Getaria: Itsasoari lotutako herria
Getaria gipuzkoar kostako herririk ederrenetako bat da. Arrantzale herria izaki, portuaren inguruan dago eraikita, eta kale estu eta aldapatsuek osatzen dute. Herriaren beraren edertasunak, hondartzak eta gastronomia aukerak egun pasa edo asteburu pasa joateko leku egokia bihurtzen dute.
Herri txiki baina bizia da, eta hori nabari da bere kaleetan. Taberna eta jatetxe ugari ditu (arraina probatu gabe ezin da joan) eta hori kaleko giroan ere antzematen da. Getariako arratoi ezaguna herrigunetik oso gertu dago. Baita Elkanoren oroigarria edota Balentziaga museoa ere.
Zer ikusi
- Portua eta “arratoia”. Euskal kostako porturik ederrenetako bat du, eta merezi du paseo bat emateak. Bertatik esku-eskura dago San Antongo muinoa, Getariako arratoia ezizenez ezagun egin dena. Oinez erraz igotzeko modukoa da.
- Jatetxeak: Itsasoko herria izaki, arrain ona jateko toki aproposa da. Hainbat jatetxe daude kanpoaldean parrillak dituztenak; han erreta ateratzen dituzte bisigu, erreboilo, zapo eta abarrak. Antxoak edota txirlak ere oso goxoak izaten dira. Eta nola ez, hori dena, Getariko txakolinarekin bustita… Merezi du probatzeak.
- Herrigunea: Erdi aroko egitura mantentzen du herriguneak, kale estu eta etxe dotoreekin. Eliza eta haren azpiko pasabidea ere ikustekoak dira.
- Hondartzak. Bi hondartza ditu, Malkorbe (herri aldera dagoena) eta Gaztetape (herritik kanporago dago, batez ere surf zaleentzat).
- Balentziaga museoa: Gu ez ginen sartu, baina moda mundua gustuko duenarentzat, diseinatzaile ezagunaren museoa ere badago, Getarian jaio baitzen.
Non lo egin
- Aparkalekua: Hondartza ondoko aparkaleku handian ez, baina kaia zeharkatuz, atzealdean dagoen parkingean gaua pasa daiteke. Udan hesia jartzen dute, baina denboralditik kanpo sar daiteke.
- Area: Herriaren kanpoaldean (Zumaia aldera), Malkorbeko hondartzaren gainean, autokarabanentzako egokitutako gunea dago. Herritik apartexago egonagatik, gaua pasatzeko leku ona da.
Informazio gehiago, Getariako turismo bulegoan.
Azken iruzkinak: