Zumaia: Itsasoa, flyscha eta zine eskenatokiak

Badira leku batzuk, berezkoa duten edertasunagatik, filme bateko eskenatoki izateko pentsatutakoak diruditenak. Zumaia da toki horietako bat. Gipuzkoako kostako herria da, eta haren inguruan dauden itsasoa eta flyscha ditu berezitasun handienak. Ingurune berezi honetan, Game of Thrones telesaileko edota 8 apellidos vascos filmeko hainbat eskena grabatu dira.

Urola ibaiak kantauri itsasoarekin bat egiten duen puntuan kokatzen da Zumaia. Arrantzale jatorriko herria da, eta gaur egun 9.800 biztanle ditu. Flyscha, Itzurun eta Santiago hondartzak eta bere kaleetako giroa dira Zumaia bisitatzeko arrazoietako batzuk. Izan ere, euskal kostaldea ezagutzerako garaian, ezinbestean ikusi beharreko tokia da.

San Pedro eliza herriguneko etxe guztien gainetik ikusten da. Zumaiak 1.347an hiribildu titulua lortu ondoren eraiki zela uste da. Kanpotik, gotorleku edo defentsarako dorre itsura du, eta historialarien arabera, baliteke funtzio hori bete izana, kortsarioen garaian. Barrualdean, Juan de Antxietak diseinatutako erretaula modernista dauka, XVI. mendekoa.

Herrigunean beste eraikin interesgarri batzuk ere ikus daitezke, hala nola:  San Jose monastegia, eta Zumaia, Ubillos eta Olazabal palazioak.

Asteburuetan eta uda garaian giro ederra egoten da herriaren alde zaharrean, taberna gunea ere bada eta.

Flyscha

Euskal Kostaldeko Geoparkea, Flysch bezala ere ezaguna, 13 kilometroko gunea da, Zumaia, Deba eta Mutriku artean. Bertan dauden arroka eta harkaitzek sekulako balio geologikoa dute, lurraren 60 milioi urteko garapenaren lekuko biziak baitira. Geologoentzat liburu ireki baten parekoa da flyscha, baina gai horretan adituak ez garenontzat ere, leku zoragarria da; ez baita karrera bat behar ingurune honen edertasunaz ohartzeko.

Flyscha bisitatzeko hainbat modu daude. Horietako bat oinezko ibilbidea da. Zumaian Itzurun hondartza ikus dezakegu (Game of Thrones telesaileko eskenatokietako bat); bertan, flyscharen lehen arrokak ikusiko ditugu. Handik gertu dago azkenaldian hain ezagun egin den San Telmo ermita (8 apellidos vascos filmeko eskenatokietako bat), itsas labarren gainean; bertatik, kostaldearen sekulako ikuspegia izango dugu. Flyscharen bidea oinez egin nahi baduzue, GR-121 ibilbidea hartu behar da, Elorriaga eta Itsaspe auzoetatik pasa eta Debara iritsi arte.

Klikatu mapan PDFa tamaina osoan ikusteko.

Flyscharen inguruko informazio gehiago geoparkearen webgunean aurkituko duzue, baita oinezko ibilbideen eta itsasontziz egiten diren bisita gidatuen ingurukoa ere. Algorri Unterpretazio Zentroa ere bisitatu dezakezus. Geoparkearen inguruko informazioa emateaz gain, oinezko eta barku irteerak antolatzen dituzte.

San Telmo Ermita

Lehen ere aipatu dugu San Telmo Ermita, baina bere atal propioa merezi du kontakizun honetan, Zumaiara doan edonorentzat derrigorrez bisitatu beharreko tokia baita. Ezagun egin da 8 apellidos vascos eta Allí Abajo bezalako filme eta telesailetan atera eta gero. Ingurune harrigarri batean kokatuta dago, itsasertzean, flych-eko labarren eta Itzurun hondartzaren gainean.

San Telmo marinelen patroia da. Eta ermita hau oso maitea dute inguruko arrantzaleek. Berari buruzko lehen aipamen historikoak 1.520. urtekoak dira. XVI. mendean San Telmoko Arrantzale Kofradiaren egoitza bihurtu zen.

Zumaian non lo egin

Zumaiak aukera bat baino gehiago eskaintzen ditu gaua pasatzeko. Batetik, Autokarabana Gunea dute. Geltokiko auzoko industrialdean kokatuta dago. Errekaren aldamenean dago, herritik 10 minutura oinez. Bidegorria ere badago, herriguneraino bizikletaz joateko.

Bigarren aukera Zumaiako Kanpina da. Auzo berean dago, AC gunetik kilometro batera. Herrigunera 15 minutuan iristen da oinez, eta 5 minutuan bizikletaz.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude