Kantauriko kostan barrena astebetez

Gure aurreneko gurpil gaineko ‘bidaia handia‘, 2014ko aste santuan egin genuena izan zen.  Utzitako autokarabana batekin, Kantauriko kostaren zati handi bat egin genuen; 8 egun eta 1.000 kilometro baino gehiagoko bidaia izan zen, eta bidean, Cantrabria, Asturies eta Galizako hainbat  herri eta kanping ezagutu genituen. Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, oroitzapen onak utzi dizkigun bidaia da.

Euskal kostaldea eta Cantabriako ekialdea (Castro, Laredo, Noja…) lehendik ezagutzen genuenez, Bilbo eta Santander atzean utzi eta gure ibilbidea Comillas herrian hastea erabaki genuen, Cantabriako kostako herririk ederrenetako batean. Handik Asturiasera pasa ginen, Llanes, Luarca, Luanco eta Cudillero herrietatik pasatuz. Azkenik, Galizan Ribadeo eta Viveiro herrietan (eta Estaca de Bares lurmuturrean) izan ginen. Bueltako bidean berriz, Cangas de Onis bisitatu genuen, Asturiasko beste herri dotore bat.


Comillas

Aurreneko geldialdia Comillasen egin genuen. Cantabriako kostako herri eder bat da. Turismoa dela medio dezente hazi bada ere, bere alde zaharrak herri txikien arkitektura eta izaera mantentzen ditu. Portuko aktibitatea, hondartza eta turismoa uztartzen dituen herria da. Monumentu historiko izendapena duen Unibertsitate zaharra ere bisitatzeko modukoa da. Hala ere, guri gehien gustatu zaiguna, bere kaleak eta hauek duten bizia izan da.

Herriaren izen bera duen Comillas kanpingean egin dugu lo. Kanpin berezia da, plaza libreak dituena. Oso ondo kokatuta dago, plaiatik minutu eskasera eta herrigunetik bost bat minutura (oinez) baitago.


Llanes

Hurrengo geldialdia LLanesen egin dugu, ikusi beharreko (gure uste apalean) beste herri eder bat. Izan ere, aipatzeko moduko hainbat puntu erakargarri ditu. Horietako bat, itsasertzeko pasealekua da; bertan, espigoia sendotzeko erabiltzen diren harrizko kuboak artelan bihurtu dituzte (Ibarrolaren lana). Hainbat hondartza ere baditu: Herrigunekoa eta handiena, San Antolin da, baina Gulpiyuri eta Cuevas del Mar hondartzak dira berezienetakoak.

Beste interes gune nagusietako bat herrigunea da. Bere kaleek kostako herri txikien izaera mantentzen dute, eta bizi handia dute. Gastronomia ere ezin da aipatu gabe utzi; herri arrantzalea izaki, arrain eta marisko aukera zabala eskaintzen du. Eta nola ez, “poteo” garaian oso ezaguna eta estimatua den sagardoa.

Herritik gertu dagoen Las Conchas kanpingean pasa dugu gaua. Llaneseko herrigunetik 15 minutura dago, Poo de LLanes herrixkan, kala txiki baten ondoan.


Luanco

Gure ibilbideko hirugarren etapan, Luanco aldera goaz, Xixón atzean utzita (bidaia honetan hiriburuak alde batera uztea erabaki genuen). Herria ezagutzeko buelta bat eman arren, El Molino kanpinga bilatu ezinda ibili ginen (aaaaaiiii… GPSa…).  Eta ez da harritzekoa, herrigunetik 2 kilometrora baitago, bere alde on eta txarrekin. Txarra, kanpinga zaharkitu xamarra zegoela eta udatik kanpo, dendarik ere ez zuela zen (erosketak egitera herrira joan behar). Alde ona, berriz, oso gutxi esplotatuta dagoen Bañugues hondartzaren ondoan dagoela, paisaia ederrez inguratuta. Oinez zein bizikletan ibilaldi ederrak egiteko toki egokia da, Kantauriko kostako labar eta paisaia ederrekin gozatuz.


Cudillero

Cudillero edo ‘Cudeiru’ asturiarrek esaten duten moduan, bidaia honetan gehien harritu gaituen herria izan da. Inguratzen dituen labar eta muinoen artean ezkutatuta dagoela ematen duen arrantzale herri txiki bat da, ia itsasotik bakarrik ikusten dena. Aldapan mailakatuta eta kolorez biziz margotuta dauden etxez osatua dago. Garai bateko kantina eta arrantzaleen tabernak, turistentzako jatetxe bihurtu dira egun, eta egunaren arabera, jendetza egon daiteke, baina benetan, ikusteko modukoa da.

Bere orografia berezia dela eta, ezinezkoa izango litzateke inguru horretan kanpingik egotea; hala, herritik gora joanez, portutik 5 bat kilometrora aurkitu dugu gertuen dagoena, Cudillero kanpinga. Aparte xamar egonagatik, asko gustatu zaigu. Gaua herrigunetik gertuago pasa nahi dutenek, portuko parkingean egin dezakete; hainbat autokarabana eta furgoneta zeuden bertan.


Luarca

Pasaeran bakarrik ikusi bagenuen ere, Valdés kontzejuko herri asturiar honek lehen unetik atentzioa eman zigun. Malda batetik jaitsiz, hilerria eta faroa daude. Bertatik, sekulako ikuspegia dago (behelainoak misterio ikutu bat ere ematen zion gainera…). Herri arrantzalea da, eta paraje harrigarrian egonagatik, turistikoki asko esplotatu gabe dago oraindik. Portuan, arraina, mariskoa eta hango tipikoak diren “kalderetak” eskaintzen dituzten hainbat jatetxe daude.


Viveiro

Asturias atzean utzita, Galizan sartu gara, Ribadeo herritik. Arrantzako tradizio handia duen herria da, hala erakusten du bere portu luzeak. Bertatik buelta bat eman ondoren, Foz aldera jarraitu dugu. Bidean, Katedralen Hondartza ezaguna ikusteko asmoa genuen, baina eguraldiak ez zuela laguntzen ikusita, aurrera jarraitzea erabaki genuen, Viveiro herriraino. Hau ere, asko gustatu zitzaigun. Izen bereko itsasadarraren ondoan kokatuta dago. Ondo mantendutako alde zaharra du, eta bertako kaleetan bizi handia dago. Vivero kanpinga, Landrove errekaren beste aldean (zubia pasata) dago, hondartzen gunean. Oinez nahiz bizikletan joan daiteke. Ah, eta prozesioak gogoko dituztenentzat, Viveirokoek Galiza osoko onenetakoak izateko fama omen dute (hala esan zigun behintzat bertako gizon batek).


Estaca de Bares

Viveiron pare bat egun gelditzea erabaki genuen. Handik, goiz pasako irteera bat egin genuen Estaca de Bares lurmuturrera. Iberiar penintsulako punturik septentrionalena da. A Coruñako Mañon herrian kokatzen da, eta portu batetik barrena iristen da bertara. Faroa eta lurmuturra ikusteaz gain, Kantauriko kostaren edertasunaz eta itsasoaren handitasunaz gozatzeko toki ederra da. Hegaztien behaketarako tokia ere bada.


Cangas de Onís

Astebeteko bidaiaren ondoren, eta eguraldiaren laguntza handirik gabe, atzera etxerako bidea hartu genuen. Bidean, ordea, geldialdi bat eginez, Cangas de Onis (Asturias) herria ezagutzeko aprobetxatu genuen. Bagenuen ezagutzeko gogoa, eta espero baino herri handiagoa eta turistikoagoa bada ere, gustatu zitzaigun. Herritik buelta bat eman eta Asturiasko jaki tipiko bat, “fabes con almejas” jan genuen. Erromatar garaiko zubi eder bat ere badago herri sarreran; gaita jole baten doinuek lagunduta, tokia are ederragoa iruditu zitzaigun. Cangas, Picos de Europa eta Covadongako lakuetara joateko sarbide nagusietako bat ere bada. Baina behelaino itxia zela medio, bisita hori beste okasio baterako uztea erabaki genuen.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude