Hondarribia: euskal kostako harribitxia
Euskal kostaldeko herririk dotoreenetako bat da Hondarribia. Gipuzkoa eta Lapurdi, hegoaldea eta iparraldea banatzen dituen Bidasoa hibaiaren aldamenean dago, eta nola ez, itsasoaren ondoan. Pare-parean du Hendaia, eta atzean, zaindari moduan, Jaizkibel.
Parte zaharrak eta portu aldeko kaleek, erdi aroko eta garai bateko arrantzaleen bizimodua nolakoa zen irudikatzen laguntzen digute. Bista zoragarriek, kaleko giroak eta pintxo eta jatetxe aukera zabalak borobiltzen dute eskaintza.
Zer ikusi:
- Parte zaharra: Erdi aroko egitura eta harresiak mantentzen ditu Hondarribiko parte zaharrak. Balkoi ederrek apaindutako etxe eta kaleez gain, Gipuzkoa plaza eta Armen plaza ikustekoak dira.
- Itsas aldea: Herriaren behealdean, itsasotik gertu, garai bateko arrantzaleen etxeek osatzen duten San Pedro kalea dago. Taberna ugari ere badaude, pintxo ederrekin. Ez gelditu Gran Sol tabernakoak probatu gabe.
- Higer eta Jaizkibel: Higer lurmuturrean arrantzaleei ongietorria egiten dien faroa dago. Bista ederrak daude bertatik. Nahi duenak oinez, eta nahiago duenak autoz, Jaizkibelera doan bidea hartu dezake handik. Itsasertzeko paisaia ederrek lagunduta igoko gara; gainean, Ama Guadalupekoaren ermita eta San Enrike gotorlekua aurki daitezke.
Non lo egin:
- Kanpingak: Hondarribian bi kanping daude, biak ere herrigunetik nahikoa urrun. Bata Jaizkibel kanpinga da, herritik gora, mendialdean dagoena. Bigarrena, Higer, izen bereko lurmuturrean dago kokatuta.
- Areak: Autokarabana eta furgonetentzako area bat badago, hau ere herrigunetik aldendu xamar. Lurgorrin (itsas portua) kokatzen da. Udako denboralditik kanpo, kirol portuko parking-ean lo egin daiteke, debalde gainera. Uda garaian, ezin da furgonetarekin sartu.
Informazio gehiago: Bidasoa bizirik
Azken iruzkinak: