Añanako gatzaga eta Gaubea harana

Aitortu beharrean gaude, Euskal Herriko mendebaldea nahiko ezezaguna da guretzat, eta ezagutzeko genuen lekuetako bat, Gaueako koadrilla zen, Araban. Horri erremedioa jarri nahian, asteburu pasako irteera bat egin dugu bertara, eta merezi izan du! Añanako gatzaren harana, Baronatarren dorretxea, Angostoko santutegia, eta Eremiten kobazuloak ezagutu ditugu, besteak beste.

Euskal Herriko beste hainbat zonalde bezala, garapen industrialetik eta komertzio bide nagusietatik kanpo gelditu izanak, aparte eta ahazte bidean utzi duen lurraldea da Gaubeakoa. Baina ez da beti horrela izan; garai batean Arabako eta Euskal Herriko gune ekonomiko, komertzial eta erlijioso garrantzitsua izan baitzen. Hala erakusten du utzi duen historia eta ondare aberatsak. Eta garapen horretatik aparte gelditu izanak, bere natur guneen aberastasuna mantentzen ere lagundu dio.

Gure ibilbidea

Gipuzkoatik abiatu eta Araba osoa zeharkatu ondoren, Añanan egin dugu aurreneko geldialdia. Handik, Gaubeako koadrillako hainbat herri ezagutu ditugu: Espejo, Vilanañe, bailaran dagoen baina Burgosko herria den Valpuesta, edota Eremiten kobazuloen ibilbidea osatzen duten Pinedo, Corro eta Tobillas herrixkak.


Añanako gatzaren harana

Euskal Herriko paisaiarik bitxienetako bat eskaintzen duen herria da Añana. Neolitiko garaitik, gatza ekoitzi izan da bertan, modu naturalean, eta horrek, erabat aldatu zituen herriaren paisaia eta garapena. Aktibitate horren ondorioz, hiri titulua jaso zuen Arabako lehendabiziko herria izan zen, 1.140. urtean. Egun, ondare kultural eta monumentu historiko izendapenak ditu.

Añanaren eta gatzaren arteko loturak milaka urte dituela esan daiteke. Neolitiko garaian konturatu ziren bertako iturburuek zituzten propietateez, eta gatza egiteko erabiltzen hasi ziren. Benetako iraultza, ordea, erromatarrek ekarri zuten, egun oraindik erabiltzen den kanalizazio, putzu eta larrainen sistema eurek asmatu baitzuten.

Añanako iturburu gaziak hiru ubide nagusitatik bideratzen dituzte, 800 bat putzutara. Handik, larrainak deitzen diren baineretara bideratzen dute ura; guztira, 5.500 larrain daude Añanan. Balkoi horietan, eguzkiaren energiak egiten du lan guztia, ura berotu ahala gatza azaleratzen baita.

Egurrezko pasabideetatik barrena egiten da bisita, beste mundu batekoa dirudien paisaian barneratuz. Larrainetako kolore zuria, uraren errainuak, egur zaharra, harria eta erdoil kolorea nahasten dira bertan. Bisitaren bukaeran, gatzuretan hankak bustitzeko aukera ematen dute. Eta dendan, bertan ekoitzitako gatza eros daiteke. Gatz ezkatak (munduko jatetxerik onenetan erabiltzen dituztenak), iturburko gatza eta gatzarekin egindako beste hainbat produktu eskaintzen dituzte.

Añanan non lo egin

Añanako gatzaren harana ere ari da pixkanaka furgonetan eta autokarabanen turismorako prestatzen. Duela gutxira arte aukerarik ez bazegoen ere, Añanan bertan aparkaleku eder bat egokitu dute, eta leku ona eta lasaia da bertan gaua pasatzeko. Plaza zabalak ditu, eta ondoan baita merendaleku bat ere. Herrigunetik gertu dago, eta gatzagaren sarreratik bost bat minutura oinez. Hori bai, urak husteko zerbitzurik ez dauka momentuz.


Baronatarren dorretxea

Asko gustatzen zaizkigu gazteluak, eta ezin genuen bailarako dotoreena den Baronatarren dorretxea ikusteko aukera galdu. Dorre ikusgarria du, eta baita haren inguruan eraikitako palazioa ere. Kanpotik nahiz barrutik berrituta dago, eta doan bisitatu daiteke.

Gatzaren komertzioak merkatal bide garrantzitsu bihurtu zuten Gaubea bailara, eta hura zaintzeko puntu garrantzitsua izan zen Baronatarren dorrea. Bere jatorria ezagutzeko, mendeetan atzera egin behar da. Erromatarrek ere gune hau erabili zutela uste da, nahiz eta bisigodoak izan ziren, VII. mendean, defentsarako lehen dorrea eraiki zutenak.

Egungo eraikina fase ezberdinetan eraikitakoa da. Dorrea XII. eta XIV. mendeen artean eraiki zuten, lehenagoko dorre baten gainean. Lau solairu ditu; lehena, sarrera eta ikuilu moduan erabiltzen zen; bigarrena gonbidatuak hartzeko zen, bazkariak eta bilerak egiteko; hirugarrena zen familiaren bizitokia, eta azkenekoan, soldaduak egoten ziren, zaintza lanetan. Bailararen ikuspegi zabala izateaz gainera, defentsa lanak ere egiten zituen azken solairu honek, geziak jaurtitzeko eta, erasoen kasuan, defentsarako almenak eta matakana ere bazituen.

Palazioa geroago eraiki zuten, dorreak defentsarako bai, baina bizitzeko ez baitzuen erosotasun handirik eskaintzen. Gerra garaia pasa zenean, dorrearen bueltan eraikin handiago bat egiten hasi ziren, harresiz eta hau inguratzen duen fosa edo putzu batekin batestuta. Palazioaren barruan, XVII. eta XVIII. mendeetako paper margotu ederrak ikus daitezke, baita garaiko altzari ugari ere. Baronatarren ondorengoen jabetzakoa da palazioa, eta ezin da barnealdearen argazkirik egin.

Legenda bat ere bada jauregiaren izenaren inguruan. XI. mendean, Gaztelako eta Aragoiko erreinuen arteko gudan, Perez familiarena zen dorrea. Bi anai eta arreba bat ziren, eta azken honek, Maria Perez izenekoak, gudu horretan parte hartu nahi zuen, nahiz eta garai hartan, gizonezkoak bakarrik joaten ziren gerrara. Hala, gizonezkoen armadura jantzi eta aurpegia estalita, Aragoiko erregearen kontra borroka egitera iritsi zen, baita hura mendean hartu ere. Mariak aurpegia erakutsi zionean, Aragoiko erregeak honakoa esan omen zion: “Gizon indartsu bat bezala jokatu duzu eta ez emakume ahul baten moduan. Hemendik aurrera Barona deituko zara, eta baita zure ondorengoak ere, eta balentria honen oroimemez, Aragoiko armak erabiliko dituzu“. Hortik omen dator Barona deitura.


Angostoko Santutegia

Baronatarren dorretxea Vilanañe herriaren hegoaldean gelditzen bada, iparraldera eginda Angostoko Santutegia aurkituko dugu. Legendak dioenez, artzain batek ama birjinaren irudia aurkitu zuen bertan, 1098. urtean, eta hari eskainitako tenplua eraiki zuten. Gerora, ospitalea eta eliza handiago bat eraiki zituzten bertan, eta XIX. mendean, pasionistek konbentua kokatu zuten han.

Elizari hainbat berrikuntza lan egin dizkiote geroztik. Barrualdean, erretaula errenazentista du, ama birjinaren irudiarekin. Elizaren inguruan, fraideen konbentua eta legendaren arabera, artzainak ama birjina aurkitu zuen kobazuloa daude. Vilanañeko herrigunetik kilometro batera dago, eta jende asko egun pasa joaten da, taberna eta merendalekua ere baditu eta.

Vilanañen non lo egin

Santutegiko aparkalekua leku ona izan daiteke gaua pasatzeko, toki lasaia baita eta merendalekua ere badauka ondoan. Guk, ordea, Vilanañe herrian bertan dagoen Angosto kanpina aukeratu dugu; furgonetaren urak aldatu eta arratsaldea lasai pasatzeko aprobetxatu dugu. Kanpina oso ondo dago, belardun plazak, igerilekua, denda eta taberna ditu, terraza ederrarekin; otorduetarako ere eskaintza bikaina dute bertan.


Valpuesta

Gaubeako haranean kokatuta badago ere, ofizialki Burgosko (Gaztela Leon) herria da Valpuesta. Errepidetik bertara gerturatu ahala, urrundik ikusten da Santa Mariaren kolegiata, eraikin ikusgarria horren herri txikia izateko. Izan ere, garrantzia handiko tenplua izan da historikoki Valpuestakoa.

Eliza gotiko bat kokatu zen bertan IX. mendean, eta haren tokian, berrehun urte geroago, eraikin erromaniko bat eraiki zuten. Monastegi garrantzitsu bat kokatu zen bertan. Egungo eraikin gotikoa, ordea, geroagokoa da, XIV. mendean hasi baitziren eraikitzen. Asturiar erreinuaren gotzaintzakoa izan ziren bertako eliza eta monastegia, eta gazteleraz idatzitako lehen testutzat hartu izan direnak, bertan aurkitu zituzten, kartularioak izeneko dokumentuetan. Jasotzen diren agirik zaharrenak IX. mendekoak dira, erromantze hispaniarrean idatziak.

Barrualdean, XVI. mendeko erretaula du, eta bidrierak duela gutxi berritu dituzte. Egun kanpotik bakarrik ikus daiteke eliza, eta urtean bizpahiru aldiz zabaltzen dute herritarrek, bisitariek ikus dezaten.

Herriak berak ere, txikia izan arren, merezi du aipamenik, monumentu multzo izendatuta baitago. Velascotarren dorrea (XIV. mendekoa) eta Don Zaldibar inkisidorearen palazioa daude bertan, besteak beste.

Elizaren ondoan, XIV. mendeko etxe dotore bat dago. Bertan dago kokatuta Los Canónigos jatetxea; bertan jateko gomendatu ziguten, baina tokirik ez zegoenez, beste baterako utzi dugu. Han bazkaltzeko asmoa baduzue, tokia aurrez hartzea komeni da.


Eremiten kobazuloak

Erdi Aroan, erlijio korronte ofizialetatik atera eta mugimendu propioak sortu zituzten aszetak ugariak izan ziren penintsula iberiarrean, eta Araban ere utzi zuten arrastorik. Aszeta horiei, eremitak edo eremitarioak ere deitzen zaie. Eliza ofizialaren handikeriatik ihesi, bizimodu soil eta sinple baten aldeko apustua egiten zuten, askotan, baztertutako lekuetara eta bakardadean bizitzera joanez.

Eremita horietako batzuk, kobazulo artifizialak egin zituzten. Harri biguna zuten lekuak, zibilizaziotik aldenduak bilatzen zituzten. Hasieran bizileku soilak zirenak, tenplu edo baseliza bihurtu ziren zenbait kasutan. Gaubeako haranean 16 kobazulo artifizial (Araban 100dik gora omen daude) aurkitu dituzte guztira. Horietatik hiru, elkarrengandik gertu daude, eta ibilbide bat osatzen dute: Pinedo, Corro eta Tobillas herrietan daude kokatuta. Hirurak ere herri txikiak dira oso, eta ez dira 30 biztanlera ere iristen. Azterketa arkeologikoen arabera, VII. mendekoak izan daitezke.

Pinedo

Pinedon egin dugu aurreneko geldialdia. Herri sarreran aparkaleku txiki bat du, iturri baten ondoan, eta bertan bazkaldu dugu. Herritar batzuei galdetuta, erraz bilatu dugu kobazulora daraman bidea. Oinez joan behar da, baina kilometro eskaseko bidean dago.

Kobazuloa benetan bitxia da; harkaitzean zulatuta dago, bi solairu eta hainbat gela ditu, eta baita argia sartzeko luzero moduko bat ere. Aldamen batean, hainbat hilobi daude.

Corro

Corroren kasuan, herrira iritsi baino lehen, errepidearen ondoan dagoen atsedenleku batean utzi dugu furgoneta (gogoratu hiruen arteko bidea oinez ere egin daitekeela). Handik 600 bat metrora daude kobak. Bi aurkitu ditugu, bina gelakoak, ate eta leihoekin. Horietako batean, hilobiak ere badaude. Kanpotik ikusita, etxe itxura handiagoa dute Pinedokoak baino.

Tobillas

Bisitatu ditugun hiru kobetan txikiena eta ezkutukoena Tobillas herrian dago. Herrian bertan utzi dugu furgoneta, eta mendirantz doan pista hartuta, 300 bat metrora, seinale bati jarraituz iritsiko gara kobazulora. Honek ere bi gela ditu, alkarrengandik bananduta, eta bertan ere ikus daitezke hilobiak.


San Roman eliza

Tobillas herrira bueltan, badago bisita bat merezi duen beste eraikin bat, San Roman eliza. Arabako elizarik zaharrena da, jatorria IX. mendean duena. Izan ere, ordukoak dira eraikinaren zimenduak, nahiz eta X. mendean berreraiki zuten. Eraikuntza erromaniko hartatik sarrera eta frisoak mantentzen dira. Sabaia hondatu egin zitzaion, ordea, eta gerora berritu izan da, berezko hainbat ezaugarri galduz.

Azken berritze lanak duela gutxi egin ditu Arabako Foru Aldundiak. Eliza horri buruzko lehen aipamenak 822koak dira, eta bertan erreforma batzuek egiteko beharra aipatzen da; eraikina zaharragoa eta prerromanikoa dela ondorioztatu daiteke, beraz.


Valderejoko natur parkea

Gaubea haranean sakonduz, eta Burgosko mugan, Lerón, Recuenco eta Vallegrul mendien babesean aurkitzen da Valderejoko natur parkea. Kare harrizko mendilerroaren azpian, biodibertsita aberatseko naturgunea aurkitzen da, artadi, pagadi eta amezti baso zabalekin.

Lalastra herrian dago Valderejoko parketxea, eta bertatik, bederatzi ibilbide abiatzen dira. Horietan ezagunena, Puron errekaren ibilbidea da, haitzarte ikusgarrietatik pasatzen dena. Ibilbideen inguruko informazio gehiago, parketxearen webgunean aurkituko duzue.

Denbora faltagatik apenas ikusteko aukerarik izan bagenuen ere, itzuliko gara inguru natural honetara, hainbat ibilbide eta paraje eder eskaintzen baititu.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude