Andaluzia (3): Cadiz ezagutuz

Hirutik hiru. Badira hiru urte dira Aste Santuan furgoneta hartu eta Andaluziara joan garenak. 2016an, Sevilla eta Kordoba bisitatu genituen; 2017an, Granada eta Cabo de Gata, eta 2018an, Andaluziako trilogia osatu dugu, Cadizeko probintzia sakonago ezagutuz.

Gure ibilbidea

Aste Santuko zortzi egunak biok jai genuela aprobetxatuz, probintzia osoan zehar egiteko ibilbide bat prestatu genuen, nahiz eta bidean zehar aldatuz joan ginen. Azkenean, 2.400 kilometroko bidaia izan da, eta hiri, hondartza eta herri zuriak bisitatu ditugu, besteak beste.


Jerez de la Frontera

Jerez historia, artea eta kultura da. Flamenkoaren sorlekua dela diote, baina are ezagunagoa da jatorri-deitura zaharrenetako bati izena emateagatik: Jerezeko Ardoari. Baina, batez ere, hiri bizia iruditu zaigu Jerez, kale giro bikaina duena.

Goizak alde zaharra bisitatzeko aprobetxatzen ditugu, Aste Santuan katedralak, museoak edo gazteluak arratsaldez itxita egon daitezkeelako.

Nahitaezko lehen bisita Alcazar monumentu-multzoa da. XII. mendean eraikitako eremu harresitua da. Bere barnean, hiriko atea, meskita eta arabiar bainuak, olio errota, jauregiko lorategiak eta XV. mendeko omenaldiaren dorrea bisita daitezke.

Alde zaharretik irten gabe, zenbait jauregi ere ikus daitezke, Campo Real, Virrey Laserna, Domecq jauregia edo Abranteseko dukeen jauregia, besteak beste.

Jerezek hainbat eliza eta eraikin erlijioso ditu, baina guztien artean San Salbador katedrala nabarmentzen da. Gaur egungo eraikina XVIII. mendean eraiki zen, beste eraikin zaharrago baten gainean. Bere fatxada nagusia eta bere bobedak, 40 metroko altuera duen kupula ikusgarri batekin, dira eraikinaren ezaugarri nagusiak. Katedralera egindako bisitan, pintura, eskultura eta urregintzaren erakusketa ere ikus daitezke.

Jerez ardoa eta flamenkoa baldin bada, dastatzeko modurik onena Tabancoak dira. Taberna tradizionalak dira, antzinako ardo biltegiak, eta Jerezeko ardoa upeletatik zuzenean zerbitzatzen dute, tapa edo mokadutxoekin lagunduta. Horietako batzuetan, El Pasaje izenekoan adibidez, flamenko ikuskizunak ere antolatzen dituzte.

Aste Santuan, Andaluzia osoak oso modu berezian bizi ditu prozesioak, eta Jerez ez da salbuespena. Egunero ateratzen dira hainbat kofradia hirian zehar, eta zaila da baten batekin topo ez egitea. Turismo bulegoan guztien plano eta ordutegiak eskaintzen dituzte.

Jerezen non lo egin

Jerezek AKgune on bat du, pribatua. La Morada del Sur du izena, eta, egia esan, oso ondo dago. Hasiera-hasieratik oso arreta ona eskaini ziguten, ongi etorria Jerezeko ardo kopatxo eta guzti!!! Elektrizitatea dute eta ur beltzak eta grisak husteko lekua. Dutxadun bainugelak ere badituzte. Erdigunetik pixka bat urrun dago, baina herrigunera doan autobusa justu pare-parean gelditzen da.


Sanlucar de Barrameda

Jerez atzean utzi eta Cadizko probintziaren mendebalderantz abiatu gara, Sanlucar de Barrameda ezagutzeko asmoz. Guadalquivir ibaiaren ertzean dago, Doñanako Parke Nazionalaren parean.

Bere alde zaharrak liluratuta utzi gaitu. Izan ere, Sanlucarrek sekulako ondare historikoa du. Ameriketara zihoazen nabigatzaile handien garaian, Elkano, Magallanes edo Kolon besteak beste, Espainiako porturik garrantzitsuenetako bat bihurtu zen. Honek aberastasun handia ekarri zuen. Ikusi besterik ez dago zenbat jauregi eta jauretxe dituen.

Cabildo plaza Sanlucarreko erdigunea da. Ingurua tabernaz beteta dago eta bizitza haundia du. Handik gertu, manzanilla ardoaren upategi batzuk daude. Gure lehen geldialdia plazako taberna tipikoetako batean egin dugu, Balbino Etxean. Tapeoa eta gastronomia gustuko dutenek derrigorrez bisitatu behar dute. Manzanilla tipikoa probau dugu bertan, ‘tapa’ mundial batzuekin.

Handik gertu, Santísima Trinidad Eliza edo Medina-Sidoniako Dukeen Jauregia bisita daitezke. Barrio Alto edo Goiko Auzoan sartuko gara, eta taberna eta azoka-postu ugari ikusiz jarraituko diogu bideari. Kalean gora eginda, Bakearen plazara iristen da. Han, Nuestra Señora de la O parrokia dago. Handik metro gutxira, Santiago gaztelua ere bisita dezakegu.

Alde zaharretik kalez kale ibili ondoren, hondartzen aldera abiatuko gara. Bajo de Guía, behinola arrantzale auzoa izandakoa, inguruko produktuak eta arrainak dastatzeko jatetxe gune bat da orain.

Bertan sartzeak merezi du, jateko edo tapa batzuk hartzeko. Casa Bigote, Sanlucarreko otarrainxka ospetsuak edo arrantza tipikoa probatzeko tokirik famatuenetako bat da. Hondartzako gune berean ontziratzeko gune bat dago eta Doñanako paduren ibilbidea egiten duten itsasontzi turistikoak bertatik irteten dira.

Sanlucarren non lo egin

Sanlucar de Barramedak badu AKgunea. Kanpoaldean dago, Jara auzoan. Partzela zabalak, zerbitzuak eta urak husteko gunea ditu. Hondartzatik gertu dago! Erdigunera doan autobusa Reyerta kalean gelditzen da.


Puerto de Santa Maria

Sanlucar atzean utzi eta Cadizeko badiara hurbildu gara. Hondartzaz gozatu nahi dugu, eta Puerto de Santa Marian geldialdi bat egitea erabaki dugu. Goizean herria bisitatu, eta arratsaldean hondartzatik itzuli ederra egin dugu.

Zentroak interes arkitektoniko handiko hainbat leku ditu. Horietako bat San Markos gaztelua da, XIII. mendekoa, meskita zahar baten gainean eraikia. Meskita horren jatorrizko mihraba kontserbatzen da bertan. Alfontso X.a iritsi ondoren, santutegi kristau bilakatu zen, eta, horrela, eliza gotortu bihurtu zuten, zortzi dorre dituen esparru angeluzuzen bat osatuz.

Kalez kale, Espainia plazaraino iritsiko gara. Han, Nuestra Señora de los Milagros Basilika dago. XV. mendean eraiki zuten arren, XVI. mendean handitu zuten. XVII. mendean eraberritu egin behar izan zuten, lurrikara baten ondorioz. Bisita daitezkeen beste eraikin batzuk Convento de las Capuchinas edo Monasterio de la Victoria dira.

Elizatik gertu, merkatua dago. Astearteetan azoka izaten da, eta kaleak salmenta postuz betetzen dira. Kalez kale jarraitu dugu itsasadarraren ondotik Plaza del Pescador-era iritsi arte. Kalean behera jarraituz, taberna eta jatetxe batzuk aurkituko ditugu, hondartzara joan aurretik zerbait jateko.

Guadalete ibaiaren ibilbidea jarraituz, ordu laurden barru La Puntilla hondartzara iritsiko gara. Ze gustora, eguzki pixka bat!!!

Puerto de Santa Marian non lo egin

Berez AKgune bat ez bada ere, Puerto de Santa Mariak autokarabanentzako aparkalekua du. Herriaren parean dago, ibaia zeharkatuz. Kokapena ona da, baina ez du zerbitzurik. Hondartza-inguruan kanpin bat ere badago.


Cadiz

Eta azkenean iritsi gara Cadizera!! Andaluziara hainbat bidaia egin ondoren, bagenuen Cadizeko hiriburua ezagutzeko gogoa. Egun bakarreko bisita izan zen, baina ahalik eta gehien aprobetxatu genuen!

Cadiz edo Gadir hiriaren jatorria, K.A. 1.100 urtekoa da, feniziarren garaikoa; bertan, arrantzale herri bat osatzeko finkatu ziren garaia, hain zuzen ere. Ordutik, kartagotarrak, erromatarrak, bisigodoak eta musulmanak pasadira bertatik. Sanlucar de Barramedarekin gertatu zen bezala, Cadiz ere porturik garrantzitsuenetako bat izan zen Ameriketara zihoazen itsasontzientzat.

Hiri aberats eta aurrerakoi bihurtzean, piratak ere Cadizera hurbildu ziren, harrapakinen bila. Horregatik, kostalde gehiena harresituta dago, eta gaztelu eta defentsa-dorreekin sendotuta. Eraikin horietako bi dira San Sebastian eta Santa Catalina gazteluak.

Portutik abiatuta, paseo polita egin daiteke kostaldea eta harresiak zeharkatuz. Ordubete pasatxoan, beste muturrera iritsiko gara, Santa Cruz Katedrala edo Katedral Berria dagoen lekura. Urre-koloreko azulejuz estalita dagoen kupula bat du, itsasotik ikusten dena.

Katedral berria XVII eta XVIII. Garaikoa da eta 116 urte behar izan zituen eraikitzeko. Ondorioz, estilo ezberdinak nahasten dira bere eraikuntzan. Katedral honek XIII. mendeko antzinako katedralaren lekua hartu zuen, hain zuzen ere, katedral berriaren atzean dagoena.

Handik, hiriko alde zaharrean sartuko gara. Plaza de la Flores eta Merkatu Nagusia ikusi ditugu. Bertan, antzinako objektuen azoka eta bigarren eskuko gaiak zeuden. Handik gertu, Tavirako dorrea edo Morako jauregia ere bisita ditzakezue.

Katedralera itzulita, Arco de la Rosa igaroz, Populo auzora iritsiko zarete. Cadizeko auzorik zaharrena da. Hiriko lehen esparru harresitua izan zen, eta oraindik ere harresien eta sarrerako arkuen zati bat kontserbatzen da. Inguruko jaki tipikoak dastantzeko lekurik onenetako bat da.

Cadizen non lo egin

Cadizek ez du autokarabanentzako gunerik, baina hainbat aparkalekutan igaro daiteke gaua. Horietako bat Parking del Muelle Reina Sofía izenekoa da. Bere kokalekua ezin hobea da, Cadizeko erdigune historikoan bertan baitago. Goizean lasai zegoen eta hainbat AK zeuden, baina arratsaldean aparkalekua bete egin zen, prozesioak zirela eta.

Autokarabanentzako tarifa egunean 3 eurokoa da (galdetu sarreran), baina data berezietan, Inauterietan edo Aste Santuan, tarifa arrunta kobratu dezakete, 18 euro.


Conil de la Frontera

Duela urte batzuk Conilen izan ginen, gure kanpinlari garaian. Eta gure ibilbidea handik igarotzen denez, geldialdi bat egitea erabaki dugu. Eguraldiak ez du askorik lagundu gaur, baina atertu bezain pronto, herrian eta hondartzan ibili ahal izan dugu.

Conil de la Frontera Cadizeko kostaldeko herri zuri bat da. Turismoaren ondorioz, azken hamarkadetan asko hazi da, baina bertako kaleek marinel herri txikien esentzia gordetzen dute oraindik.

Herriko hondartzaz gain, Conilek merezi duten hainbat kala ditu. Cala de Roche, La Fuente del Gallo edo Palmar dira horietako batzuk.

Gaua igarotzearen kontua nahiko kontrolatuta dago Conilen, eta batez ere udan, kaletako aparkalekuetan geratzen diren furgonetei isuna jartzen baitiete. Guk Avenida del Rioko aparkalekuan aparkatu dugu, herritik metro gutxira; furgoneta eta AK pila bat zeuden, beraz, denboraldi altutik kanpo, gaua pasatzeko leku ona izan daiteke.


Caños de Meca

Aitortu beharrean gaude: ez genuen gauza handirik espero Caños de Mecatik, hondartza bat eta etxe ilara bat besterik ez zituela iruditu baitzitzaigun handik igaro ginen azken aldian. Baina bizitzaren kasualitateak zirela eta, aspaldiko ezagun batekin, Agustin Illerarekin topo egin genuen. Inguru hura oso ondo ezagutzen du, eta hari esker, Cañosek ezkutatzen dituen sekretu batzuk ezagutu ahal izan genituen.

Lehenengoa Zahora hondartza da. Labirinto kale batzuk zeharkatuz joan ginen eta hondartzatik oso gertu aparkatu genuen. Han bertan dago Sajoramia, hondartzako txiringito  eta jatetxe arteko nahasketa berezi bat. Bertan jende asko elkartzen da kopa bat hartzen duen bitartean ilunabarrak ikusteko.

Cañoseko beste hondartza handiak, herrian dagoenak, Las Dunas izena du. Zahora hondartzatik zein Las Dunas hondartzatik, Trafalgarreko itsasargira hel daiteke, paseo on bat emanez. Sarbidea autoz eta hondarrez beteta egoten delako esaten dugu hori. Itsasargiaren azpian, Bajos de la Aceitera kala dago.

Ibilbide turistikoarekin amaitu baino lehen, gure lagun Agustinek beste leku berezi bat erakutsiko digu. Herritik irten eta Barbatera doan errepidea hartuta, mendatearen tontorrera iritsi aurretik, Majales del Sol-era iritsiko gara. Pinudi baten sarreran dago eta bertatik hainbat ibilbide egin daitezke oinez. Horietako bat, Mekako dorrera doana da, itsas zaintzako postu bat, bista onak eskaintzen dituena.

Caños de Mecan non lo egin

Ez dakigu nola egongo den gaia uda partean, baina aste santuan Caños de Mecan furgoneta mordoa zegoen. Herriaren sarreran aparkaleku bat dago eskuinean (Coniletik bazatozeta han geratzea erabaki genuen. Aparkalekua lurrezkoa da eta ez dago oso berdinduta, baina doakoa da eta hondartza ondoan dago.


Cadizeko herri zuriak

Cadiz probintziak “herri zuri” bezala ezagutzen diren hainbat herri ditu, beren edertasunagatik bisita bat merezi dutenak. Herri hauek bi eremutan bana daitezke: bata, kostaldetik hurbilago dagoena, non Vejer de la Frontera, Medina-Sidonia edo Alcala de los Gazules bezalako herriak ikus daitezkeen; eta bestetik, Cadizeko mendilerroan dagoena, Arcos de la Frontera, Grazalema, Zahara de la Sierra edo Setenil de las Bodegas bezalako herriekin.

Denak ikusi nahiko genituzke, baina denbora faltagatik hurbilenekoak bisitatu ditugu, Vejer de la Fronteratik hasita (Conil eta Caños de Mecatik oso gertu). Herri ederra da, oso ondo kontserbatutako alde zaharra du. Divino Salvador-en gaztelua eta eliza bisita daitezke, baita Palacio Barroco del Marques de Tamaron, edota Casa del Mayorazgo.

Handik Alcala de los Gazulesera joan gara. Alkorkonaletako Parke Naturalean eta Aljibe mendilerroaren azpian kokatua, muino baten tontorrean dagoen gaztelu baten inguruan eraikia izan zen. Gazteluaren hondarrez gain, San Jorge eliza, Casa del Cabildo edota bere jatorri arabiarreko iturriak bisita daitezke.


Sevilla

Eta trilogia bukatzeko, hasi genuen lekura iritsi gara, Sevillara. Badakigu Cadizeko ibilbidetik irtetea dela, baina bidean geratzen zitzaigunez, eta lehen aldian hain zapore ona utzi zigunez, berriz itzultzeko gogoz ginen. Baina oraingoan, hiri osoa bi egunetan hartzen saiatu beharrean, Triana auzoan zentratuko gara.

Auzoaren ikur nagusia den Trianako zubi ospetsua zeharkatuko dugu. Zubiaren beste aldean merkatua eta Altozano plaza daude. Kale nagusitik jarraituz, San Jacinto parrokiaraino, tapa-taberna mordoa dago.

Plaza aldera itzuli eta Pureza kalean barrena jarraitu dugu. Marinelen Kapera oso leku bisitatua da Aste Santuan, prozesioen pasoak eta irudiak gordetzen dituzten tokietako bat baita. Pixka bat aurrerago, Santa Ana eliza dago, Sevillako zaharrena, 1.280. urtekoa baita. Elizaren ondoan, Santa Ana plazan eta Pelay kalean, tapeo taberna batzuk ere badaude.

Trianara egindako bigarren bisita honetan, auzoko giro tipikoan sartu nahi izan dugu. Trianan hainbat flamenko leku daude, baina oraingoan beste esperientzia bat bizi nahi genuen. Planeatu gabe, La Taberna de Reyes izeneko lokal batera iritsi gara, Duarte kalean. Lokal bitxia da, musikari onak ditu eta bertako jendea dantzan eta kantuan kantuan hasten da. Horixe nahi genuen. Zerbait hartu eta ikuskizunarekin gozatu ondoren, Betis kaletik irten eta Guadalquivir ibaiaren ertzetik jarraitu dugu oinez. Sevilla egunez polita bada, gauez oraindik politagoa da!

Sevillan non lo egin

Sevillan hainbat lekuetan lo egin daiteke. Joan ginen lehen aldian, Los Remedioseko AK gunean geratu ginen, baina oraingoan Las Razaseko Parkina probatu dugu. Biak Puente de las Deliciasetik gertu daude, erdigunetik 10-15 minutura, baina autobusak ere badaude. Beste aukera bat Santa Justako aparkalekua izan daiteke, izen bereko tren geltokiaren ondoan.

Andaluzia ezagutzeko beste ibilbide batzuk:

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude