Gorbeialdea eta Aiaraldea, Arabako bailara berdeak
Araba ez da lautada eta mahasti zonaldea bakarrik. Baditu berdeguneak eta mendialdeko paraje ederrak ere. Gorbeialdea eta Aiaraldea dira horren adibide. Haiek ezagutzeko hainbat herri eta naturgune proposatzen dizkizuegu, baita plan gastronomikoak ere!

Gorbeialdetik hasiko dugu ibilbidea, aurreneko geldialdia Murgian eginez. Zuiako kuadrillako herriburua eta herri nagusia da Murgia, eta eskualdeko zerbitzu gehienak bertan pilatzen dira. Toki aproposa da erosketaren bat egin edo zerbait hartzen gelditzeko. Lagun batek gomendatuta, Etxebarria okindegia bisitatu dugu bertan, gosaltzeko zerbait erosteko asmoz. Sekulako aukera dute, eta hainbat zaporetako txokolatezko palmera ederrak egiten dituzte bertan. Bestalde, Murgiak eta inguruko herriek eztigintzarekin izan duten harreman estuaren lekuko, eztiaren museoa ere badute herrian.
Murgiatik gertu (3,5 kilometrora), bisita bat merezi duen beste leku bat aurkitu dugu: Oroko santutegia. Muino baten gainean kokatuta dago, 841 metroko altueran, eta bailara osoaren ikuspegi bikaina dago bertatik. Jatorriz XI. eta XII. mendeen artean eraikitako eliza erromanikoa zen, nahiz eta mendeetan zehar hainbat berrikuntza eta aldaketa izan dituen. Ermitak erretaula barrokoa du, eta bertan, Ama Birjinaren XIII. mendeko irudia dago. Ikuspegiaz gain, naturgune eder batean kokatuta dago, eta inguruan haritzez, pagoz edota ametzez osatutako basoak aurki daitezke.

Handik gertu, beste naturgune edo paraje eder bat aurkitzen da: Maroñoko urtegia. Urmael txikia bada ere, merezi du bertatik bueltatxo bat emanez inguruz gozatzeak, izan ere, giro lasaiaz gain, Toloñoko mendilerroaren ikuspegi ederra eskaintzen du.
Eta naturguneak aipatuta, ezin ahaztu Gorbeia Parke Naturaleko sarbideetako bat Murgiatik gertu, Sarria herrira daraman errepidean dagoela. Parketxeak aparkaleku zabala du, eta furgoneta ugari ikusi ditugu bertan. Parkeari eta bertan egin daitezkeen ibilbideei buruzko informazioa ematen dute bertan; Gorbeiako tontorrera doan bideaz gain, Baias, Pagomakurre, Murua edo Zastegiko ibilbideak ere egin daitezke.

Atzera errepide nagusira atera eta bideari ekingo diogu. Murgiatik apenas 10 kilometrora dago Goiuri-Ondona, 48 biztanle besterik ez dituena. Bertako aktibitate nagusia nekazaritza eta abeltzaintza dira, eta hainbat gaztandegi aurkituko ditugu, bai herrian bertan eta baita inguruetan ere.
Baina Goiuri benetan ezagun egin duena, bere urjauzi ikusgarria da. Herritik 500 bat metrotara aparkaleku bat egokitu dute hura bisitatzeko. Furgoneta bertan utzi eta oinez abiatuko gara; ibilbide laburra da, beste kilometro erdikoa, burdinez egindako balkoi edo begiratokiraino. Bertatik, Oiardo errekak malkarrean behera egiten duen 100 bat metroko jauzia ikus daiteke. Udaran eta euri gutxi egiten duen boladetan, baliteke lehortuta egotea, baina gainontzean gehienetan izaten du emaria.
Bi plan gastronomiko
Gorbeialdeak duen eskaintza ez da, ordea, naturguneetara eta herrietara mugatzen. Lurrari eta bertako produktuei estuki lotutako eskualdea da, eta han eta hemen, gastronomia ederra probatzeko aukera ematen du. Bidean zehar, Idiazabal jatorri izendapeneko gazta egiten dugun hainbat gaztantegi aurkituko ditugu, esaterako.
Inguru horretara doazen guztiei gomendatzen diegun leku bat, Baias garagardotegia da. 2007an martxan jarritako proiektua da; Urkabustaiz udalerriko Oiardo herrian dago, baserri itxurako etxe batean kokatuta. Gorbeia parke naturaleko Baias errekatik datorkio izena, bertako ura erabiltzen baitute garagardoa egiteko. Horrez gain, produktu eta prozesu naturalak erabiltzen dituzte, artisau eran ekoitzita eta filtratu gabe. Dozena bat garagardo ezberdin dituzte, eta urtero ateratzen dute barietate berriren bat. Lantegiaz gain, Tap Room-a ere badute (asteburuetan 11:00etatik 15:00etara), eta bertan, nahiz kanpoan duen terraza ederrean, garagardoak probatu eta zerbait jateko aukera ere ematen dute (bertako gaztak eta hestekiak probatzea gomendatzen dizuegu).

Baina Gorbeialdea, bere txakolinagatik ere bada ezaguna. Edari hau artisau eran ekoizten duen Artomaña txakolindegia ezagutu dugu. Mahasti sail zabal baten erdian kokatuta dago upategia, eta bertan, txakolina ekoizteaz gain, bisita gidatuak ere eskaintzen dituzte, upategia eta mahastiak ezagutu, eta haien edariak probatzeko. Taberna ere badu, eta bisitarik hartu ez baduzue ere, zerbait hartzeko aukera izango duzue han. Izan ere, txakolinaz gain, mahatsarekin eta txakolinarekin egindako beste hainbat edari probatu daitezke, hala nola garagardoa edota bermuta. Bertan zerbait pikatu edo bazkaltzeko aukera ere badago.

Artomañatik gertu, Urduña herriak ere merezi du bisita bat. Kokapen berezia duen herria da, Aiaraldean dagoela esan badaiteke ere, Bizkaiko udalerria delako. Historia luzeko herria ere bada, Diego Lope de Harok 1229an eman baitzion hiri-gutuna. XVI. mendean sute batek ia herri osoa kiskali zuen, eta goitik behera eraberritu behar izan zuten.
Foruen plaza da herriaren gune nagusia. Bertan, Familia Sakratuaren eliza, Aduana zaharraren eraikina, udaletxea eta Mimenza jauregia ikus daitezke, besteak beste. Herrigunean zehar, beste hainbat palazio eta jauntxoen etxe ere aurki daitezke. Plaza irekia eta zabala da, eta inguruko eraikinek arkupe dotoreak dituzte. Plaza horretan egiten zen Gaztelatik kostaldera zihoazen produktuen elkartrukea, eta baita azoka ere.
Hein handi batean erdi aroko egitura mantendu du herriguneak, eta harresien zati bat ikus daiteke oraindik, Andra Mari elizaren atzealdean. Herrigunetik pixka bat aldenduta, Antiguako Santutegia ere bisitatu daiteke.
2020tik AKgunea du Urduñak; Nafarroa kalean kokatua dago, ikastetxe baten ondoan. Parkin zabala bada ere, autokarabana eta kanperrentzat gordetako 12 plaza ditu, baita urak hustu eta betetzeko gunea ere. Herria bisitatzeko leku egokia da, herrigunetik gertu baitago. Eta gainera, doakoa da.

Urduña atzean utzi eta bideari ekin diogu berriz; Aiara herrira bidean, Kexaa herrian gelditu gara, bertan dagoen monumentu multzoa ezagutzeko. Aiaratarren familiak XIV. mendean eraiki zuen palazioa bertan, eta haren inguruan, San Joan bataiatzailearen komentua eta eliza, eta Adatseko Andra Mariaren kapera eta dorrea ere eraiki zituzten. Pedro Lopez Aiarakoa, XIV. mendeko pertsonaia garrantzitsua izan zen; gizon jantzia zen, eta poesia eta garaiko hainbat erregeren kronista izan zen; Gaztelako kantziler titulua ere eman zioten. Ingurune ederra eta lasaia da, eta eraikinen aurrean dagoen plazatxoan furgoneta utzi eta inguruan bueltatxo bat emateko aprobetxatu dugu.
Kexaatik, Aiara herriko zelai berdeetan barrena jarraituko dugu. Guztira 22 herrixkaz osatutako udalerria da, eta Arespalditza da herriburua. Bertan, XI. mendeko jatorria duen eliza erromanikoa eta XVIII. mendeko Atxa dorretxea aurki daitezke, besteak beste. Aiaran barrena, beste hainbat dorretxe eta baserri dotore ere aurki daitezke.

Gorbeialdean eta Aiaraldean barrena egin dugun irteeraren bukaerarako utzi badugu ere, gehien harritu gaituen herria izan da Artziniega. Erdi Arotik datorren herria da, eta oraindik ere, garai hartako egitura eta hainbat eraikin mantentzen ditu. Alfontxo X. Gaztelako Erregeak eman zion hiribildu gutuna, 1272an. Leku estrategikoan kokatuta dago, Gasteiz eta Bilbo artean, eta Gaztelarekin mugan, eta horrek merkataritza gune garrantzitsu ere bihurtu zuen, baita gatazka leku ere.
Herrigune harresitua izan zuen, eta egun kanpoko harresia mantentzen ez bada ere, herriguneko kaleek garai hartako egitura dute oraindik. Bi dorre gailentzen dira gainontzeko etxe guztien gainetik, Molinillo de Velasco dorretxea, XVI. mendekoa, eta Igokundeko Ama Birjinaren eliza, XVII. mendean eraikia. Herriguneko hiru kaleetan barrena, goiko plaza, Agustindarren komentua eta noble eta dirudunen armarridun etxeak ere ikus daitezke. Erdi Aroko herriguneak, monumentu multzo izendapena jaso zuen 1996an.
Handik gertu, errepide nagusi aldera aterata, Artziniegako Museo Etnografikoa aurkituko dugu. Garai bateko mojen eskolan kokatuta dago, eta bertako herritarrek emandako 20.000 pieza biltzen ditu. Gela ezberdinetan, herriko historiari errepaso egiten diote, lanbide ezberdinen, baserriko bizimoduaren edo merkataritza aktibitateen inguruko azalpenak emanez. Garai bateko eskola, taberna edota farmazia nolakoak ziren ere ikus daiteke.
Museotik gora, berrehun bat metro oinez eginda, Arteako Andra Mariren Santutegira iritsiko gara. Montenegro mendiaren magalean kokatuta dago, eta XV. mendearen bukaeran eraiki zuten, lehendik zegoen tenplu zaharrago baten gainean. Santutegiaren iparraldeko fatxadan, bostehun urtetik gora dituen artea dago, lekuari izena ematen diona, eta kondairaren arabera, ama birjina agertu zen lekua ere badena.

Hori dena gutxi balitz, Artziniegak AKgune ederra dauka; herriaren behealdean kokatuta dago, kiroldegiaren ondoan. Sei plaza ditu, baina betetzen denean, haren inguruko aparkalekuetan ere egoten dira furgonetak eta autokarabanak. Doakoa da eta urak hustu eta betetzeko gunea du. Handik oso gertu, igerilekuetan, taberna ere badago.
Arabako zonalde hau guztia ezezaguna zen guretzat, duela urte gutxira arte, baina eskaintzeko duen guztiagatik, merezi du ezagutzeak. Gu behintzat, askotan itzuli garen lekua izan da, eta ziur gaude berriz ere laister itzuliko garela.
Azken iruzkinak: