Maskaraden garaia Xiberoan

Euskal Herriko lurralderik txikiena izan arren, kultura eta tradizio gehien gordetzen duenetako bat da Xiberoa (edo Zuberoa). Urte askoan euskarak atzera egin du bertan, baina ahoz aho transmititu diren kantu zaharrak, maskaradak (inauteriak) edota pastoralak bezalako ekitaldiak mantentzen jakin dute.

Eguraldiak askotan laguntzen ez badu ere, Xiberoa bisitatzeko garairik berezienetakoa da otsailetik apirilera arteko tartea, epe horretan egiten baitituzte maskaradak. Urtero herri bateko gazteak arduratzen dira berau antolatzeaz, eta astebuero, herriz herri ibiltzen dira.

Kalez kale eta etxez etxe joan, eta barrikadak egiten dituzte, antzezpen laburrak eta kantuak eskainiz. Trukean, auzotarrek jakiak, edariak edota dirua ematen diete. Egunaren bukaeran, herri osoaren aurrean egiten dute antzezpen luzeago bat; bertan, herriko nahiz inguruetako kontuak azaltzen dituzte, umorez.  Maskaradako pertsonaietako batzuk dira buhameak, kantiniersak, xorrotxak, dantzariak edota kauterak.


Zer ikusi

Maskaradak ikusteko asmoarekin joanez gero, aurrena urteko egutegia lortzea komeni izaten da, eta horren arabera antolatu bidaia. Hala ere, maskaradez eta pastoralez gain, Xiberoan bada zer ikusia.

Maule bera herri dotorea da, eta merezi du bertatik buelta bat emateak; herriaren gainkaldean, zaindari moduan dagoen gaztelua (XIII. mendean eraikia) ahaztu gabe. Barrutik bisitatzeko aukera ere badago.

Bisitatzeko herririk ederrenetako bat, Atharratze da; merkataritzari eskainitako herria dela esan liteke, eta azoka ugari egiten dira bertan. Plaza ederra du, etxe koloretsuz inguratuta.

Turismoari begira, beste leku interesgarrietako batzuk dira Kakuetako arroila, Larrun eta handik Orhi mendirako igoera, Zalgize-Doneztebeko eliza, edota Altzukutik gora igota dagoen Ahüzkiko iturri ezaguna. Gure ustez, ordea, ibilbide jakin bat markatu ordez, onena herriz herri ibiltzea eta bertako tokiekin eta jendearekin gozatzea da.

Zuberoan bisitatzeko tokien inguruko informazio gehiago, beste post honetan aurkituko duzu.


Non lo egin

Ipar Euskal Herrian kanping eta autokarabanentzako gune ugari daude, baita Xiberoan ere, baina orokorrean, herririk gehienetako aparkalekuetan lo egin daiteke arazorik gabe, beti ere errespetuz jokatuz gero. Gure bidaietan ezagutu ditugunetako batzuk gomendatuko ditugu:

  • Kanping-ak: Maule hiriburutik gertu (oinez bost minutura) dago Uhaitza kanpinga, errekaren izen bera hartzen duena. Oso tratu gertukoa eta maitakorra eskaintzen dute, eta etxean bezala egon gara. Jabeen xiberoko euskara ederra  entzuteko aukera dago, gainera. Gomendatuko genukeen beste kanpaleku bat, Landran da, Urdiñarben. Baserri batean dago kokatua, eta plaza gutxi baditu ere, toki ederrean dago. Jabeek euskaraz hitz egiten dute.
  • AKguneak eta aparkalekuak: Maule hiriburuaren kanpoaldean badago gune bat, baina herrigunean ere aurki daitezke lasai lo egiteko tokiak, esaterako, ikastolaren eta trinketaren artean dagoen aparkalekuan. Gunea duen beste herrietako bat, Atharratze da; herriaren goikaldean dago, suhiltzaileen etxearen ondoan. Beste herri askotan ere, Altürükün edo Urdiñarben esaterako, ez duzue parking arruntetan lo egiteko arazorik izango.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude