Lapurdiko kosta
Garai bateko arrantzale, merkatari eta piraten bizitoki izan zen Lapurdiko kosta; gure ustez, Euskal Herriko lekurik politenetako bat dena. Eta uda garaia datorrela aprobetxatuz, furgonetarekin joateko oso toki aproposa da. Izan ere, hondartzak, itsas bazterreko ibilbide ederrak eta herri are ederragoak biltzen ditu 40 kilometroko kostan.
Hendaia da Lapurdiko kostako lehen herria. Txingudiko badian dago, parean Hondarribia eta ondoan Irun dituela. Hondartza handia du eta turismoa dela medio asko hazi den herria da. Hura zeharkatuz, eta sekulako ikuspegiak eskaintzen dituen kostako bideari jarraiki, Zokoako farora iritsiko gara.
Zokoa
Arrantzale giroko herri txikia da Zokoa, Urruñako udalerrian. Itsasertzean egoteak eta hondartza zabalak leku turistiko bihurtu dute, baina portuan duen gotorleku edo dorreak bereizten du beste herrietatik.
Zokoako gotorlekua XVIII. mendean eraiki zuten, Henrike IV.ak aginduta. Haren inguruan, Ipar Euskal Herriko arkitektura mantentzen duten etxe dotoreak eta hainbat taberna eta jatetxe aurki daitezke. Pasioan edo bizikletan ibiltzeko toki egokia da. Hondartza ere badu, eta nola ez, parez pare, Donibane Lohitzune.
Donibane Lohitzune
Zokoatik apenas kilometro erdira dago Donibane Lohitzune. Europako hainbat herrialdetako banderez apaindutako zubiak egiten du ongietorria. Haren ondo-ondoan, autokarabanentzako gunea dago. Errepide ondoan egonagatik, toki aproposa da, herrigunea ere handik bertan baitago.
Oso herri turistikoa bada ere, merezi du joateak (behin bada ere). Itsasoari eta arrantzari lotutako herria izan da, baina egun turismoa da bertako ekonomia jarduera nagusia. Dendaz eta tabernaz betetako kaleak ditu, eta portua eta hondartza ere ikustekoak dira. Eraikin aldetik, herriguneak garai bateko arkitektura eta edertasuna mantendu ditu.
Getari
Kostako bideari jarraituz, Getarira (ez nahastu Gipuzkoakoarekin) iritsi gara. Bidean dozena erdi bat kanping ikusi ditugu, eta horietako batean gelditu gara. Orokorrean, Lapurdiko kostako kanpingak oso txukunak eta ondo ekipatuak dira (gehienek igerileku estaliak ere badituzte). Hondartzak eta kosta osoa zeharkatzen duen ibilbidea (gora-behera handikoa) ere gertu daude. Bide horri jarraiki, hainbat kala edo hondartza txiki aurki daitezke inguruan. Getaria bera herri txiki baina ederra da, eta merezi du ikusteak. Baita ondoan duen Bidarte ere.
Baiona
Kasinoekin eta luxuzko turismoarekin lotzen den Biarritz da kostako hurrengo herria. Pasaeran ikusi badugu ere, hango Casino eta hotel handiek ez digute inbidia handirik eman, eta aurrera jarraitzea erabaki dugu. Angelu pasata, Baionara iritsi gara. Lapurdiko hiriburua da Baiona, 44.000 biztanle dituena. Inguruetan herria asko zabaldu bada ere, gotortutako herriguneak garai bateko xarma mantentzen du oraindik. Gure ustez, Euskal Herriko hiririk ederrenetakoa da.
Paulmy aparkalekuan (ikusi mapa) utzi dugu autoa; kanpoaldean dago, baina herrigunetik oso gertu, eta euro batean egun osorako utzi daiteke autoa. Handik oinez jarraituta, herria babesten duen murrura iritsi gara. Hura zeharkatu orduko, Saint Marie katedralera iritsi gara. Oso elizkoiak ez bagara ere, merezi du barrualdetik ikusteak, bai eliza eta baita klaustroa edo patioa ere. Handik, merkatuko plazara iritsi gara; larunbatetan merkatu handi eta koloretsua egiten dute bertan.
Marengo zubia alde batera eta Pannecau kalekoa bestera, Errobi ibaiaren bi aldeetan banatzen da Baionako alde zaharra, edo Baiona ttipia, bertakoek deitzen duten moduan. Merezi du hango kaleetan ‘galtzeak’, taberna eta denda bitxi ugari baitaude.
Sara eta Urruña
Baionako bisita bukatuta, atzera Getariko kanpingera bueltatu gara. Lapurdiko kosta osoa pasata genuenez gero, barrualdeko herri eder batzuk bisitatzea pentsatu dugu. Donibane Lohitzunetik gertu dago
Urruña Hedaduraz oso herri zabala bada ere, kasko edo herrigune txikia du. Igande askotan, Iparraldean oso ohikoak diren muxiko dantzak egiten dira bertan. Barrualderago jota, Azkaine dago, etxe dotorez jantzitako herrigune ederra duena. Handik gertu dago Larrun mendira daraman trena ere.
Sara berriz, duen edertasunaz gain, historia eta mitologia handia biltzen herria da. Inguruan dituen kobazulo edo lezeengatik da ezaguna, eta baita haien inguruan bizi ziren sorginen eta egiten zituzten akelarrei esker ere.
2 Responses
[…] bere trenari esker, inguruko puntu turistiko nagusietako bat dena. Kosta nahiago baduzue berriz, Lapurdiko Kosta ezagutuz jarraitu dezakezue […]
[…] gehiago ezagutzen jarraitu nahi baduzue, Baztan bailara ezagutzen jarraitu edo Lapurdiko kosta aldera jo […]