Arratia bailara furgonetan

Gorbeiako eta Urkiolako parke naturalen magalean, eta Arratia ibaiak bustita, Bizkaiko bailararik berde eta ederrenetako bat ezkutatzen da. Askorentzat ezezaguna bada ere, Arratia bailarak sekretu asko gordetzen ditu: Nekazal giroko herriak, palazioak diruditen baserriak, tradizioak, legendak eta naturgune harrigarriak. Zatozte gurekin, ez zaiue damutuko!

Bidea

Arratia bailara Bizkaiko hegoaldean dago, Arabarekin mugan. Arteatik hasi dugu gure ibilbidea, eta handik, Areatza eta Zeanuri ezagutu ditugu. Bi parke naturaletara ere egin dugu bisita, Urkiolara aurrena, santutegia eta inguruak ikusiz, eta Gorbeia aldera ondoren, Otzarretako pagadia ezagutzeko.


Urkiola

Durangotik barrena eta Mañariatik gora iritsi gara Urkiolara. Parke naturala izateaz gain, santutegi ezaguna bertan kokatuta dagoelako da ezaguna toki eder hau. Tradizioak dio, elizaren aurrean dagoen harriari hiru itzuli eman behar zaizkiola, bikotekidea aurkitzeko.

Aparkalekura iritsi bezain pronto, ogia, erroskilak eta pastelak saltzen dituen postu batekin egin dugu topo. Eguna hasteko modu ederra!

Eliza eta inguruak bisitatu ondoren, Urkiola inguruko basoan murgildu gara. Gurutzebidea jarraituz, Urkiolako begiratokira iritsiko gara. Handik, inguruko mendien ikuspegi zoragarria dago.


Artea

Urkiolatik behera Otxandio aldera jo dugu, eta handik, Diman barrena, Arteara iritsi gara. 750 bat biztanleko herri txiki eta lasaia da. Udal kiroldegiaren ondoan utzi dugu autoa, eta leku lasaia iruditu zaigu, bertan lo egiteko modukoa. Eta halaxe egin dugu, beste hainbat herri ikusi eta gero, bertara itzulo baikara gaua pasatzera.

Aparkalekuaren ondoan dago Euskal Baserriaren Ekomuseoa, baserri formako ostatu baten ganbaran kokatuta. Bisita gidatuak egiten dituzte (aurrez deituta hobe). Baserriko bizimodua eta lan moldeak azaltzen dituzte bertan, hainbat gela edo moduloren bidez. Arratiako tradizioan, Euskal Herri osoan bezala, emakumeak izan duen garrantziaz hitz egin digute bertan, ez bakarrik etxearen ardura berak zuelako, baita familia buru eta etxeari eta familiari zegozkion erabaki garrantzitsuenak hartzen zituena bera zelako ere. Baita mediku, joskin, sukaldari eta beste hainbat ofizio ere, eta mitologiaren arabera, baita sorgin ere!

Herrigunetik 500 bat metrora,  paseo bat emanez, San Migel baseliza bisitatu daiteke.  Elexabeitia auzoan dago eta eraikina berezia da oso, ia erabat egurrez eraikita baitago. XVI. mendean hasi ziren, eta arozkintza lanak bukatzeko ia 100 urte behar izan zituzten. Geroztik hainbat berritze lan egin dizkiote, azkenak, 1990eko hamarkadan.


Areatza

Areatzak harritu egin gaitu. Pasaeran ikusi dugu aurrena, eta ez zaigu beste munduko ezer iruditu. Baina erdi aroko kaskoa zuela entzuna genuen, eta berau ikustera itzultzea erabaki dugu. Herriaren goikaldean dagoen aparkaleku batean utzi dugu kotxea, frontoiaren atzealdean. Handik oinez joan gara herrigurena, eta hark bai, hark beste itsura bat du.

Areatzak Villaro izena hartu izan du urte askoan, Villa de Haroren laburdura moduan. Izan ere, Juan Nuñez III.ak Maria Diaz de Haro emazteari eskaini nahi izan zion herria, Bizkaiko Jaun izandako Haro familia goresteko. 1338. urtea zen, eta harrezkero herria eta izena bera ere aldatu dira, baina parte zaharrak eusten dio ertaroko izaerari.  Herrigunean, San Bartolome elizaz gain, hainbat eraikin interesgarri ikusi daitezke; horietako batzuk dira Ugunaga dorrea, Gortazar palazioa, edo Bizkaia osoan bakarra den mudejar etxea. Areatzako udaletxearen ondoan dago Gorbeiako parke naturalaren interpretazio zentroa ere.


Zeanuri

Arratia bailarako herririk handiena da Zeanuri, lur hedadurari dagokionez; biztanlez ordea, herri txikia dela esan liteke, 1.250 lagun bizi baitira bertan. Gorbeia mendiaren magalean dago, basoz inguruatuta, eta bere kaskoan baserri gehien dituen Bizkaiko herria omen da.

Hainbat eliza eta ermita daude herrian, Andra Mari elizak urrutira ematen du atentzioa, oso handia baitirudi horrelako herri txiki batentzat. Ipiñaburu auzoan, Santiago eliza ere bisitatu daiteke, XVI. mendekoa. Herrigunean, Zuriate palazioa dago, eta Areatza aldera abiatuta, Olabarriko errota ere ikus daiteke.


Barazar eta Otzarreta

Zeanuri atzean utzita, Gorbeiako parke naturalerantz abiatu gara. Barazarko portura igota, eskubitara abiatzen den bidexka bat hartuz, Otzarreta aldera iritsi gara. Aparkaleku txiki bat dago bertan, hobe goiz joatea, segituan betetzen baita. Handik metro gutxira dago Otzarretako pagadia.

Toki berezia da, magikoa dela ere esan liteke. Izan ere, ehunka urtetako pagadiak, udazkeneko hosto gorriak eta orbela, erreka eta basoak duen argi bereziak  leku ezin ederragoa egiten dute. Merezi du inguruan paseo bat emateak, eta argazkilaritza gustoko baduzue, gozatu egingo dute.

Handik gertu daude Saldropoko hezegunea eta Ugunako urjauzia ere. Eta mendizaleenek, Gorbeia izango dute helburu. Atzera Barazarrera itzuli, kafe bat hartu eta Barazartik behera jarraitu dugu, baina oraingoan Araba aldera. Urrunagako urtegiaren ondotik pasata, A-1 autobidera iritsi eta etxerako bidea hartu dugu.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude