Bost egun Provenzan

Pasa den udan egindako bidaien artean, oroitzapen onenetarikoak utzi ziguna, Frantziako Provenza eskualdera egindako bidaia izan zen. Bost egun pasa genituen bertan, eta berriz bueltatzeko gogoz itzuli ginen.

Labanda denboralditik kanpo joan baginen ere (udaberritik uztailera izaten da), bertako herrixka polit eta zainduek, azoketako kolore eta usain bereziek, gastronomiak eta lasaitasunak harritu egin gintuen. Gainera, udan, turistak hartzeko prestatzen dira, eta herirrik gehienetan astean behin edo bitan izaten dituzte bertako produktuen azokak, kolorez eta usain gozoz beteak.

Gure “operazio gunea” Saint-Remy de Provence herriko kanping batean jarri genuen. Frantzian kanping eta area asko daude, eta prezio onean oso toki txukunak aurki daitezke. Handik, ikusi nahi genituen herri gehienak eskura genituen, gehienez ere, ordubeteko tartean.


Saint-Remy de Provence

Oso herri ederra da Saint-Remy; alde zaharrak zirkulu forma du eta oinezkoentzat egokitutako kale estuz osatuta dago. Provenzako etxe tradizionalak,  denda politak eta jatetxe eta taberna ugari aurkitu ditugu bertan. Bizia duen herria da eta ia egunero dago azokaren bat; astean bitan, gainera, azoka bereziak egiten dituzte. Artisau lanen, oihalen eta labanda usain eta xaboien denda ugari daude.


Gorbes

Erdi aroko herri harrigarria da, muino batean eraikitakoa. Bere etxe eta kaleak ikusita, herri hartan denbora gelditu egin dela esan liteke. Feria egun batean joan gara, eta sekulako jendetza bazegoen ere, merezi izan du. Azokako produktuez gain, postu koloretsuak eta usain nahasketa ederrak hartzen dira. Eguerdi partean, udaltzainek txilibitua joz ematen diote bukaera azokari. Egunaren eta orduaren arabera, dezenteko kaosa sortu daiteke trafikoan, herriaren kanpoaldean parkingera sartzeko (hobe goiz joan, feria egunetan batez ere).


La Isle sur la Sorgue

Gorbesetik bueltan, La Islen gelditu gara. Frantziar estiloko herri tipikoa da, eta badirudi edozein unetan Amelie filmeko soinu banda entzun behar dugula. Denda txikiz eta tabernaz beteta dago herria. Herrigunean kanal bat dauka, eta bertan, Van Gogh-en belarri ezaguna irudikatzen duen harri handi bat dago. Margolari ezagunak bolada luze bat pasa zuen Provenzan, eta haren erreferentzia ugari aurkituko ditugu hainbat herritan.


Les Baux de Provence

Erdi aroko herri harresitua da, muino baten gainean eraikia. Oso ondo mantendutako gaztelua eta kaleak ditu. Barrura doan sartu daiteke, baina zati batzuk eta batez ere dorre nagusia ikusteko ordaindu egin behar da. Asteburuetan erdi aroko zaldunen eta armen erakustaldiak egiten dituzte. Denda txiki ugari eta hainbat taberna ere badaude gazteluaren barruko kale zirriztuetan. Merezi duen bisita da.


Arles

Aurrekoak baino herri hazixeagoa da. Erromatar garaiko aztarna ugari ditu, eta aipatzekoa da herri erdian dagoen zezen plaza, Erromako coliseum ezagunaren antza baitu kanpoaldetik. Harritu egin gaitu zezenketek zer nolako indarra duten Provenza bezalako eskualde batean. Gezurra badirudi ere, zezenketetarako ohitura handia dago. Erromatar garaiko aztarnekin jarraituz, anfiteatro handi bat ere badu; udan kontzertuak eta ikuskizunak egiten dituzte han.


Avignon

Eskualdeko hiri nagusietako bat dela esan liteke. Handiagoa izanagatik, erdi aroko herrien izaera mantentzen du, bere harresiei eta palazioei esker. Sarreran eta errekaren gainean duen zubiagatik da ezaguna (zubi honi eskainitako kanta herrikoi bat ere badago).

Aita Santuaren egoitza izan zen gaztelua eta eliza ikusgarriak ditu. Turismo asko hartzen duen herria da, eta kaleetan ere bizia dago, denda eta taberna askorekin. Orduaren arabera trafiko dezente egon liteke herriaren sarrera/irteeretan.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude