Loira bailarako gazteluak ezagutuz

Frantziako iparraldean, Angers eta Tours hirien artean eta Loira ibaiaren aldamenean kokatuta, metro koadroko gaztelu eta palazio gehien dituen lurraldeetako bat dago: Loira bailara. Bertan murgiltzea, erdi arora atzera egin eta ipuinen munduan sartzea da.

Bidairako oharrak:

Loira bailarara bidaia prestatzen ari bazarete, hainbat ohar jakitea komeni da, joan aurretik:

  • Loiran 40 bat palazio bisitatu daitezke, baina ez dago denetara iristerik. Aspertu nahi ez baduzue, hobe lauzpabost aukeratzea.
  • Gaztelu bakoitzerako sarrerak 9 eta 14 euro artean balio du (ez dira merkeak ez). Horrek ere egin beharreko bisitak ondo aukeratzea eskatzen du.
  • Kontuz beroarekin. Abuztuan eta ‘bero kolpe’ betean joan gara, eta damutu zaigu. Hobetoena, gazteluen barruan egoten da.
  • Gazteluak leku turistikoak dira, baina batzuk besteak baino gehiago. Goiz ibiltzea komeni da, jende ilarak harrapatu nahi ez badituzue behintzat.
  • Frantzia osoa bezala, Loira ere ondo prestatuta dago furgonetan edo autokaraban joateko; herririk gehienetan daude AC guneak.

Gure ibilbidea:

Esan bezala, ezinezkoa da Loirako gaztelu guztiak bisitatzea. Guk zazpi bat genituen aukeratuta, baina azkenean bost ikusi ditugu (horietatik 4 sarrera ordainduta). Ibilbidea Brissac-Quincé herrian hasi dugu, Angers hiritik gertu. Handik Amboisera (Toursen ondoan), bi ordu eta erdiko ibilbidea dago; herri guztiak elkarrengandik gertu daudela esan liteke, beraz.


Brissac-Quincé

Loirako gazteluen ibilbidea hasteko, Chateau de Brissac aukeratu genuen; eta ez da edozein gaztelu! Frantzia osoko garaiena da; zazpi solaitu eta 204 gela ditu, tartean, baita ardandegia ere. Anjou-ko kondeak eraiki zuen XI. mendean; geroztik, hainbat gerra, iraultza eta lapurretaren lekuko izan da, eta hainbat jabe izan ditu. Inguruan, 70 hektareako lursaila du, ondo zaindutako belardi eta basoekin.

Sarrera bakoitzak 10 euro balio du, eta bisitaz gain, upategian bertako ardoak dastatzeko aukera ematen dute. Ikusten dugun lehenengo gaztelua delako agian, baina gustatu zaigu.

Herriko aparkaleku nagusian bertan, autokarabanentzako gune eder bat dago, harriz egindakoa, urak hustu eta betetzeko tokiarekin.


Saumur

Loira ibaiaren ibarrari segika, Saumur herrira iritsi gara. Erdi aroko jatorria duen herri ederra da; geroztik hazi bada ere, bere kale eta eraikinek oraindik mantentzen dute garai bateko nortasuna.

Errekaz bestalde dagoen autokarabanentzako gunean aparkatu dugu, gaua bertan pasatzeko asmoz. Sistema berezi xamarra du, eta izena eman behar izan dugu webgune batean. Lekua bikaina da, hala ere.

Loira ibaiaren gainean eraikitako zubi erraldoia pasata, herriari bisita bat egin diogu, bizikletak hartuta. Gaztelua herriko puntu guztietatik ikusten da, muino baten gainean kokatuta baitago. Iluntzea da, eta bisiten ordutegia bukatu da gu iritsi garenerako.

Saint-Pierre plazan, izen bereko eliza eta egurrezko egitura tipikoa duten hainbat etxe ikus daitezke. Taberna ugari daude bertan, eta creperie batean afaldu dugu.


Azay-le-Rideau

Askoren ustez Loira bailaran dagoen errenazimendu garaiko eraikinik ederrena da Azay-le-Rideauko gaztelua. Eta ez zaie arrazoirik falta, eraikin honek, ipuin baten eskenatokia ematen baitu. Gilles Brethelot Frantzisko I. Frantziako erregearen diruzainak eta Philippe Lesbahy haren emazteak eraiki zuten XVI. mendearen hasieran. Geroztik, hainbat berrikuntza egin dizkiote. XIX. mendean, Biencourt-eko markesen bizitokia izan zen, eta 1905etik, estatuaren ondarea da.

Eraikina bezain ederra da inguruan dituen aintzira eta lorategiak ere. Patio ederraren ondoan, dolarea, kapera eta sekretuen lorategia daude, besteak beste. Palazioaren atzealdean berriz, lakua eta ondo zaindutako baso eta zelaiak ditu. Sarrerak 10,5 euro balio du, eta eraikinaren barrualdea eta kanpoaldea ikus daitezke.


Villandry

Lorategien gaztelua bezala ezagutzen da Villandry. Jean le Breton Francisco I. erregearen finantza ministro zenak eraiki zuen XVI. mendean. Aurretik bertan zegoen XII. mendeko gotorlekua erautsi zuen horretarako (egun dorrea eta zimentuak bakarrik gelditzen dira). Bretonen ondorengoek izan zuten gazteluaren jabetza 1754. urtera arte; Castellane markesak, erregeren enbaxadore zenak, hartu zuen ondoren, eta XVIII. mendera egokitzeko hainbat berrikuntza egin zizkion.

Joaquin Carvallo zientzialari espainiarrak erosi zuen 1906an, eta medikuntzaren nobel saria irabazi zuen Richet maisuarekin batera, Vilandryko gaztelua berritu eta egun hain ezagunak egin diren lorategiak eraiki zituzten. Goitik begiratuta, lorategiek dituzten irudi geometriko bitxiak hobeto ikus daitezke; tartean lauburu formako bat ere badago. Lorategiez gain, basoa, aintzira, labirintoa eta baratzeak ere baditu.

Aurreko gazteluen aldean, prezioz nahikoa ondo dagoela iruditu zaigu; 9 euro kobratu digute gaztelua eta lorategiak ikusteagatik; lorategiak bakarrik ikusteko aukera ere badago, baina merezi du gazteluaren goikaldetik dagoen ikuspegiak.


Chenonceaux

Loira ibaiaren ibarra utzi eta Le Cher errekari jarrituz, Chennonceux herrira iritsi gara, Chateau de Chenonceau gaztelu ezaguna bisitatzeko. Ikusi ditugun gaztelu guztietan ikusgarriena da, batez ere, errekaren gainean eraikita dagoelako.

Aurretik zegoen Marques familiaren gaztelua bota (dorrea bakarrik utzi zuten) eta berria eraiki zuten Tomás Bohier politikariak eta Katherine Briconnet emazteak, XVI. mendean; bien armarriak ikus daitezke gazteluaren sarrera nagusian. Hura gurutzatuta, guardiaren gela eta kapera ikus daitezke, eta aurrerago liburutegia eta beste gela batzuk. Erreka zeharkatzen duen galeria ikusgarria da, 60 metroko luzeera eta 6 metroko zabalera du, 18 leiho ditu eta tximini bat alde banatan.

Sukaldeak behekaldean, ia errekaren parean daude. Goiko pisuetan berriz, logela dotoreak, batzuk, Luisa de Lorenarena esaterako, benetan bereziak.

Kanpoaldean lorategi eta jardin dotoreak ditu, baita labirinto bat ere. Inguruan, zalgurdien galeria eta XVI. mendeko granja ere bisitatu daitezke.

Ikusi dugun gaztelu bereziena izateaz gain, turistikoenetako bat ere bada. Abuztu betean, 40º-ko tenperaturarekin eta jendez beteta zegoela bisitatu dugu… Beraz, abuztuan bazoazte behintzat, goiz joatea gomendatzen dizuegu. Ah! eta sarrera garestiena duena ere bada, 14 euro kosta zaigu bakoitza.


Amboise

Atzera Loira ibaiaren aldamenera itzuli gara, gure azken bisita egiteko: Tours hiritik gertu dagoen Amboise herri ederra. Francisco I. erregearen bizitokia izan zen, eta hark eraiki zuen herriaren gainaldean dagoen gaztelua. Leonardo da Vinci asmatzaile eta margolariaren bizitoki ere izan zen zenbait urtez, eta hari eskainitako museo bat dago errekaz bestalde aurkitzen den Château du Clos Lucé palazioan.

Herriaren egiturak aurretik ezagutu dugun Saumur gogorarazi digu; hemen ere, errekaren erdian dagoen irla moduko batean (I’lle d’Or) egin dugu lo, bertan dagoen udal kanpinean. Oso txukuna da eta abuztua izateko, prezioz ere ondo dago, 17 euro kobratu dizkigute eta. Beroak jota gatoz, eta ondo etorri zaigu dutxa eder bat hartzeko aukera. Arratsaldea da eta ez dugu gaztelua ikusi; bizikletan paseo bat emanez herrigunea ezagutu dugu, zerbait hartu eta kanpinera itzuli gara.

Gure hasierako asmoen artean, Chambord gaztelua (Loir-et-Cher herrian) ikustea ere bazegoen, baina egiten zuen bero itogarria, eta sarreren prezioa ikusita, beste baterako uztea erabaki genuen. 

Eta horrela bukatu da Loira bailaran barrena egin dugun hiru eguneko ibilbidea. Beroak eragin handia izan du bidaian eta hartutako zenbait erabakitan, baina gustura gelditu gara ikusi ditugun herri eta gaztelu harrigarriekin. Merezi du!!

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude