«Kalitatezko produktuak dira, abentura gustatzen zaion jendearentzat»

Txikitatik ezagutu izan du Aimar Alonsok furgonetan bidaiatzea zer den, eta afizio zena, ofizio bihurtu du urteekin. Duela bost urte sortu zuten Norantz enpresa, eta neurri handiko furgonetetan espezializatu dira; MAN TGE 4×4 furgoneta oinarri hartuta, 2, 4 edo 5 bidaiarirentzako modeloak sortu dituzte. Produktuen eta ibilgailuen kalitatea eta 4x4ak eskaintzen duen askatasuna dira haien ezaugarri nagusiak. Haien ibilgailuak Euskal Herrian saltzen hasi ziren, eta pixkanaka estatuan eta nazioartean ere zabaltzen ari dira. Egun, 15 laguneko lantaldea dute Zizurkilgo lantegian.

Nondik sortu zen ideia? Noiz eta nola hasi zinen proiektu honekin?

Hogei urte nituenetik lanean aritu naiz, elektrikari modura, Jason eta Oronan. Ondo moldatzen nintzen, baina beti nuen beste zerbait egiteko gogoa. Gurasoekin txiki-txikitatik ezagutu dut furgoneten mundua, ijitoak bezala ibiltzen ginen garai hartan! Gaztetatik lan eginda, beti nuen furgoneta bat erosteko ilusioa. Koddi zurgintza enpresara jo nuen, altzari batzuk egingo ote zizkidaten galdezka. Bertako Koldorekin harremana egin nuen, eta FurgoKoddi bezala hasi ginen furgonetentzako altzariak egiten. Bera egurrarekin abila zen eta ni elektrizitate kontuetan ondo moldatzen nintzen. Lauzpabost urte egin nituen han, lan asko egin genuen.

Beti gauza eta ideia berriak izaten ditut buruan, eta pauso bat aurrerago emateko beharra ikusten nuen, altzariak bakarrik egitetik, kanperizazio osoetara pasatzekoa. Nire bazkideak ordura arteko neurrian jarraitu nahi zuen lanean, beste abenturatan sartu gabe, eta bakoitzak bere bidetik jotzea erabaki genuen. Zalantza momentu bat izan nuen hor, norantz jo ez nekiela, eta izena ere hortik sortu zen. Gainera asteburuetan furgonetan joaten garenean askotan erabiltzen dugun hitz bat da, “norantz joango gara?”. Horrela sortu zen Norantz Furgonetak. Urte gutxian asko hazi da proiektua, eta egun hamabost langileko taldea gara.

Zein da egiten duzuen lana? Zertan zaudete espezializatuta?

Hasieran denetik egiten hasi ginen, autokarabanak konpondu, bizikletak eramatekoak jarri, hozkailuak… Baina pixkanaka furgoneta edo kanper handietara jo dugu, eta horretan espezializatu gara.

Gogoan dut Aritz eta Estitxu etorri zirela, Iruñeako bikote bat. Man furgoneta bat zuten, eta zeharo maiteminduta gelditu nintzen furgoneta harekin. Egin genien kanperizazioa eta oso harrera ona izan zuen, azoketan-eta. Horren ondorioz eskari asko etorri ziren.

Pixkanaka gero eta prozesu industrialagoak eta automatizatuagoak sartzen joan gara, kontrol numerikoa erabiliz-eta. Lehen kotxea erreformatu egiten genuen; gaur egun Man-en kotxea zuzenean dator, eta gu gara ekipatzaileak. Nolabait esateko, 2. faseko fabrikatzaileak gara. Urtean 40 bat furgoneta egiten ditugu, asteko bat, gutxi-gorabehera.

Lan egiteko prozesua asko aldatu dela esan duzu. Modelo ezberdinak ere badituzue orain, ezta?

Beti esan ohi dut nireak oso diseinu neurekoiak direla, nik neure beharren arabera diseinatutako modeloetatik abiatzen direlako.

Sortu genuen lehen modeloa Ipar izenekoa izan zen. Bi lagunentzako pentsatuta dago, orduan gu ere bikotea ginelako. Dagoeneko 100 bat ibilgailu saldu ditugu modelo horretakoak. Gero umea izan genuenean, bigarren modelo bat diseinatu nuen, Ipar 2+2 izenekoa. Eskaria bazegoen lau plazako kotxeak egiteko, eta Ipar modeloari tetxu altxagarria jarri genion. Momentuak eskatzen duenaren arabera joan gara egokitzen.

Duela urtebete Ipar 4 modeloa atera genuen, altuagoa eta tetxuko modulo egonkorra duena. Eta orain beste modelo batean ari gara lanean, bost lagunentzako izango dena.

Modelo jakin batzuetan espezializatuta, jende jakin batengana iritsi nahi izan duzue orduan?

Kalitatezko produktuak dira, baina ezaugarri jakin batzuekin; ez dira edonorentzako furgonetak, abentura gustatzen zaion jendeari zuzenduta daude, batez ere. Denentzako balio dezaketen produktuak badaude merkatuan, eta etxe handiak daude hor. Guk, denentzako zerbait egin beharrean, zerbait selektoagoa egin nahi izan dugu, 4×4 ibilgailuak dira, kalitate jakin batekoak, selektoagoak azken batean. Jende jakin batengana iritsi eta merkatuan posizionatzeko modu bat da. Askotan pena ematen digu, bestelako zerbait nahi duen jende askori ezezkoa esan behar izaten diogulako, baina guk honetan sinisten dugu eta bide horretan jarraitu nahi dugu.

Koronabirusak, hornigaien krisiak, izan al dute eraginik zuen lanean?

Koronabirusak berak ez zigun askorik eragin, lan askorekin ibili garelako. Etxean egotea egokitu zitzaigun egunetan nahikoa izurratuta egon ginen, baino gainontzean lan faltarik ez dugu izan.

Gehiago nabaritu dugu hornigaien falta. Produktuak falta bazaizkigu ezin dugu lanik egin, eta orain, adibidez, zailtasunak izango ditugu ibilgailuak lortzeko. Litekeena da abenduan hilabete batzutarako itxi behar izatea, kotxerik gabe ezin dugulako lanik egin.

Gero eta jende gehiagok egiten du turismo mota honen aldeko apustua. Nabaritu al duzue azken urteetako gorakada?

Lehendik ere goraka zihoan eta koronabirusak potentziatu egin du kanper mundua, ematen duen askatasunagatik, turismo mota segurua delako… Eta are gehiago 4×4 kanperren sektorea, mendia, bidez kanpo ibiltzeko aukera, eta azken batean, oraindik askatasun sentsazio handiagoa ematen duelako.

Lehen bigarren etxe bat erosten zuenak orain furgoneta edo autokarabana erosten du. Zentzu horretan asko ari da dena aldatzen. Lehen furgoneten mundua merke bidaiatzeko edo aurrezteko modu bat zen, eta orain, gero eta gehiago, luxuzko zerbait bihurtzen ari da.

Gainontzean, nola ikusten duzu autokarabana eta kanper mundua?

Garbi dago arauketa bat behar dela. Goraka doan sektore bat da, eta behingoz onartu eta legalizatzen da, edo beti debeku kontuekin ariko gara. Gizarteak nahi duen zerbait da, eta debektuak ez dira konponbidea. Garaietara egokitu behar dute agintariek, hobeto araututa, area gehiago jarrita… eta baita kanpinek ere, furgonetak bertara joatera behartu beharrean, haiei zuzendutako eskaintza erakargarriagoak eginez.


NORANTZ

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude