Ile de Ré: Xarma eta argiaren uhartea

Badira leku batzuk, bere ingurune eta edertasunagatik, oporretarako leku izateko sortuak ematen dutenak. Ré uhartea da toki horietako bat. Frantziako atlantiar kostaldean kokatuta dago, Bordele eta Nantes arteko erdi bidean. Bere herriek jatorrizko arrantzale izaerari eusten diote; eta bere hondartzei eta eguraldi onari esker, turisten jomugan jarria dute aspaldi.

Etxetik goiz abiatu eta bideari ekin diogu, eguerdirako La Rochellera iristeko asmoz. Charente Maritime eskualdeko burua da Rochelle, eta Ré uhartetik oso kilómetro gutxira dago. Bidean pare bat atsedenaldi egin eta gero, bost orduren bueltan iritsi gara bertara.


La Rochelle

La Rochelle kostaldeko hiri ederra da, eta merezi du bisitatzeko egun bat edo egun erdi bat behintzat hartzea. Bere portu zaharra eta harresitutako herriguneko kaleak bisitatu beharrekoak dira.

Furgoneta Eugène Thomas kalean utzi dugu, Marans kanalaren ondoan. Ordainpeko aparkalekua da, baina orduka ez da oso garestia ere; gainera, inguru lasaia da, eta itzalean aparkatu ahal izan dugu. Portura apenas bost minutuan iritsi gara. Sarreran, Motte Rouge plazan, noria handi batek eta bigarren eskuko objektuen azokak egin digute ongietorria.

Handik bi pausora dago Minimes portua, gaur egun aisialdirako ontzientzat gordea. Haren ondoan dago portu zaharra, sarrera zaintzen duten Saint-Nicolas eta Chaîne dorrekin. XIV. eta XV. mendeen artean eraiki zituzten, Ehun urteko Gerraren testuinguruan. Izan ere, La Rochelle ingelesen eta frantziarren arteko makina bat borrokaren lekuko izan zen. Portuan bertan, Rochelleko Aquariuma ere bisitatu daiteke.

Horloge dorrearen azpiko atea zeharkatuz sartuko gara parte zaharrera. Kale txikiz eta bihurriz osatutako gunea da, eta bertan, hainbat egurrezko egitura tipikoa duten etxeak, palazioak, dendak eta merkatua ere aurkituko ditugu. Saint Louis katedrala, udaletxea eta merkatu plaza dira bisitatu daitezkeen puntu garrantzitsuenetako batzuk; baita Saint-Sauveur eliza eta La Rochelleko Bunker-Museoa ere.


Ré uhartea

Behin Rochelle ikusi eta zerbait jan ondoren, Ré uharterantz abiatu gara. Irla kontinentearekin lotzen duen zubi handia zeharkatuz iritsi gara bertara. 1988an eraiki zuten -ordura arte barkuz bakarrik irits zitekeen- eta 3 kilometroko luzeera du. Zubia gurutzatu eta irlan sartzerakoan, bidesaria ordaindu behar da, baina ez irteteko garaian.

Ré uhartea hiru irlaz osatutako artxipielagoa zen garai batean, baina sedimentazioaren eta gizakiaren aktibitatearen ondorioz (gatz zelaiak), irla bakarrean elkartu dira. Uharteak 30 kilometro luze eta 5 zabal ditu. 10 udalerrik osatzen dute, eta 16.000 lagun bizi dira bertan; kopuru hori, hamar aldiz biderkatzen da uda garaian.

Uhartean autokarabanentzako 6 gune (edo aire camping car) eta dozenaka kanpin daude; ez dugu gaua pasatzeko arazorik izango, beraz. Ré uhartea bere bidegorriei esker ere ezaguna da, herri guztiak 100 kilometrotik gorako bidegorri sare batek lotzen baititu.


Rivedoux-Plage

Zubia zeharkatu eta ongietorria egiten duen aurreneko herria da Rivedoux-Plage. Etxe zuriak, portua, eta izenak dion bezala, hondartza dira bere ezaugarri nagusiak. Izan ere, bi hondartzak inguratzen dute Rovedoux, bakoitza irlaren alde banatan.

Turismoaz eta arrantzaz gain, ostren haztegiak dira aktibitate ekonomiko nagusietako bat, bai Rivedouxen, eta baita uharte osoan ere. Itsasbeheran, ostrak hazteko erabiltzen dituzten kaiolen ilara luzeak ikusiko ditugu; eta itsasgoran, urak erabat estaltzen ditu. Harrigarria da zenbat aldatzen den paisaia orduaren eta marearen arabera.

Rivedoux-Plage non lo egin

Irlara sartu eta berehala, herriaren sarreran dago Rivedouxeko Ac gunea. Campèole le Platin kanpinaren ondoan dago, eta kokapena ezinhobea da, hondartzako lehen lerroan aurkitzen baita. Guztira 18 plaza ditu, eta 17 euro (24 orduz) kostatzen da. Urak husteko tokia du, eta 2 euro gehiago ordainduta, kanpineko dutxak ere erabil daitezke.  


La Flotte

Gure ibilbideko bigarren geldialdia La Flotte herrian egin dugu. Frantziako herririk ederrenen zerrendan dago, eta ez da harritzekoa. Bere portua bisitatu beharrekoa da; aisialdirako ontziak eta jatetxe ugari daude bertan. Bazkaltzeko garaian beteta egoten da, baina goizean lasaiago aurkitu dugu.

Portuaz gain, Vieux Marché plazan egiten duten merkatuak ere merezi du bisita bat. Postuak egunero jartzen dituzte, eta zentzumenentzako gozamena dira hango produktuen koloreak eta usainak. La Flotteko kaleetan galtzea ere, esperientzia polita gerta daiteke, edozein txokotan aurki baidaiteke detaile ederren bat.

La Flottetik gertu, Châteliers Abadiaren hondakinak daude, baita II. Mundu Gerratean alemaniarrek okupatu zuten Prée gotorlekua ere.


Saint Martin de Ré

Eta iritsi gara irlako hiriburua: Saint Martin de Ré hirira. Gainontzekoak bezala herri arrantzalea zen, baina XVII. mendean harresitu egin zuten, 14 kilometroko izar formako egitura sortuz. Estimu handia diogu herri honi, 2016an, Bretainiara egindako bidaian bertan gelditu eta asko gustatu zitzaigulako. Irlara etorri garen bigarren aldi honetan ere, ez dugu bisita egiteko aukera galdu nahi izan.

St Martineko portua oso bizia da, eta jatetxez beteta dago. Portuari forma berezia ematen dion irlatxoa ere bisitatu daiteke. Herriko kale estuetatik ere paseo bat eman dugu. San Martin eliza, Vauban gotorlekua, Thoiras atea edota Republika Plaza dira bisitatu beharreko lekuetako batzuk. Harresiei itzulia emanez, bizikletaz buelta polita ere egin daiteke. Herriaren kanpoaldean, supermerkatu handi bat dago; kotxez nahiz bizikletaz iritsi daiteke bertara.

Saint Martin de Ré-n non lo egin

Gaua pasatzeko, St Martin de Ré-ko udal kanpinaren ondoan dagoen autokarabana gunea aukeratu dugu. Nahiko ondo kokatuta dago, eta herrigunera 5-10 minutuan iristen da oinez, eta 2-3 minutuan bizikletaz joanez gero. 17 plaza eta itzalgune handiak ditu. Eguneko 12 euro ordaindu behar da, eta urak usteko tokia du.


Gaztegiak

Hirugarren eguna turismo pixka bat egin eta uhartearen mendebaldea ezagutzeko hartu dugu. Gaztegien gunean gaude; La Couarde Sur Mer-etik hasi eta Loix eta Les Portes en Ré-ra arte, itsasoari irabazitako lurrak dira, gaztegi eta hezegunez osatutako eremu laua. Izan ere, gatzaren produkzioa izan da, turismoaren sarreraren aurretik, irlaren aktibitate ekonomiko nagusietako bat, arrantzarekin batera. Loixetik gertu, Marais Salant ekomuseoa bisitatu daiteke, gaztegiak eta haien inguruko bizimodua hobeto ezagutzeko.


Ars en Ré

Martrayko pasaibide estutik barrena, Ars en Ré herrira iritsi gara. Frantziako herririk ederrenen zerrendan dago hau ere. Gaztegietatik eta hezeguneetatik hain gertu egonda, uharteko porturik garrantzitsuenetako bat izan zen berea.

Saint Etienne elizak urrundik ematen du atentzioa, 40 metroko altuerari eta zuriz eta beltzez margotutako kanpandorre deigarriari esker. Herriguneko beste eraikin berezienetako bat Senechal da (egun hotel bilakatua), erdi aroko ezaugarri diren albo-dorreak baititu (goiko argazkian ikus daiteke). Elizaren parean, Carnot Plaza dago; hango terrazetako batean gelditu gara, zerbait hartuz.

Bero handia egiten badu ere, bertako kaleetan barrena ibili gara paseoan. Hala gabiltzala, estalpeko merkatu bat iragartzen duen kartelarekin egin dugu topo. Egunero irekitzen dutela dirudi, eta itzalaren abaroan, jendetza aurkitu dugu. Plazara bueltan beste kale batzuk ezagutu ditugu; denak ere koloretako leihoak dituzten eta lorez beteta dauden etxe zuriez osatuta daude.


Hondartzak

Ré uhartea oporretarako tokia dela esan dugu, eta ezin hondartzak falta! Ordura arte Rivedoux Plage-koan bakarrik egonak ginen, eta beste batzuk ezagutu nahi izan ditugu. Uhartearen sarreratik urrutien dagoen herrira, Les Portes en Ré-ra joan gara. Hondartza kilometro gehien dituen herrietako bat da; Patache, le Lizay eta Petit Bec dira horietako batzuk.

Eguerdiko ordubata da, eta garai horretarako frantziar guztiak mahaian eserita egoten dira. Horregatik agian, ez dugu aparkatzeko lekurik aurkitu herrian. Azkenean, Concha hondartzako sarbideetako batean zegoen aparkaleku batean gelditu gara, eta itzalean! Hondartzatik paseo bat eman eta furgonetan bertan bazkaldu dugu.

Bueltako bidean, Le Bois Plage herrian egin dugu beste geldialditxo bat. Bere hondartzengatik da ezaguna, eta Gollandières da denetan handiena eta jendetsuena. Han beste paseo bat eman, zerbait hartu eta lehen eguneko AC gunera itzuli gara, bertan azken gaua pasatzera.

Ondorioak

Eta honela bukatu da Ré uhartean barrena egin dugun bidaiatxoa. Herriren bat edo beste gelditu zitzaigun ikusteko, baina horrela berriz ere itzultzeko aitzakia ederra dugu! Ré uhartea asko gustatu zaigu, kolore eta xarma berezia baitu; baina toki turistikoa da, eta abuztuan leku asko jendez betetzen dira, batez ere, eguerdi partean. Baina alde onarekin gelditzen gara, bere herrien edertasuna, portuak eta harresiak, bizikletan egindako paseoak, itsasoko brisa, eta nola ez, ilunabar eder horiek…

Baina Frantzian barrena egin nahi dugun bidaia hasi besterik ez da egin. Izan ere, Loira bailarako gazteluak eta Perigord eta Dordogne inguruak ditugu orain jomugam. Goazen!

You may also like...

1 Response

  1. 2020-06-19

    […] Ile de Ré (Re uhartea) aurrena, Loirako gazteluak ondoren, eta azkenik Perigord bisitatuta, bukatu da Frantzian barrena egin dugun 18 eguneko bidaia. Bero itogarria egin badu ere, leku ederrak ezagutu ditugu, eta aurreko bidaia batzuetan gertatu zaigun bezala, Frantzia gehiago ezagutzen jarraitzeko gogoz bueltatu gara.  […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude