Leitza eta Goizueta: asteburu pasa furgonetan

Euskal Herriko ingururik euritsu, eta ondorioz, berdeenetako bat ezagutzeko asteburu pasako plana proposatu nahi dizuegu. Leitza eta Goizueta, Nafarroa Iparraldeko Larraun-Leitzaldea eskualdean kokatutako bi herri eder dira; elkarrengandik apenas 20 kilometrora badaude ere, Ezkurrako portuak banatzen ditu, eta bien arteko pikerik egoten bada ere, orokorrean harreman ona dute bi herrien artean.

Tolosaldetik barrena, Berrobi, Elduain eta Berastegi pasata, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga zeharkatzen duen errepide zaharrak erakusten dituen paraje ederretatik iritsi gara Leitzara.

Leitza

Kasik 3.000 biztanle dituen herria da, Leitzaran ibaiaren ondoan kokatua. Herri sarreran hainbat fabrika eta eraikin berri ikusiko ditugu, baino lasai, barrualdean gordetzen du eta zatirik ederrena.

Herriko topagune nagusi, eta kasik sinbolo ere bada Euskal Herria plaza. Bertan kokatuta daude udaletxea eta frontoia, eta baita hainbat eraikin ikusgarri ere. Turismo bulegoa ere, plazaren ertz batean aurkituko duzue. Udaletxearen eraikina 1752. urteko da; plazako eraikinik nabarmenena da, bai haren tamainagatik eta baita duen arkupe zabalagatik ere. XX. mende hasieran zaharberritu eta zabaldu egin zuten eraikina, eta bost arku izatetik bederatzi izatera pasa zen.

Plazaren atzean, San Migel kalean, garai bateko herriko plaza eta udaletxe izandakoak aurki daitezke. Herriko etxerik zaharrenetakoak bertan daude, eta gehienak ikusgarriak dira, berain tamaina eta edertasunagatik, eta baita mendeetan zehar hain ondo mantendu izanagatik ere.

Harrizko etxeak dira, sarrera eta armarri dotoreekin, eta askok egurrezko balkoi dotoreak ere badituzte. Haien kokapenagatik, Leitzako etxeak elkarrekin haserretuta daudela esaten omen da, inork ez baitio besteari aurpegirik ematen.

Plazaren gainkaldean, Aieneko garbilekua dago; 1863. urtean eraiki zuten eta dotore mantentzen da oraindik ere. Handik gora jarraituta, hainbat etxe dotoreren artetik pasata, San Migel elizara iritsiko gara. XVII. mendean eraiki zuten, muino baten gainean, nahiz eta egun dituen arkuak eta kanpandorrea XIX. mendekoak diren.

Herrigunean ez ezik, inguruko auzo eta mendietan ere badu Leitzak zer ikusia. Leitzalarreako basoak, Plazaolako bide berdea, Santa Kruz baseliza edota Irusoko megalitoak dira horietako batzuk.

Peruharri museoa

‘Harri eta herri’ esamoldeak ederki laburbiltzen du Peruharri museoaren izaera. Izan ere, harriari eskainitako baserri-museo honek, asko du herritik ere, harri-jasotzetik abiatuta, euskal kulturaren eta izaeraren ezaugarri ugari biltzen baititu. Iñaki Perurena harrijasotzaile ezagunaren proiektua da, eta lekuagatik ez ezik, merezi du bere azalpenengatik ere joateak.

Perurenak txikitatik bizi baitu harria, eta harriak bizi du Perurena. Berak jasotako harriak, harriz egindako tresnak, herri kirolen inguruko erakusketa, historia… denak nahasten dira bertan. Bisita osatzeko, inguruan prestatu dituen ibilbidetxoak egin daitezke, bat euskal mitologiari eskainitakoa, eta bestea inguruko faunarena. Baserriaren pareko belazean, harrian landutako hainbat eskultura ere ikus daitezke. Ah! eta ausartzen zaretenok, harria jasotzen proba egiteko aukera ere izango duzue!!!

Iruso jatetxea

Eta Perurena batetik, beste Perurena batera. Izan ere, museotik, Xabier Perurenak (Iñakiren semeak) daraman Iruso jatetxera joan gara. Leitzaren beste aldean dago, Erreka auzotik gora joanda. Asteburuko menu ederra atera digute, talo, entsalada, bakailo tortilla eta guzti. Eta nola ez, familiako harategiko txuleta ederra!! Benetan merezi duen jatetxea da.

Leitzan non lo egin

Leitzak ez du espreski autokarabanentzat edo furgonetentzat prestatutako aparkalekurik, baina zentzu pixka batekin jokatuz gero, bila daitezke gaua pasatzeko leku lasaiak. Plazaolako bide berdearen geltokia da horietako bat; haren inguruan, beti egon ohi dira AK edo furgonetak. Herrigunetik gertuago gelditu nahi izanez gero, Elgoien kaletik erreka aldera gerturatu, eta handik industrialdera bitartean, hainbat toki aurkituko dituzue. Eskolako aparkalekuan ere uzten dute, okasio berezietan.

Leitzan bi egun eder pasa eta gero, Goizuetarako bidea hartu dugu. Bi herriak banatzen dituen portuan gora abiatu gara; Arkiskilera iritsitakoan, bi aukera daude, ezkerretik Goizueta aldera, eta eskuinetik Ezkurra eta Malerreka aldera. Goizuetarako bidea nahiko bihurria da, baina eguraldi onarekin, bideaz gozatzeko aukera emango digu.

Iberoko erdi aroko multzoa

Portuan behera, Goizuetara iristeko gutxi falta dela, Iberoko erdi aroko eraikin multzoa ikusiko dugu; Goizuetatik hain gertu egonagatik, Leitzako lurrak dira oraindik. XIV. mendeko dorrea, baserria eta burdinola zeuden bertan; dorrea berritu egin badute ere, burdinolaren aztarnak besterik ez dira gelditzen. Harrizko zubia ere zaharberrituta dago, eta merezi du ingurua ikusteko geldialdi bat egiteak. Izan ere, Nafarroa osoan kontserbatzen den garai horretako ondare industrial bakarra da.

Goizueta

Urumea zeharkatzen duen zubi handi bat du Goizuetak, Zubi zaharra deritzona, eta zubi hark ematen dio herriari izena: “goi-zubi-eta” hitzen elkartzetik baitator. Izan ere, Urumea ibaiaren ondoan eta Euskal Herriko haranik euritsuenean kokatutako herria da Goizueta. 750 bat biztanle ditu, eta azken hamarkadetan biztanleria dezente jaitsi bada ere, oraindik eusten dio bere izaera biziari.

Herrigunean buelta bat ematea nahikoa da bere kale eta etxeen edertasunaz jabetzeko. Goizuetak hainbat sute bizi izan ditu historian zehar, eta herria berreraiki behar izan dute behin baino gehiagotan; baina hala ere, ondare arkitektoniko esanguratsua mantentzen dute. Egurrezko egitura duten etxe ugari daude oraindik, XVI. eta XVIII. mendeen artekoak.

Zubiaren aldamenean, elizaren parean, garai bateko garbilekua ere aurkituko dugu. Atentzioa ematen du, normalean ez bezala, etxe baten beheko solairuan kokatuta baitago. Berrituta eta oso ondo kontserbatuta dago, gainera.

Eguna bukatzeko, bokata edo plater konbinatu bat afaldu nahi baduzue, Oxeguarda ostatuan edo Zubiondo tabernan duzue horretarako aukera.

Goizuetaren ingurua ezagutzen jarraitu nahi baduzue, Artikutzako parke naturala edo Aranoko bidean dagoen gune megalitikoa bisitatu daitezke.

Herriko festa nagusiak abuztuan ospatzen badituzte ere, urtean zehar hainbat ekitaldi daude, Goizueta ezagutzeko aitzakia ematen dutenak.
Inauteria eta Zahagi Dantza, Karmen bezpera, eta azaroan egiten den Feria Eguna ere ospatzen dituzte, besteak beste.

Goizuetan non lo egin

Leitzak bezala, Goizuetak ere ez du autokarabana edo furgonetentzako prestatutako lekurik. Horrelakoetan egiten dugun moduan, udaletxekoekin jarri ginen harremanetan, eta furgonetaz etorri eta bertan gaua pasatzeko inolako arazorik ez zegoela esan ziguten. Kontrakoa, oso ondo hartu gintuzten! Eskolaren inguruan hainbat aparkaleku daude, eta toki lasaia da. Ondoan, gasolindegi txiki bat ere badago.

Kanpinaren erosotasuna nahiago dutenek, berriz, Iskibi kanpina dute herritik 3 kilometrora; taberna eta udan bainua hartzeko putzu naturala dute, Urumea ibaian.

Nafarroaren iparraldea ezagutzen jarraitu nahi bauduzue, Malerreka eta Baztan, Bortziriak, edo Lekunberri eta Larraungo bailara inguruak bisitatu ditzakezue.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude