Oñati eta Arantzazu: historia eta ondarea Aizkorriren magalean

Badira herri batzuk, beraien eraikin, historia eta inguruneagatik, asteburu pasa eder bat egiteko aukera ematen dutenak. Oñati da horietako bat, ezaugarri guztiak betetzen baititu. AK gune bikaina dute herrigunetik gertu, herrigune historikoa ederra eta aberatsa da, eta inguruan, Arantzazu edo Arrikrutzeko kobak bezalako ingurune zoragarriak ditu ezagutzeko.

Gipuzkoako hego-mendebaldean dagoen herria da Oñati, Aizkorri mendilerroaren magalean. Aspalditik genuen bertara asteburu pasa joateko gogoa, bertan AK gunea zegoela jakin genuenetik. Biok ezagutzen genuen txikitatik Arantzazu, eta handik Urbiara ere behin baino gehiagotan joan izan gara. Baina herria ez genuen askorik ezagutzen, eta benetan harritu gaitu, onerako noski!

Herrigune historikoa

XX. mendean zehar Oñati asko hazi bazen ere, erdigune edo kasko historikoak garai bateko izaera eta dotorezia mantentzen ditu oraindik. XIII. mendean Konderri izendapena jaso zuen, eta XVI.ean, bertan eraiki zuten Euskal Herriko lehendabiziko unibertsitatea. Hala, bertako jauntxo eta kondeek, oraindik mantentzen diren eraikin dotoreak egin zituzten.

Foruen enparantza da herriaren erdigune eta bilgune naturala. Bertan kokatuta dago udaletxea, 1.778an eraikitako rokoko estiloko eraikina. Haren aldamenean dago Lazarraga dorretxe-jauregia ere, bere jardin eta guzti. Plaza horretan, larunbatero bertako produktuen azoka egiten dute. Handik metro gutxira dago Santa Marina plaza ere, herriko lehendabiziko plaza izan zena. Haren bueltan daude Madinabeitia, Antia eta Baruena jauregiak. Oinez paseo bat emanez ikus daitezke guztiak.


San Migel eliza

Herrigunean eta Foruen Enparantzaren ondoan kokatuta badago ere, San Migel elizak merezi du aparteko aipamen bat. XV. mendeko eraikin gotikoa da. Herrian izan zuen hazkundea ikusita, garai hartan berritu eta handitu zuten.

Aldare nagusiaz gain, pietatearen kapera eta XVII. mendeko kripta ere baditu. Baina guri benetan atentzioa eman diguna, errekaren gainean eraikitako klaustro dotorea da.


Sanctis Spiritus Unibertsitatea

Errenazimendu garaiko eraikin ikusgarri hau izan zen Euskal Herriko aurreneko unibertsitatea. Rodrigo Mercado Zuazolak sortu zuen 1548. urtean. Hiru mendez baino gehiagoz, medikuntza, zuzenbide, filosofia, teologia eta letretako ikasketak eskaini ziren bertan. Gaur egun, hainbat erakunderen egoitza eta artxibo lanak egiten dira bertan.

Kanpoaldetik ez ezik, barrutik ere ikusgarria da eraikina. Sarreran, Carlos I. garaiko erregearen armarri handia ikus daiteke. Barnealdean, errenazimendu garaiko klaustro ederra du; baita Euskal Herrian batere ohikoa ez den Mudejar estiloko sapaia ere. Bisita gidatua egiteko, turismo bulegora jo behar da.


Arrikrutzeko koba

Zer edo zer entzunak ginen Arrikrutzeko kobaren inguruan, baina bertan izan eta gero, esan dezakegu benetan ikusgarria dela eta bisitak merezi duela. Aizkorriko mendilerroaren magalean kokatuta dago, Araotz auzoan. Guztira 15 kilometroko galeria sarea du, baina bisita arruntean 500 metro luze den 53. galeria ikus daiteke (espeologia irteerak ere egiten dituzte). Pasarela baten bidez egiten da bisita, gida baten azalpenekin lagunduta. Bertan jakin genuen Aldaola ibaiaren urak mendez mende zulatu eta iragazitako kobazulo horretan, hainbat aurkikuntza arkeologiko eta paleontologiko egin dituztela. Besteak beste, haitzuloetako lehoi baten eskeletoa eta hartz haztarnategi bat.

Bisita kobaren sarreratik 200-300 bat metrora dagoen Interpretazio zentroan hasten da. Ordutegiak kontsultatu edo lekua hartzeko, bertara deitu behar da. Helduen sarrerak 9 euro balio du


Arantzazuko santutegia

Kasik Euskal Herriko bihotzean, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan, eta Aizkorriren babesean kokatuta dago Arantzazuko santutegia. Gipuzkoako zaindariari eskainitako eraikin honek, ordea, ez du gainontzeko eliza eta eraikin erlijiosoen antzik. Izan ere, estilo modernista du, eta abanguardiako euskal artista ezagun ugariren lanak biltzen ditu, hala nola Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea eta Eduardo Chillidarenak.

Basilika eraikitzen 1950. urtean hasi ziren, Saenz de Oiza eta Laorga arkitektoen zuzendaritzapean. Lehen kolpean, trinitatea irudikatzen duten punta zorrotzeko hiru dorreek erakartzen dute bisitariaren arreta. Jorge Oteizak egin zituen, inguruetan hain ugaria den elorri zuriaren omenez. Sarrera apainduz, bere garaian polemika ugari sortu zuten 14 apostuluak daude; azken hori ere, Oteizaren obra da. Sarrerako burnizko ateak berriz, Chillidak diseinatu zituen.

Behin elizaren barruan, Lucio Muñozek egindako erretaula erraldoia ikus daiteke; 600 metro koadroko azaleradu, eta egurrez eginda dago. Elizaren azpialdean dagoen kripta berriz, Nestor Basterretxearen obra da. Toki iluna zen lehen, baina orain berritu eta galeria moduan atondu dute, egilearen beste lan batzuekin batera.

Santutegiaren ondoan dagoen eraikin berrian, Aratz-Aizkorriko parketxea eta Gandiaga zentroa daude, besteak beste. Arantzazutik abiatuta, Urbiako zelaietara joan daiteke oinez; ordu eta erdi inguruko ibilbidea da, nahiko aldapatsua, baina paraje ederrak eta bertako fondako txorixo pintxoak merezi dute hainbeste!


Txokolatearen historia

Oñatik historian zehar lotura handia izan du txokolatearekin, eta horren erakusgarri da Txokolateixia Interpretazio Zentroa. Bertan, kakaoa erein eta txokolatea egiteko prozesuarekin hasita, herriak XVII. mendetik gaur egunera arte txokolatearekin izan duen harremana azaltzen dute. Besteak beste, Zahor enpresaren eta Oñatin egon diren beste txokolate lantegi batzuen historiari errepasoa eginez. Bisita gidatua egiteko, interpretazio zentrora deitu edo idatzi behar da aurrez. Bukaeran, txokolate goxoak probatu eta erosteko aukera ere badago.

Nahi izanez gero, erdi aroko jatorria duen San Migel errota ere bisitatu daiteke Oñatin bertan. Haren inguruko aipamenik zaharrenak XV. mendekoak dira; lau mendez, Oñatiko kondeen zerbitzura egon zen. San Joan kalean dago, Oñatiko turismo bulegoaren eraikin berean.


Oñatin non lo egin

Azken aldian Euskal Herrian ezagutu dugun AK gunerik txukun eta osoenetakoa du Oñatik, eta horregatik zoriondu beharra dago bai bertako udala eta baita Oñatiko herria ere. Herrigunetik 500 bat metrora dago, San Martin auzoan, eta paraje ederrez inguratuta. 18 plaza ditu, urak husteko eta betetzeko lekua eta baita komun publiko bat ere. Ondoan merendaleku bat eta harizti eder bat ditu, parke moduan. Herrigunera daraman bidegorria ere ondotik pasatzen da; gu oinez apenas 5 minutuan iritsi gara herriko plazaraino.

Asteburu pasa eder bat emateko aukera ematen du Oñatik. Gu behintzat harritu egin gaitu, eta onerako!!! Itzuliko gara!!!

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude