Xiberoa ezagutzeko gida

Agur Xiberua Bazter güzietako xokhorik eijerrena” dio Etxahun-Irurik 1946an idatzitako kanta ezagunak. Eta ez da gutxiagorako. Izan ere, Xiberoak badu berezi egiten duen zerbait. Zazpi euskal probintzietan txikiena da, bai lurrez eta baita biztanlez ere. Baina oso kultura aberatsa du, bere euskalkia, eta nola ez, herri, txoko eta paisaia ederrak. Zatozte gurekin Euskal Herriko tokirik berezienetako bat ezagutzera! Honki jin xiberoala!

Bidea:

Xiberoara iristeko hainbat bide daude. Guk Donibane-Garazitik etortzeko ohitura dugu, Oskaxeko portutik barrena, Muskildin sartuz. Beste bide bat Donapaleutik datorrena da, hau ere Behe Nafarroatik. Iparraldea autobiaz ere zeharkatu daiteke; hau da biderik azkarrena, baina apenas ikusiko duzuen herririk bidean.

Nafarroaldetik ere sartu liteke Xiberoan, Otxagabiatik Larrainera, edo Belagua eta Pierre de St. Martinetik eta Santa Grazira.

Non lo egin Xiberoan:

Furgonetan edo autokaraban ibiltzeko oso lurralde egokia da Xiberoa. Abuztuan turismo aldetik mugimendu gehiago badago ere, orokorrean nahiko toki lasaia da, eta edozein herritako aparkalekutan ez dugu lo egiteko arazorik izango, beti ere, errespetuz eginez gero.

Hala ere, badira autokarabanentzat prestatutako AC gune eta aparkalekuak, eta baita kanpin ugari ere (batzuk uda garaian bakarrik daude zabalik). Esan behar da Xiberoan kanpinak merkeagoak direla Hegoaldean baino, eta orokorrean, 15-25 euro artean kostatzen dela eguneko egonaldia. Uda garaian zabaltzen dituzten kanpin txiki asko daude, baina guk ezagutzen ditugunak bildu ditugu hemen:

Kanpinak:
  • Urdiñarbe: Landran baserriak landa-kanpin bat du bere lurretan. Bungalow motako etxetxo batzuen ondoan aparkatu daiteke. Toki txikia da, baina belardun eremuak eta komunak baditu.
  • Maule: Uhaitza da Mauletik gertuen dagoen kanpina. Izen bereko ibaiaren ondoan dago kokatuta (udan bainatu daiteke), eta instalazioak, zahar xamarrak badira ere, ondo daude.
  • Atharratze: Herrigunetik atera eta zubi bat pasata, Pont D’Abense kanpina dago, errekaren ondoan kokatuta. Txikia baina oso txukuna.
  • Santa Grazi: Larrauko herrigunetik oso gertu dago Ixtilla kanpina. Hau ere txikia da baina oso txukuna, eta mendialdeko ikuspegi ederrak eskaintzen ditu.
Aparkalekuak:
  • Maule: Herriko plaza nagusitik gertu, eliza aldera joan eta ezkerretara hartuz, parkin handi bat ikusiko dugu eskola baten ondoan. Lo egiteko toki aproposa da, herrigunean bertan.
  • Maule: AC gunea ere badago, plazatik herri sarrerako biribilgune alderantz goazela, autokarabanentzako egokitutako aparkaleku bat bilatuko dugu. Ez da oso toki polita, baina uda garaian AC batzuk egoten dira.
  • Urdiñarbe: Plazaren eta errebotearen ondoan aparkaleku handi bat dago, elizaren parean eta erreka ondoan duela. Oso toki lasaia da eta lo egin daiteke. Ondoan ostatua eta eskolaren eraikinean komun publikoak ditu.
  • Altzuku: Jauregiaren parean, bost bat autorentzako aparkaleku moduko bat dago, zuhaitz batzuen pean. Bertan lo egin izan dugu eta toki ona eta lasaia da. Jauregian, udaletxearen eraikinean, komun publikoak daude.


Urdiñarbe

Xiberoan sartu eta berehala, bide bazterretik harrera egiten digun lehen herrietako bat da Urdiñarbe. Herri txikia eta lasaia da, 530 bat biztanlekoa. Herrigunean, aparkaleku handi bat eta arrabotia edo frontoia daude. Parean, San Mikel eliza dago, herri osoa zainduz bezala. Arangoreneko erreka zeharkatzen duen harrizko zubia ere badu, sarbide moduan.

Txikia izan arren, herri bizia da Urdiñarbe. Urtero, maiatza inguruan, Müsikaren Egüna jaialdia egiten dute bertan. Duela urtebete inguru bertako gazte euskaldun batzuek hartutako ostatuak ere, bizia eman dio herriari.

Xiberoara joaten garenetan, askotan lotarako aukeratu izan dugun tokia da Urdiñarbe. Aparkalekuan utzi daiteke furgoneta, errekaren ondoan. Parean dago herriko ostatua, eta eskolako eraikinean, komun publikoak daude, gauez ere zabalik.

Herrigunetik abiatuta oinez egiteko moduko hainbat ibilbide ere badaude, giro onarekin, paseo ederrak egiteko moduko lekua baita.


Maule-Lextarre

Xiberoako hiriburua da Maule-Lextarre, nahiz eta herri baten tamaina duen (3.400 biztanle inguru ditu). Uhaitza ibaiak banatzen ditu garai bateko Maule eta Lextarre herriak, 1841ean batu zirenak.

Plaza luzea du Maule-Lextarrek, errebote edo frontoi irekiarekin. Han biltzen dira herriko etxea, San Joan Bataiatzailearen eliza eta Andurain palazioa, hainbat kafetegi eta komertziorekin batera. Uhaitzaren beste aldean berriz, Maule zaharra eta gaztelua daude, besteak beste. Historikoki espartingintza izan da herriko ekonomiaren motore nagusienetako bat. Egun lantegi berriak zabaldu badituzte ere, oraindik badira espartinak egiten dituzten hiruzpalau lantegi, zuzenka nahiz Mauleko edo Atharratzeko dendetan saltzen dutenak. Urtero, abuztuaren 15ean, Espartinaren Eguna ere ospatzen da bertan.

Maule zaharrean, merkatua edo azoka egiten duten gune estalia dago, plazaren erdian. Haren inguruan, Andra Mari eliza dago, XIV. mendekoa, eta Xiberoan hain ohikoa den hiru puntako dorrearekin. Goraxeago joanda berriz (bide bihurria eta estua dago) Mauleko gaztelu zaharrera iritsiko gara. XII. mendean eraikitako gotorlekua da, egurrezko zaharrago baten gainean eraikia.

Gerrate eta jabe ugari bizi izan ditu, Nafarroaren, Ingalaterraren eta Gaztelaren meneko ere izan baitzen zenbait urtez. Gerora presondegi bezala ere baliatu zuten. 1925ean eraikin historiko izendatu zuten eta geroztik berritu eta mantentzeko lan ugari egin dituzte. Egun, bisitak jasotzeko dago prestatuta, gotorlekuaren historia jasotzen duen museo moduko batekin. Eraikin nagusia, galerak eta harresiak ikus daitezke, eta bertatik, Mauleko bistarik ederrenaz gozatu.


Altzuku

Altzürükü edo Altzuku, 252 biztanleko herri txiki bezain ederra da. Mendialderantz kokatua dago, eta lotura estua du naturarekin eta laborantzarekin. Herrigunean, Urrutia jauregia erakartzen du bisitariaren arreta. XVI. mendeko eraikina da, alde banatan bi dorre zirkular dituena. Gaur egun herriko etxea edo udaletxea kokatzen da bertan. Handik gertu dago hiru puntako kanpandorrea duen eliza. Merezi du herrigunetik paseo bat emateak.

Altzukutik mendialdera abiatuta, Ahuzkiko iturri ezagunera iritsiko gara. Bohokortia mendiaren magalean dago kokatua 998 metroko altueran, eta propietate diuretikoak dituelako egin zen ezagun. Hainbeste zein bainuetxe bat egin baitzuten bertan.

 

Egun ez da horrenbeste jende joaten, baina bertako urak badu fama oraindik. Iturriaren ondoan, harrian idatzita, iturriari eskainitako kantaren lehen hitzak irakur daitezke:

 

Bortian Ahüzki,
hur hunak osoki
Neskatila eijerrak
han dira ageri
Hirur badirade,
oi! bena xarmantik,
Basa-Nabarr’orotan
ez düte parerik

Iturria eta inguruan ezagutu ondoren, beherako bidea hartu dugu, bazkaltzera joateko asmotan. Altzukun bertan, Epherra ostatua dago, tokiko gastronomia ezagutzeko toki ederra. Barazki zopa, ahatekiak, errekako angilak edota axurkia eta axoa dira jakirik ohikoenetako batzuk.


Atharratze

Atharratze, Xiberoako plaza garrantzitsuenetako bat dela esan liteke, Mauleren aldean txikia izan arren (590 biztanle), Basabürüa eskualdeko herri nagusia eta azoka eta merkatalgune garrantzitsua izan baita historian zehar. Egun oraindik, asteroko azokaz gain, Gazna Feida garrantzitsua egiten da abuztuaren erdialdean.

Plaza nagusia etxe koloretsuz jantzia dago, eta horrek ere ematen dio ukitu berezia. Haren inguruan, hainbat jatetxe eta ostatu aurkituko dituzue. Baita janari, espartin eta bestelako gaien dendak ere. Plazan bertan turismo bulegoa ere badago. Xiberoako pertsonaia ezagunetako bat izan zen Agosti Xaho ere, han jaioa da.

Bertan lotan gelditu nahi baduzue, erreka ondoan badago aparkaleku eder bat, horretarako prestatua. Bertan ez dago komunik, baina plazan aurkituko dituzue, turismo bulegoaren ondoan.

Handik gertu gomendatzen dizuegun bisita bat, Madalena mendia da. Atharratzetik bertatik abiatzen da, bide bihurri batetik. Behin gora iritsitakoan ordea, merezi du ikuspegiak, Xiberoaren zati handi bat ez ezik, Pirinioen ikuspegi ederra ere eskaintzen duelako. Tontorrean, ermita eta antena handi bat ere badaude. Bidean, Iratiko gazna zuzenka saltzen duten baserri ugari aurkituko dituzue.


Barkoxe

Madalena menditik behera, Atharratzera itzuli ordez, Barkoxerako bidea hartu dugu. Bide bihurria da hau ere, baina eguraldi onarekin, ikuspegi zoragarriak eskaintzen dituena. Barkoxe Xiberoako herririk garrantzitsuenetako izan zen; XIX. mendean 2.400 biztanle izatera iritsi zen, baina egun, 700dik behera ditu.

Barkoxeko hilerrian, Pierre Topet Etxahun koblakari eta idazlearen hilobia ikus daiteke. Hilerriarekin batera, Jasokundearen eliza eta errebotea ikus daitezke. Herrigunean hainbat ostatu daude, zerbait hartu edo bazkaldu nahi baduzue.


Ospitalepea

Barkoxetik Xiberoako mugan dagoen errepidea jarraituz, Ospitalepeara iritsi gara. Herri txikia da, 70 biztanle inguru ditu, baina Xiberoako eraikinik berezienetako bat dago bertan: Ospitalepeko eliza erromanikoa. XII. mendean eraiki zuten, Donejakue bideari lotuta. Unescok gizateriaren ondare izendatu zuen. Kapitelez atondutako sarrera dotorea du, eta barnealdean, atentzioa ematen du sapaiko kupulak, eragin mozarabiarra baitu, bertan azaldu zigutenez. Sarrera doakoa da eta gida batek elizari buruzko azalpenak ematen ditu. Audiogidak ere badaude hizkuntza ezberdinetan.


Santa Grazi eta Kakuetako arroila

Atharratzetik Ligi-Atherei aldera hartu eta handik gora, Santa Grazi edo Santazira bidean dago Kakuetako arroila ezaguna. Labar eta harkaitz artean doan egurrezko pasabide batetik, bi kilometroko ibilbidea egin daiteke, errekaren ondotik. Sarrera ordaindu behar da, baina merezi du, arroila bera eta inguruak harrigarriak baitira. Bidean zehar, urjauzia eta lezea ikusteko aukera dago. Ibilbide erraza da, baina kontuan izan oso toki hezea eta irristakorra dela, eta horrenbestez, oinetako onak eramatea komeni dela.

Kakuetako sarreratik gertu, La Verna koba ere bisitatu daiteke. Munduko 10 gelarik handienetako bat du, 194 metro altu eta 245 metro zabal delarik. Ordubete eta bi ordu arteko bisitaldiak egin daitezke (17 eta 27 euro artean).


Larraine

Santa Grazi bezala, Larraine ere mendialdeko herri txikia da, pirinioetatik gertu kokatua, eta Pirinioei begira bizi dela esan liteke. Herriguneak merezi du bisita bat.

Holtzarteko zubia / Argazkia: wikilocs

Handik gertu dago Holtzarteko arroila ere, bere zubi ezagunarekin. Olhado eta Olhadübia errekek landutako eremu labartsua da Holtzarte. Olhado erreka pasatzeko, egurrez eta tentsioko kablez eraikitako zubia jarri zuten 1920an. Zubia 580 metroko altueran kokatua dago, eta errekaraino 140 metroko jauzia du. Leku ikusgarria da, baina kontuz bertigorik baduzu!

Herritik aurrera jarraituta, Larraineko portura iritsiko gara, Orhi mendiaren magalera. Artzainen eta mendizaleen lurraldea da, argazkikoa bezain ikuspegi ederrak eskaintzen dituena.

Nafarroarekin muga eginez dagoen aparkalekuan autoa utzi eta bertatik abiatu daiteke Orhi mendira. Errepide horretan aurrera jarraituta berriz, Otsagabia eta Izaba aldera jaitsiko gara.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude