Oskar Astibia (Kamperbide): «Egokitzapen pertsonalizatuak egiten ditugu, bezero bakoitzaren beharretara egokituta»

Kanper munduak jende on ugari ezagutzeko aukera eman digu, eta horietako bat da Oskar Astibia leitzarra. Bere jaioterrian sortu zuen Kamperbide proiektua duela sei urte, eta geroztik, kanper arloko egokitzapen pertsonalizatuak egiten ditu. Familiatik datorkio arotzen lanbidea, baina berak kanper mundura eraman du. “Mendiaz, gure inguruaz eta kulturaz maiteminduta” dagoela dio, eta nola ez, kanper munduaren arra barruraino sartu zaio. Tailerrean lanean ez dagoenean, furgoneta hartu eta familiarekin eta lagunekin bidaiatzeko aprobetxatzen du.

Nondik sortu zen ideia? Noiz eta nola hasi zinen proiektu honekin?

Duela 6 urte inguru hasi nintzen furgonetak egokitzen; bertako jendea inguratzen zitzaigun, bere furgoan armairuak edo ohetxo bat egiteko eskatuz. Azkenean, esperientzia hartuz, egokitzapen osoak egiten ausartu ginen.

Nire arbasoak, belaunaldiz belaunaldi, aitona, aita eta  ni, zurgin lanean aritu gara, egurra lantzen, etxeak egokitzen… Gainera aitonak gurdiak egiten zituen, akaso hortik datorkit nire kanperizatzeko afizioa, gurdiak eta etxeak egokitzea elkartuz, zeinek daki!

Oso gaztetaik datorkit furgonetarekin ibiltze hori, parrandara joateko, beste herriak ezagutzeko eta mendira urbiltzeko modu polita delako, bertan lo egin eta eguna argitzean inguruko bistak ikusteak ez du parekorik.

Zein da egiten duzuen lana? Zertan zaudete espezializatuta?

Orokorrean kanper egokitzapenak egiten ditugu, gure espezializazioa egokitzapen pertsonalizatua da; hurbiltzen zaigun bezero bakoitzaren beharretara egokituta egiten dugu lan.

Koronabirusaren krisiak nola eragin du zuen lanean?

Beste arlo askotan bezala, eragin handia jasan dugu koronabirusarekin, alde batetik lana eten behar izan dugu egun batzuetan, osasun segurtasuna dela eta. Gainera, hornidurak geldituta izan ditugu, eta honek atzerapen handiak ekarri dizkigu bezeroari kanperra entregatzekoan.

Furgonetaz edo autokarabanaz bidaiatzeko zaletasunik ba al duzu?

Bai, orain gero eta gehiago, esaten den bezala, arra sartuta dut gorputzean! Orain familia eta lagunekin partekatzen dut zaletasun hau, aste buruak eta denbora librean Euskal herriko txokoak elkarrekin ikusteko.

Nola ikusten duzu autokarabana eta kanper mundua?

Nire ikuspegitik, autokarabana eta kanper munduan bide onetik goazela ikusten dut, badaude oraindik asko hobetu beharreko kontu batzuk, bidegabeko lege eta arau horiek, adibidez, baina pausoz pauso aurrera goaz.

Gero eta jende gehiagok egiten du turismo mota honen aldeko apustua. Nabaritu al duzue azken urteetako gorakada?

Bai asko nabaritu da, denak dakigun moduan asko igo da afizio hau, eta guk gure lanean bereziki, nabaritu dugu, jende asko hurbiltzen baita gurera!


KAMPERBIDE:

  • Herria: Leitza (Nafarroa)
  • Helbidea: Pol. Landa 8b4
  • Telefonoa: 669 707 916
  • E-posta:  info@kamperbide.com
  • Webgunea: https://www.kamperbide.com/

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude