, Orbaizetako armaolarako bidea hartu dugu. Erret armategia izan zen ehun urtez (1784-1884), eta Mina eta Zumalakarregi bezelako general ezagunentzako armak egin zituzten. Armategia, 1432ko burdinola baten gainean eraiki zen. Bost gerrate ezagutu zituen, eta garairik onenetan, 150 familia bizi ziren hango lanetik. Egun, XVIII. eta XIX. mendeetako arkitektura industrialaren altxorretako bat da.

Eta horrela bukatu da Nafar Pirinioan barrena egin dugun 10 eguneko ibilbidea. Benetan ezagutzea merezi duen zonaldea da, eta gu behintzat, seguru itzuliko garela.

You may also like...

1 Response

  1. iose(e)k dio:

    oso interesgarria aupa zuek

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude