Bizkaiko kosta: Ondarroa, Lekeitio eta Elantxobe

Euskal Herriko herri, paraje eta hondartzarik dotoreenetako batzuk biltzen ditu Bizkaiko kostak. Arroka eta harkaitz artean, arrantzale herri biziak daude, azken urteetan asko hazi badira ere, nortasunari eusten diotenak. Bizkaiko kostako eskualdeetako batean, Lea-Artibain murgilduko gara. Zatozte gurekin, merezi du eta!

Urdaibaiko arroak bitan zatitzen du Bizkaiko kosta, eta haren ekialdean dago Lea-Artibai. Gipuzkoatik barrena Mutrikutik sartuta, Ondarroa da aurreneko herria. Haren ondoren datoz Lekeito, Ea, Elantxobe eta Ibarrangelu. Furgonetarekin ibiltzeko toki egokia da, AC guneez eta kanpinez gain, denboraldiz kanpo hainbat tokitan lo egiteko aukera ere badago eta.


Ondarroa

Arrantzaren inguruan sortu eta hazitako herria da Ondarroa. Benetako arrantzale portua, inguruetan ontzi eta joan-etorri handiena duena, eta arrantzari ekonomia jardun bezala eusten dion azkeneko herrietako bat. Eskualdeko herririk haziena ere bada (8.600 biztanle ditu). Herriak ere nabaritu du hazkunde hori, baina oraindik eusten dio bere jatorri eta nortasunari.

Artibai errekaren ondoan kokatzen da Ondarroa. Portuan, arrantzatik bueltan zetozen itsas ontziez inguratuta, kofradian (Kofraxako taberni) gelditu eta bertako antxoa ederrak probatu ditugu, txakolin banarekin.

Handik abiatuta, ibaiaren ertzetik zeharkatu daiteke herriaren alde zaharra. Tabernaz beteta dagoen kalea da, eta asteburuetan giro ederra egoten da, herritar nahiz bisitari gehienak bertan biltzen baitira. Goiko kaleak, maldan eraikiak daude, eta etxe berriagoak dituzte.


Lekeitio

Kostako bideari segiz, Ondarroatik oso gertu dago Lekeitio (7.100 biztanle). Hark ere eusten dio arrantzari, baina egun, turismoa da herriaren jarduera ekonomiko nagusia. Otoio eta Lumentza mendien artean kokatua dago eta Lea ibaiak zeharkatzen du. Herri dotorea eta bizia da aldi berean, eguraldi ona dagoen asteburuetan eta udan, jendetza biltzen da bertan.

Portu aldea ederra da benetan, eta merezi du bertatik moilaraino buelta bat emateak. Eguraldiak laguntzen duen asteburuetan, jende asko biltzen da bertan, eta zaila egin daiteke aparkatzea. Portuko kalearen bukaeran, plaza handi bat dago, eta bertan daude udaletxea eta Andre Mariaren Jasokunde Eliza, estilo gotikoa eta erromanikoa nahasten dituen basilika zinez berezia. Haren ondoan dago Isuntza hondartza ere.

Lekeitioren beste berezitasunetako bat, Isuntza hondartzaren parean dagoen Garraitz edo San Nikolas uhartea da. Marea jaisten denean, oinez joan daiteke irlaraino, itsasgoran ordea, urak erabat estaltzen du bidea. Harkaitzez betetako arroka da, eta garai batean, ospitalea eta monastegi bat izan bazituen ere, gaur egun kaioak dira bertako biztanle nagusiak.

Herrigunetik pare bat kilometrora dago Santa Katalina itsasargia. 1862an eraiki zuten eta 46 metroko garaiera du. Gaur egun nabigazio-teknologien interpretazio zentroa dago bertan, eta faroa bera eta itsasertzeko interpretazio zentroa ere bisitatu daitezke.

Itsasargia bera ikusteaz gain, merezi du inguruko ikuspegiaz gozatzeko joateak. Herritik oinez ere joan daiteke; orduerdi inguruko bidea dago.


Lekeition non lo egin

Lekeitiok AC gunea du 2011tik. Herritik kanpoaldera dago, Arropain auzoan, baina herrira oinez joateko moduan. Parking normal bat badirudi ere, ACentzako zerbitzu guztiak ditu (ura, ur zikinak…), eta baita merendaleku bat ere.

Karraspioko hondartza, Mendexan badago ere, Lekeitiori itsatsita dago.

Hondartza ondoan lo egitea nahiago baduzue, Lekeitioren ondo-ondoan dagoen Karraspio hondartza (Mendexa) leku bikaina da. Udako denboraldian langa moduko bat jartzen dute, 2 metrotik gorako ibilgailuak ez sartzeko; guk ordea, apirilean ez genuen bertan lo egiteko arazorik izan. Txiringitoa eta taberna, merendalekua, iturria eta komun publikoak (giltzak txiringitoan eskatu) daude.


Ea

Kostako herrien zerrendan apuntatuta ez bagenuen ere, Elantxobera bidean goazela Ea herrian gelditzea erabaki dugu. Herri txikia da (850 biztanle) eta kostako herri gehienak bezala, arrantzaren inguruan sortutako herria da.

Herrigunean, errekaren ertzetik paseo bat eman eta bertako etxe eta zubiak ikusi ditugu; horietan zaharrena, erromatar garaikoa da. Itsasertzeko herrixken itxura guztia du, kale estu eta luzeekin.

Kale horiek bukaeraraino jarraituz, hondartza txiki eta lasai batera iritsiko gara. Portua ere badu, nahiz eta egun txalupa txiki batzuk baino ez diren ikusten.


Elantxobe

Bizkaiko kostak duen herririk berezienetako bat da Elantxobe (372 biztanle). Itsas mailatik hasita, 150 metroko altuerara dagoen malkar batera arte, bata bestearen gainean bezala eraikita daude etxe luze eta koloretsuak. Kaleak ere, estuak eta aldapatsuak dira.

Bere izateko arrazoi nagusia portua eta arrantza dira. Hain zuzen ere, portutik ikusten da hobekien herriaren egitura berezia. Herriaren goikaldean, San Nikolas eliza dago, eta baita begiraleku eder bat ere, autoentzako parkingaren ondoan.

Arrain ona jateko hainbat jatetxe ere badaude herrigunean, baina lehendabizi, portuko tabernetan zerbait hartzea gomendatuko genuke.


Ibarrangelu

Elantxobetik gertu, kosta eta barnealdea uztartzen dituen herri hau dago: Ibarrangelu (642 biztanle). Izan ere, herriguneak barnealdeko herri bat dirudien arren, hainbat auzo eta kostalde zabala ditu, eta bere lurretan daude Laga eta Laida hondartzak.

Gune babestua eta nahiko basatia da Laga hondartzakoa. 542 metroko zabalera du, eta Ogoñoko lurmuturraren harkaitz ikusgarrien magalean dago kokatuta. Udaran jendetza biltzen da bertan, eta surf zaleen bilgune ere bada, baina gu izan garen egunetan, nahikoa lasai zegoen.

Laida aldiz, hondartza bare eta lasaiagoa da. Dunaz osatuta dago eta 812 metroko zabalera du, baina ez du zerikusirik itsasgoran edo marea jaisten denean. Izan ere, itsasbeheran parean dagoen Mundakaraino oinez irits zaitezkeela dirudi, hareatzak hartzen duen zabaleragatik. Itsasgoran berriz, ia desagertu egiten da.

Ibarrangelun genbiltzala, sekulako euri zaparrada batek arrapatu gintuen. Eguraldiak ez zuen hobera egiteko itsurarik, eta atertzen ez zuela ikusita, Laidako hondartzaren ondoan dagoen Arketa kanpinera joan ginen. Kanpin txikia da baina behar genuen guztia du. Gainera, sarreran dagoen erretegian primerako oilasko errea jartzen dute!

Inguruan zer ikusi

Ibarrangelutik gertu, Gernikara bidean, Gautegiz-Arteagako gaztelua -egun hotel bihurtua- dago. Kortezubin berriz, Santimamiñeko koba eta Omako baso margotua daude. Astua izanez gero, merezi du bertara bisita egiteak. Jatetxe baten aparkalekutik gertu dago kobetarako sarrera. Omara berriz, 3 bat kilometroko ibilbide erraza dago.

Hau izan da Lea-Artibai eta Urdaibai artean egin dugun hiru eguneko bidaia. Oraindik Bizkaiko kostaren zati handi bat gelditzen zaigu ezagutzeko, baina itzuliko gara!

You may also like...

1 Response

  1. 2017-10-27

    […] ditu eta asteburu bat motz gelditzen da dena behar bezala ezagutzeko. Aurreko bidai batean Ondarroa, Lekeitio eta Elantxobe ezagutu genituen, eta oraingoan, Urdaibai ibaiaz harago jo dugu, Mundaka, Bermeo eta Bakio […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude