Donibane Garazi
Pirinioen magalean eta Errobi ibaiaren ondoan aurkitzen da Donibane Garazi. Bere historia aberatsa Nafarroako erreinuari eta Santiago Bideari lotuta egon izan da. Gotorleku eta pasabide izateak izaera berezia eman die bai garaztarrei eta baita bertako kaleei ere. Baxe Nafarroako hiriburua bada ere, 1.500 biztanle inguru ditu. Hala ere, kale bizi eta alaiz osatutako herria da, eta nola ez, bisita on bat merezi duena.
Donibane Garazi XII. mendean sortu zen, artean Nafar Erresumaren altzoan. Orreagara zijoan erromatar galtzarekin lotu eta Santiago Bideko puntu garrantzitsu bihurtu zuen, Europatik zetozen ibiltari gehienak bertatik pasatzen baitziren, Iruñeara bidean. Hiriaren sorrera garaikoa da Santa Eulalia eliza, eta herriaren gainkaldean dagoen gaztelu zaharra ere garai berekoa izan liteke.
XIII. mendean Antso Azkarra erregeak gotorleku izaera eman zion. XV. mendeaz geroztik, hainbat guda, konkista eta gatazkaren lekuko izan dira bere hormak. Garai haien ondorengo moduan, Mendigurengo zitadela edo herrigune historikoa inguratzen duten harresiak bisitatu daitezke gaur egun.
Kaleak
Erdi aroko herrien ohiko egitura mantentzen du Donibane Garaziko herrigune historikoak. Malda baten gainean dagoenez, aldapan eraikita daude bere kaleak. Etxeek ere garai bateko arkitektura mantentzen dute, txuri, gorri eta berde koloreez jantzita, eta atarian, harrian idatzita, etxea egin zutenen izenak dituztela. Turismo eta komertzio handiko herria da Donibane Garazi, eta batez ere uda garaian, jende multzoak elkartzen dira herrigunean.
Kale nagusia bizia da, dendaz eta ostatuz betea. Santiago bideko erreferentzia ugari bilatu daitezke bertan, ibiltarientzako denda eta ostatu asko baitaude. Europatik Santiagora doazen biderik gehienak bertan elkartzen dira, Nafarroa aldera hartu aurretik. Horregatik, toki estrategikoa izan da historian zehar.
Herrigunera sartzeko, harresiak dituen bost portaleetako bat igaro beharko dugu. Ikusgarriena, Saint Jean atea da; Eiheraberri zubi erromatarra igarota, elizaren dorrearen azpian kokatuta dago atea, gaztelu baten sarrera bailitzan. UNESCOk gizateriaren ondare izendatu 1998an. Sarrera horren ondoan dago eliza ere. Handik, maldan gora jarrai daiteke kale nagusitik Saint Jakes ateraino. Han bilatuko dugu zitadelara daraman bidea.
Zitadela eta harresiak
Herri harresitua izanik, Donibane Garaziko harresiek merezi dute bisita bat. Herrigune harresituak dituen bost sarreretako batetik igo daiteke harresira, eta ia itzuli osoa eman dakioke herriguneari.
Kalean gora eginda, zitadelako sarrerara iritsiko gara. Aldapa pixka bat igo behar da, baina bertan aurkituko dugunak merezi du. Izan ere, Donibane Garaziko ikuspegirik ederrenaz gozatu daiteke bertatik. Porte du Roy atea zeharkatuz iritsiko gara zitadelaren atariko balkoira. Gaztelua zen lekuan, ikastetxe bat dago egun, eta zitadelarako sarrera itxita dago bisitarientzat.
Mendiguren zitadela 1628. urtean eraiki zuten, urte batzuk lehenago Gaztelako tropek eraitsi zuten erdi aroko gazteluaren gainean. Espainiaren eta Frantziaren arteko gerran leku estrategikoa izan zen, Donostiatik gertu zegoelako eta Iruñearako sarbidea zelako. Gerra garaiak pasata, XVIII. mendetik aurrera militarren koartela izan zen, harik eta 1920an zitadela utzi zuten arte. 60ko hamarkadan ikastetxe bihurtu zuten, monumentu historiko izendatuta dago.
Kultura
Kultura aldetik ere herri bizia da Donibane Garazi, inguruko herri txikietako biztanle askoren bilgune ere badelako. Festa nagusiak abuztuan egiten dituzte, eta ohikoa da garai horretan dantza eta kantu saioak edota herri kirol eta pilota partidak ikustea.
Urtean zehar ordea, badira ekitaldi gehiago ere. Aurten esaterako, Nafarroako Dantzari Eguna hartu du Garazik, maiatzean egin zen festan. Garaztarrak dantza taldea eta Garazi Kantuz ekimena dira euskal kulturaren erakusgarrietako batzuk. Urtarrila eta otsaila artean, Libertimendua (irudian) ospatzen dute; inauteri festa bat da, eta herritar ugarik parte hartzen dute, desfile koloretsua eta antzerki satirikoa eginez. Garaziko gaztetxeak ere kontzertuak eta bestelako ekintza ugari antolatzen ditu urtean zehar.
Non lo egin
Lo egiteko aukera onak eskaintzen ditu Donibane Garazik. Batetik, herri sarreran frontoi aldera hartuta, Plaza Berri Udal kanpina dago. Merkea da (abuztuan 15 eurotik behera) eta zerbitzu guztiak ditu. Herrigunetik oso gertu dago, eta oinez abiatuta apenas bi minutuan iritsiko gara kale nagusira.
Donibane Garazik badu AC gunea ere. Herriaren beste aldean dago, kiroldegiaren eta errugbi zelaiaren ondoan. 7 euro ordaindu behar da, baina trukean WCa hustu, ura bete eta argindarra ere har daiteke. Herrigunetik gertu dago hau ere, oinez joanda, 5 bat minutura.
Azken iruzkinak: