«Autokarabana eta kanper munduak bidaiatzeko beste modu bat proposatzen dizu»

Bidaiatzeko grina eta zurgin formakuntza uztartu, eta auto arruntak kanper bihurtzeko altzariak egiten hasi zen Gus Elizondo hazpandarra. Furgoneta txiki nahiz handiagoentzako kutxa kengarriak egiten ditu Moondura Kit Van Camper proiektuarekin. Kanper munduak bidaiatzeko beste modu bat eta “askatasun gehiago” ematen duela dio.

Nondik sortu zen ideia? Noiz eta nola hasi zinen proiektu honekin?

Duela 5 urte, Renault Kangoo bat erosi nuen, bilatzen bainuen eguneroko kotxe ekonomiko bat kanperizatzeko, beste modu batez bidaiatzeko. Formakuntzaren aldetik, zurgintza ikasi nuen eta azken urteetan lagun batzuek kutxak eskatu zizkidaten.

2020ko udaberrian, telelanean ari nintzen goizetan eta arratsaldetan beste kutxa bat landuagoa egin nuen nire kotxearentzat. Eta 2020ko maiatzean, lagun batek deitu ninduen kutxa bat jartzeko bere Citroën Jumpy-an.

Bezero honek logoak eta webguneak sortzen ditu. Eta trukaketa gisa, berak proposatu zidan logoa eta webgunea sortzea (www.moondura.eus).

Zein da egiten duzuen lana? Zertan zaudete espezializatuta?

Kutxa kengarriak fabrikatzen ditut eguneroko autoa camping-car bihurtzeko. Modelo hauentzat pentsatuak dira: Kangoo, Berlingo, Partner, Rifter, Caddy, Dokker eta horrelako ibilgailuentzat. Eta kutxa handiagoak proposatzen ditut furgonetentzat (Jumpy, Expert, Proace, Trafic, Vivaro, Primastar, Vito, Transporter…).

Neurrira ere posible da, kotxe askorentzat (4×4, kotxe familiar batzuk, break…). Dena posible da kutxa honi esker: Jan, lo egin, eta bidaiatu.

Kutxa maletategian denean, 5 eserlekuak mantenduak dira. 3 minutu behar dira ohea muntatzeko. Aldaketarik ez zure autoaren nortasun agirian eta kontrol teknikoa pasatzeko, kengarria baita. Pasatzen ahal duzu IAT-a kutxa maletategian utzirik.

Moondura-ri esker, mundura joan zaitezke eta edozein lekutik moon (ilargia inglesez) miresten ahal duzu.

Koronabirusaren krisiak eraginik izan al du zuen lanean?

Koronabirusaren krisiak ez dit asko eragin nire lanean. Bakarrik lan egiten baitut, aldaketa gutxi. Aldiz, konturatzen naiz batzutan banatzaileen epeak normalean baino luzeagoak direla.

Nola ikusten duzu autokarabana eta kanper mundua?

Autokarabana eta kanper munduak bidaiatzeko beste modu bat proposatzen dizu. Adibidez, leku bat gustatzen bazaizu, denbora gehiago egon zaitezke leku horretan,edo alderantziz.

Askatasun gehiago ematen dizu asteburu batez edo aste batzuez bidaiatzeko, mendira edo itsasora joateko, pesta bat egin ondoren leku bertan lo egiteko.

Gero eta jende gehiagok egiten du turismo mota honen aldeko apustua. Nabaritu al duzue azken urteetako gorakada?

Azken urteetako gorakada bat nabaritzen da, eta bereziki duela urte bat. Orain, gero eta jende gehiagok ez du nahi hoteletan lo egin adibidez. Gainera azken urtean, zaila izan da urrun bidaiatzea, beraz nahiago dute haien kotxearekin ibili eta hortan lo egin. Aukera ona da gure txoko politak hobeto ezagutzeko, urrun joan gabe.


MOONDURA KIT VAN CAMPER

  • Herria: Hazparne (Lapurdi)
  • Helbidea: Francis Jammes karrika, 62
  • Telefonoa: +33 7 63 32 46 85
  • E-posta:  info@moondura.eus
  • Weba: Moondura Kit Van Camper

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude