Sara eta Zugarramurdi: Sorginen ibilbidea

Akelarreak, sorginak, kondairak, kobazuloak… Euskal Herriko tokirik misteriotsu eta magikoenetako batera goaz. Sara eta Zugarramurdi mugaldeko bi herri txiki dira, bata Lapurdiren hegoaldean kokatua eta bestea Nafarroaren iparraldean, baina biak ere, Xareta bailaran kokatuta. Pirinio aurreko paisaia eder honek eta bere basoek konta ahala sekretu eta istorio biltzen ditu bere baitan.

Lapurdi aldetik hasi dugu gure ibilbidea; Irun eta Hendaia atzean utzita, Urruñatik Sarara doan bidea hartuko dugu, beti ere, Larrun mendiaren magaletik joanez. Minutu gutxiren buruan iritxiko gara Euskal Herriko herririk ederrenetako bat den Sara herrira.

Sara

Sara Lapurdiko herri txiki bat da, bere koba edo lezeengatik ezaguna. Herrigunean plaza eta haren ingurua bisita daitezke. Iparraldeko arkitektura mantentzen duten hainbat etxe eta hotel eta ostatuz inguratuta dago. Plazaren alde batean frontoia edo errebotea dago (Ipar Euskal Herrian frontoirik gehienek frontisa edo horma bakarra dute) bere harmailekin. Pilotalekuaren ondoan dago San Martin eliza. Bertan, urte askoan Saran bizi izan zen Joxemiel Barandiaranen oroigarria ikus daiteke.

Herrigunetik gertu hainbat parking daude, eta baita AC gune bat ere. Gaua pasatzeko kanpina nahiago baduzue, hainbat aukera daude inguruetan (ikusi kanpin eta lolekuen mapa).

Sarako lezeak

Herrigunetik pare bat kilometrora, mendira bidean daude Sarako Lezeak edo kobazuloak. Bisita gidatuak eskaintzen dituzte hainbat hizkuntzatan (ordutegiak kontsultatu). Bisita hasi aurretik, sarrera moduan, koben sorrera, historia eta euskal mitologiaren hainbat zertzelada dituen ikus-en tzunezko bat eskaintzen dute.  Bisitak ordubete inguruko iraupena du eta kilometro bat egin daiteke kobako pasabideen artean. Ibilbidean zehar, milaka urtez sortzen joan diren formazio geologiko bitxiak edota duela 10.000 urte arte bertan bizi izandako hartzaren aztarnak ikus daitezke; baita egun oraindik bertan bizi diren saguzarrak ere. Argien, soinuaren eta ikus-en tzunezkoen bidez, gizakiaren eboluzioari eta Joxe Migel Barandiaran arkeologo eta etnografoak bildutako euskal mitologiaren inguruko informazioa ematen dute.


Kontrabandisten bidea

Sara eta Zugarramurdi elkarrekin komunikatuta daude, errepidez ez ezik, baita oinezko bide bati esker ere. Garai batean kontrabandistek erabiltzen zuten bidea dela esaten da, eta baita 36ko Gerran eta ondoren frankismotik ihesi zebiltzanei muga zeharkatzen laguntzen zieten mugalariek ibiltzen zutena ere. Sarako kobetatik abiatuta, ibilbide ederra da eta ondo markatuta dago (pottoka urdin batzuen marrazkiekin). Ordubete inguruko bidea eta erraz egiteko modukoa.


Zugarramurdi

Zugarramurdiren historiak lotura estua du sorginkeriarekin. XVII. mendean, inkisizioak egindako salaketa, jazarpen, tortura eta hilketak zirela medio, herria erabat markatuta gelditu zen. Euskal Herriko historiaren pasarte beltzenaren lekuko da egun Zugarramurdiko Sorginen Museoa.

Bisitaldian, sorginen, akelarreen eta inkisizioak eragindako triskantzen berri izango dugu, baina baita inguruko eta Euskal Herriko mitologiaren berri ere.


Zugarramurdiko koba

Museotik oso gertu dago Zugarramurdiko koba. Neurriz eta galeria aldetik ez da Sarakoa bezain handia, baina sekulako sarrera du, garaiera handiko sapaiarekin. Bere leze nagusiak 120 metroko luzeera du eta 12 metrorainoko altuera, punturik gorenetan. Hainbat filmeren eskenatoki izan da; besteak beste, han grabatu zuten Alex de la Iglesiaren Las Brujas de Zugarramurdi filme ezaguna.


Museoa eta koba ikusi eta gero, herrigunetik buelta bat eman dugu. Etxeen edertasunaz gain, atentzioa eman digu elizako dorrearen itsurak. Plazako ostatu batean mokadu bat jan eta atzera Sararaino eramango gaituen kontrabandisten bideari ekin diogu berriz,

Xareta bailaran, Sara eta Zugarramurdi herriez gain, Ainhoa (Lapurdi) eta Urdazubi (Nafarroa) bisitatu daitezke. Saratik oso gertu, Larrun mendia dago, bere trenari esker, inguruko puntu turistiko nagusietako bat dena. Kosta nahiago baduzue berriz, Lapurdiko Kosta ezagutuz jarraitu dezakezue bidea.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude