Nafarroako erdialdean barrena

Paisaia, herri eta natura aldetik oso lurralde anitza da Nafarroa. Iparraldeko gune berdeetatik hegoaldeko lur idorretara, gustu guztietarako tokiak aurki daitezke bertan. Oraingo honetan, ez ipar eta ez hego, Nafarroako erdialdean barrena murgildu gara. Besteak beste, Nafarroa Erdia (Tafalla aldea), Lizarraldea, Aezkoa eta Urbasan barrena egin dugu asteburu pasako ibilbidea.

Olite

Hegotik hasi eta iparrerantza jarraitzea pentsatu genuen. Hala, aurreneko jomuga Olite herria izan zen, Nafarroa Erdian. Erdi aroko herri zoragarria da, bere gaztelu ezagunarekin, eta kale estu eta biziekin. Carlos III Nafarroako erregeak eraiki zuen palazioa XIV eta XV. mendeen artean; bere garaian, Europa osoko dotoreenetako bat izan omen zen.

Palazioa bisitatzeko bi aukera daude, bisita gidatuak edo libreak. Gaztelua eta bere dorreak bisitatzeaz gain, XX. mendean berreraiki zuteneko irudiak, lurpean egindako zundaketak edota errege-erreginen saloi handiak ikusteko aukera dago, besteak beste. Ordutegien eta prezioen inguruko informazioa, gazteluaren webgunean aurki daiteke. Bisitaren ondoren, gazteluaren aurrealdean dagoen Carlos III plazan pintxoren bat jan edo bazkaltzeko aprobetxatu daiteke.

Oliten bertan lo egiteko aukera dago, hainbat parking baitaude herrigunearen inguruan, denak ere, nahiko lasaiak. Bat aukeratzekotan, herriaren atzealdean, Doña Leonor pasealekuan dagoena hautatuko genuke, WC publikoak baititu ondoan.


Uxue

Olitetik gertu hainbat herri bisitatu daitezke: Tafalla, esaterako (AC gunea dauka). Baina guk Uxue ezagutzeko kuriositatea genuenez, bertara jo genuen. Muino baten gainean eraikitako herri polita da, bere eliza gotortuarekin. Santa Maria eliza XI. mendean eraiki zuten, baina gerora, hainbat berrikuntza egin zizkioten, tartean, gotorleku itxura ematen dioten dorreak.

Bisita azkar bat egin eta gero, Lizarrarako bidea hartu genuen. Baina bertan gelditu nahi duenak, bertako jaki tipikoa den artzainen ogi apurrak edo migak jan ditzake.


Lizarra

Historia aldetik Nafarroako herririk aberats eta garrantzitsuenetako bat izan zen Lizarra, eta hori, bere ondare arkitektonikoan atzematen da. 914. urtean sortu zen, eta Nafarroako hiribildu nagusietako bat izan zen Erdi Aroan. Jurramendi mendiaren magalean dago kokatua, eta Ega ibaiak zeharkatzen du, erdi erditik.

Donejakue edo Santiago bidearen puntu garrantzitsuenetako bat da. Egun, garai haietako ondare arkitektoniko handia gordetzen du. Elkarren artean banandutako auzo ezberdinek osatzen zuten (frankoak, baskoiak, juduak…). Kultura eta jatorri nahasketa horretatik sortutako herria da Lizarra, eta benetan, merezi du ezagutzeak.

Lo egiteko aparkaleku aldetik aukera badago ere, guk Lizarrako kanpina hautatu dugu. Instalazio aldetik ondo dago, eta herrigunera oinez (15 min) edo bizikletan (5 min) joan daiteke.


Urederra eta Urbasa

Lizarra atzean utzita, Aezkoa bailara aldera abiatu gara. Zer ikusia baduen lurraldea da, baina beste baterako utziko dugu, gure asmoa, iparralderantz jarraituz, Urbasara iristea baita.

Aezkoa eta Sakana bailarak banatzen dituen mendilerroa da Urbasa, parke natural izenpena duena. Bertara iritsi aurretik, Bakedano herrira joko dugu, bertatik abiatzen baita Urederra putzu ezagunerako oinezko bidea; ibilbide erraza da, ordubete ingurukoa. Informazio gehiago parketxearen webgunean aurki daiteke.

Atzera Bakedanora itzuli, eta Urbasarako bidea jarraitu dugu. Portua igo eta berehala, eskubitara Pilatosen Balkoia bezala ezagutzen den amildegia dago, baita Parke Naturalaren interpretazio zentroa ere.  Aurrerago jarraituz, garai bateko artzain txaboletan kokatuta dauden bi taberna aurkituko ditugu; Urbasako artzain gazta probatzeko tokirik onena. Bideari jarraituz, Urabasako baso ederretan murgilduko gara. Kanpina ere badago, parkearen ia beste muturrean. Aurrera jarraituz gero, Sakanako bailarara iritsiko gara.

Urbasaren inguruko informazioa eta hainbat ibilbide aurki daitezke Parke Naturalaren webgunean.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude