Portugal: Kostako bidea


Hainbat hilabetez bidaia prestatzen eta amesten aritu eta gero, pasa den abuztuan 15 egun eta 2.000 kilometroko ibilbidea egin dugu Portugalgo kostaldean barrena, Oportotik Lisboara, hain zuzen ere. Furgonetarekin orain arte egindako bidaiarik onenetako bat izan da, erabat gomendagarria joan edo ez zalantzan dauden guztientzat. Kilometro askotako kosta, hondartza luzeak, xarma berezia duten herri eta hiriak, eta gastronomia ederra (eta merkea gainera!). Bidai on batek behar dituen osagai guztiak.

Gure ibilbidea

Ibilbideari dagokionean, Zamoratik barrena sartu ginen Portugalera; muga pasa eta berehala iritsi ginen Bragançara. Handik kostalderako bidea hartu genuen; Vila do Conde herritik hasita, Oporto, Aveiro, Nazaré, Foz de Arelho, Óbidos, Peniche, Ericeira, Cascais, Sintra eta Lisboa pasa genituen.

Hau da guk egindako ibilbidea xehetasun guztiekin:


Oharrak

Aurrez askok esan ziguten moduan, Portugal furgonetan bidaiatzeko leku perfektua da; izan ere, AC area eta kanpinez gain, ia edozein lekutan egin daiteke lo, inolako arazorik gabe. Leku gehienetan (kanpinak, jatetxeak, tabernak eta toki publikoak) wifi-a debalde eskaintzen dute, beraz, Internetera konektatzeari dagokionean ere, arazorik ez.

Autopistetako ordainketa elektronikoa beste kontu bat da. Joan aurretik ondo informatzen saiatu baginen ere, nahiko kontu nahasia da, baita bertako askorentzat ere. Kontua da, hainbat autopistak (edo auto-estrada) betiko ‘peaje’ etxetolen bidez funtzionatzen dutela; beste batzuk, ordea, kotxearen matrikula irakurtzen duten ordainketa sistema elektronikoa dute. Ordainketa egiteko bi modu daude: aurreordainketa txartelak erostea, edota matrikula kontu korronte bati lotzea. Aurreneko kasuan, txartelak gasolindegietan edota posta etxeetan eros daitezke; 3 eta 5 eurokoak izaten dira, eta SMS bidez bidali behar da matrikularen zenbakia eta txartelean ageri den kodea. Bigarren sistemari dagokionean, Espainiatik Portugalera sartzeko autopista nagusietan atzerritarrentzat dauden etxetola berezi batzuetan sartu behar da, eta bertan autoaren matrikula eta kontu korrontearen zenbakia eman.


Bragança

Zamora aldetik datorren errepide nazionala jarraituz sartu gara Portugalera. Tras-Os Montes eskualdeko lehen herri garrantzitsua da Bragança, eta bertan gelditzea erabaki dugu, atseden hartu eta bide batez herria ikusteko. Alde zahar interesgarria du, kale estu eta aldapatsuekin, eta muino baten gainean, harresitutako zitadela ederra, dorre eta guzti.

Herrigunera bueltan, O Pote jatetxean jan dugu. Etxean bezala jaten da, eta platerak ondo beteta ateratzen dituzte (gosearekin joan…). Portugal barrualdeko jaki tipikoak probatzeko leku ona da.

Bidaitik nekatuta gatoz, eta herria ikusi eta gero, lasai egon nahi genuen. Cepo Verde kanpina herritik aparte dago, baina baso baten erdian eta oso toki lasaiean aurkitzen da.


Vila do Conde

Bragançan egindako geldialdiaren ondoren, kostalderako bidea hartu dugu, Oportora daraman autobidea (auto-estrada) hartuta. Ordainketa elektronikoko arkuak ekiditen saiatu gara bide osoan zehar, baina kostaldera iristean kontua zaildu egiten da.

Vila do Conde kostako hiri txiki bat da, oraindik turistikoki gehiegi esplotatu gabea, eta kostako herrien xarma mantentzen duena. Espreski area bezala markatuta ez badaude ere, errekaren aldamenean AC ugari ikusi ditugu aparkatuta. Guk aurrerago jarraitu eta Vila Chá herrian gelditzea erabaki dugu, hondartzatik gertu dagoen izen bereko kanpinean. Tokia oso lasaia da, eta harkaitzez eta arrokaz betetako hondartzaz betea dago, eta jende pilaketarik gabe.


Oporto

Portugalen barrena egin dugun bidaia honetan, gehien gustatu zaigun hirietako bat Oporto izan da. Douro hibaiaren ertzean kokatuta, Portugalgo hiririk garrantzitsuena izan zen, portuari eta merkatal aktibitateari esker. Gaur egun, aktibitate nagusia turismoa duen hiria da.

Hiriaren zatirik ederrenetako bat La Ribeira deiturikoa da, ibaiaren ondoko pasealekua, alegia. Jatetxez, kaleko musikariz eta aktibitatez betetako kalea da. Arrainaz gain, oso tipikoak dira hango francesinhak; sandwich moduko batzuk dira, barruan haragia eta gainean arrautza frijitu bat eta tomate saltsa izaten dutenak. Ribeiratik, Dom Luiz I zubi dotorea ikus daiteke, eta baita errekaz bestalde dagoen Vila Nova de Gaia herria ere (AC gune bat dago bertan, Oportotik 10 bat minutura oinez).

Ribeiratik oinez joan daiteke herrigunera (aldapa eta eskailera ugari daude) edo bestela, goikaldeko auzoetara daramaten tranbia edo igogailuak erabili. Sé katedrala, Avenida dos Aliados kalea edota Torre dos Clérigos dorrea dira bisitatu beharreko tokiak. Hala ere, interesgarriena bertako kaleetan ‘galtzea’ izan daiteke.


Aveiro

‘Portugalgo Venecia’ deitzen dutena zen bidaia honetan egin nahi genuen beste bisitetako bat. Herrigunea hainbat kanalek banatzen dute, eta horietan barrena, Moliceiros izeneko barkuak ibiltzen dira; garai batean gatza eta algak eramateko erabiltzen baziren ere, egun turistak erakartzeko amu nagusia bihurtu dira.

Arraina jateko toki ona da, baita han ohikoak diren ‘tripak’ ere; ‘crepe’ moduko batzuk dira, txokolatez eta beste hainbat jakiz beteak (ez dute tripakiekin zerikusirik, jejeje).

Hondartzak herrigunetik 12 kilometrora daude. Praia da Barra kanpinean gelditu gara, izen bereko hondartzatik gertu dagoena. Handik kilometro batera dago Costa Nova, koloretako udako etxeengatik ezaguna den auzoa.


Nazaré eta Foz de Arelho

Kostako bidea jarraitu dugu Figueira da Foz herriraino, baina iritsi bezain pronto, konturatu gara guk uste baino hiri turistikoagoa dela (Salou edo Benidormen antzera), eta aurrera jarraitzea erabaki dugu, Nazaré herriraino. Aurrekoa baino herri txikiagoa bada ere, udan turistaz betetzen da; hala ere, bisitak merezi du.

Hondartzako paseoa gurutzatu ondoren, Promontorio do Sitio edo gune historikora jo dugu; muino baten gainean dago, itsasotik 110 metroko altueran. Itsas labarrez inguratua dago eta ikuspegia izugarria da. Bere kaleak etxe zuriz beteta daude, itsaso zabalaren urdintasunarekin kontraste ederra eginez. Bertako produktuen postu ugari ikusi ditugu, eta baita arrain ona eskaintzen duten jatetxeak ere.

Nazaré-tik kilometro gutxira dgao Foz de Arelho, kostako beste herri txiki bat, bere hondartzengatik ezaguna dena. Gaua bertako AC gunean pasa dugu, 3 euro kobratu digute sarrera, baina egia esan leku ederra da, komunak eta dutxak ditu eta hondartza txiki bat aldamenean.


Obidos eta Peniche

Gure haserako asmoa kostako bidea jarraituz Penichera iristea bazen ere, hainbat lagunen aholkuak jarraituz, barrualdera egin eta Óbidos herria ikustea erabaki dugu. Harresiz inguratutako erdi aroko herri ederra da, eta merezi du bisita egiteak. Rua Direita edo kale nagusia etxe zuriz osatuta dago, horiz eta urdinez apainduta. Artisau produktuak, txokolatea edo bertako gerezi likorea saltzen duten denda txiki ugari daude bertan.

Bisitaren ondoren, Peniche herrira abiatu gara. Nahikoa herri turistikoa da; herrigunetik aparte antzean badaude ere, udan leporaino betetzen diren hainbat hondartza ditu (ia ordubete kosta zitzaigun haietako batetik bueltatzea). Horrez gain, herrigunea polita da eta arrain ona jateko aukera dago, prezio onean.


Ericeira

Jatorrian kostako arrantzale herri txiki bat izan arren, Ericeira surf zaleen ‘meka’ edo bilgune bihurtu da. Alde guztietan ikus daitezke furgonetak eta surfeko oholak aldean daramatzaten gazteak. Hainbat hondartza ditu, eta herriguneak badu bere bizia. Bere kaleek mediterraneoko herri txikiak gogorarazten dituzte, zuriz margotutako etxeekin.

Gaua Ericeira kanpinean pasa dugu, toki lasaia da eta ondo ekipatuta dago. Ohiko partzelez gain, ACentzako gune bat dauka, urarekin eta argi indarrarekin.

Herrian, mariskoa eta arraina ematen duten hainbat jatetxe aurki daitezke. Guk herriaren bukaeran, Baleiako hondartzan dagoen bat gomendatuko dizuegu; itsasoaren ondoan dagoen jatetxe txiki bat da, arrain ederra ematen dutena. Herrigunean eta modu informalago batean jan nahi duenarentzat, Sunset Bamboo taberna oso ondo dago; entsalada handiak eta sandwich bereziak ematen dituzte (ah, eta dohako wifi-a dute).


Cascais

Gure bidaiaren aurreneko egunetan, nahiko erritmo bizia hartu genuen, eguneko herri bat edo bi ezagutuz, eta gure ibilbidearen erdialdera iritsita, lasaitu eta atseden hartzea erabaki genuen, hondartza gertu zuen kanpinen batean. Cascais herritik gertu dagoen Guincho kanpina aukeratu genuen, toki lasaia eta izen bereko hondartzatik gertu dagoena.

Hiriari dagokionean, Cascais gune turistiko bihurtutako arrantzale herri bat dela esan liteke. Portuaz gain hainbat hondartza ditu, eta itsasertzeko paseo ederra. Alde zaharra komertzioz betetako kale estuz osatua dago; eta bertako jatetxeetan ere, arrain eta marisko eskaintza handia da (kontuz prezioekin, iparraldean baino garestiagoak dira eta).

Cascaistik oso gertu bisitatu beharreko toki bat Boca do Inferno deritzona da. Itsasoak lurrean egindako koba moduko bat da, eta marea jaisten denean, aho baten forma hartzen du, paisaia harrigarri bat sortuz.


Sintra

Cascais eta Lisboatik gertu, Portugalgo lekurik magikoenetako bat aurkitzen da: Sintra. Ipuin batetik ateratako tokia ematen du, kilometro guxtian, Portugalgo jauregi, palazio eta jardin konzentraziorik handiena baitago bertan. Egunero jasotzen duen turista kopuru handia ikusita, goizeko lehen orduan joatea gomendatzen dugu, bestela bertan aparkatzea benetako odisea izan baitaiteke.

Sintran ikustea merezi duen jauregietako bat Palacio da Pena izenekoa da. Muino baten gainean eraikita dago, eta ametsetako mundu batetik aterata balego bezala, fantasiaz betetako forma eta koloreekin atonduta dago. Sarrerak 14 euro ordaindu behar da; behin barruan, gaztelua bera, barrualdea eta inguruan duen parkea bisitatu daitezke.

Eguneko bigarren bisita Quinta da Regaleira palaziora eta honen jardin surrealista bezain berezietara egin genuen. Lur azpiko tunelez josita dago parkea, eta horietatik, Poço Iniciático delako beheranzko dorrera iris daiteke. Lurpean eraikita dagoen dorre moduko bat da, 27 metrokoa, eta gazteluetako dorreen moduko eskailerak ditu igo eta jaisteko.


Lisboa

Portugalgo hiriburua toki ederrean dago kokatuta, Tajo ibaiaren ondoan, eta hiria gorantz hazi arazi duten muino batzuen gainean eraikita. Babeleko dorre handi bat bailitzan, bere kaleetan kultura eta jatorri ezberdinetako jendea nahasten da, hiria ezagutzera datozen turistekin batera.

Alfama auzoa.

Lisboaren erdigunea bost auzotan dago banatuta: Baixa, Chiado, Barrio Alto, Alfama eta Belem. Baixako kaleak, Praça do Comercio eta Praça Rossio plazen artean, turismo eta merkatal aktibitate gehien duten kaleak dira. Santa Justa igogailua (Eiffel-en ikasle batek diseinatu zuen) edo ohiko tranbiak erabilita igo daiteke Chiado eta Barrio Alto auzoetara. Handik, Lisboako ikuspegirik ederrena eskaintzen duten hainbat miradoretara ere joan daiteke.

Baixaren beste alderantz joanez gero, Alfama auzora iritsiko gara. Garai batean musulmanen auzoa izan zena, gaur egun Lisboako auzorik bizi eta bitxienetako bat da. Bertan ikus daitezke Sé katedrala edota Castelo de San Jorge gaztelua; baita Lisboako Fado lokalik ezagunenetako batzuk ere.

Belem auzoan, Mosteiro dos Jerónimos eraikin erraldoia bisitatu daiteke, baita Torre de Belem dorrea, Padrâo dos Descobrimentos monolitoa, edota Ponte 25 de abril zubia ere, San Franciscoko Golden Gate ezagunaren tankerakoa. Eta nola ez, behin hara iritsita, Pasteis de Belem gozo ezagunak probatu ere.

Hiriburuan bertan lo egiteko, onena Tajo ibaiaren ertzean dauden parkinetako bat aukeratzea da. Guk Belem auzoko Estación fluvial edo barkuen geltokiko parkinean pasa genuen gaua. Hainbat AC eta furgoneta zeuden bertan; ondoan komunak eta wifi-a dituen taberna txiki bat ere badu. Autobus geltokia errepidearen beste aldean dago, honen gainetik doan pasabide batetik igota.

Eta horrela bukatzen da gure bidaia. Penaz baina ikusitako lekuekin eta bizitako esperientziarekin gustora, etxerako bidea hartu dugu berriz. Hurrena arte!

You may also like...

5 Responses

  1. Oiartza(e)k dio:

    Zorionak blogarengatik! Sekulakoa da eta euskaraz! Guk bide bera egina dugu duela urte mordoa, baina autoz joan ginen. Aurreko urtean Alentejo eta Algarbe aukeratu genuen gure furgo estrenatzeko eta bai, kanperrentzat, ongi diozun bezala, paradisua da. Ongi ibili!

    • ehfurgo(e)k dio:

      Eskerrik asko Oiartza! Guk ere jarraitzen dugu zuen bloga, lan ederra egiten duzue! Ea bidean noizbait topo egiten dugun! 🙂

  2. Yolanda(e)k dio:

    Eskerrik asko zuen ekarpenengatik, baliagarriak izango zaizkigu!
    Zein ederra argibidea euskaraz aurkitzea!

    • ehfurgo(e)k dio:

      Asko pozten gera!! Eskerrik asko zuri mezuagatik!! Eta edozein zalantza, galdetu lasai!!

  1. 2017-08-27

    […] bukatzen da Galizako kostako gure ibilbidea. Portugalgo kosta ezagutzen jarraitu dezakezue, edo Galizan jarraitu nahi izanez gero, Ribeira Sacra eskualdea ezagutu, baina hori, […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude