Atxondo bailara eta Arrazolako bide berdea

Anbotoren magalean eta Arrazola errekako urek bustita, Euskal Herriko parajerik ederrenetako bat aurkitzen da: Atxondo bailara. Durangaldean kokatuta dago, Elorriotik eta Abadiñotik gertu. Paisaia berdeek, harrizko baserri zaharrek eta mendiaren harkaitz biluziek xarma berezia ematen diote inguruneari. Ez diote alferrik “Suitza txikia” deitzen.

Etxetik apenas ordubetera daukagun arren, aitortu beharrean gaude ez genuela leku zoragarri hau ezagutzen. Aurten, ordea, erremedioa jarri nahi izan diogu horri. Asteburu pasa joateko edonori gomendatzen diogun lekua da, paisaiaz gain, hainbat ibilbide egin eta ondo jateko leku ugari ere aurkitu baitaitezke bertan.

Arrazolako bide berdea

Atxondo bailara aldenik alde zeharkatzen zuen Arrazolako meatzeetako trenbideak. 1905. urtean eraiki zuten, aurreneko urteetan mea garraiatzeko bakarrik erabili izan zen, baina 1925etik aurrera, bidaiariak eta egurra garraiatzeko erabili zuten. Beti ere, ‘Aurrera’ izeneko lurrinezko lokomotoreak gidatuta.

Trenbidea zena, bide berdea bihurtu da denborarekin, eta egun, hark egiten zuen ibilbide bera egin daiteke oinez. Apatamonasterio auzotik hasita, 5 kilometroko ibilbidea da (10 joan-etorria), Arrazolako geltoki zaharreraino.

Atxondo bailara osatzen duten Apatamonasterio, Axpe edo Arranturriaga auzoetan, edo Arrazolan bertan utzi daiteke ibilgailua, eta bidea edozein noranzkotan egin. Guk San Roke ermitaren ondoan dagoen aparkalekuan utzi nahi izan genuen furgoneta, baina beteta zegoenez, azkenean Axpen utzi genuen.

Axpe auzoa da, gure ustez, bailarako denen artean ederrena. Herri kaskoak harrizko etxeak eta garai bateko arkitektura mantentzen ditu, eta inguruan berdegune zabalak eta ikuspegi ederrak ditu. Aparkaleku txikia du, baina zorte pixka batekin, leku lau bat aurkitu daiteke.

Handik abiatuta, kilometro eta erdi inguruko bidea egin dugu errepidea jarraituz, Santiago auzora iritsi arte. Bide Berdea hartu aurretik, ordea, bisita azkar bat egin diogu auzoari izena ematen dion ermitari. Bide bazterreko ermita edo humilladero hauek oso ugariak dira Bizkaian.

Bide berdean zehar, hainbat baserri eta eraikin historiko ikus daitezke. Horietako bat da Urrutia baserria (XVI. mendekoa), Bizkaiko zaharrenetako bat. Sarrerako horman, Urrutia familiaren armarri dotorea dauka. Arranturriaga eta Arrazola auzuneak ere bertan daude, baina bidea kaskoaren aldamenetik pasatzen da, eta bisita bueltarako utzi dugu.

Aurrera eginda, San Roke ermitara (XVII) iritsiko gara. Ondoan merendaleku bat eta aparkalekua ditu. Iritsi orduko, bertako baserri batean egindako ogia saltzen zuten postu bat aurkitu genuen.

Handik metro gutxira dago Arrazolako geltoki zaharra edo Topekoa; bertan bukatzen da ibilbidea. Egun, merendalekua eta komunak daude geltokia zenaren lekuan. Ibilbidea luzatu nahi dutenek, Besaideko gainera arte ere jarraitu dezakete.

Bueltan Arrazolako meatzarien auzora sartu gara. Plazan bertan dagoen Amillena benta gomendatu digute, eta egia esan, merezi du ezagutzeak, leku ederra izateaz gain, bertako produktuak ere saltzen baitituzte. Bertan dago San Migel eliza ere; XVI. mendearen hasieran eraiki zuten, egungo kanpandorrea XVIII. mendekoa bada ere. Bitxikeria moduan, sarreran duen harrizko plaka batek dionez, “eleiza honetan izan zen lehenengoz munduan mezea euskeraz”.

Zerbeza bat eta modakutxo bat jan eta gero, bueltako bideari ekin diogu berriz, Axpe auzoraino. Ogia erosita gentozen, eta furgonetan bazkaltzeko asmoarekin, baina hara zein izan zen gure sorpresa, Axpe auzora iritsi eta plazan jende guztia pintxoak jaten ikusi genuenean. Izan ere, Mitxelin izarrengatik ezaguna den Etxebarri jatetxeak, taberna ere badauka, eta a ze nolako pintxoak!! Ilara egin eta apur bat itxaron behar izan genuen, baina merezi izan zuen, pintxo eta kaxuelita batzuekin bazkalduta gelditu ginen!

Inguruak ezagutzen jarraitu nahi baduzue, aukera ugari dituzue Durangaldean. Elorrioko herriguneak merezi du bisita on bat; Abadiño ere bertan dago, eta Durangotik Urkiolako santutegira eta parke naturalera igo daiteke!!


You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude