Andaluzia (1): Sevilla eta Cordoba


Aspalditik genuen buruan Andaluzia aldera bidai bat egiteko asmoa, eta pasa den aste santuan, asmo hori egi bihurtzeko aukera izan dugu. Eta benetan, merezi izan duen bidaia bat da. Harritu egin gaitu egin gaitu Andaluziak, zentzurik onenean; bere hirien edertasuna, kaleko giroa eta bertako jendearen gertutasunagatik. Gure bidaia konpartitu nahi dugu, zuetakoren bat Andaluziara joan edo ez zalantzan balego, animatu zaitezten; izan ere, ibilbide hau edo beste bat egin, seguru asmatuko duzuela.

Gure ibilbidea

Andaluzia osoa zeharkatu eta ahalik eta toki gehien bisitatu ahal izateko, idealena 20 bat egun hartzea izango litzateke, baina hainbeste denbora ez genuela ikusita, helburu handiegirik ez jartzea pentsatu genuen. Sevillatik hasi eta Cordoban bukatzea erabaki genuen, eta tartean inprobisatuz joatea. Azkenean, Ronda eta Malagako kosta ere bisitatu genituen. Eta bueltako bidean, Segovian ere gelditu ginen. Denera, 2.000 kilometrotik gorako ibilbidea osatuz.

Oharrak

Joaneko bidaia oso atsegina egin zitaigun; Guijuelon egin genuen geldialdia (ezinbestekoa) kenduta, egun bakarrean egin genuen Andaluziara arteko bidea. Goiz atera ginen etxetik, 07:00ak aldera. Gipuzkoatik Sevillara 900 kilometro daude, baina ia bide osoa autobiatik egin daiteke. Aurrena, A-1 errepidea hartu genuen, Gasteiz aldera; Burgos eta Valladolid pasa eta gero, Salamanca parean bat egin genuen A-66 errepidearekin (Ruta de la Plata ere  deitzen zaio). Guijuelon geldialdia egin eta gero, bideari ekin eta Caceres eta Merida atzean utzita, 18:00etarako iritsi ginen Sevillara.


Sevilla

Topikoa ematen badu ere, Sevillak badu kolore berezi bat. Iritsi ginen momentutik erakarri gintuen. Guadalquivir ibaiaren inguruko paseoa, Triana auzoa, parte zaharra, Santa Cruz auzoko kalexkak, katedrala eta Espainia Plaza… ikusi beharrekoetako batzuk besterik ez dira.

Trianako zubia, Guadalquivir ibaiaren gainean.

Aste santuan Sevilla dotore janzten da, eta mundu guztia egoten da prozesioen zain. Gu Erramu egunean iritsi ginen, egun handia Triana auzoan. Jendea dotore jantzita ateratzen da goizetik, eta giro polita sortzen da kaleetan. Trianako zubia pasata, San Jacinto kalera iritsi gara; jendez lepo dago. Taberna ugari daude bertan, horietako asko benetan kuriosoak; zerbait hartuz tapa batzuk jateko toki ona da. Kalez kale ibili gara Santa Ana plazaraino, bidean patio dotoreak eta garai bateko xarma mantentzen duten tabernak ikusiz. Triana auzoko gure ibilbidea Betis kalean bukatu dugu, Guadalquivir ibaiaren ertzean zerbait hartuz.

Giralda dorrea, gauez.

Errekaren beste aldean daude parte zaharra eta monumentu gehien biltzen dituen gunea. Metro gutxian, La Maestranza zezen plaza, Torre del Oro dorrea (biak Paseo de las Delicias kalean), Katedrala eta bere Giralda ezaguna, eta Alcazar Real delako palazioa. Azken hau ikusteko sarrera ordaindu behar da, eta goiz joan ezean, kola luzeekin topo egiteko arriskua dago.

Katedraletik gertu dago juduen auzo izan zena, egun Santa Cruz auzoa bezala ezagutzen dena. Kale estuz eta plaza txikiz beteta dago, eta horietan, nahi adina taberna eta artisautza denda aurki daitezke. Hainbat flamenko lokal ere ikusi ditugu bertan (Trianako batera joatea gomendatu ziguten, baina aste santuan ez dute emanaldirik egiten).

Espainia Plaza, bere txalupadun kanal eta guzti.

Santa Cruz auzotik apenas 10 minutura dago Espainia Plaza.  Argazkietan ikusia bagenuen ere, harritu egin gintuen bere tamaina handiak, eta baita bere edertasunak ere.  Eraikinem dotoreziaz gain txalupak ibiltzen diren kanal moduko bat du bere inguruan. Gainera, plazaren ondoan Maria Luisa parkea dago, eta horrek ere merezi du bisita egitea.

Sevillan non lo egin

Gure bidaiari ekin aurretik, hainbat blog eta foro bisitatu genituen, Sevillan furgonetarekin non lo egin jakiteko. Aukera ugari ikusi bagenituen ere, gehien gomendatzen zutenetako bat AC area zen. Bertan pasa genuen aurreneko gaua, probatzeko; egia esan, auto saltoki bateko parkin bat da, hori bai, ACentzat prestatuta, argi indarrarekin eta urak husteko tokiarekin. Komunak ere baditu, baina gure sentsazioa da ez zeudela prestatuta horrenbeste jende hartzeko (parkinean 80 bat AC egongo ziren), eta han dutxa bat hartzea benetako abentura izan daiteke (ez gara oso mixkinak, baina dutxa nahiko zikina zegoen eta ez zuen ez aterik ezta kortinatxorik ere).

Parkina erdigunetik 20 bat minutura dago oinez. Oso gertu supermerkatu bat dago, eta zentrora doan autobusa ere bertan hartu daiteke. ACentzat aukera ona da, baina gurea bezalako furgonetentzat nahikoa motz gelditzen da egun bat baino gehiago pasatzeko.

Beste aukera bat Villsom kanpina da, Sevillaren ondoan dagoen Dos Hermanas herrian. Bigarren gaua bertan pasa genuen, eta egia esan, oso ondo dago. Interneten kexa batzuk irakurri genituen hango komunen inguruan, baina gure sorpresarako, berrituta eta oso txukun zeuden. Dos Hermanasetik ere har daiteke Sevillako erdigunera doan autobusa; 20-30 minutuko ibilbidea da.


Ronda

Bi egunez Sevillan batera eta bestera ibili ondoren, giroz aldatzea erabaki genuen, eta Malagako kostarantz abiatu ginen, eguzki pixka baten bila. Biderik zuzenena hartu partez, ordea, hainbat mendizerra zeharkatzen dituen errepidea hartu genuen; dena, aurrez gomendatu ziguten herri bat ikusteko: Ronda. Eta egia esan, aldapaz eta errebueltaz betetako 200 kilometroko bideak merezi izan zuen.

Ronda meseta moduko baten gainean ‘zintzilik’ dagoen herrietako bat da. Herrira iritsi orduko, handik ikusten den bista arnasa kentzeko modukoa da. Guadalevin ibaiaren  eta erlaitzaren gainean eraikitako zubitik, 100 metroko sakonerako zuloa ikusten da. Zubiaz gain, gune historikoa ikusteak ere merezi du; dotorea eta oso ondo zaindua iruditu zitzaigun. Gainera, inguru hartako menu tipikoak eskaintzen dituzten hainbat jatetxe daude.


Cabopinoko kirol portua, izen bereko kanpinetik oso gertu.

Marbella

Rondan bazkaldu ondoren, kostarako bideari ekin diogu berriz. Aurrena Esteponara eta gero Marbellara iritsi gara. Aurreko egunetan hotz apur bat egin zuenez, inguru hartako kanpin batean gelditzea erabaki genuen, deskantsatu eta eguzkiaz pixka bat gozatzeko.

Cabopino kanpinean egin genuen lo. Hondartzatik eta inguruan hainbat urbanizazio dituen kirol portu txiki batetik gertu dago. Marbellako herrigunetik 7 kilometrora aurkitzen bada ere, autobusa ia atean bertan gelditzen da. Hondartzarako bidean, Artolako dunak ere ikus daitezke.

Herrigunera joanda, hondartzako paseoan ibiltzeko aprobetxatu genuen. Handik, parte zaharrera joan ginen, eta harritu egin gintuen, Marbella bezalako hiri batetik irten eta Andaluziako herrixka tipiko batean sartzen zarela ematen baitu, etxe zuriekin eta komertzio txikiz betetako kale estuekin.


Cordobako Errege Kristauen Alkazarrean dauden lorategiak.

Cordoba

Bidaia honetan gehien harritu gaituen tokietako bat Cordoba izan da, berte edertasun, historia eta ikusteko dituen toki pilagatik. Arabiar garaiko aztarnek ematen dioten ukitu bereziari eta bere parte zaharrari esker, egun batzuk pasatzeko destino bikaina da.

Cordoban egin beharreko lehen bisita Mezkita-Katedrala da, hiri honek bere historian zehar bizi izan dituen zibilizazio talken eta nahasketen lekuko bizia. Mezkita VIII. mendean eraiki zuten, toki berean zegoen tenplu bisigodo baten gainean. Hainbat handitze lan egin ondoren, mendebaldeko mezkitarik handiena bihurtu zen. Birkonkistaren ondoren, tenplu kristaua bilakatu zen, eta XIII. mendean katedral izendatu zuten. Gaur egun, oraindik ere harritu egiten du bere handitasunak eta edertasunak. Barrualdeaz gain, Laranjaondoen jardina eta katedralaren dorrea (sarrera aparte ordaindu behar da) bisitatu daiteke.

Mezkitatik gertu, tabernaz eta denda txikiz betetako hainbat kale daude; pasiorako eta tapa batzuk hartzeko leku ederra da. Handik oso gertu dago Erromatar Zubia. Bere izenak dioen moduan, erromatarrek eraiki zuten I. mendean, eta ia 2.000 urtez, Cordoba eta Guadalquivir ibaiaren beste aldeko lurrak lotzen zituen bide bakarra izan zen. 300 metroko luzeera du eta bertan, hainbat musikari eta artisau biltzen dira.

Egin beharreko beste bisitetako bat Errege Kristauen Alkazarea da. Palazioa bera baina interesgarriagoak dira kanpoaldean dituen jardin dotoreak.

Herrigunera itzuli eta kalez kale ibili gara, norabide garbirik gabe (askotan horrela bilatzen dira tokirik interesgarrienak). Etxe artean, hainbat patio dotore ikusi ditugu, gehienak jatetxe moduan jarrita. Loreen kale ezaguna ere ikusi dugu. Kanpinera bueltan, hainbat prozesio ikusi ditugu, eta oso fededunak ez bagara ere, merezi du bat edo beste ikusteak.

Cordoban non lo egin

Furgonetan edo ACan bidaiatzen dugunontzat bi aukera nagusi daude: aurrenekoa AC gunea da, parte zaharretik oso gertu. Ondotik pasa ginen eta nahikoa beteta zegoela ikusi genuen, baina Cordoban 2 edo 3 pasatzeko asmoa genuenez, bigarren aukeraren alde egin genuen: El Brillante kanpina. Herrigunetik urrunago dago, baina autobusa sarreran bertan gelditzen da.


Segovia

Cordoban pare bat egun pasa ondoren, bukatutzat eman dugu Andaluzian barrena egindako ibilbidea. Etxerako bidean, ordea, beste geldialdi bat egitea erabaki dugu, bisita azkar batean bada ere, Segovia ezagutzeko aprobetxatuz (itzuliko gara asti gehiagorekin). Herrigunean Erromatar Akueduktoa ikusi dugu, II. mendean eraikitako estruktura erraldoia.

Herrigunetik buelta bat eman eta gero, Mesón Cándido jatetxe ezagunean jan dugu. Toki berezia da, historiaz betea, eta bertako txerrikume tipikoa jateko lekurik onena.

Segovian non lo egin

Hiriaren sarreran dagoen AC gunean pasa genuen gaua. Garai bateko zezen plazaren ondoan dago eta 40 bat AC eta furgonetaren bat edo beste egongo ziren. Urak hustu eta betetzeko aukeraz gain, ez du beste zerbitzurik eskaintzen, baina beste behar batzuetarako, gasolindegi bat dago ondoan.

Biharamunean bueltako bideari ekin genion berriz. Alde batetik penaz,. oporrak bukatzera zihoazelako, baina bestetik gustura, egindako bidaiagatik eta ezagutu ditugun leku guztiengatik. Andaluzia lurralde eder bezain handia da, eta leku asko gelditu zaizkigu ikusteko, baina ziur beste bidaiaren batean bisitatuko ditugula.

Andaluziari buruz gehiago jakin nahi baduzu, ikusi Granada eta Cabo de Gata artean egindako bidaia.

You may also like...

2 Responses

  1. 2017-04-25

    […] Andaluzia aste santuan […]

  2. 2017-04-25

    […] aurreko bidaian Sevilla, Ronda, Marbella eta Cordoba ikusi eta gero, aurten Granada genuen helburu nagusi. Bidaia osatzeko, Malaga edo Almeria aldera […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude