Bretainia: kostako bidea

Furgonetan ibilbide bat egiteko herrialderik egokienetako bat da Frantzia; bai bere paisaien aberastasunagatik, bai bere herrien edertasunagatik, eta baita kanper munduak duen harrera onagatik ere. Bretainiak, ezaugarri horiez gain, badu izaera berezi bat, zeltiar jatorriko kultura eta hizkuntza propio bat. Horri itsasoak eta kostaldeko bizimoduak ematen dion ukitu berezi hori gehituz gero, bidaia eder bat egiteko osagai guztiak aurki ditzakegu bertan. Hamalau egun eta 2.000 kilometrotik gorako ibilbidea izan da gurea, Bretainiako koatan barrena.

Gure ibilbidea

Gipuzkoatik atera eta ordubetera, Frantzia ia osoa atlantiar kostatik zeharkatzen duen autopiatan sartu gara. Bordeletik gertu, gure aurreneko geldialdia egingo dugu, Ré uhartean. Bretainiara Morbihan golkotik sartuko gara. Barnealdeko hainbat herri ere ikusiko ditugu, hala nola Josselin eta Rochefort en Terre. Kostatik jarraituz, Carnac eta Quiberongo penintsula ikusiko ditugu. Iparraldeko kostan berriz, Morlaix, Plougasnou, Ploumanach, Dinan eta Saint Malo ikusiko ditugu. Eta azkenik, Mont Saint Michel ezagunean bukatuko dugu gure ibilbidea.

Bidairako oharrak

Beti entzun izan dugu kanperren paradisua dela Frantzia, eta hala da, neurri batean behintzat. Kostaldetik bidaiatuz ikusi ahal izan dugu hondartzetako parking gehienek 1’85eko langa dutela. Hori bai, herririk gehienek dituzte AC guneak eta kanpinak. Hori dela eta, ez dugu arazorik izango lotarako lekua bilatzeko garaian. Kanpinei dagokionean, udal kanpinak gomendatzen ditugu; ondo zainduak egoteaz gain, merkeenak dira (15-25 euro artean eguneko, 2 pax, ibilgailua eta argindarra kontuan hartuta).

Galletes edo crepe gaziak.

Frantzian beste ordutegi bat dute, goizago bazkaltzen eta afaltzen dute, eta hori kontuan izan behar da jatetxeren bat bilatzerakoan; hobe goiz ibili. Tokirik turistikoenetan ez da arazorik izaten, baina herri txikietan gerta liteke 14:00etatik aurrera otordurik ez ematea. Bretainiak gastronomia aberatsa du, eta kostalde guztian aurkituko ditugu muskuiluak eta ostrak. Tipikoak dira galletes‘ edo crepe gaziak ere, era guztietako osagaiekin beteak, pizzak balira bezala. Gurinezko gailetak eta Far Bretón pastela dira tokiko beste espezialitateetako batzuk. Bretainiana sagardoa ere egiten dute, baina zer ikusi gutxi du Euskal Herrikoarekin, xanpainaren tankerakoa baita.


Ile de Ré

Joaneko bidaia osoa kolpe bakarrean egin beharrean, bidean geldialdi bat egitea pentsatu genuen. Ré uhartean (Ile de Ré) gelditu ginen, eta bete betean asmatu genuen. 30 kilometro luze eta 5 kilometro zabal den uhartea da, lurrari 3 kilometroko zubi baten bidez lotuta dagoena. 1998ra arte, ez zegoen irlara joateko beste garraio biderik itsasontziak eta ferryak baino. Hori dela eta, uharteko herriek arrantzale herrien izaerari eutsi diote, nahiz eta turismoa urtez urte indar handiagoa hartzen ari den.

Hondartzaz inguratuta dago uhartea.

Oporretarako leku perfektua dela esan liteke: herri ederrak, hondartzak, bizikletan egiteko ibilbideak… Egun batzuk pasatzeko leku ezinhobea. Gure helburua beste bat da ordea… Saint Martin de Ré herrian eguna pasa, eta biharamunean bideari ekin diogu berriz.


Morbihango Golkoko hiri nagusia den Vannesko herrigune harresitua.

Morbihango golkoa

Sené herriko eliza.

Gure bidaiaren bigarren etapan Bretainiara iritsi gara, Morbihango golkoan sartuz. “Mor bihan” bretainieratik datorren izena da, eta itsaso txikia esan nahi du. Bretainiako hegoaldeko kostan sartzen den itsaso edo golko bat da, irlaz eta portuak eta hondartzak dituzten herriz betea; hori dela eta, uda garaian turismo asko mugitzen duen tokia da.

Golko honetako hiri nagusia da Vannes (Gwened). Portua eta harresitutako herrigunea bisitatu daitezke bertan. Hango zalaparta utzi eta lasaitasun pixka baten bila ondoan dagoen Sené herriko kanpin batera etorri gara. Askoz herri lasaiagoa da eta ilunabar ederrak ikusteko aukera izan dugu bertan.


Rochefort-en -Terre

Bretainian barrena, Erdi Aroko filmeetatik ateratako eskenatokiak diruditen hainbat herri ikusi ditugu; horietako bat da Rochefort-en -Terre. Vannesetik 40 bat minutura dago eta pare bat ordutan bisitatu daiteke, hiru kale dituen herri txikia baita. XVI eta XVII. mendeetako hainbat etxe ditu eta kaleek ere, garaiko arkitektura eta itxura mantentzen dute. Erdi Aroko azoka baten bezperan iritsi gara, eta mugimendu handia zegoen. XII. mendeko gazteluaren aztarnak eta berriagoa den palazioa ere bisita daitezke.


Josselin

Bretainiako jaunak ziren Rohango dukeek eraiki zuten gaztelua 1008. urtean; beraien semearen izenarekin bataiatu zuten herria ere: jarri zioten eraikinari: Josselin. Gaztelua, Oust ibaiaren gaineko harkaitz batzuen gainean eraiki zuten. Hainbat aldiz berritu eta handitu dute geroztik. Egun, Rohango dukeen ondorengoak bertan bizi badira ere, gazteluaren lehen solairuko hainbat gela bisitatu daitezke. Herrigunetik bueltaxka bat emateak ere merezi du, Erdi Aroko izaera mantentzen bairu, kale eta etxe koloretsuekin.


Carnac

Bretainiako herri batzuk Erdi Arora eramaten bagaituzte, Carnac (Karnag) herriak historiaurrera eramango gaitu,
Carnaceko errenkada ezagunei esker. Neolitiko garaiko 3.000 iruinarrik (menhir) osatutako multzoa da; bost ilaratan banatuta daude, kilometro luze den lursail batean.

Iruinarrien errenkadak lau gunetan banatuta daude eta Menec eta Kermario dira ugarienak. Interpretazio gune bat dago eta bisita gidatuak eskaintzen dituzte, baina beti dago ibilbidea zeurekasa egiteko aukera, oinez nahiz bizikletan. Carnac herrian ere badago turismo bulego bat. Izan ere, nahiko gune turistikoa da, errenkadak ez ezik, kosta ere oso gertu baitago.


Quiberongo penintsula

Quiberongo kosta basatia.

Carcacetik oso gertu dago Quiberongo penintsula (Kiberen), ia irla bat dela esan liteke, apenas 100 metro zabal den Penthievreko istmoa baita lurrarekin duen lotura bakarra. Penintsula osoa bide zirkular batekin zeharkatu daiteke. Alde batean, Saint Pierre de Quiberón dago, kostako herri dotorea. Kostan zehar, hainbat hondartza, kanpin batzuk eta udako etxe ugari ikusi ditugu. Hala ere, ez dago Carnacen adinako jende pilaketarik.

Penintsularen beste aldeari kosta basatia deitzen diote; harkaitzez eta labarrez betetako paisaia ederra da. Kosta hau zeharkatzen duen oinezko bidea ere badago.


Concarneau

Quiberon atzean utzi eta gero, Bretainiako mendebalderantz abiatu gara, Finisterre deitzen duten eskualdera.

Concarneau (Konk Kerne) da zonalde honetako hiri nagusia; jatorriz arrantzale herria bada ere, gaur egun portutik ez ezik, turismotik ere bizi dira. Portua eta harresitutako herrigunea dira punturik erakargarrienak. Haruntz goazela, Filets Bleus jaialdiarekin egin dugu topo; zeltiar jatorriko hainbat herrialdetako dantzak eta musika saio daude bertan.

Herriaren beste aldean dago Les Sables Blancs hondartza. Eta handik gertu, izen bereko kanpinean gelditu gara.


Locronan

Bidaia honetan ikusi dugun herririk politenetako bat da Locronan (Lokorn). Bere harrizko etxeek eta arbelezko teilatuek Bretainiako jatorrien esentzia guztia gordetzen dute. Plaza da elkargune nagusia, baina merezi du haren inguruko kaleetan galtzeak.

Horrenbeste gustatu ez zaiguna, herri sarrerako parkingean aparkatzearen truke 4 euro eskatzea izan da. Baina tira, hala eta guztiz ere, bisitak merezi izan du.


Crozongo penintsula

Finisterre hiru ertz edo lurmutur handik osatzen dute: Raz punta, Crozongo penintsula eta Saint Mathieu izenekoa. Crozon (Kraozon) penintsula da erdian dagoena,eta gurutze forma berezia du. Esku artean ibili ditugun gidaliburuen arabera, gainera, berau da hiru puntetan ikusgarriena. Gurutze forma hori beste hiru lurmutur txikiagok osatzen dute, eta horietan erdikoa, eta mendebalderuntz dagoena da Penhir lurmuturra.

Camaret sur Mer herritik barrena iritsi gara Penhirrera. Kostaldeko herri txiki eta polita da, portuaren ondoan egonik, gastronomia eskaintza ederra duena. Bertako udal kanpinean gelditu gara, Penhir lurmuturretik oso gertu. Txiki sentiarazten zaituzten leku horietako bat da. Lurmuturraren puntatik, itsas gainean ateratzen den Tas de Pois arroka ilara berezia ikus daiteke; baita hitaz eta labar ikusgarriak ere. Ikuspegia ere benetan ederra da, itsaso zabalaz gain, inguruko beste lurmuturrak ere ikusten baitira bertatik.

Kanpinera bueltan, Atlantikoko Batailaren Memorialean gelditu gara. Bunker baten gainean dago eraikita, eta museo txiki bat ere bisitatu daiteke.


Morlaix

Anne kondesaren etxea.

Finisterre atzean utzi eta Bretainiaren iparraldeko kostarantz abiatu gara, granitozko kosta ezagunera bidean. Aurretik ordea geldialdi bat egin Morlaix (Montroulez) herrian. Bertara iritsi orduko, atentzioa ematen duen aurreneko gauza, 300 metro luze eta granitoz eginda dagoen akueduktoa da, Segoviakoa gogorarazten duena. XIX. mendean eraiki zuten, Brest hiria eta Paris lotzen dituen trenbidea eraikitzeko. Herrigunean, Bretainiako arkitektura klasikoa mantentzen duten hainbat etxe daude; horietako bat, Anne Kondesaren etxea, barrutik bisitatu daiteke. Morlaixetik gertu dago Taureau Gaztelua ere; itsasoan, irla baten gainean eraikitako XVI. mendeko gotorlekua da. Denbora faltagatik, ordea, ezin izan genuen bisitatu.


Plougasnou eta Primel

Eta azkenean, iritsi gara Granito Larrosazko Kostara. Izenak dioen moduan, kostalde hori granitozko arrokaz osatua dago, eta egunez marroi kolorea badute ere, iluntzean larrosa tonua hartzen dute. Arroka horiek ikusteko lekurik onenetako bat Primel lurmuturra da, Plougasnou herrian.

Primel Udal Kanpinean gelditu gara; bidaia honetan ezagutu dugun onenetakoa da, bere kokapenagatik eta jabeek eskainitako tratuagatik. Kanpinetik oinez bisitatu daiteke granitozko arrokez beteta dagoen Primel lurmuturra.

Tontorrean, zaindarien txabola dago, harriz egina. Garai batean, piratak edo tropa britainiarrak ote zetozen ikusi eta abisua pasatzeko erabiltzen zuten tokia.


Ploumanac’h

Kostako bideari segika, Ploumanac’h herrixka ederrerera iritsi gara. Turistikoagoa den   Perros-Guirec hiriaren ondoan dago, eta granito larrosazko kosta ikusteko beste puntu nagusietako bat da. Portuak golko moduko bat osatzen du, eta marearen arabera, erabat hustu edo betetzen da, paisaia erabat aldatuz. Granitozko harkaitzak ikusteko hainbat toki eta ibilbide daude, horietako bat, itsasargiraino doana.


Dinan

Hasiera batean ez genuen gure ibilbidean sartu, baina lagun batzuen gomendioa jarraituz, Saint Malora bidean Dinan ikusteko geldialdi bat egitea pentsatu dugu. Eta egia esanda, merezi du. Oso ondo mantendutako erdi aroko herrigunea du, eta nahiko bisita azkarra izan bada ere, asko gustatu zaigu. Dinango gaztelua eta St Malo eliza gotikoa biaitatu daitezke. Baina onena, gure ustez, kaleko artistez eta artisau dendez betetako kaleetan paseatzea da.


Saint-Malo eta Aleth

Pixkanaka ari gara gure ibilbidearen amaierara iristen, baina etxerako bidea hartu aurretik, sorpresa pare bat gelditzen zaizkigu. Horietako bat izan da Saint Malo, ondoan duen Aleth herrixkarekin batera. Hiri handiago bat espero bagenuen ere, Saint Malok badu xarma berezi bat. Harresitutako herrigune ederra du, eta harresiaz gain, dendaz eta tabernaz betetako kaleak zeharkatu daitezke.

Saint Maloko gune harresitua oso turistikoa da, eta goizeko bisitaren ondoren, eguna lasai pasatzeko toki bat nahi genuen; handik bi kilometrora aurkitu dugu, Aleth herrian. Bertako udal kanpinean gelditu gara; handik harresira 10 minutuko bidea dago bizikletan. Gainera, herria gustatu zaigu, xumea baino ederra eta lasaia baita. Hondartza txiki bat du, paseo eder batekin eta hainbat jatetxerekin. Paseo honen ertzetako batean dago Solidor dorrea, Game of Thrones telesailetik ateratako eskenatoki bat dirudiena.


Mont Saint-Michel

Horrelako bidaia bati merezi duen moduko bukaera emateko, toki berezi bat gorde genuen azken egunerako: Mont Saint-Michel ezaguna. Jatorrian abade-etxe bat zen, baina gerora, haren inguruan herrixka bat eta harresiak sortzen joan ziren. San Migel goiangeruaren omenez eraiki zuten, irla formako harkaitz handi baten gainean. Eraikuntzaren berezitasunari, itsasgoran ingurua urez bete eta irla bihurtzen dela gehitu behar zaio.

Mont Saint-Michel Normadiako punturik turistikoenetakoa da, eta baita Frantzia osoan turista gehien jasotzen dituen guneetako bat ere. Urtero hiru milioi bisitaritik gora jasotzen ditu; horrek esan nahi du, jendez lepo egoten dela beti. Hori dela eta, goiz joatea edo handik gertu lo egitea gomendatzen dugu, bisita ahalik eta goizena egiteko. Parkingak ondo antolatuta daude, eta handik sarreraraino eramaten duten doako autobusak daude. Oinez ere joan daiteke, parkingetik sarrerako harresira erraz egiten den bi kilometroko bidea baitago, bista ederrekin, gainera.

Behin harresien barruan, komertzioz betetako kale estu batetik goraka abiatzen da bidea. Eskailera mordo bat igo eta gero, monumentu gunera iritsi gara; bertan abade-etxea eta kanpandorrea bisitatu daiteke; azken honek, itsas mailatik 170 metroko altueran dagoen San Migelen estatua ikusgarria dauka gainean.

Horrela bukatu da Bretainian barrena egin dugun bi asteko ibilbidea. Leku ederrak ikusi ditugu eta esperientzia bikaina izan da. Dudarik gabe, zuei denoi gomendatzeko modukoa.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude