Italia furgonetan (2): Toscana

Zenbat aldiz amestu ote dugun Toscanako eguzkipean egotearekin, hango paisaia eta herriekin. Pandemiaren aurretik planeatuta genuen bidaia hau 2022ko aste santuan egin ahal izan dugu azkenean. Eta merezi izan du, gure bidaiarik gustukoenen zerrendan sartu baita!! Zatozte zuek ere gurekin Italiako ingurune eder hau ezagutzera!!

Toscana Italiako eskualderik handienetakoa da. Iparraldean kokatuta dago, eta ia 23.000 kilometro koadroko zonaldea hartzen du, Euskal Herria osoa baino handiagoa da, beraz. Florentzia, Pisa edota Siena dira bertako hiri eta herri ezagunenetako batzuk, baina bidaia honetan ikusi dugunez, zonalde honek askoz gehiago du eskaintzeko.

Mediterranear motako klima epela du Toscanak, eta hori nabari da bertako paisaietan. Mahastiz eta olibondoz betetako lursailen artean egin dugu ia bidaia osoa. Bertako herri askok, Erdi Aroko egiturak, kaleak eta eraikinak mantentzen dituzte, eta oso ondo zainduta daude gehienak. Eta nola ez, erromatarren nahiz etruskoen garaiko aztarnak ere nonahi aurki daitezke.

Gastronomia aberatsa duen zonaldea da, eta ohiko pastaz gain (hau ere probatu beharrekoa), haragi eta barazki aukera zabala dute. Gainera, ardo lekua izanik, bidean zehar dozenaka upategi eta ardandegi aurki daitezke; horietako askok, zuzenean saltzen dituzte bai ardoa eta baita olioa ere.

Eta kontutan izateko beste gauza bat; herririk gehienek dute AKgune edo aparkaleku bereziren bat (ia denak ordainpekoak). Eskualde honek, turismo mota honen aldeko apustua egiten duenaren seinale!!


Gure ibilbidea:

Cinqueterreko bisita egin eta gero iritsi gara Pisara. Handik Lucca eta Firence ikusi ditugu lehendabizi. Eta handik, Toscanako barrualdean murgildu gara, San Gimignano, Volterra, Cortona eta Montepulciano bezalako herri txiki bezain ederrak ezagutuz. Val d’Orcia bailarako paisaietan barrena ibili gara ondoren, eta Saturniako bainuak bisitatu eta gero, Bolsenako lakuan bukatu dugu ibilbidea, Erromara abiatu aurretik.


PISA

Pisara iristea, lehen helmuga zapaltzearen modukoa izan zen guretzat. Telebistan nahiz argazkietan hainbestetan ikusitako leku bat aurrez aurre izateak egiten du halako zirrara bat. Hori bai, joaterako kontutan izan erabat turistifikatutako lekua dela, eta jendetza aurkituko duzuela, edozein urte garaitan joanda ere.

Pisak badu AKgune bat, baina herrigunetik oso aparte dago (ordu erdi oinez). Gure asmoa ez zen bertan lotan gelditzea, eta herrigunera bertara jotzea erabaki genuen. Bagenuen ordainpeko aparkaleku bat begiz jota, baina bertan sartu orduko, zaindariak modu txartean bidali gintuen handik, “no camper, no camper” esanez. Beraz, ez da aukera ona gu bezala bidaiatzen duzuenontzat. Handik gertu, ordea, kalean bertan aparkatu genuen, gainontzeko autoek bezala. Astean zehar TAO ordaindu behar da, baina asteburua zenez, zortea izan genuen eta doan utzi genuen furgoneta.

Handik metro gutxira dago Campo dei Miracoli, Pisako monumentu nagusiak biltzen dituen plaza. Bertan daude Duomo edo katedrala, Baptisterioa, eta nola ez, Pisako dorre ezaguna.

Elizara doan sartu daiteke, baina katedralaren barruko beste aretoak ezagutzeko, sarrera ordaindu behar da; baita baptisterioa eta hilerria ikusteko edo dorrera igotzeko ere. Ondo prestatutako txarteldegia dute horretarako; aurrez erosi nahi izanez gero, online ere egin daiteke.

Eraikin bakoitza barrutik ikusteko 7 euro ordaindu behar da (baptisterioa, katedralaren barrualdea eta hilerria); dorrea ikusteko berriz, 20 euroko txartela hartu beharra dago, eta segurtasuna dela eta, 40 laguneko txandatan igo daiteke goikaldera. Badago 27 euroko beste txartel bat, eraikin guztietara sartzeko aukera ere ematen duena.

Herria gehiago ezagutu nahi izanez gero, Campo dei Miracolitik hamar bat minutura dago herrigunea. Santa Maria kalea, Borgo Stretto (alde zaharra) eta Vettovaglie plaza (merkatua) dira lekurik esanguratsuenak.


LUCCA

Badu zerbait Luccak maitemindu gaituena. Hainbeste, Erromatik bueltako bidean berriz ere bertan gelditzea erabaki genuela. Herrigune harresitu ederra du, eraikin eta kale politak eta giro bizia. Bidaia honetan oroitzapenik onena utzi digun herrietako bat izan da, dudarik gabe. Ikusteko duen guztiaz gain, bertako kaleetan galtzea gomendatzen dizuegu.

Lucca, 100 dorreen eta 100 elizen herria bezala ezagutzen da. Izan ere, Toscana osoan ikus daitezkeen dorre eta kanpandorre luze horietako asko ditu bere herrigunean. Bere herriguneak Gizateriaren Ondare izendapena du, duen balio artistiko eta historikoagatik. Eraikinik ezagunenetako batzuk dira San Michele in Foro eliza, Torre delle Ore, San Martin katedrala, San Frediano basilika edota Guinigi dorrea.

Eliza guztiak ikusgarriak badira ere, aipamen berezia merezi du San Michele in Foro izenekoak. Herriaren erdigunean dago, izen bereko plazan. Erromatarren garaiko foroa zegoen tokian eraiki zuten, XI. mendean. Sarrerako horma ikusgarria du, Carrarako marmol zuriarekin eginda. Galeria moduan, santuen irudiak ditu, denen gainetik San Migelen lau metroko estatua duela. Toscanako elizarik gehienak bezala, doan bisitatu daiteke barrutik. San Michele plazan, elizaren bueltan, taberna eta komertzio ugari aurki daitezke.

Eta nola ez, herriaren ikur nagusietako bat den Piazza dell’Anfiteatro, borobilean eraikitako eta etxe koloretsuz apaindutako plaza ederra. Gainera, Giacomo Puccini musikari eta konpositore famatuaren sortearria da, eta hari eskainitako museoa ere badu.

Herrigunea inguratzen duen harresi zirkularra, eraztun berde moduko bat da, eta bertakoek nahiz bisitariek paseorako gune bezala erabiltzen dute.

Luccan non lo egin

Bat ez, eta ez bi, hiru AKgune ditu Luccak. Hain herri ederra izateak eta horrenbeste erraztasun emateak kontutan hartzeko moduko lekua egiten dute, benetan. Guk Parcheggio Camper Luporini izenekoa aukeratu genuen, Giacomo Luporini kalean. Herrigunetik bost bat minutura dago oinez, aparkaleku zabala du, eta baita urak hustu eta betetzeko lekua ere. Sarreran txartel bat hartzen da, eta irteterakoan makina batean ordaindu behar da; eguna 14 euro kostatzen da.

Bigarren AKgunea, Il Parcheggio del Borgo izenekoa da. Parking itxia eta pribatua da, eta 20 euro kostatzen da eguneko (goi denboraldian 25 euro). Herrigune historikoaren iparraldeko sarreratik gertu dago. Hirugarren AKgunea, Area Atrezzata Camper Il Serchio izenekoa da; ia kanpin baten modukoa, igerilekua eta guzti baitu; hori bai, eguneko 25 euro kostatzen da.


FIRENCE

Toscanako hiriburua ez ezik, Italiako hiririk ederrenetako bat da Firence (edo Florentzia). Duomo plaza, Ponte Vecchio, merkatu berria eta bere palazio, eliza eta eraikin dotoreak dira hura bisitatzeko arrazoietako batzuk. Baina guri, denaren gainetik, bere kaleetan arnasten den giroa eta bizia gustatu zaizkigu. Luccan bezala, hemen ere, derrigorrezko guztiak bisitatu eta gero, bere kaleetan galdu gara, askotan, horrela topatzen baitira txokorik berezienak.

Hirira hegoaldetik sartzen bazarete, Porta Romana zeharkatu eta Arno ibaiaren ertzera iritsiko zarete. Parez pare dago Florentziako erdigunea, baina bertara sartzeko, hiriak dituen zubietako bat zeharkatu behar da. Denetan ezagunena, Ponte Vecchio edo “zubi zaharra” da, Florentziaren ikur eta gune turistiko nagusietako bat. Barrutik zeharkatu aurretik, kanpotik ikusi (eta argazkiren bat egin) nahi baduzue, Santa Trinita zubiraino joatea gomendatzen dizuegu, handik parez pare eta bere osotasunean ikus baitaiteke zubia.

Egitura ez ezik, historia ere berezia du Ponte Vecchiok. Erromatarren garaitik Arno ibaia zeharkatzeko hainbat zubi izan dira bertan, baina egungo egitura XIV. mendean eraiki zuten. 95 metroko luzeera eta 30 metroko zabalera du. Esaten denez, herriko dendariak bertan hasi ziren postuak jartzen, zubia hiriko zergetatik libre zegoelako. Jaki eta harakinen postuek, ordea, “usain txarra” botatzen omen zuten handik pasatzerakoan, eta garaiko agintariek, bitxigileei eta urrearen komertzianteei eman zieten lehentasuna. Geroztik, zubi hau bitxi, urre eta erlojuz betetako dendatxoz josita dago. Hori bai, denek mantentzen dute garai bateko saltokien itxura, egurrezko egitura eta estalpeekin.

Zubitik, Santa Maria kalea hartuta, berehala iritsiko gara Loggia del Mercato Nuovo edo azoka plazara. Askok, ‘mercato del porcellino’ bezala ezagutzen dute, bertan baitago herriaren ikurretako bat den basurdearen estatua, iturri forman. Askoren ustez, haren sudurra ukitzeak, zorte ona dakar. Horrez gain, Florentziako merkaturik ezagunenetako bat da, baita historikoenetako bat ere. Estalpe handi bat du, zutabe eta arku dotorez inguratua; XVI. mendean eraiki zuten, hiriko beste hainbat eraikin bezala, Medicitarren aginduz.

Merkatuaren aldamenean dago Piazza de la Republica, hiriko beste plazarik ezagunenetako bat. Erromatarren garaitik, bertan kokatu izan da Florentziaren erdigunea, eta Erdi Aroan, merkalgune nagusia zen, ‘merkatu berria’ eraiki aurretik. XIX. mendean, Florentzia Italiako hiriburu izan zen zazpi urtez, eta plaza honetan, merkatua zegoen tokian, palazio eta etxe dotoreak eraiki zituzten, baita garaipenaren arkua ere. Plazaren erdian, Colonna dell’Abbondanza edo oparotasunaren zutabea bezala ezagutzen den estatua dago.

Eta plaza honetatik, Via Roma kalea jarraituz, Florentziako beste lekurik ezagunenetako batera iritsiko gara, Piazza del Duomora. Bertan aurkitzen da Santa María del Fiore basilika-katedral erraldoia, Italia osoko elizarik ederrenetakoa dena. Florentziak Erdi Aroan izandako aberastasunaren erakusle da; XII. eta XIV. mendeen artean eraiki zuten, estilo gotikoa eta errenazentismo italiarra nahastuz.

Sarrerako horma ederra du, nahiz eta ez den elizaren garai berekoa; hainbat proiektu eta lehiaketa egin baziren ere, bere garaian ez ziren ados jarri, eta elizak apaindu gabeko horma izan zuen XIX. mendera arte. Ordukoa da egun duen itsura dotorea, marmol zuriz apaindua. Haren aldamen batean, campanille de Giotto izeneko kanpandorrea du, 84 metrokoa. Eta eliza estaliz, kupula handi bat, barrutik 100 metroko altuera eta kanpotik 114koa duena. Elizaren parean, berriz, Battisterio de San Giovanni baptisterioa dago.

Plaza eta bertako eraikinak ikusi ondoren, Calzaiuoli kaletik behera jarraitu dugu gure bisita, atzera ere, Arno ibai aldera. Aurretik, ordea, beste geldialdi bat egin dugu Piazza de la Signorian. Aurrekoak botere ekonomikoaren eta erlijiosoaren plazak baziren, hau Florentziako aginte politikoaren plaza da. Bertan dago Palazzo Vecchio edo palazio zaharra, Florentziako errepublikako gobernuaren egoitza izan zena. XIV. mendeko eraikin honek gotorleku itsura du kanpotik, nahiz eta ez zen gerrarako eraiki. Haren gainean, Torre di Arnolfo dorre ikusgarria du, 95 metroko altuerarekin.

Herrigunea eta bertako eraikin esanguratsuenak ikusi eta gero, gosetu ere egin gara, eta oso leku egokia bilatu dugu: La Prosciutteria. Piazza de la Signoriatik gertu dago, Borgo dei Greci kalean. Izenak dioen moduan, harategi edo urdaitegi baten moduko lekua da, garai bateko altzariekin. Hori bai, barruan panini motako bokata ederrak jartzen dituzte, bertako haragia, gazta eta beste hainbat osagai nahastuta. Hesteki eta gazta taula ederrak ere jartzen dituzte. Ezagutzea merezi duen lekua da!!!

Plazan kafe bat hartu eta ikusmiran egon ondoren, etxerako bidea hartu dugu, atzera ere, Ponte Vecchio zeharkatuz. Goizean ikusi dugunean baino askoz jende gehiago dago, eta ia ezin ziren erakusleihoak ikusi ere egin!! Autobusa hartu eta AKgunera itzuli gara, atseden hartzera.

Firenzen non lo egin

Florentziak bi AKgune ditu, biak ere herrigunetik pixka bat aldenduta. Guk bietan gertuen dagoena aukeratu dugu, Area Sosta Camper Firenze izenekoa. Via del Gelsomino kalean kokatuta dago, aparkaleku handiago batean; bertan, 20 bat plaza dituzte kanper eta AKentzat gordeta. Hesituta dago eta errepidetik gertu badago ere, nahiko leku lasaia da. Eguna 15 euro kostatzen da. Herrigunetik 26 minutura dago oinez, baina bertara daraman autobusa atean gelditzen da; hori bai, buseko txartela parkinetik 100 bat metrora dagoen kafetegi-estankoan hartu behar da.

Bigarren aukera Florence Park Scandicci izenekoa da. Hau ez dugu ezagutu, baina herrigunetik 46 minutura dago oinez, eta 20 euro kostatzen da eguneko (goi denboraldian 24).


GREVE IN CHIANTI

Toscana mahasti eta ardandegi lekua da, eta herri bat hori ondo irudikatzen badu, hori Greve in Chianti da. Izan ere, Chianti bailarak izena ematen dio Italiako ardo ezagun bati. Florentziatik aterata, Toscanako zelai berde, mahasti eta olibondoen eremuan sartu gara, eta paisaiak ikusgarriak dira!!

Herriak berak ez du aipatzeko gauza handirik. Hiruki formako plaza bat du, Piazza Matteoti izenekoa. Arkupez inguratua dago, eta bertan, hainbat vinoteca, harategi eta artisau denda aurki daitezke. Larunbatetan, tradizio handiko azoka bat egiten dute bertan. Hiriaren alderatuta, oso leku lasaia da. Ah! eta doako AKgunea du!

Greve in Chiantin non lo egin

Toscanan barrena egindako bidaian, aurkitu dugun doako AKgune bakarretako bat du Greve in Chiantik. Aparkaleku arrunt bat da, baina bidean egonda, oso ondo etorri zaigu geldialdi bat egiteko. Herrigunetik bost bat minutura dago oinez, leku lasaian kokatuta.


SAN GIMIGNANO

Toscanan galdu ezin den herrietako bat da San Gimignano. Izan ere, Italiako herririk ederrena aukeratu izan dute. Muino baten gainean kokatuta dago, Erdi Aroko egitura du, harresiz inguratua eta ondo zaindutako kaleekin, eta topikoa badirudi ere, ipuin batetik ateratako lekua ematen du. Mila dorreen herria bezala ere ezagutzen da; egia esan, hamalau ditu, baina herriko txoko guztietatik ikusten direnez, beti dorren inguratuta zaudela dirudi.

San Giovanni atea zeharkatuz sartuko gara harresitutako herrigunean. Komertzio txikiz betetako kalean gora eginda, Piazza della Cisternara iritsiko gara. Izena, plazaren erdian dagoen ur-putzutik datorkio. Plazak hiruki forma bitxia du, dorrez eta etxe dotorez inguratuta dago, eta Erdi Aroan merkatuak eta torneoak egiten ziren bertan.

Plaza honetan ‘egin beharreko’ beste gauzetako bat, Gelateria Dondoliko izozkiak probatzea da. Izan ere, bi aldiz munduko txapeldun izandakoa da, eta Italia osoan ezagunak dira bertako izozkiak. Gozozalea baino gehiago kafezalea bazara, ondoan dagoen La Cisterna kafetegira joatea gomendatzen dizugu. Italia osoan zehar hartu dugu kafe ona, baina hemengoa ez dugu sekula ahaztuko. Bitxikeria moduan, Torturaren Museoa ere bisitatu daiteke, plaza honetan bertan.

Handik metro gutxira dago Piazza del Duomo, Santa Maria Assunta elizarekin batera. Sarrera ordaindu behar da, baina bisitak benetan merezi du, kanpotik eraikin dotorea bada ere, barrualde ikusgarria baitu. Duomoaren barneko hormak XIV. mendeko freskoekin daude apainduta.

Elizaren ondoan dago Pallazo Comunalle, garai bateko udaletxea izan zen palazio ikusgarria, XIII. mendeko eraikina da, eta barruan, turismo bulegoa eta pinakoteka bat ditu, baita Danteri eskainitako gela bat era, poeta ezagunak 1299an bertara egindako bisita gogoratuz.

Palazio honen beste puntu erakargarrietako bat, Torre Grossa izeneko dorrea da. Herriak dituen 14 dorreen artean altuena da, 54 metroko garaierarekin. Goraino igo eta bertako ikuspegi ederrekin gozatzeko gomendatzen dizugu; hori bai, eskailera mordoa igo behar da!!!

Bi bisita horiek egin eta gero, herriko kaleetan ‘galtzea’ gomendatzen dizugu. Harresietaraino joan, eta Capassi kaletik bueltatu; bidean, San Lorenzo eliza ere ikus daiteke. Bertan bazkaltzeko asmoa izanez gero, Via degli Innocentin hainbat jatetxe aurki daitezke, Toscanako ikuspegi ederrarekin bazkaltzeko aukera ematen dutenak. Guk, nola ez, bertako pasta probatzeko aprobetxatu degu.

San Gimignanon non lo egin

San Gimignanok parking ugari ditu herri sarreran, baina atentzioa eman digu, autokarabana eta kanperrentzako debeku seinaleak ikusteak. Beste aukera bat ematen dute, ordea. Herrigunetik bi kilometrora, Santa Lucia auzoan, Area di Sosta edo AKgune bat dago. Baita haren ondoan, kanpin bat ere. AKgunea 11 euro kostatzen da eguneko, baina orduka ere ordaindu daiteke; gainera, herrira daraman autobusa pare-parean gelditzen da. Bueltako bidea, berriz, oinez egin dugu, paseo bat eman eta bide batez, bazkaria jaisteko!


VOLTERRA

Oso ondo hitz egin ziguten herri honi buruz, eta gogo handia genuen bertara joateko. Horregatik, San Gimignanotik bueltan, ordurako iluntzen hasita bazegoen ere, herritik buelta azkar bat egiteko aprobexatu dugu. Aurreneko inpresioa ez da horren ona izan; herri iluna iruditu zaigu, eta izoztuta gelditzeko moduko haizea zegoen bere kaleetan.

AKgunean gaua pasa eta gero, ordea, beste aukera bat ematea erabaki dugu, eta egunez, beste kolore bat eta beste xarma bat duela esan daiteke. Herrira daramaten eskaileretatik, harresitutako eremuan sartuko gara. Giacomo Matteoti kalean aurkituko ditugu herriko komertzio eta tabernarik gehienak.

Handik, Plaza del Priorira iritsiko gara, bere palazzo ikusgarriarekin. Eta handik gertu, Volterrako Duomo edo katedrala dago, XIII. mendekoa. Atarian, Baptisterioa du. Italiako hainbat hiritan ikusi ditugu horrelakoak, bataia-harria beste eraikin zirkular batean kokatzeko ohitura baitzuten.

Historia eta ondare aberatsa du herriak. Etruskoen garaian sortu zen, K.A. VIII. mendean. Gerora, ordea, erromatarren hiria izan zen. Bi garai horien aztarnak ikus daitezke oraindik ere; etruskoen garaiko akropolia eta erromatarren teatro edo antzokia. Herriaren beste aldean, Mediccitarren Fortezza edo gotorlekua dago, Errenazimendu garaian eraikia.

Volterran non lo egin

Bisitatu ditugun herririk gehienak bezala, Volterrak ere badu bere AKgunea. Egia esateko, harrizko parkin arrunt bat da, baina urak husteko lekua du, eta baita, alde batean, argindarra kargatzeko makinak ere. Eguna 15 euro kostatzen da, eta argindarra kargatzeko, euroko txanpona bota behar da. Hori bai, iristerakoan ondo aukeratu lekua, parkina nahiko aldapatsua da eta.


MONTERIGGIONI

Volterratik Sienara bidean, geldialdi bat egin dugu Monteriggionin. Herri txikia da, baina merezi du pare bat orduko bisita egiteak. Egia esan, nahiko azkar ikusten da. Haren berezitasunetako bat, herria inguratzen duen harresia da, zirkulo forma baitu, eta defentsarako eraikitako 14 dorre.

Erdian, plaza txiki baina ederra dauka, Piazza Roma izenekoa; Toscanako filme batetik ateratakoa dirudi. Han kafe bat hartu eta herria ikusi dugu. Santa Maria eliza ere plazan bertan dago. Harresiak ere bisitatu daitezke, baina ordaindu egin behar da, eta gure helburua Sienara iristea zenez, aurrera jarraitzea erabaki dugu.

Monteriggionik ere badu AKgune bat, baina kaskotik hurrun antzean dago. Herriko aparkalekuan debekatuta dago AK edo kanperrean gaua pasatzea, baina egunez behintzat, aparkatzen uzten dute. Bisita bat egiteko, nahikoa.


SIENA

Florentzia eta Luccarekin batera, Toscanako hiririk dotoreenetako bat da Siena. Aurrez aipatu ditugun beste herri batzuk bezala, muino baten gainean eraikita dago, eta herrigune harresitua du.

Bertara iritsi eta aurreneko geldialdia Piazza del Campo ezagunean egin dugu. Izan ere, bertan egiten da Erdi Arotik datorren Palio edo zaldi lasterketa famatua. Plazak forma obalatua du, eta etxe dotorez dago inguratuta. Denetan ederrena, ordea, Palazzo Pubblico izenekoa da. XIII eta XIV. mendeen artean eraiki zuten, udaletxe funtzioarekin. Egun, ordea, Sienaren historia eta ondarea erakusten duen museo baten egoitzan da. Palazio honetan dago 100 metroko altuera duen Torre del Mangia kanpandorre ikusgarria ere. Bertara igotzeko 10 euro ordaindu behar da.

Handik gertu aurkitzen da Piazza del Duomo edo katedralaren plaza. Eraikina benetan ikusgarria da. XIII. mendean eraiki zuten, estilo gotikoan. Fatxada nagusian eskulturak eta mosaiko koloretsuak uztartzen dira, rosetoi eta arku dotoreekin batera. Marmol zuria eta iluna erabili zituzten barrualdean, argi joko ezberdinak lortzeko. Zoruak ere aipamen berezia merezi du, marmolean bibliako eskenak (baita paganoak ere) baitaude errepresentatuta. Kanpoaldean, XV. mendeko kanpandorrea du, eta eraikinaren atzealdean, baptisterioa.

Sienako bi gune turistiko nagusiak duomoa eta Piazza del Campo badira ere, beste hainbat eraikin historiko ditu hiriak. Salimberi eta Chigi palazioak, Mediccitarren gaztelua edota Erdi Aroko iturriak dira horietako batzuk.

Eguraldiak ez digu askorik lagundu, eta Toscanako bidaian euria egin digun egun bakarretakoa izan da. Hala ere, herriari eman diogun lehen itzulian, plaza eta eraikinik ezagunenak ikusi ahal izan ditugu. Euria hasi duenerako bazkaltzeko garaia zen, eta La Vechia Taverna di Bacco jatetxean gelditu gara, pasta eta bestelako kutixiak probatzen. Horri esker behintzat, aho zapore onarekin bukatu dugu bisita!!

Sienan non lo egin

Sienan furgoneta edo autokarabanarekin lo egiteko leku bakarra aurkitu dugu, herri sarrerako Pescaia kaleko Fagilione parkina. Ezin da esan oso leku erakargarria denik, bi aldeetatik trafiko handiko errepideak baititu. Gauez, hala ere, euriaren hotsarekin ondo egin dugu lo. Autobusen aparkalekuaren ondoan, 20 bat ibilgailurentzako tokia du. Eguna 20 euro kostatzen da, eta herrigunera eramaten duen lanzadera edo autobusa du.


CORTONA

Hasera batean gure ibilbidean sartu ez bagenuen ere, hainbat lekutan hari buruz irakurri ondoren, Cortonan geldialdi bat egitea erabaki dugu. Bajo el sol de la Toscana filmeko hainbat eskena grabatu zituzten bertan. Baina hori baino gehiago, historia eta ondare aberatsa duen herria dela konturatu gara. Pare bat orduko bisita egin badugu ere, merezi izan du bertan gelditzeak.

Etruskoek sortutako herria izan zen, K.A. VIII. mendean. Erromatarren eta godoen menpeko herria izan zen gero, eta garrantzia galtzen joan zen pixkanaka. Erdi Aroan ere hainbat gerrate bizi izan zituen, harik eta Florentziako errepublikan sartu zen arte. XV. eta XVI. mendeetatik aurrera, defentsarako gune ez ezik, jakintza gune garrantzitsu ere bihurtu zen, hainbat ikerketa eta argitalpen bultzatu zituen Academia Etruscari esker.

Ondareari dagokionean, Cortonak dozena bat eliza eta monasterio ditu bere kaskoan. Horietan aipagarrienak, duomo edo katedrala, San Francesco komentua eta Santa Maria delle Grazie al Calcinaio eliza dira. Bestalde, Piazza della Republican udaletxearen eraikin dotorea ikus daiteke; handik gertu, Academia Etruscari eskainitako museoa eta Palazzo Tomassi eraikin dotorea bisitatu daitezke.

Cortonan non lo egin

Bidaia honetako sorpresarekin atseginena, lo-lekuei dagokionean behintzat, Cortonak eman digu. Herrigunetik metro gutxira parkin zabal bat du, eta debeku seinaleen ordez, autokarabanak eta kanperrak baimenduta daudela dioen seinalea ikusi dugu bertan. Gainera, balkoi moduko bat da parkina, bailararen ikuspegi ederrarekin. Herrigunera igotzeko eskailera mekanikoak ditu (bat izorratuta zegoen arren); aurreko herrietan hainbeste aldapa eta eskailera igo eta gero, gustura hartzen da!!!


MONTEPULCIANO

Toscanako herririk ederrenetan barrena egiten ari garen bidaia hau harrigarria ari da izaten, batean zein bestean, paraje eta herri ederrak aurkitzen baititugu, baina planeatu gabekoak ere! Eta konturatu gabe, eskualde honen hegoaldera iritsi gara. Baina oraindik gelditzen dira bisiatzeko leku ederrak, eta Montepulciano da horietako bat.

Aurretik aipatutako beste herri batzuk bezala, hau ere muino baten gainean eraikitako harresitutako herria da. Inguruko paisaien ikuspegi ederra dago, batez ere herriaren goikaldean dauden begiratokietatik. Bere orografia dela eta, herri aldapatsua da, beraz, prestatu zaitezte bertako kaleetan gora eta behera ibiltzeko!

Piazza Grande edo herriko plaza nagusia da lekurik enblematikoena. Izan ere, bertan daude udaletxea, Florentziako Palazzo Vecchioren antz handia duena, duomo edo katedrala, eta hainbat palazio. Baita herriaren ikurretako bat den plazako iturri ezaguna ere. Sant’ Agostino eliza, Pulcinella dorrea eta Cervini eta Gagnoni palazioak dira herriko beste eraikin interesgarri batzuk.

Tradizio edo ohitura berezi bat dute herri honetan. Urtero, abuztuan, Bravio delle boti izeneko lasterketa egiten da. Herriko zortzi auzoetako bikote banak, 80 kiloko pisua duen upela eramaten dute aldapan gora, kilometro bateko ibilbidean, eta helmuga herriko plazan dutela. Ikusle eta bisitari ugari ekartzen dituen proba da.

Montepulcianon non lo egin

Kanper eta autokarabanei eskainitako aparkaleku zabala dauka Montepulcianok, autobus geltokiaren ondoan. 10 euro kostatzen da eguneko tikea (TAO moduko makina batean hartu behar da). Kontra, ez daukala iturria beste zerbitzurik. Alde berriz, bertatik dagoen herriaren eta bailararen ikuspegi ederra. Ah, eta beste gauza bat; ostegunetan azoka handi bat egiten da aparkaleku horretan, beraz, hustuarazi egiten dute. Egun horietako bat tokatuz gero, geltokiaren azpikaldean badago lurrezko beste aparkaleku bat, eta bertan aparkatzen uzten dute.


VAL D’ORCIA

Chianti bailararekin batera, Val d’Orcia izenekoa da Toscanako bailararik eder eta ezagunenetako bat. Bertan aurkituko dituzue hainbat filmetan eta argazkitan ikusitako zipres ilarekin apaindutako bide eta etxeak. Baina irudi soilaz gain, badaude ikusteko moduko hainbat herri ere: San Quirico d’Orcia, Castiglione d’Orcia, Radicofani, Pienza eta Montalcino dira horietako batzuk.

Bailara hau ‘munduko ondare’ izendatu zuen UNESCOk 2004. urtean, paisaia kultural moduan duen balioagatik. Hein handi batean, zinemak egin du ezagun bailara hau, bertako paisaiak, filme askoren eskenatoki izan baitira. Gladiator, Bajo el sol de la Toscana edota El Paciente inglés bezalako filmeetako irudiak grabatu izan dituzte bertan.

San Quirico d’Orcian egin dugu aurreneko geldialdia, AKgunea duela aprobetxatuz. Herria txikia da, eta kale bakarrean biltzen da ikusi beharreko guztia, baina badu zerbait maitemindu egin gaituena. Inguruko herri eta paisaiak ikusten genituen bitartean, azkenean bi aldiz gelditu gara bertan lotan.

Herri harresitua da hau ere, nahiz eta leku lauagoan dagoen kokatuta. Chiesa della Madonna eliza nagusiaz gain, Franciscotar bideko erromesen ospitalea eta Santa Maria Assunta XII. mendeko eliza erromanikoa ditu, baita, haren atzealdean, Horti Leonini izeneko jardin errenazentista dotore bat ere. Bazkaltzeko ere, leku ederra aurkitu dugu bertan, Al Vecchio Forno izeneko trattoria; barruko patio ederra dauka, eta Toscanako jaki eta zaporeak probatzeko leku ezinhobea da.

Bailara uste baino handiagoa da, eta egun batzuk behar dira osorik ikusteko. Montalcinora joateko asmoa ere bagenuen, baina ez da lekurik egokiena gure moduko ibilgailuekin bisitatzeko. Izan ere, herrigunean sartzea debekatuta daukagu, eta herrigunetik bi kilometrora dagoen AKgune batera bidaltzen gaituzte. Kontua da, sekulako aldapa igo behar dela bertara iristeko, eta autobus zerbitzurik ere ez dagoela. Ordaintzeko ere, APP bat jaitsi behar zen, baina ez genuen estaldurarik! Dena kontra jartzen ari zela ikusita, handik alde egin eta beste herri batera joatea erabaki genuen.

Bertako paisaiarik tipikoenak ezagutu nahi izanez gero, berriz, Boschetto dei Cipressi, Velvedere muinoa, Vitaleta kapera edota Sant’Antimo abadia dira lekurik esanguratsuenetako batzuk.


BAGNO VIGNONI

Val d’Orcian eta San Quiricotik kilometro gutxira kokatuta badago ere, aparteko aipamena merezi duen herria da Bagno Vignoni. Izan ere, Toscanako bainuen eremuan sartuko gara. Hainbat herri daude inguru hauetan, beraien ur termalengatik eta hauek dituzten propietateengatik ezagunak egin direnak. Eta gehienak, bainuetxe pribatuen inguruan, bainu publikoak ere aurki daitezke. Hala gertatzen da Bagno Vignonin ere.

XI. mendeko Vignoni gazteluak eman zion izena herriari. Baina gaztelu haren aztarnegatik baino gehiago, bere bainuengatik da ezaguna. Zoru bolkanikoa du herriak, eta horri esker, ur bero eta sulfatatua azaleratzen da, 49º-tan, hain zuzen ere. Aurretik esanda bezala, bainuetxe bat du herriak, baina plazan zehin herriaren behekaldean ere ikus daitezke ur putzuak. Etruskoen eta erromatarren garaitik erabili izan dira bertako urak, nahiz eta Erdi Aroan egin ziren ezagun.

Herriko plaza ere berezia du, iturrien plaza bezala ezagutzen da, eta erdi-erdian, piszina moduko bat du, ur beroarekin. Kanal batzuen bidez, herriaren behekaldera joaten da ura, eta urjauzi batetik erori ondoren, urmael moduko batzuetan bukatzen da. Bi bainu edo igerileku ireki ditu behekalde horretan.


SATURNIA

Eta bainuak aipatu ditugunez, ezin ahaztu Toscanako eta Italia osoko termarik ezagunenetako batzuk, Saturniakoak. Toscanaren hegoaldean daude, Grosseto probintzian. Toscanako termarik gehienek bezala, jatorri bolkanikoa dute hauek ere, inguru honetan kokatzen baitzen Amiata bolkana, aspaldi itzalita badago ere, lurpean urak berotzen jarraitzen duena.

Saturniak ere, bainuetxeez gain, terma irekiak ditu, eta oso ezagunak dira italiarren artean, baita kanpotik datozen bisitarien artean ere. Hori dela eta, lasai gozatu nahi izanez gero, goiz joatea komeni da, laster betetzen baitira jendez. Cascate du Molino, bainera naturalez osatutako urjauzi moduko bat da, eta ura 37ºtan ateratzen da.

Ondoan aparkaleku handi bat du, eta pare bat kilometrora, baita AKgune handi bat ere. Oinez joan daiteke bertatik termetara, 15 bat minutuko ibilbidea eginda. Herria termetatik aparte gelditzen da, muino baten gainean.


PITIGLIANO

Saturniatik gertu, beste bisita bat egiteko aprobetxatu dugu. Aurrez askorik ez bagenekien ere, Pitiglianok merezi du, herri ederra delako batetik, eta bere kokapena ikusgarria delako, bestetik. Toscanako beste herri asko bezala, muino baten gainean eraikitako herri harresitua da, baina besteek baino bertikalitate handiagoa du, bertako harresiak eta etxeak, amildegi baten gainean eraikita baitaude. Bitxikeria moduan esan, herria kokatuta dagoen harkaitz horiek ere, jatorri bolkanikoa dutela.

Toscanaren hegoaldean eta mendi artean galduta dagoelako agian, baina ez da aurretik aipatutako herriak bezain turistikoa. Horri esker, hobeto eutsi dio bere esentziari, eta herrigune historikoko kaleek, erdi aroko izaera mantentzen dute oraindik. Amildegien gainean, zubi eta arku dotoreak eraiki zituzten, eta bertatik inguruko bailararen ikuspegi ederra dago.

Herrigunea estua eta luzexka da, bi kalez eta kalexka ugariz osatua. Gune nagusia Piazza Francesco Petruccioli plaza da. Bertan kokatuta dago Orsini palazioa, XI. mendekoa. Barrutik bisita egiteko 5 euro ordaindu behar da. Handik herriko kale estuetan barrena joango gara, tarteka, bertako artisauen dendak ikusiz. Herrigunearen bukaeran, Becherini plaza dago. Handik, Zuccareli kalean sartuz gero, judutarren auzoa bisitatu daiteke. Jerusalem txikia deitzen omen zioten Pitiglianori Erdi Aroan, judutar asko bizi baitziren bertan; egun, garai haren erakusgarri moduan, sinagoga eta judutarren museoa daude.

Pitiglianon non lo egin

Toscanako herririk gehienek bezala, Pitiglianok ere badu bere AKgunea. Herrigune historikotik aldedu xamar dago, baina 10 bat minutuan iristen da bertara oinez. Eguna 12 euro kostatzen da, baina adi, beste herriren batean gertatu zaigun bezala, makinak txanponak bakarrik hartzen baititu; beraz, saiatu kartera txanponez beteta eramaten! Aparkalekutik gertu, supermerkatu bat ere badago, herritik bueltakoan, erosketaren bat egin behar izanez gero.


Toscanak barrena zortzi egunez ibili eta gero, Pitiglianon agurtu dugu eskualde eder bezain harrigarri hau. Hala ere, gure bidaia ez da hor bukatu. Bolsenako lakua eta Erroma ditugu oraindik aurretik!!! Baina hori, Italiako bidaiaren 3. atalean kontatuko dizuegu.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude