Tolosa eta Aiztondo bailara, Gipuzkoaren bihotzean
Kostaldeaz gain, Gipuzkoaren barrualdeak ere baditu leku ederrak, ezagutzea merezi dutenak. Tolosako herria eta handik gertu dagoen Aiztondo bailara dira horren adibide. Ingurune berde batean kokatuta, ondare, ibilbide eta gastronomia ederrak eskaintzen dituzten hainbat herri aurkituko ditugu, asteburu lasai bat pasatzeko ezin egokiagoak. Zatozte!!
Tolosatik hasiko dugu ibilbidea, haren herrigune historikoa, azoka eta beste zenbait berezitasun ezagutuz. Handik, Aiztondo bailarara joango gara, eta Asteasu, Larraul, Alkiza, Zizurkil eta Aduna herriak ezagutuko ditugu.
Tolosa
Gipuzkoaren bihotzean kokatutako hiria da Tolosa, Oria ibaiaren ondoan. Inguruko 27 herrik osatzen duten Tolosaldea eskualdeko herri nagusia da, 19.000 biztanlerekin. Askok ez badakite ere, Gipuzkoako hiriburu ere izan zen 1844–1854 urteen artean.
Gipuzkoako aurreneko hiribilduetako bat izan zen, Alfontso X.ak 1256an eman baitzion hiribildu gutuna, Ordiziarekin eta Segurarekin batera. Nafarroara zihoan bide nagusia bertatik pasatzen zen, eta egungo kale nagusiaren eta Andre Maria plazaren inguruan egituratu zen herria. 1503. urtean, sute handi batek erabat suntsitu zuen herria, eta goitik behera berreraiki behar izan zuten.
XIX. eta XX. mendeetatik, industria gune garrantzitsua izan da, berezi papergintza sektorean oinarrituta. XX. mendearen bukaeran gainbehera egin zuen sektore horrek, eta egun zerbitzu eta merkataritza herria bihurtu da Tolosa. Haren azoka ere, inguruko baserritar nahiz erosleen bilgune izan da urte askoan.
Zer ikusi
· Azoka:
Ordiziakoarekin eta Gernikakoarekin batera, Euskal Herri mailako azokarik ezagunenetako bat da Tolosakoa, Erdi Aro garaitik egiten baita feria. Herriguneko hiru gune desberdinetan kokatutzen da, eta hiriaren erdialde osoak azoka handi baten itxura hartzen du, larunbat goizero.
Zerkausian, bertako nekazari eta baserritarrek garaian garaiko produktuak ekartzen dituzte. Berdura plazan, lore eta landare postuak jartzen dituzte; plaza bitxia da, kristalezko sapai batek estalita eta inguruko etxeen arkupeek inguratuta baitago. Eta azkenik, Euskal Herria Plazan, kanpoko produktuak eta arropak egoten dira salgai.
· Euskal Herria Plaza:
Azokako guneetako bat izateaz gain, Tolosako plazarik nagusi eta ikusgarriena da. Inguratzen duten eraikinak XIX. mendekoak dira eta alde bakoitzak 50 metroko luzeera du, arkupez inguratuta. Bertako eraikin nagusia, Justizia jauregia izan zen, eta 2007an egindako birgaitze lanen ondoren, Topic txotxongilo museoa kokatu zuten bertan.
· Topic Museoa:
Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa da Topic. Txotxongiloen arteari eskainitako zentro integral bakarra da Europa osoan; eta aipatu behar da, herri ekimen batetik sortutakoa dela. Tolosak arte eszenikoekin eta inauteriak bezalako jaiekin duen loturaren adierazle ere bada. Mundu osotik ekarritako ia 1.850 txotxongilo dituzte bertan. Museoaren erakusteka iraunkorraz gain, aldi baterako erakusketak, 250 lagunentzako edukiera duen antzokia, txotxongilo tailerra eta artxibategi zabala ditu.
Sarrera 3 eurokoa da umeentzat (2-12 urte) eta 4 eurokoa helduentzat. Bi urtez azpikoentzat doan. Ordutegiak eta informazio gehiago Topic zentroaren webgunean aurkituko duzue.
· Santa Maria Eliza:
Tolosako eliza nagusia da Santa Maria eliza, herrigune historikoan eta Oria ibaiaren ondoan dagoena. 1.503. urteko sutean erre zehen eliza txikiago baten ordez eraiki zuten. 1.630 metro koadro ditu eta 200 urte inguru iraun zuten eraikitze lanek. Hori dela eta, estilo ezberdinak nahastu zituzten haren eraikuntzan. Eraikin ikusgarria da, kanpotik nahiz barrutik.
· Gaztelako atea:
Erdi Aroan Tolosa inguratzen zuen harresiaren 5 ateetako baten oinordekoa da. Herria erre zenean, ate hura bakarrik gelditu zen zutik, eta haren tokian eraiki zuten; arkuaren barrualdea, ordea, Erdi Aro garaikoa da. Triangulo plazatik herrigunerako sarbide nagusia da egun.
· Nafarroako zubia:
Tolosaren historian eta garapenean garrantzia handia izan duen zubia da Nafarroakoa. XIII. mendean dagoeneko aipatzen zen harrizko zubi bat zegoela Oria ibaiaren gainean. XVIII. mendean, berritu egin zuten, eta lau begi izatetik, bost izatera pasa zen. Harrezkero, hainbat aldiz berritu eta zabaldu izan da.
· Udaletxea:
1503ko sutearen ondoren, udaletxea eta plaza zaharra eraikitzea erabaki zuten herritarrek. 1657 eta 1672 urteen artean egin zituzten lanak. Plaza horretan egiten da, besteak beste, inauteriei hasiera ematen dien ostegun gizeneko txupinazoa.
Kultura eta jaiak
Kultur agendari dagokionean, oso herri bizia da Tolosa, eta noiznahi izaten dute ospakizunen bat edo beste. Horren adibide dira babarrun festa, txuletaren festa, karakol festa, mikologika astea, bixigu festa, sagardo festa, Tolosa Goxua… Titirijai txotxongilo lehiaketa, Tolosako abesbatza lehiaketa… ziur ez zarela aspertuko!!
Eta nola ez, inauteriak. Tolosa Euskal Herrian eta hemendik kanpo zerbaitek ezgaun egin badu, hori inauteriak izan dira. Francoren diktadura garaian, Hego Euskal Herrian baimendutako hiri inauteri bakarra izan zen Tolosakoa, eta horregatik du beste hiri batzuetan baino tradizio eta ospe handiagoa. Ostegun gizenetik inaute asteartera arte, bost eguneko festa izaten dute urtero tolosarrek.
Gastronomia
Gastronomiak ere leku berezia izan du Tolosaren historian eta izaeran. Oso ospetsuak dira Tolosako babarrunak, Ibarrako piparrekin lagunduta jaten direnak. Eta nola ez, parrillan erretako txuletak ere probatu beharrekoak dira. Bertako jaki tipikoak probatu nahi badituzue, Casa Nicolas eta Casa Julian dira erretegirik ezagunenak. Inguruan sagardotegi ugari ere aurkituko dituzue; Isastegi eta Eguzkitza, esaterako, Tolosan bertan daude. Alde zaharreko tabernetan berriz, pintxoen eta bestelako jakien aukera zabala duzue zain.
Eta baita gozoak ere. Izan ere, gozogintzaren hiriburutzat dute askok, Gorrotxategi eta Ezeiza bezalako gozogile artisauek egindako lanari esker. Oso ezagunak dira haiek egindako teilak eta zigarrotxoak, baita Goxua, Gorrotxak eta txokolateak ere.
Tolosan non lo egin
Tolosak badu autokarabanentzako gordetako aparkaleku bat, nahiz eta toki aldetik ez izan oso erakargarria. Urak hustu eta betetzeko lekua dauka, trenbidearen ondoan, eta industria pabilioi batzuen ondoan, hainbat aparkaleku daude. Lekua nahiko iluna eta tristea da, eta jende askok handik metro gutxira dagoen aparkalekuan utzi ohi ditu furgonetak, gainontzeko kotxeekin batera. Herrigunea handik bost bat minutura dago oinez.
Asteasu
Tolosatik Aiztondo bailarara joateko bi bide nagusi daude. Bada herriaren bukaeran dagoen errepide zaharrari jarraituta, Anoeta eta Iruratik barrena. Eta bestea, Tolosan bertan N-1 errepidera atera, eta Villabonako azken irteeran aterata; handik hartzen baitira Aduna, Zizurkil eta Asteasu aldera doazen errepideak.
Villabonak eta Zizurkilek muga egiten duten lekutik kilometro gutxira dago Asteasu, Aiztondo bailarako herririk gehienak bezala, mendi eta larre berdeen artean kokatuta. Herria bi zatitan dago banatuta: Elizmendi, goikaldean, eta herrigune nagusia, haren magalean.
Asteasu 1.500 biztanleko herria da, horietatik gehienak, beheko herrigunean bizi dira. Bertan daude Asteasuko eraikin publiko eta zerbitzu nagusiak ere. Plazan, udaletxea, kultur etxea, kiroldegia eta hainbat ostatu daude, baita herriko hainbat pertsonai ezagunei eskainitako eskulturak ere, tartean Eleuterio Tapia trikitilaria eta Pello Errota bertsolaria.
Udaletxea 1.760. urtean eraki zuen Jose Lizardi arkitektuak. Herriko armarria eta bi balkoi handi ditu goiko solairuetan, eta behekoan, hiru arkuk apaindutako sarrera.
Herrigunetik gora eginda dago Elizmendi, Asteasuren sorgune historikoa. Elizak eta haren inguruko eraikinek, garai bateko itxura mantentzen dute oraindik. Asteasuko seme den Bernardo Atxaga idazleak hura izan zuen inspirazio iturri Obabakoak obra ezaguna idazterako garaian, eta Elizkalen barrena ibiltzea, liburuko pasarteak gogoratzeko modu ederra da.
Hain zuzen ere, bertan kokatu zuten, duela urte batzuk, Obabakoak liburuan oinarritzen den Muskerraren Bidea. Bi kilometro ditu ibilbideak, eta bertan kokatutako zazpi informazio panelen bidez, Obabaren inguruan sortutako unibertso literarioan murgildu daiteke ibiltaria. QR kode batzuen bidez, Atxagak berak emandako azalpenak entzun daitezke, sakelakoan.
Auzoari izena ematen dion San Pedro eliza XVI. mendekoa da, eta estilo gotiko euskalduna deritzona jarraituz eraiki zuten. Elizaren garai bereko ponte-harria eta Juan Antxietak egindako erretaula ditu. Auzo berean dago Santa Cruz baseliza ere, baita XVI. mendeko hainbat baserri ere.
Asteasutik abiatuta, beste hainbat ibilbide egin daitezke, Santamaña baselizakoa, Olazarrekoa edo Usarrabikoa, besteak beste. Zelatunen, iraileko igandeetan erromeria egiten da, eta handik, Hernioko tontorrera (1078 m.) ere igo daiteke. Ibilbide ederra da, eta gailurretik sekulako ikuspegia dago, Gipuzkoa ia osoa ikus daiteke.
Asteasun non lo egin
Asteasuk ez du furgoneta edo autokarabanentzat espreski prestatutako gunerik, baina ez dugu herrian dauden aparkaleku ezberdinetan lo egiteko arazorik izango, txukun aparkatu eta errespetuz jokatuz gero. Elizmendi auzoan ere, eskolatik aurreraxago joanda, badago aparkaleku bat, toki lasaian eta ikuspegi ederrarekin lo egiteko.
Larraul
Asteasutik gora joanda, 240 metroko altueran kokatuta dago Larraul, 250 bat biztanleko herri txikia. Plaza ederra du, San Esteban elizarekin eta bere arkupeetan herriko ostatua duen udaletxearekin. Balkoi edo begiraleku eder bat ere badu, ikuspegi ederra eskaintzen duena.
San Esteban eliza XVI. mendean eraiki zuten, bertan zegoen Erdi Aroko eliza zaharrago baten gainean. Zaharberritze lanetan ari zirela, tenperan egindako grisaille motako erretaula bat aurkitu zuten, bakarra Gipuzkoan. Erretaula nagusia, berriz, XVII. mendekoa da, Juan Zialzetak egina.
Aipamena merezi duen beste eraikin bat Sorarrain baserria da, izen bereko auzoan. Erdi aroko jatorria du, eta 2007an kultur ondasun izendatu zuten.
Larraulen bertan, nekazaritza eta natura oinarri dituen ekomuseoa ere bisitatu daiteke. Sarrera doakoa da, baina aurrez hartu behar da txanda.
Alkiza
Atzera Asteasura itzuli, eta Zizurkilera bidean goazela, industrialdean eskubitara ematen duen bidea hartuta, Alkiza aldera abiatu gara. Larraul baino garaiera handiagoa du, 340 metrotan kokatua baitago. Nekazal giroko herri txikia da hau ere, 350 bat biztanle dituena.
Herriguneko plazan, San Martin eliza eta hainbat eraikin historiko aurki daitezke, udaletxearekin eta beste hainbat etxebizitza berriagorekin batera. Eliza XVI. mendean eraki zuten, estilo gotikoan.
Plazan dagoen beste eraikin interesgarri bat, Erretore etxea da. Besteak beste, euskara ikasteko barnetegia izan da. Herrigunetik gertu dago Santiago ermita, eta Hernio mendirako bidean, 540 metroko altueran, Santa Kruz baseliza.
Alkizalete edo Lete baserriak ere merezi du aipamenik. Erdi aroko jatorria du, eta bere armarriak 1.212. urtea erakusten du. Eraikinak hainbat birmoldaketa izan ditu, ordea. Egungo eraikina XVIII. mendekoa da, baina XVI. mendeko zutoin eta habeak ditu.
Asteasutik Alkizarako bidean, Koldobika Jauregi eskultoreak eta Elena Cajarabille bitxigileak sortutako Ur mara museoa ere bisitatu daiteke.
Zizurkil
Aurrekoak baino herri handiagoa da Zizurkil, 3000 biztanle baititu, baina izaera berezia duen herria da, bitan banatuta baitago. Jenderik gehien Oria ibaiaren ondoan bizi da, garapen industrial handiagoa izan zuten Elbarrena, Ergoiena eta Akezko bailara auzuneetan. Herriaren jatorria, ordea, handik bizpahiru kilometrora dago, nekazal giroko larre berdeen artean, eta garai bateko izaera mantentzen du oraindik. Hura da gure hurrengo jomuga.
Herrigunean kokatuta daude Zizurkilgo udaletxea eta Donemiliaga eliza, eta plaza berean, hainbat jatetxe edo ostatu daude. Bertan daude Donemiliagako markesaren jauregia, herri eskola eta frontoia ere.
Eliza XVI. mendekoa da, nahiz eta XVII. mendean bukatu zuten erabat. Barrualdean, Felipe Auzmendik egindako Erretaula Nagusia eta organoa daude, biak ere XVIII. mendekoak. Kanpoaldean, atari estalia du, zurezko egitura ikusgarria duena.
Donemiliagatarren dorretxea XVI. mendean eraiki zuten. Erdi Aroan inguruetako familiarik boteretsuena zen, eta Ganboa eta Oinaztarren arteko gudan parte hartu zuten, ganboatarren bandoan.
Mendibailaran, San Migel ermita eta XVI eta XVII. mendeetako hainbat baserri aurki daitezke.
Zizurkilgo herrigunetik abiatuta, hainbat ibilbide egin daitezke, paraje berde eta ederretatik. Asteasura edota Adunara daramaten herri bideak daude, besteak beste.
Zizurkilek ere ez du autokarabanentzako gunerik, baina herriguneko aparkalekua leku egokia eta lasaia da gaua pasatzeko.
Aduna
Zizurkildik bueltan, eta etxera joan aurretik, azken geldialdi bat egitea erabaki dugu, hainbatetan bisitatu dugun Aduna herrian. Normalean ostatuan bazkaltzera edo herriko bi sagardotegietakoren batera etorri izan gara, baina oraingoan herria bera beste begi batzuekin ikusi nahi izan dugu.
Muino baten gainean kokatutako herri txikia da Aduna. 450 bat biztanle ditu, eta herrigune polita du, eliza, ostatu, plaza eta frontoiarekin.
Andre Mariaren eliza XVI. mendearen hondarrean eraiki zuten. Bere kanpandorreak, Gipuzkoan ezohikoa den kapitel zorrotza du teilatuan. Herrigunean bada beste eraikin aipagarri bat, Torrea oinetxea, XV. mendea baino lehenagokoa dela uste dena.
Adunako herrigunetik abiatuta ibilbideren bat egin nahi baduzue, Belkoian mendira (488 m.) joan zaitezkete. Gailurra baino lehenxeago, merendaleku bat dago, eta tontorrak inguruetako ikuspegi ederra eskaintzen du.
Herrian otorduren bat egin nahi baduzue, Adunako ostatua oso leku gomendagarria da. Sagardotegiak nahiago badituzue berriz, herrian badira bi, Aburuza eta Zabala, bietan ere ederki jango duzue.
Azken iruzkinak: