Eskulanak: Leihoetarako funda isolatzaileak
Furgonetan lo egiteko ezinbestekoa da kortinak edo estalki motaren bat izatea. Baina argiaz eta intimitateaz gain, nahi duguna furgoneta barruko tenperatura ahalik eta epelena mantentzea bada, funda isolatzaileak jarri behar ditugu. Izan ere, leihoetatik ihes egiten du furgoneta barruko bero guztiak.
Merkatuan badaude horretarako pentsatuta saltzen diren funda bereziak. Baina nahikoa garestiak direnez, guk geure kontura egitea pentsatu genuen. Obretarako erabiltzen den material isolatzailea brikolaje denda handietan lor daiteke, 10 bat metroko rolloetan. Horrez gain, ertzak egiteko tela zatiak, haria eta bentosak beharko ditugu.
Plantillak egin
Lehen pausoa leihoen neurriko plantillak egitea da. Horretarako egunkari zaharrak eta errotulagailu bat erabili ditugu. Hartara, ez dugu material isolatzailearen rolloarekin furgoneta barruan ezinean aritu beharrik.
Behin plantillak eginda, funda zatiak moztuko ditugu. Ondoren, ertz guztian telazko zinta jarriko diogu, jostorratz batzuekin lagunduta, ez mugitzeko. Gero josteko makinan sartu eta ahalik eta hobekien errematatu (koska batzuk gora-behera, ondo gelditzen da).
Azken pausoa bentosak jartzea da. Funda bakoitzari lau ertzetan zulo bana egin, eta bakoitzean bentosa bat jarriko diogu. Horrela, leihoetara ondo fijatuko dira, bestelako instalaziorik egin beharrik gabe.
Gu gustora gelditu gara emaitzarekin. Ea zuei ere balio dizuen!
Azken iruzkinak: