Nafarroako Bardeak: Erriberako desertua

Euskal Herriko paisaiarik berezienetako bat Nafarroaren hegoaldean ezkutatzen da, Erriberan. Bertan daude Nafarroako Bardeak, 42.500 hektareako desertu gune zabala. Bere izaera berezia eta natur balioa direla eta, UNESCOk Biosferako erreserba izendatu zuen, eta hainbat filmeren eskenatoki ere izan da. Merezi du leku bitxi bezain berezi hau ezagutzeak!

Ez da Nafar Erriberara egiten dugun aurreneko bidaia, baina furgonetarekin sekula izan gabeak ginen Bardeatan. Tafallatik Tuterarako bidean daude, eta Valtierra eta Arguedas herriak dira sarbide nagusiak. Erriberako baratze eta soro zabalak zeharkatuz, Arguedas herrira jo dugu lehendabizi; AKgune ederra du, eta bertan pasako dugu gaua.

Arguedas

Arguedas Nafar Erriberako herri txiki bat da, 2.300 biztanle inguru dituena. Nafarroako iparraldearekin eta erdialdearekin alderatuta, oso klima idorra du, eta paisaian ere nabaritzen da hori. AKgune ederra izateaz gain, San Esteban basilika, Castejongo muinoan dagoen gaztelua eta begiratokia eta koba etxeak dira haren berezitasunetako batzuk.

Arguedasera iritsi eta atentzioa ematen duen lehendabiziko gauza, pareko haitzetan eraikita dauden kobazulo edo koba-etxeak dira. XIX. mendean sortu ziren; herritar askok ez zuten etxe arrunt bat eraikitzeko dirurik, eta mendia zulatu eta etxeak bertan egin zituzten. 1940. urtean, mota honetan 52 etxebizitza zeuden, baina 60ko hamarkadan hustu egin zituzten. Kanpotik ikusteko moduan daude, baina ez da haietara sartzea gomendatzen, egoera kaskarrean baitaude gehienak.

AKgunetik paseo bat emanez, herrigunea ezagutzera joan gara. San Esteban eliza da atentzioa ematen duen lehen eraikina. XVI. eta XVII. mendeen artean eraiki zuten, adreilua erabilita; kanpandorre ikusgarria du.

Handik gertu dago Foruen Plaza; bertan udaletxea, janari denda bat eta hainbat taberna daude. Terraza horietako batean afaltzeko aprobetxatu dugu. Oso jende jatorra da eta etxean bezala sentitu gara.

Elizatik ez oso urrun, Castejongo muinoaren gainean kokatuta, garai bateko gazteluaren aztarnak daude. XI. mendean eraiki zuten, eta Al-Andalusen jabetzakoa izan zen, harik eta 1084. urtean, Antso Ramirez Nafarroako erregeak herria berkonkistatu zuen arte. Haren ondoan, Mairuen begiralekua bezala ezagutzen denak, herriaren eta bailararen ikuspegi ederra eskaintzen du.

Arguedasen non lo egin

Arguedas herriak Nafarroa hegoalde osoko AKgunerik eder eta berezienetako bat dauka, lehen aipatutako koba-etxeen azpian eta pasealeku baten ondoan kokatua baitago. Aparkalekua harrizkoa da, baina plazak ondo markatuta daude. Urak hustu eta betetzeko tokia ere badu. Herrigunetik gertu dago, lauzpabost minutura oinez.


Bardeak

Nafarroako Bardeak edo Errege Bardeak 42.500 hektarea hartzen ditu. Eremu idorra da oso, eta desertu baten antza du, nahiz eta ez duen harerik. Izan ere, buztinez, igeltsoz eta hareharriz osatuta dago; urak eta haizeak urtetan eragindako erosioa dela eta, forma bereziko labar, lautada eta muinoak sortu dira.

Bardea Beltza da landaredia gehien duena, eta ondorioz, baita erosiorik gutxiena izan duena ere. Bardea Zuria aldiz, ia erabat idorra da, eta bertan erosioak eragindako forma bitxiak ikusi ahal izango ditugu. Horietako batzuk dira Rallón eta Castildetierra izenez ezagutzen firen formazioak.

Arguedaseko AKgunetik bertatik abiatuta, Bardeen kalea hartu eta sei bat kilometroko bidea eginda, Bardeetako turistentzako informazio gunera iritsiko gara. Bertan, mapa bat eman eta autoz, bizikletaz nahiz oinez egin daitezkeen ibilbideen berri eman digute.

Emandako gomendioei jarraituz, 30 bat kilometroko itzulia eman diogu parke naturalari, haren paisaia desertikoekin eta formazio bereziekin gozatuz. Naturgunean sartu eta errepideari jarraituko diogu, baina berehala konturatuko gara, militarren basera iristearekin batera, asfaltozko bidea bukatu egiten dela. Handik aurrera, lurrezko pista batean jarraitu behar da. Hala ere, ondo zapalduta eta zainduta dago bide hori, eta bidea nahiko eramangarria egiten da furgonetan joanda ere.

Hainbat filmeren eskenatoki izan dira Bardeak, eta ez da harritzekoa, bertatik ibiltzean, pelikula batean zaudenaren sentsazioa ematen baitu. Besteak beste, Game of Thrones telesaileko kapituluak, James Bond 007 agentearen sagako film bat edota Airbag, Acción Mutaten edo Orgullo y Pasión bezalako fimak errodatu izan dituzte bertan.

Bidean zehar, furgoneta gelditu eta aurki daitezkeen forma bitxiei, labarrei eta artzain txabolei argazkiak ateraz egin dugu bidea. Aipatutako Castildetierra da jenderik gehien pilatu daitekeen tokia, baina aparkaleku bat du ondoan. Aparkalekuaren ondoan, artzainek erabiltzen dituzten txaboletako bat dago, eta baita haiei eskainitako eskultura bat ere.

Ordubete eta erdi inguruko bidea egin eta gero, Arguedasera iritsi gara berriz. Tutera ere ezagutu nahi genuen, baina lapurreten aurkako sistemarekin izandako arazo bat dela medio, denbora dexente galdu dugu, eta herrian gelditzea erabaki dugu. Arratsaldea bertan pasa eta herriko taberna bateko terrazan afaldu dugu, giro ederra egiten duela aprobetxatuz.

Herrian eta inguruan, beste hainbat eraikin esanguratsu ere bisitatu daitezke. Horietako batzuk dira San Migel baseliza, Muruzabal jauregia edota herrigunetik kilometro batzutara dagoen Yugoko Amaren baseliza. Txikienentzat, berriz, handik gertu dago Sendaviva Parkea ere.

Guk, ordea, bueltako bidean Olite eta Gares bisitatzeko aprobetxatu dugu, biak ere, zein baino zein herri ederragoak, eta bisita bat merezi dutenak. Baina horiek, beste okasio batean azalduko ditugu!

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude