Euskal Herriko 7 herririk ederrenak

Euskal Herriak baditu makina bat herri eta txoko eder, eta ez da erraza denetan ederrenak aukeratzea. EHfurgo blogak bost urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko, lehiaketa bat egitea pentsatu genuen. Euskal Herriko herririk politenak zein diren jakiteko inkesta bat egin dugu, eta post hau da zuek emandako erantzunen emaitza.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetako herririk politenen zerrenda osatu dugu. Ez diogu guk, zuek aukeratutakoak dira. Hauek dira, lurraldez lurralde, boto gehien jaso dituzten herriak:

Araba: Guardia

Bere klima, paisaia eta mahastiengatik, Euskal Herriko lurralderik berezienetako bat da Arabar Errioxa. Eta haren erdian kokatuta dago Arabako herririk ederrena bezala aukeratu duzuena: Guardia. Izenak iradokitzen duen moduan, harresitutako herria da, eta merezi du bere kaleetan ‘galtzeak’. Bertako upategiak eta herriguneko tabernetako gastronomia ederra ezagutzea gomendatzen dizuegu.

Kokapena:

Arabako hegoaldean kokatuta dagoen eremua da Arabar Errioxa. Kantauriko mendizarra du iparraldean, eta Ebro ibaia hegoaldean. Kokapen horrek, klima berezia ematen dio eskualdeari, mahasti eta ardogintzarako hain egokia dena. Haren erdian kokatuta dago Guardia edo Laguardia herria, muino baten gainean eta harresi batek inguratuta.

Zer ikusi:

  • Herrigune gotortua: Bere izenak iradokitzen duen moduan, harresitutako herria da. X. mendean sortu zen, Nafarroako Erresumaren defentsarako gune moduan. Harresiaz eta bertako ate ikusgarriez gain, herriak bi eliza ditu, San Juan Bautista eta Santa Maria de los Reyes, bakoitza herriaren alde banatan kokatua.
  • Ondarea: Merezi du bere kaleetan barrena ibiltzeak, oraindik ere erdi aroko izaera mantentzen baitute. Behin herrigunean, Santa Maria eliza, Abade Dorrea, Kaputxinoen konbentua eta San Juan eta Portal de los Abuelos ateak ikustea gomendatzen dizuegu. Udaletxeko plazan, ordulari bizidun bat dago; ordua jotzerakoan, inguruko dantzari eta pertsonaiak ateratzen dira, eta dultzainero eta gaita jotzaileen doinuan dantza egiten dute.
  • Upategiak: Ez da bakarrik inguruetako kontua, Guardian bertan ere ardandegi ugari daude. Izan ere, herriguneko etxe bakotzak du bere lurpeko bodega edo upategia, herri osoa tunelez eta pasabidez josita baitago, Gruyere gazta bat bailitzan. Horietako gehienak ordea, familiarrak dira, pribatuak, baina badaude bi ardandegi oraindik ere ardoa lehengo eran egin eta saltzen dutenak. Espazioa mugatua denez, ardandegi txikiak dira. El Fabulista izenekoa bisitatzeko aukera izan genuen, oso berezia eta erabat gomendagarria!
  • Trikuharria eta La Hoyako herrixka: Herriaren inguruetan ere badago zer ikusia. Laguardiatik gertu, Neolito Aroko trikuharriak nahiz Brontze Aroko herrixka bat aurkitu ditzakegu. Bilar herrian dago eskualdeko zortzi trikuharrietan ezagunena, Sorginen txabola deiturikoa. Handik oso gertu, La Hoyako herrixka eta haren interpretazio zentroa ere bisitatu daitezke.

Non lo egin:

  • Guardiak ez du furgoneta edo autokarabanentzako prestatutako leku berezirik, baina herrigunearen bueltan dauden lau parkinetakoren batean pasa daiteke gaua, beti ere zentzuz eta atentziorik deitu gabe eginez gero.
  • AKgune edo area baten lasaitasuna nahiago baduzue, Labastidan eta Eltziegon autokarabanentzako prestatutako gune bana daude, biak ere toki lasai eta egokian.

Bizkaia: Lekeitio

Euskal Herriko herri, paraje eta hondartzarik dotoreenetako batzuk biltzen ditu Bizkaiko kostak. Arroka eta harkaitz artean, arrantzale herri biziak daude, azken urteetan asko hazi badira ere, nortasunari eusten diotenak. Horietako bat da Lekeitio, Lea-Artibai eskualdean. Itsas etzean kokatuta egoteak, kaleetako giro biziak, gastronomiak eta AK gune eder bat izateak egiten dute berezi. Herri dotorea eta bizia da aldi berean, eguraldi ona dagoen asteburuetan eta udan, jendetza biltzen da. Merezi du ezagutzeak!

Kokapena:

  • Urdaibaiko arroak bitan zatitzen du Bizkaiko kosta, eta haren ekialdean dago Lea-Artibai. Ondarroatik abiatu eta kostako bideari jarraituta, berehala iritsiko gara Lekeitiora. Oraindik ere arrantzari eusten dion herrietako bat da, baina egun, turismoa da herriaren jarduera ekonomiko nagusia. Otoio eta Lumentza mendien artean kokatua dago eta Lea ibaiak zeharkatzen du.

Zer ikusi:

  • Portua eta eliza. Portu aldea ederra da benetan, eta merezi du bertatik moilaraino buelta bat emateak. Eguraldiak laguntzen duen asteburuetan, jende asko biltzen da bertan, eta zaila egin daiteke aparkatzea. Portuko kalearen bukaeran, plaza handi bat dago, eta bertan daude udaletxea eta Andre Mariaren Jasokunde Eliza, estilo gotikoa eta erromanikoa nahasten dituen basilika zinez berezia. Haren ondoan dago Isuntza hondartza ere.
  • Hondartza eta irla. Lekeitioren beste berezitasunetako bat, Isuntza hondartzaren parean dagoen Garraitz edo San Nikolas uhartea da. Marea jaisten denean, oinez joan daiteke irlaraino, itsasgoran ordea, urak erabat estaltzen du bidea. Harkaitzez betetako arroka da, eta garai batean, ospitalea eta monastegi bat izan bazituen ere, gaur egun kaioak dira bertako biztanle nagusiak.
  • Itsasargia: Herrigunetik pare bat kilometrora dago Santa Katalina itsasargia. 1862an eraiki zuten eta 46 metroko garaiera du. Gaur egun nabigazio-teknologien interpretazio zentroa dago bertan, eta faroa bera eta itsasertzeko interpretazio zentroa ere bisitatu daitezke. Itsasargia bera ikusteaz gain, merezi du inguruko ikuspegiaz gozatzeko joateak. Herritik oinez ere joan daiteke; orduerdi inguruko bidea dago.

Non lo egin:

  • Lekeitiok AC gunea du 2011tik. Herritik kanpoaldera dago, Arropain auzoan, baina herrira oinez joateko moduan. Parking normal bat badirudi ere, ACentzako zerbitzu guztiak ditu (ura, ur zikinak…), eta baita merendaleku bat ere.
  • Hondartza ondoan lo egitea nahiago baduzue, Lekeitioren ondo-ondoan dagoen Karraspio hondartza (Mendexa) leku bikaina da. Udako denboraldian langa moduko bat jartzen dute, 2 metrotik gorako ibilgailuak ez sartzeko; guk ordea, apirilean ez genuen bertan lo egiteko arazorik izan. Txiringitoa eta taberna, merendalekua, iturria eta komun publikoak (giltzak txiringitoan eskatu) daude.

Behe Nafarroa: Donibane Garazi

Pirinioen magalean eta Errobi ibaiaren ondoan aurkitzen da Donibane Garazi. Bere historia aberatsa Nafarroako erreinuari eta Santiago Bideari lotuta egon izan da. Gotorleku eta pasabide izateak izaera berezia eman die bai garaztarrei eta baita bertako kaleei ere. Baxe Nafarroako hiriburua bada ere, 1.500 biztanle inguru ditu. Hala ere, kale bizi eta alaiz osatutako herria da, eta nola ez, bisita on bat merezi duena.

Kokapena:

  • Behe Nafarroaren hego mendebaldean kokatuta dago Donibane Garazi, Pirinioen magalean eta Errobi ibaiaren ondoan. Hiribildua XII. mendean sortu zen, Nafarroako erresumaren altzoan. Orreagara zijoan erromatar galtzarekin lotu eta Santiago Bideko puntu garrantzitsu bihurtu zuen, Europatik zetozen ibiltari gehienak bertatik pasatzen baitziren, Iruñeara bidean.

Zer ikusi:

  • Herrigune historikoa: Erdi aroko herrien ohiko egitura mantentzen du Donibane Garaziko herrigune historikoak. Malda baten gainean dagoenez, aldapan eraikita daude bere kaleak. Etxeek ere garai bateko arkitektura mantentzen dute, txuri, gorri eta berde koloreez jantzita, eta atarian, harrian idatzita, etxea egin zutenen izenak dituztela.
  • Harresia eta zitadela: Donibane Garazik harresi batek inguratutako herrigune ikusgarria du. XIII. mendean Antso Azkarra erregeak eman zion gotorleku izaera. Horren lekuko da herriaren gainaldean dagoen Mendigurengo zitadela; egungo eraikina XVII. mendekoa da, baina erdi aroko gazteluaren gainean eraikia izan zen. Harresia bera ere bisitatu daiteke. Herrigune harresituak dituen bost sarreretako batetik igo daiteke harresira, eta ia itzuli osoa eman dakioke herriguneari.
  • Eliza eta sarrera: Hiribilduaren sorrera garaikoa da Santa Eulalia eliza. Hari lotuta, herriaren sarrerako ate ikusgarria dago, Saint Jean izenekoa, kanpandorre eta guzti. Errobi ibaia zeharkatzen duen Eiheraberri erdi aroko zubia ere bertan dago, garai batean, herrirako sarrera nagusietako bat zena.

Non lo egin:

  • Lo egiteko aukera onak eskaintzen ditu Donibane Garazik. Batetik, herri sarreran frontoi aldera hartuta, Plaza Berri Udal kanpina dago. Merkea da (abuztuan 15 eurotik behera) eta zerbitzu guztiak ditu. Herrigunetik oso gertu dago, eta oinez abiatuta apenas bi minutuan iritsiko gara kale nagusira.
  • Donibane Garazik badu AC guneaere. Herriaren beste aldean dago, kiroldegiaren eta errugbi zelaiaren ondoan. 7 euro ordaindu behar da, baina trukean WCa hustu, ura bete eta argindarra ere har daiteke. Herrigunetik gertu dago hau ere, oinez joanda, 5 bat minutura.

Gipuzkoa: Hondarribia

Euskal kostaldeko herririk dotoreenetako bat da Hondarribia. Itsasoaren eta Bidasoa ibaiaren ondoan eta Jaizkibelen magalean kokatuta egoteak, bere alde zaharrak eta arrantzale auzoak egiten dute hain berezi. Horri, bere jaiak eta itsasoari lotutako gastronomia eskaintza ederra gehitu behar zaizkio. Hona hemen Hondarribia ezagutzeko arrazoietako batzuk:

Kokapena:

  • Gipuzkoa eta Lapurdi, hegoaldea eta iparraldea banatzen dituen Bidasoa ibaiaren aldamenean dago (pare-parean du Hendaia), eta nola ez, itsasoaren ondoan. Itsas portua, kirol portua eta hondartza ditu. Herriaren atzean, zaindari moduan, Jaizkibel.

Zer ikusi:

  • Parte zaharra: Erdi aroko egitura eta harresiak mantentzen ditu Hondarribiko parte zaharrak. Balkoi ederrek apaindutako etxe eta kaleez gain, Gipuzkoa plaza eta Armen plaza ikustekoak dira.
  • Itsas aldea: Herriaren behealdean, itsasotik gertu, garai bateko arrantzaleen etxeek osatzen duten San Pedro kalea dago. Taberna ugari ere badaude, pintxo ederrekin. Ez gelditu Gran Sol tabernakoak probatu gabe.
  • Higer eta Jaizkibel: Higer lurmuturrean arrantzaleei ongietorria egiten dien faroa dago. Bista ederrak daude bertatik. Nahi duenak oinez, eta nahiago duenak autoz, Jaizkibelera doan bidea hartu dezake handik. Itsasertzeko paisaia ederrek lagunduta igoko gara; gainean, Ama Guadalupekoaren ermita eta San Enrike gotorlekua aurki daitezke.

Non lo egin:

  • Kanpinak: Hondarribian bi kanping daude, biak ere herrigunetik nahikoa urrun. Bata Jaizkibel kanpina da, herritik gora, mendialdean dagoena. Bigarrena, Higer, izen bereko lurmuturrean dago kokatuta.
  • Areak: Urte askoan autokarabana eta furgoneten egonaldiak baimenduta egon ziren Hondarribian, eta jende asko joaten zen hondartzako aparkalekura, asteburupasa. Udalak, ordea, turismo mota hori mugatu egin nahi izan zuen, 5 metroko luzeera eta 2 metroko zabalera gainditzen zuten ibilgailuak herri osoan debekatuz. Autokarabanista elkarteek auzitegietara jo zuten, eta epaileak arrazoia eman bazien ere, oraindik ikusteko dago arau aldaketa nola gauzatuko den.

Lapurdi: Sara

Lapurdiko eta Euskal Herriko herririk ederrenetako bat da Sara. Haren ingurune berdea, kale eta etxe ederrak eta herria hain ezagun egin duen koba ditu berezitasunetako batzuk. Egun edo asteburu pasa joateko leku aproposa da. Zatozte!

Kokapena:

  • Ipar Euskal Herrian, Lapurdiko hego-mendebaldean kokatuta dago Sara herria, Larrun mendiaren magalean eta Nafarroarekin muga eginez. Ainhoa, Urdazubi eta Zugarramurdirekin batera, mugaz gaindiko Xareta eskualdea osatzen du.

Zer ikusi:

  • Herrigunea: Herrigunean plaza eta haren ingurua bisita daitezke. Iparraldeko arkitektura mantentzen duten hainbat etxe eta hotel eta ostatuz inguratuta dago. Plazaren alde batean frontoia edo errebotea dago (Ipar Euskal Herrian frontoirik gehienek frontisa edo horma bakarra dute) bere harmailekin.
  • Eliza: Pilotalekuaren ondoan dago San Martin eliza, aldamenean hilerria ere baduena. Bertan, urte askoan Saran bizi izan zen Joxemiel Barandiaranen oroigarria ikus daiteke.
  • Sarako Lezeak: Herrigunetik pare bat kilometrora, mendira bidean daude Sarako leze edo kobak. Bisita gidatuak eskaintzen dituzte hainbat hizkuntzatan (ordutegiak kontsultatu). Bisitak ordubete inguruko iraupena du eta kilometro bat egin daiteke kobako pasabideen artean. Ibilbidean zehar, milaka urtez sortzen joan diren formazio geologiko bitxiak edota duela 10.000 urte arte bertan bizi izandako hartzaren aztarnak ikus daitezke; baita egun oraindik bertan bizi diren saguzarrak ere. Argien, soinuaren eta ikus-en tzunezkoen bidez, gizakiaren eboluzioari eta Joxe Migel Barandiaran arkeologo eta etnografoak bildutako euskal mitologiaren inguruko informazioa ematen dute.
  • Pottoken ibilbidea: Historikoki harreman handia izan dute Sara eta Zugarramurdi herriek. Horren adibide da biak lotzen dituen oinezko bidea. Garai batean kontrabandistek erabiltzen zuten bidea dela esaten da, eta baita 36ko Gerran eta ondoren frankismotik ihesi zebiltzanei muga zeharkatzen laguntzen zieten mugalariek ibiltzen zutena ere. Sarako kobetatik abiatuta, ibilbide ederra da eta ondo markatuta dago (pottoka urdin batzuen marrazkiekin). Ordubete inguruko bidea eta erraz egiteko modukoa.

Non lo egin:

  • Sarak badu gaua pasatzeko prestatutako AKgunea. Kasik herrigunean bertan dago, eta plaza txukunak ditu.
  • Kanpina nahiago duenak, Sara herriaren inguruan hainbat aurki ditzake. Tellechea, Goyeneche eta La Petit Rhune dira horietako batzuk. Ikusi Euskal Herriko kanpinen gida.

Nafarroa: Otxagabia

Euskal Herriko tokirik eder eta berdeenetako bat daZaraitzu bailara. Pirinioen magalean kokatuta dago, eta baso aniztasun izugarriak eta menditik gertu egoteak, xarma berezi ematen dio. Hantxe dago Otxagabia, Nafarroako herririk ederrena aukeratu duzuena. Mendialdeko herrien arkitektura tipikoa mantentzen du, arbelezko teilak dituzten harrizko etxeekin.

Kokapena:

  • Nafarroako ekialdean, Pirinioen magalean kokatuta dago Zaraitzu bailara. Haranean gora joanda dago Otxagabia, Andoña eta Zatoia erreken bat egin eta Zaraitzu ibaia sortzen den tokian. Zaraitzu bailarako herri nagusia da, bai biztanle eta bai zerbitzu aldetik.

Zer ikusi:

  • Herrigunea: Otxagabiaren herrigunea ikusgarria da. Andoña errekaren bi aldeetan banatuta dago herria, eta bi aldeetan harrizko egitura mantentzen duten etxe ederrak ikus daitezke. Baita bi aldeak batzen dituen erdi aroko harrizko zubia ere.
  • Eliza eta jauregi-etxeak: Herrigunearen gainaldean, XVI eta XVII. mendeen artean, eraikin zaharrago baten gainean egindako San Juan eliza dago. Urrutia, Iriarte eta Donamaria jauregi-etxeak ere ikus daitezke, euren armarriekin. Etxe askotan, gainera, eguzkiloreak ikusiko ditugu atarietan.
  • Muskildako ermita: Otsagabiatik bertatik egin daitekeen ibilbideetako bat, Muskildako ermitara daramana da. Errepidez ere joan daiteke, baina herrigunetik abiatzen den bide zaharra da egokiena. XII. mendeko eraikina da, gain batean dago, eta bertatik herri osoa zaintzen duela dirudi.
  • Orhipean jaialdia: Urtero, abuztuko azken larunbatean, Orhipean jaialdia ospatzen dute Otxagabian. Herri osoak ehun urtez atzera egiten du, garaiko jantziak eta ofizioak gogora ekarriz. Eskola zaharra, arropak errekan garbitzea, zapataria, dentista… denetarik ikus daiteke herrigunean. Errekaz bestalde, azokako postuak egoten dira. Egun ederra izaten da bisitariarentzat, eta oso giro ona sortzen da egun osoan zehar.
  • Iratiko basoa: Otxagabia, Iratiko basorako sarbideetako bat ere bada. Euskal Herriko basogune zabal eta aberatsena da Irati. Oinezko hainbat ibilbide egin daitezke (ondo markatuta daude). Horrez gain, neguan eski nordikoa egiteko aukera dago. Udari begira berriz, BTT gune bat dago, eta hainbat kirol proba ere egiten dira.
  • Larraine eta Orhi: Paisaia eta ikuspegi aldetik leku magikoak dira. Nafarroatik Zuberoara daraman errepidean dago Larraineko portua (1.578 m), bien arteko muga lana eginez. Handik, ordu eta erdi inguruko (gehienez bi ordu) bidea dago Orhiko (2.017 m) gailurrera. Bi mila metrotik gorako Piriniotako lehen tontorra da, eta bidean zein gailurrean, ikuspegi zoragarriak eskaintzen ditu. Besteak beste, Pirinioen mendilerroa, Iratiko basoak eta Zuberoa aldeko lur berdeak ikusten dira.

Non lo egin:

  • Herriaren sarreran dago Osate Kanping-a; txikia izanagatik oso ondo dago, eta zerbitzu guztiak eskaintzen ditu. Gainera, bertatik oinez joan daiteke herrigunera, apenas 5 minutuan. 
  • Herriaren bukaeran, azken zubia pasata, parking handi bat dago, sagardotegiaren ondoan. Bertan, autokarabana eta furgonetentzako gordetako hainbat plaza daude.
  • Herritik aurrera, Izabako norantzan, errekaren ondoan dagoen merendaleku bat bilatuko dugu; udan Otxagabiko ‘hondartza partikularra’ bihurtzen dena.
  • Irati: Gaua bertan pasa daiteke, baina toki babestua denez gero, nahiko kontrolatuta dago. Parkearen webgunean diotenez, Arrazolako akanpalekuan egon liteke; hori bai, 4 euroko kuota ordaindu behar dute furgoneta edo autokarabanek.

Zuberoa: Maule-Lextarre

Eta Euskal Herriko herririk ederrenetan barrena egiten ari garen bidaia bukatzeko, Zuberoako paisaia berde eta lasaietan murgilduko gara, hango hiriburua, Maule-Lextarre ezagutzeko. Kapital izaera izanagatik, ordea, herri baten tamaina duela esan liteke, 3.400 biztanle inguru baititu. Herria bitan banatzen duen Uhaitza ibaia, Maule zaharra eta bere gaztelua, eta plazako merkatua eta errebotea dira haren berezitasunetako batzuk.

Kokapena:

  • Euskal Herriaren ekialdean, Pirinioen magalean eta Uhaitza errekak bustita, hantxe dago Maule-Lextarre, Zuberoako hiriburua. Herria bi zatitan banatuta dago; Lextarren daude herriko etxea, plaza nagusia, turismo bulegoa eta beste hainbat zerbitzu. Uhaitza ibaiaren beste aldean berriz, Maule zaharra dago, hiriburuaren gune historikoa dena.

Zer ikusi:

  • Herrigunea: Herriaren behekaldean, garai bateko Lextarre herria zen tokian, Mauleko herrigune nagusia aurkituko dugu. Plaza zabala du, errebote edo pilotalekuarekin. Larunbat goizetan azoka egiten dute bertan. Handik gertu daude Andurain jauregia, udaletxea eta San Joan bataiatzailearen eliza.
  • Maule zaharra: Uhaitza ibaiaren beste aldean dago Maule zaharra, hiriburuaren herrigune historikoa. Bertan, merkatua edo azoka egiten duten gune estalia dago, plazaren erdian. Haren inguruan, Andra Mari eliza dago, XIV. mendekoa, eta Xiberoan hain ohikoa den hiru puntako dorrearekin.
  • Gaztelua: Maule zaharretik goraka joanda (bide bihurria eta estua dago), Mauleko gaztelu zaharrera iritsiko gara. XII. mendean eraikitako gotorlekua da, egurrezko zaharrago baten gainean eraikia. 1925eaneraikin historiko izendatu zuten eta geroztik berritu eta mantentzeko lan ugari egin dituzte. Eraikin nagusia, galerak eta harresiak ikus daitezke, eta bertatik, Mauleko bistarik ederrenaz gozatu.

Non lo egin:

  • Furgonetan edo autokaraban ibiltzeko oso lurralde egokia da Xiberoa. Abuztuan turismo aldetik mugimendu gehiago badago ere, orokorrean nahiko toki lasaia da, eta edozein herritako aparkalekutan ez dugu lo egiteko arazorik izango, beti ere, errespetuz eginez gero.
  • Maule-Lextarren bertan, herriko plaza nagusitik gertu, eliza aldera joan eta ezkerretara hartuz, parkin handi bat ikusiko dugu eskola baten ondoan. Lo egiteko toki aproposa da, herrigunean bertan.
  • Uhaitza da Mauletik gertuen dagoen kanpina. Izen bereko ibaiaren ondoan dago kokatuta (udan bainatu daiteke), eta instalazioak, zahar xamarrak badira ere, ondo daude.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude