Euskal inauterietara bidaia
Euskal Herriak hainbat eta hainbat tradizio mantentzen jakin du mendeetan zehar, gerrate, erlijio eta diktaduren gainetik. Eta horietako bat da herri inauteriena. Ihoteak, inauteak, inauteriak, aratusteak… izen askorekin ezagutzen dira aitzinako garaietatik datozen festa horiek. Haien jatorriari buruz hainbat teoria badaude ere, usterik zabalduena da naturarekin lotutako erritu bat dela, alegia, neguari agur esan eta udaberriari ongietorria emateko, zomorroak uxatzeko edo uzta onak eskatzeko egiten zirela.
Azken urteetan Euskal Herriko herri inauteririk esanguratsuenetako batzuk ezagutzeko aukera izan dugu, furgonetan egindako bidaiei esker. Ondorengo lerroetan, horiei buruzko informazioa emateaz gain, furgonetan inauteri horiek bisitatzeko hainbat aholku emango ditugu, zuentzat ere erabilgarri izan daitezen. Ez daude denak, baina atal hau denborarekin osatzen joateko asmoa dugu.
Inauteri horietako asko, egun jakin baten bueltan egiten dira, beste batzuk, urtez urte erabakitzen dituzte, eta badira, herriz herri egiten direnak ere. Joan aurretik, Dantzan.eus webgunearen egutegia kontsultatu edo aurrez herrira bertara deitzea komeni izaten da.
Lantzeko inauteria
Nafarroako Lantz herriko inauteria da frankismo garaiko debekuei aurre egin eta bere horretan hobekien mantendu den herri inauterietako bat. 1964an, artean ere diktadura garaian, herritarrek berreskuratu egin zuten, Caro Baroja anaiek urte hartan egindako dokumentalean ikus daitekeenez. Egun, kultur ondare moduan izendatuta dago.
Mielotxin, Ziripot, Zaldiko, Txatxoak eta Ferratzaileak dira pertsonaia nagusietako batzuk. Euskal Herriko beste hainbat herritan inauteriak berreskuratzen hasi ziren garaian, askok eta askok Lantzekoa hartu zuten erreferentzia moduan. Mielotxin pertsonaiak, beste herri askotan bezala, lapurra edo gaizkilea, gaitz guztien eragile den pertsonaia irudikatzen du. Hura arrapatu ondoren, herrian zehar desfilean erakusten dute, eta gero plazaren erdian erretzen da, egindako kalte guztiak ordainduz. Herritarrek, zortzikoa dantzatzen dute haren bueltan.
- Noiz ospatzen da: Otsailean, hausterre egunaren aurreko egunetan, astelehenez eta asteartez.
- Non aparkatu: Herri sarreran dagoen aparkalekuan.
- Ikusi Google Mapsen
- Koordenadak: N 42°59’56” / W 01°37’19”
Ituren eta Zubieta
Nafarroako Malerreka bailaran, Ituren eta Zubieta artean ospatzen da Euskal Herriko inauteririk ezagunenetako bat. Bertako joaldunak euskal inauterien ikurretako bat dira. Baina joareen martxaz eta soinuaz harago, bi herriotako ‘ihoteak’ duten kutsu basati eta transgresoreagatik ere ezagunak dira; eguerdi partetik aurrera, gazteek haien karrozak ateratzen dituzte kalera, gehienetan auto, motozerra, larru eta antzekoekin hornituta.
Urtarrileko azken asteko astelehen eta asteartean ospatzen dute; astelehenean, bi herrietako joaldunak elkartzen dira Aurtitz auzoan, eta Iturenerako bidea egiten dute joareak astinduaz. Asteartean berriz, kontrako bidea egiten dute, eta iturendarrak dira Zubietarainoko bidea egiten dutenak.
Bi herrietako joaldunak modu ezberdinean janzten dira; Iturengoek artilez estaltzen dute gorputz osoa, eta ttuntturroaz gain, zapi gorria janzten dute lepoan; Zubietakoek berriz, gerri bueltan bakarrik izaten dute artilea, eta ator zuriz janzten dira.
- Noiz ospatzen da: Urtarrileko azken astelehen eta asteartean.
- Non aparkatu:
- Ikusi Google Mapsen.
- Koordenadak: N 43°07’41” / W 01°42’28”
Zuberoako Maskarada
Euskal Herriko inauteririk berezienetako bat mantentzen du Xiberoak: Maskaradak. Herri batek hartzen du urtero maskarada antolatzeko ardura, eta negutik udaberrira bitartean, asteburuero herriz herri egiten dituzte barrikadak, dantzak eta antzezpenak, egun osoko egitaraua osatuz.
Goizean hasita, kalez kale eta etxez etxe joan, eta barrikadak egiten dituzte, antzezpen laburrak eta kantuak eskainiz. Trukean, auzotarrek jakiak, edariak edota dirua ematen diete. Eguerdian dantza saioa eta antzezpen labur bat egiten dituzte, eta bazkaltzeko etena iristen da ondoren. Hainbat herritan, bazkari herrikoian parte hartzeko aukera izaten da.
Bazkalondoan, herri osoaren aurrean egiten dute antzezpen luzeago bat; bertan, herriko nahiz inguruetako kontuak azaltzen dituzte, umorez. Maskaradako pertsonaietako batzuk dira buhameak, kantiniersak, xorrotxak, dantzariak edota kauterak, eta nola ez, Pitxu bihurria.
Maskaradetara eta orohar Xiberoara aurreneko aldiz joan aurretik, Manexaren gida irakurtzea gomendatzen dugu, xiberotarrek hala deitzen baitigute bertakoak ez garen gainontzeko euskaldunoi.
- Noiz izaten dira: Urtarriletik apirilera bitartean, larunbat edo igandetan.
- Non aparkatu: Asteburu bakoitzean herri ezberdin batean egiten dute. Aurtengo egutegia hemen ikus dezakezu.
Baztango Gizakundea
Nafarroako hainbat herritan, Gizakundea izena ere hartzen du inauteriak, eta Baztango Arizkun eta Erratzu herriek ospatzen dutena da horren adibidea. Otsail erdialdean egiten dute. Pertsonaia nagusia den Hartza, joaldunek, dantzariek eta musikariek lagunduta, herri batetik bestera joaten dira, urtez urte txandatuz.
Hartzak neguaren bukaera eta udaberriaren hasiera sinbolizatzen du askoren ustez. Beste batzuentzat, berriz, nekazarien uztak eta animaliak hiltzen zituen, eta horregatik hura ehizatzeko momentua irudikatuko luke inauteriko pertsonaiak. Herrian barrena ibili eta gero, suaren bueltan dantza eginez bukatzen dute festa.
Arizkunen badute beste ohitura berezi bat, eta hori, dantzarien zortzikoa eta sagar dantza dira. Herri honek lotura handia du sagarrarekin, eta ianuteriez gain, Kirikoketa Eguna ere ospatzen dute urtero. Kirikoketa, sagarra makila luze batzuekin jotzerakoan sortzen den erritmo multzoa da, askoren ustez, txalapartaren aurrekari dena.
- Noiz izaten da: Inauteri asteartean.
- Non aparkatu: Herrian bertan edo Arizkungo AKgunean:
- Ikusi Google Mapsen
- Koordenadak: N 43°10’43” / W 01°29’17”
Lesakako Zakuzaharrak
Lesakako ihoteek ere mantentzen dute garai bateko kutsua. Inauterien asteburuan, Zakuzarrak, Mairuak eta Goitarrak ateratzen dira kalera.
Irteera eta desfilea arratsalde-iluntze partean izaten bada ere, merezi du lehenago joan, eta zakuzarrak nola prestatzen diren ikusteak. Izan ere, zakuak jantzi eta lastoz betetzen dituzte, taldean. Plazaren erdian lasto piloa egin, eta han egiten dute betetze lana. Hainbat herritar aritzen dira haiei laguntzen, bai betetzen eta baita zakuak josten ere.
Segidan, desfilean ateratzen dira, maskuri edo puxika beteekin jendea joz eta izutuz. Herria zeharkatu eta gero, erromeria giroan eta goizaldera arte luzatzen den festarekin bukatzen dituzte inauteriak.
- Noiz izaten dira: Inauteri igandean
- Non aparkatu: Frontoiko aparkalekuan
- Ikusi Google Mapsen
- Koordenadak: N 43°14’50” / W 01°42’21”
Zalduondoko Markitos
Orain arte aipatutako inauteriak Nafarroan eta Iparraldean kokatzen dir, baina beste herrialdeetan ere badira aipamena berezi duten inauteriak. Horietako bat da Arabako Zalduondo herrikoa. Herri tradizioan oinarritutako ospakizun hau 1975ean berreskuratu zuten, frankismo garaiko debekuaren ondoren.
Markitos da inauteri honetako pertsonaia nagusia. Mielotxinekin gertatzen den bezala, gaizkia errepresentatzen du. Makila luze baten gainea jarri eta herrian zehar eramaten dute desfilean, inauterietako beste pertsonaia batzuek (hartza, ardiak, porreroak…) lagunduta. Ondoren herri epaiketa bat egiten zaio, eta urtean zehar herrian gertatu diren gauza txar guztiak leporatzen dizkiote. Zigor moduan, sutan erretzen dute, haren inguruan dantzan bukatzeko.
- Noiz izaten da: Inauteri igandean.
- Non aparkatu: Herrigunean edo aparkaleku honetan:
- Ikusi Google Mapsen
- Koordenadak: N 42°53’13” / W 02°20’38”
Baxe Nafarroako Libertimendua
Aurretik aipatutako inauterien aldean, ezberdina da Libertimendua, nahiz eta elementu komun batzuk badituen. Dantza, desfilea eta antzerkia uztartzen dituen ekitaldia dela esan liteke. Hainbat urtez utzita egon eta gero, Garaztarrak Dantza Taldekoak hasi ziren berreskuratzen, 2005. urtean. Geroztik, Baxe Nafarroako hainbat herritan ospatzen da. Duela urte batzuk, Donibane Garazikoa ezagutzeko aukera izan genuen, eta merezi du!!
Xiberoako maskaraden moduan, herrian barrena ibiltzen dira mozorrotutako pertsonaiak, desfile koloretsua osatuz, eta tarteka geldituz eta dantza saioak eginez. Bukaera, dantza, bertso eta antzerki emanaldi batekin ematen diote. Bertan, zirtzilek, umorea erabiliz, urteko gertakari nagusiei aipamena egiten diete.
- Noiz izaten da: Hainbat herritan ospatzen da, otsailean.
- Non aparkatu: Donibane Garaziko AKgunean
- Ikusi Google Mapsen
- Koordenadak: N 43°09’54” / W 01°13’55”
Beste inauteri batzuk
Sarreran esan dugun moduan, Euskal Herrian barrena makina bat inauteri herrikoi mantentzen dira, eta zerrenda hau osatzen joango gara pixkanaka. Begiz jota ditugunen artean daude Mundakako Atorrak eta Lamiak, Altsasuko Momotxorroak, Lapurdiko Kastarotak….
Azken iruzkinak: