Castello eta Valentzia furgonetan

Urtea bukatu eta hasi kostaldean egiteko ohitura hartu dugu azken urteotan, eta Mediterraneoa leku ezin hobea da horretarako. Aurten, Castello eta Valentziako kostaldean barrena ibili gara, eta itsasertzeko herri ederrak eta furgonetarekin lo egiteko leku bikainak aurkitu ditugu. Zatoz!

Gure ibilbidea:

Euskal Herritik abiatuta, Aragoiko Zaragoza eta Teruel probintziak zeharkatuz iritsi gara Castellora. Morella herri txiki bezain ederrean egin dugu aurreneko geldialdia, Peñiscolara iritsi aurretik. Behin kostako bideari helduta, Alcossebre eta El Grau de Castelló bisitatu ditugu, eta handik, Valentziara pasa gara, bertako Albufera ezagutzeko asmoz; El Saler eta El Palmar herrietan ibili gara, besteak beste.

Herriak:

  • Morella
  • Peñiscola
  • Alcossebre
  • El Grau de Castelló
  • L’Albufera

MORELLA

Kostalderako bidean, Peñiscolara iritsi aurretik, geldialdi labur bat egin dugu bidean, Morella herria ezagutzeko. Guk nahiko azkarra egin behar izan genuen, baina egia esan goiz bat behintzat eskatzen duen bisita da.

Harresitutako Erdi Aroko herrigune dotorea du, muino baten gainean kokatuta, eta gain-gainean, baita gaztelua ere. Harresiak XIV. eta XV. mendeen artean eraikitakoak dira, eta modu onean kontserbatuta daude. Garai berekoa da Santa Luzia akueduktua ere. Herriak hainbat eliza ere baditu, denetan aipagarrienak, Santa Maria eraikin gotikoa eta San Frantzisko konbentua.

Bere kaleetan espero genuena baino komertzio eta taberna gehiago aurkitu ditugu. Espainiako herririk ederrenen zerrendan dago, eta horrek ere izango du zerikusia. Bertako produktuak saltzen dituzte askok, batez ere hestekiak, gazta, eztia eta bestelako gozoak. Guk ere furgonetarako hainbat gauza hartzeko aprobetxatu dugu.

Bertan lotan gelditu nahi izanez gero, Morellasek badu AKgune bat. Herrigunetik pixka bat aldenduta dago, baina leku zabala du. Guk bezala herrira bisita azkar bat egitekotan, berriz, kasik hobe da gorago joan eta herrigunera sartu aurretik dagoen aparkalekuan (akueduktuaren ondoan) uztea.


PEÑISCOLA

Herririk ederrenen zerrendan dagoen beste bat da Peñiscola, eta ez da harritzekoa, Castelloko kostaldeko herririk ederrena ere bera baita. Gainera, Eguberri garaian, argiztapen oso berezia jartzen dute, eta gu izan garen egunetan, Erdi Aroko azoka ere bazegoen.

Kostaldeko gainontzeko herrietatik bereizten duena, bere Erdi Aroko herrigune harresitua da, penintsula formako arrokazko muino batean kokatua. Tontorrean gaztelua dago, itsas mailatik 66 metroko altueran. XIII eta XIV. mendeen artean, arabiar alkazaba zegoen lekuan, eraiki zuten tenplarioen gaztelua. Gerora, Papa Luna aita santuaren garaian, harresiak eta hainbat ate edo sarrera eraiki zituzten.

Harresien barrualdean, Erdi Aroko egitura mantentzen duten kale bihurriak daude, etxe zuriz eta apaingarri urdinez osatuta. Santa Maria plaza ere ederra da, izen bereko sarreraren eta harresiaren inguruan baitago eraikita. Handik gora joanda, harresiak, Bufador izeneko haize-zuloa, maskorrez apaindutako etxea, itsasargia edota gaztelua bera ikus daitezke, besteak beste. Gazteluaren atariko plazan, eta hondartzako paseoan berriz, taberna eta jatetxe gehienak aurkitzen dira.

Harresia bera eta Santa Maria plaza argiztapen ikusgarri batekin janzten dituzte Eguberrietan, eta bertan pasa ditugu urte zaharra eta urte berria. Parte zaharreko taberna eta jatetxe gehienak zabalik zeuden, eta egun horietarako antolatutako Erdi Aroko azokari esker, giro bizia aurkitu dugu bertako kaleetan.

Peñiscolan non lo egin

Peñiscolak hainbat AKgune ditu, denak pribatuak, eta gehienak kanpinen kanpoaldean ibilgailu hauentzat egokitutako guneak dira. Horietako hiru, herrigunetik nahiko aldenduta daude, eta bertara joateko, bizikleta edo autobusa hartzea komeni da, oinez joateko aparte xamar baitaude.

Guretzako lekurik egokiena, La Brisa izeneko aparkalekua da. Kanper eta autokarabanentzat prestatuta dago, eta herrigunetik gertuen dagoena da (5 bat minutu oinez). Neguan 8 euro kostatzen da eguna, urak husteko gunea du eta baita dutxadun komun bat ere. Hori bai, ez daukate argindarrik.


ALCOSSEBRE

Peñiscola atzean utzi eta Castelloko kostan barrena jarraituta, Alcossebre herrian egin dugu hurrengo geldialdia. Udan turismo lekua bada ere, aurrekoaren aldean, nahiko ‘hilda’ aurkitu dugu herria garai honetan.

Hala ere, hondartza ederra eta luzea du, itsasertzeko paseo polit batekin. Bertan buelta bat eman eta gero, herriguneko tabernetan zerbait hartu (gutxi batzuk zeuden irikita), erosketa batzuk egin, eta AKgunera itzuli gara.

Herriak berak ez dauka ikusteko gauza handirik. Zerbait egitekotan, udalerri berekoa den Alcalá de Xivert herriko gaztelua ikustera joan daiteke, handik 10 bat kilometrora.

Alcossebren non lo egin

Herri honetako gauzarik aipagarriena, bertan dagoen AKgunea iruditu zaigu. Las Moreras Camper Park du izena, eta oso ondo prestatutako lekua da. Bi gunetan banatuta dago; aurrenekoan daude zerbitzu guztiak, komunak eta dutxak, ontziak garbitzeko arraskak, urak husteko gunea, taberna eta baita udarako igerilekua ere.

Gune hau, ordea, erabat beteta zegoen, eta egun horietan iritsi garen guztiak bigarren gunera bideratu gaituzte. Bigarren zati hau egokitzen ari dira oraindik, eta argindar posteak jartzen ari badira ere, gu joan garen garaian oraindik ez zeuden martxan. Herrigunetik gertu dago, eta egun batzuk pasatzeko leku ona da.


GRAU DE CASTELLÓ

Bideari jarraituz, Orpesa eta Benicassim ondotik pasatu gara. Biak ere, apartamentu eta hotel handiz betetako herriak dira, eta atzean uztea erabaki dugu. Hurrengo geldialdia, Grau de Castellon egin dugu; Castelloko hiriburuaren portua eta haren inguruan sortutako herrixka da El Grau.

AKgune bikaina dauka, hondartza ondoan kokatua, eta bertatik paseo bat emanez (10 bat minutu), joan daiteke portura eta herrigunera. Portu aldean, taberna eta jatetxe ugari aurki daitezke.

El Graun non lo egin

Esan bezala, El Grauk AKgune ederra dauka, doakoa da eta hondartzaren pare-parean dago. Nahiko aparkaleku handia da, 45 plaza baititu. Komun publikoa, ontziak garbitzeko arraskak eta urak husteko tokia ditu. Aldamenean, merendaleku moduko bat dago, hainbat mahairekin eta umeentzako jolas parke batekin. Handik metro gutxira, Castelloko Planetariuma bisitatu daiteke.


L’ALBUFERA

Aspalditik genuen Valentziako Albufera ezagutzeko gogoa, eta hiriburua atzean utzita, El Saler herrira joan gara, inguru horiek ikusteko asmoz. Herri txikia da, baina hainbat taberna eta jatetxe dauzka, eta abiapuntu ona izan daiteke Albufera bisitatzeko.

Albufera itsasotik sortutako aintzira bat da. Badia bat izan zen garai batean, baina denborarekin, eta sedimentazioaren ondorioz, itsasotik banantzen joan zen. Egun, duna ilara batek eta Dehesa del Saler pinudiak banantzen dute itsasotik. Aintzirak ia 24 kilometro koadroko zabalera du, eta inguru guztia arroz-soroz beteta dago. Fauna aldetik ere leku interesgarria da, galtzeko arriskuan dauden hainbat arrain espezie bizi dira bertan, eta hegazti migratzaileen pasaerako lekua ere bada. 1986tik, Parke Natural izendapena du.

Albuferaren formazioa eta ezaugarriak hobeto ezagutzeko lekurik onena, Albuferako Parke Naturalaren Interpretazio Zentroa da. Aintziraren ertz batean kokatuta dago, eta aparkalekua dauka. Handik gertu, hainbat nasa ikus daitezke, begiratoki bezala ere balio dutenak. Mirador del Pujol da adibiderik onena. Bertatik, albufera bisitatzeko hainbat txalupa abiatzen dira.

El Salerretik bospasei kilometrora dago El Palmar herria. Erabat arrozaren inguruan mugitzen den herria da. Historikoki, Albuferako arroz landaketetan lan egiten zutenen bizilekua zen, eta egun oraindik ikus daitezke langile haiek egiten zituzten barraka edo etxe txikiak. Gaur egun, gutxi batzuk bizi dira arroza egitetik, eta herria arrozeriaz eta jatetxez beteta dago. Albufera ezagutzeko txaluparik gehienak ere bertatik abiatzen dira, eta hainbat nasa daude horretarako prestatuta. Horietako baten ondoan dago Trilladora del Tocaio izeneko garai bateko lantegia; uda garaian bisitatzeko aukera ematen badute ere, urtarrilean itxita zegoen.

Albuferan non lo egin

Internet bidez ‘fitxatuta’ generaman AKgune bat, Camper Park Albufera izenekoa, eta bertan pasa dugu aurreneko gaua. Bungalow gune bat da, aldamen batean hamar bat autokarabanarentzako tokia duena, urak husteko lekuarekin. Komunak eta dutxak ere baditu. Udarako ondo prestatuta dago, taberna eta igerilekua ere baditu eta. Hori bai, gu joan garen garaian taberna ere itxita zegoen, baina hala ere 20 euro kobratu digute eguna, eta gehitxo iruditu zaigu garai horretarako. Behintzat argindarra kargatzeko aprobetxatu dugu, juxtu antzean genbiltzan eta.

Handik gertu, El Salerreko hondartzan, parking handi bat dago. Udan mugatuta egongo da, baina neguan autokarabana eta kanper ugari zeuden, eta bertan egin dugu bigarren gaua. Doakoa da, eta hondartzaren ondoan dago, eta txiringito moduko taberna bat dauka aldamenean. Ilunabar nahiz egunsentiekin gozatzeko leku polita da.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude