Euskal kostako bidea furgonetan

Euskal kostako bidea, Euskal Herrian barrena furgonetan edo autokarabanan egin daitekeen ibilbiderik ederrenetako bat da. Guztira 101 herri eta 288 kilometro ditu. Itsasertzean, herri ederrak eta paisaia harrigarriak aurkituko ditugu, beti ere, itsasoaren zabaltasunari begira.

Bilbotik Baionaraino, hainbat zati edo eremutan banatu dugu ibilbidea, etapa ezberdinak eta lolekuak kontutan izanda, baina bidaia honetarako dugun egun kopuruaren arabera egokitu daiteke. Post hau, Euskal Herria Furgonetaz liburuan jasotako hiru ibilbideren laburpena da; informazio osoagoa liburuan bertan aurki daiteke.

  • Bizkaia
    • Bilbo
    • Getxo-Bakio
    • Bermeo-Urdaibai
    • Urdaibai-Ondarroa
  • Gipuzkoa
    • Mutriku-Zumaia
    • Getaria-Orio
    • Donostia
    • Pasaia-Hondarribia
  • Lapurdi
    • Hendaia-Ziburu
    • Donibane-Angelu
    • Baiona

Bizkaiko kostaldea

Bilbo

Bizkaiko hiriburua eta Euskal Herriko hiririk jendetsuena da Bilbo, baina baita hiririk biziena ere. 90eko hamarkadatik hona sekulako aldaketa izan du, eta itsasadarreko ibarrak dira horren lekuko. Itsasadarrari estuki lotutako hiria da, haren alboan sortu baitzen, duela zortzi mende. Hiria bera eta azken hogeita hamar urteotan izan duen zaharberritzea ezagutzeko modurik onena itsasadarraren ertzetik paseo bat ematea da.

Deustuko zubian hasiko dugu ibilbidea. Leku esanguratsua da Bilboren historian, haren alboan zegoelako Euskalduna ontziola, gaur egun, kultura jauregia dena. Ibaiertzetik jarraituz, Bilboko beste eraikin ikoniko batera iritsiko gara: Guggenheim museora. Frank Ghery arkitekto ezagunak diseinatu zuen, eta 1997an zabaldu zituen ateak. Bilboren eraldaketan, eta batez ere turismoaren etorreran, eragin handia izan du titanioz estalitako eraikin ikusgarriak. Museoaren kanpoaldean hainbat eskultura ikus daitezke, tartean, Louise Bourgeoiseren Ama armiarma erraldoia, edota Jeff Koonsen Puppy txakurra.

Salbeko zubiaren azpitik pasa eta ibaiaren bideari jarraituko diogu, Isozaki dorreetaraino. Horiek hobekien ikusteko modua, ibaiaren beste aldera pasatzea da, bertan dagoen Zubizuri, Santiago Calatravak diseinatutako zubia, zeharkatuz. Handik metro gutxira dago Bilboko udaletxea.

Udaletxetik metro gutxira dago Areatzako parkea, bilbotarren bilgunerik gogokoenetako bat. Zazpikaleen (alde zaharraren) sarreran dago, eta larunbatetako azokaz gain, bertan kokatzen dituzte Aste Nagusiko txosnak eta Santo Tomas azoketako postuak ere. Haren aldamenean daude San Nikolas eliza eta Arriaga antzokia.

Ibaiaren ertzetik jarraituta, Erriberako merkatua ikusiko dugu aurrez aurre. Eraikin ikusgarria da hau ere, eta merezi du bisita bat. Hiru solairutan banatuta dago; hirugarrenean, hainbat taberna daude, eta aukera ona da geldialdi bat eginez pintxo eder bat jateko. Merkatuaren eraikinaren atzealdean, San Anton eliza eta izen bereko zubia daude. XIV. mendeko eraikin gotikoa da, eta zubiarekin batera, Bilboko sinboloetako bat.

Bilboren zatirik benetakoena gelditzen zaigu oraindik: alde zaharra. Zazpikaleak bisitatzea da Bilboren benetako arima ezagutzeko modurik onena. Merezi du alde han ‘galdu’ eta itzuli eder bat ematea. Bertan daude Donejakue katedrala, XIV. mendeko eraikin gotikoa, Joan Santuen eliza, Euskal Museoa eta Arana edo Yohn bezalako jauregiak, azken hori, La Bolsa bezala da ezagunagoa.

Baina alde zaharreko bizitza kalean dago, bere denda, komertzio eta tabernetan. Zerbait hartu eta pintxoak janez bazkaltzea gomendatzen dugu giroa ezagutzeko. Txakur kalea, Unamuno plaza eta inguruak eta Somera aukera onak dira horretarako. Plaza Barritik pauso gutxira, Areatzako parkera aterako gara berriz. Itzulerako bidea edo garraio publikoa hartzeko leku egokia da.

Bilbon non lo egin

Bilbon furgoneta edo autokarabana aparkatzea ez da lan erraza. Baina Bizkaiko hiriburuak badu Autokarabana Gune eder bat. Herrigunetik aparte dago, Kobetamendin, baina bai kokalekua eta bai bertatik dagoen hiriaren ikuspegia ezin hobeak dira. Kobetamendiko guneak 70 plaza eta zerbitzu guztiak ditu, eta Bizkaiko hiriburua bisitatzeko lekurik egokiena da. 15 euro kostatzen da gaua, argindarra eta wifia barne. Hirira jaisteko, autobus zerbitzua dago (Bilbobus, 58. linea) eta gunearen ataritik metro gutxira hartzen da. Urtarrilaren erdialdetik aste santura arte ixten dute; kasu horretan, ondoan dagoen aparkalekuan ere egin daiteke lo.


Getxo-Bakio

Bilboko itsasadarrean aurrera jarraituta, Bizkaiko Zubira iritsiko gara. Itsasadar honen bi aldeak, Portugalete eta Getxo uztartzen ditu zubi eskegiak. 1893. urtean zabaldu zuten, eta munduko lehen transbordadore zubia izan zen. 45 metroko bi dorre ditu, eta 160 metro luze den egiturak elkartzen ditu ibaiaren bi aldeak. Kable bidez zintzilikatutako ontzi batek zeharkatzen du ibaia; urtean 3 milioi lagunetik gora garraiatzen ditu.

Zubiaz gain, Getxok badu bisitatzea merezi duen beste leku bat: Algortako portu zaharra. Uda garaian izan ezik, bertako aparkalekuan utzi daiteke furgoneta. Garai bateko arrantzale herrien egitura eta arkitektura mantentzen ditu, eta bere kale estu eta aldapatsuetan, etxe ederrak eta asteburuetan giro bizia izaten duten hainbat taberna aurkituko ditugu.

Getxo atzean utzita, Sopela aldera joko dugu, Bizkaiko hondartzarik ederrenetako bi, Gorrondatxe eta Barinatxe, aurkituko ditugu han. Bien erdian aparkaleku handi bat dago; uda betean furgoneten eta autokarabanen sarbidea mugatzen badute ere, gainontzeko urte sasoietan arazorik gabe egin daiteke lo bertan. Udan, berriz, AKgunea jartzen dute martxan, barrualderago, Sopelako herrigunean.

Uribe-Kosta eskualdean sartuko gara hurrena; han daude, elkarren ondoan, Plentzia eta Gorliz herriak. Arrantzale jatorriko herriak badira ere, udan hartzen duten turismoagatik dira ezagunagoak. Izan ere, bien artean hondartza eremu zabala osatzen dute. Bizkaiko Txakolinaren eremurik ezagunenetako bat ere bada, eta bertako tabernetan edari hau probatzeko aprobetxatu dezakegu.

Bidaiaren etapa bat bukatu eta gaua pasatzeko leku aproposa izan daiteke Bakio, AKgunea baitauka, hondartzatik gertu, gainera. Ordainpekoa da, baita dagoen tokiagatik bakarrik, merezi du. Aurreko bi herriak bezala, turismo gunea da Bakio, hein handi batean, bere hondartzagatik eta txakolinagatik, zeinari museo bat eskaini dioten.

Bakiotik gertu aurkitzen da Gaztelugatxe, kostako bide honen harribitxietako bat. Goizez eta jendetza elkartu aurretik joatea komeni baita. Ibilgailua jatetxe baten aparkalekuan utzi, eta oinez egin behar da bidea; aurrena aldapa behera, itsas mailara arte, eta ondoren, San Joan ermitara daramaten 241 eskailerak igota. Baina lasai, bertako ikuspegiagatik bakarrik, merezi du eta ahaleginak.


Bermeo-Urdaibai

Kostako bideari jarraituz, Bermeora iritsi gara. Bizkaiko kostako herri nagusia da; arrantzale herria izan zena asko zabaldu da azken hamarkadetan, baina oraindik eusten dio portuari eta itsas-bazterreko herrien izaerari. Portua eta haren inguruko tabernak ezagutzea gomendatzen dizuegu.

Eta arratsalde parterako, kostako beste herri eder bat utzi dugu: Mundaka. Bere ezker olatu ezagunari esker, surf zaleen leku kuttuna da. Herri txiki eta lasaia izan arren, asteburuetan eta uda garaian giro berezia dario. Merezi du herrigunean eta portu aldetik bueltatxo bat ematea. Inguruetan, Santa Katalina ermita bisitatu daiteke, paseo bat emanez.

Lotarako, handik kilometro gutxira dagoen Gautegiz-Arteaga herrian dagoen AKgunea izan daiteke aukera bat, edo bestela, Urdaibain aurreraxeago eginda, Ibarrangeluko Arketa kanpinean.

Naturgune paregabea da Urdaibai. Oka ibaiaren itsasadar bihurria, fauna interesgarria izateaz gain, hegazti migrarien geraleku ere bada. Horien guztien gaineko informazioa ematen dute Gautegiz-Arteagako AKgunearen ondoan dagoen Urdaibai Bird Centerren.

Handik gertu, Kortezubi herrian, beste bisita interesgarri bat egin daikete: Omako basoa. Agustin Ibarrolak land art korrontea jarraituz, forma eta perspektibekin jolas eginez margotu zuen. Pinuen gaitzak eraginda, itxita egon da, baina lehengoaren ondoan egokitu dute baso margotu berria, eta bisitatu daiteke jada. Atzera ere itsasadarrari jarraituz, Ibarrangelu herriko bi hondartza ezagun, Laida eta Laga, bisitatzeko aprobetxatu dezakegu.

Kostako bidetik aurrera eginda, Elantxobera iritsiko gara. Itsas mailatik hasita 150 metroko altuerara dagoen malkar batera arte, bata bestearen gainean bezala eraikita daude etxe luze eta koloretsuak. Kaleak ere, estuak eta aldapatsuak dira.

Kostako bideari segituz, Eatik Lekeitio ederrera ailegatuko gara. Portu aldeak eta Andre Mariaren Jasokunde Elizak merezi dute bisita bat. Handik gertu dago Isuntza hondartza. Lekeitioren berezitasunetako bat Garraitz edo San Nikolas uharte txikia da. Marea jaisten denean, oinez joan daiteke irlaraino; itsasgoran, ordea, urek erabat estaltzen dute bidea. Herrigunetik pare bat kilometrora dagoen Santa Katalina itsasargia ere bisitatzeko modukoa da; gaur egun nabigazio-teknologien zentroa dago bertan, eta itsasargia bera eta itsasertzeko interpretazio zentroa ere bisitatu daitezke.

Lekeitiok AK gunea du 2011tik. Kanpoaldean dago, Arropain auzoan, baina herrira oinez joateko moduan. Parking normal bat badirudi ere, camper eta autokarabanentzako zerbitzu guztiak ditu, baita askaldegia ere.

Arrantzaren inguruan sortu eta hazitako herria da Ondarroa. Benetako arrantzale portua, inguruotan ontzi eta joan-etorri handiena duena, eta arrantza jarduna mantendu duen azken herrietako bat. Lea-Artibaiko herririk haziena ere bada, 8.600 biztanlerekin. Herriak ere nabaritu du hazkunde hori, baina oraindik eusten dio bere jatorriari eta nortasunari.

Artibai errekaren itsasadarrean dago, eta berau zeharkatzen duten lau zubi daude; horietako bat, Itsas Aurre, Santiago Calatrava arkitekto ezagunak diseinatutakoa da.


Gipuzkoako kostaldea

Mutriku-Zumaia

Euskal kostaldeko harribitxietako bat da Mutriku. Arrantzale izaerako herri hau malkarrean eraiki zuten; horregatik dago kale bihurri eta aldapatsuz beteta. Portutik hasita, XV. mendeko lonja zaharra aurkituko dugu, eta handik gertu, Berriatua dorrea, Gipuzkoan zutik mantentzen den dorretxerik altuena. Ondare historiko izendapena duen herrigunean ere, hainbat eraikin historiko aurki daitezke.

Mutrikuk duen orografiagatik, ez dugu herrigunera furgoneta edo autokarabanarekin sartzea gomendatzen. Aldiz, hondartzako aparkalekura joaten bagara, ibilgailu hauentzat gordetako bost bat plaza aurkituko ditugu, eguna nahiz gaua pasatzeko eta herria bisitatzeko oso egokiak.

Mutrikuk, Debak eta Zumaiak osatzen dute Euskal Kostaldeko Geoparkea, bere flysch-agatik ezaguna dena. Hiru herrien arteko 13 kilometroko kostako bidean, formazio berezi hau ikusteko hainbat hondartza eta begiratoki aurkituko ditugu. GR-121 ibilbidea jarraituz, oinez zeharkatu daiteke, edo nahiago izanez gero, baita itsasontziz ere, Zumaiako portutik nahiz Mutrikutik abiatzen baitira itsasontziak, bisitaldi gidatuak eginez.

Mutrikutik aurrera eginda, Debara iritsiko gara; hau ere arrantzale jatorriko herria bada ere, turismoak eraldatu eta hazi arazi du. Bere hondartzak eta alde zaharrak, ordea, merezi dute bisita bat. Foruen plaza eta inguruko kaleak, eta Andra Mari eliza dira bisitatu beharreko batzuk.

Debak ere ez du propio autokarabanentzat eta furgonetentzat prestatutako gunerik, baina zentzuz jokatuz gero, aurki daitezke lotarako lekuak. Udako kanpainaz kanpo, hondartzako aparkalekuan lo egin izan dugu. Mutrikurako edo Itziarko bidean ere, hainbat begiratoki daude, gaua itsasoari begira pasatzeko aukera ematen dutenak. Ondarbeltzeko aparkalekuan, aldiz, debeku seinalea dago.

Flyschak eta filme eta telesail ezagun batzuk egin dute Zumaia ezagun. Itzurun eta Santiago hondartzez gain, herrigunean ere intereseko hainbat puntu ditu herriak. San Pedro eliza, Zumaia, Ubillos eta Olazabal jauregiak, edota San Telmo ermita dira horietako batzuk. Asteburuetan eta, batez ere, uda garaian giro ederra egoten da herriaren alde zaharrean, taberna gunea ere bada eta.

Hori dena gutxi balitz, autokarabana gunea eta kanpina ere baditu Zumaiak, geltokiko auzotik aurrera joanda. AKgunea errekaren ondoan dago, eta 10 bat minutuan iristen da oinez herriguneraino, bidegorritik.


Getaria-Orio

Gipuzkoar kostaldeko herri ederrenetako bat Getaria da. Arrantzale herria izaki, portuaren inguruan dago eraikita, eta kale estu eta aldapatsuek osatzen dute. Herriaren beraren edertasunak, hondartzak eta gastronomia aukerak egun-pasa edo asteburu-pasa joateko leku egokia bihurtzen dute.

Portutik esku-eskura dago San Anton muinoa, Getariako arratoia ezizenaz ezagun egin dena. Oinez erraz igotzeko modukoa da, eta herriaren nahiz Gipuzkoako kostaldearen ikuspegi ederrak eskaintzen ditu. Herrigunean, Joan Sebastian Elkano itsasgizon ezagunari eskainitako eskultura eta San Salbador eliza ikus daitezke, besteak beste. Eta herrigunetik gora, baita Cristobal Balentziaga diseinatzaileari eskainitako museoa ere.

Herriak bi hondartza ditu: Malkorbe, herrigunetik eta portutik gertuen dagoena, eta Gaztetape, herrigunearen kanpoaldean, Zumaia aldera. Azken hau txikiagoa da eta batez ere surf-zaleak elkartzen dira bertan. Bigarren hondartza honen gainaldean, autokarabana eta camperrentzako aparkalekua dago, gaua pasatzeko oso toki aproposa.

Donostiarekin batera, Gipuzkoako kostaldean historian turismoa gehien erakarri duen herria da Zarautz. Bere hondartzak zerikusi handia izan du horretan. Izan ere, Gipuzkoako hondartzarik luzeena du Zarautzek, 2,5 kilometro. Herrigunean, eraikin interesgarri batzuk aurki daitezke, Torre Luzea XV. mendeko dorretxea, edo Narros jauregia, esaterako.

Zarautzek autokarabana gunea eta bi kanpin ditu, bertan gaua pasatu nahi dutenentzat. AK gunea herritik aldenduta dago, Abendañoko industrialdean. Aurreneko gunea 2013an zabaldu zuten, baina baldintza kaxkarretan zegoen, eta 2021ean berritu dute; kokagune aldetik, ordea, nahikoa aldrebesa da herria bisitatzeko. Kanpinak berriz, Talaia mendi aldera kokatuta daude.

Zarauztik gertu, Oria ibaiaren itsasadarrean kokatuta dago Orio. Arrantzale jatorriko herria da, eta egun ontzi gutxi batzuk gelditzen badira ere, arraunak eta itsasoarekiko loturak nortasun berezia ematen diote.

Plaza nagusitik gora, maldan eraikita dago herriaren alde zaharra. San Nikolas eliza XVI eta XVII. mendeen artean altxatu zuten, herrigunea bezala, aldapan eraikita. Haren arkupetik pasata, Done Jakue Bideko interpretazio zentroa aurki daiteke. Herri bizia da Orio, eta noiznahi aurki daiteke festa edo ekitaldiren bat kalean.

Kostako herria izaki, Oriok badu bere hondartza, Antilla izenekoa. Oinez edo bizikletaz joan daiteke herritik, Oria ibaiaren ondotik doan bidegorria baitago. Ibaiaren beste aldean Oribarzar dago; hondartza txikiagoa da, baina jende gutxiago ibiltzen da normalean.

Orion berriki egokitu dute autokarabana gune bat; herritik hondartzara bidean dago, autobideko zubiaren azpian. Lehen hondartzako aparkalekuan lo egin zitekeen, baina AK gunea egokitu zutenetik ezin daiteke bertan gaua eman. Herri sarreran, Oliden jatetxearen parean dagoen aparkalekuan ere egokitu dute autokarabanentzako toki bat.

Beste aukera on bat, Orio kanpina da. Ondo zainduta dago, instalazio onak ditu, eta taberna eta sarrerako eraikina duela urte gutxi berritu dituzte. Kokapen ezin hobea du, hondartzatik 200 bat metrora eta herrira oinez bost bat minutuan joateko moduan baitago. Gainera, udal kanpina da, eta beste kanpaleku batzuen aldean prezio merkeagoak ditu, eta bertako langileen tratua ezin hobea da.


Donostia

Kostaldeak eta, bereziki, Kontxako badiak ematen dion ingurune paregabeari esker, Euskal Herriko hiribururik ederrenetakoa da Donostia. Bere hondartzetatik paseatzea, portua ezagutzea eta alde zaharreko pintxoak eta giroa dastatzea aitzakia paregabeak dira hiri honen barrena ibiltzeko. Igeldoko jolas parkea eta bi AKgune izateak, asteburu pasarako leku egokia bihurtzen dute, gainera.

Kontxako hondartza eta badia dira Donostia berezi egiten duen ezaugarri nagusia. Kontxako pasealekuan, hondartzaren ertzean daude Alderdi Eder parkea eta Donostiako Udaletxea. Eraikin berezia eta dotorea da, garai bateko kasinoa izan baitzen. Boulevard du ondoan, Donostiako alde zaharra zabalkundeko auzoekin lotzen duen kalea. Bertan aurki daiteke, besteak beste, San Martin merkatua, Donostiako azokarik handiena eta tradizionalena.

Handik gertu, Donostiako portua eta Aquariuma daude, eta nola ez, baita Alde Zaharra ere. Bere ikurretako batzuk dira Santa Maria basilika eta San Bizente eliza, eta bien erdian, Trinitate plaza. Bere pintxoengatik ere bada ezaguna alde zaharra; Kale Nagusiaz gain, Portu, Fermin Calbeton eta Narrika kaleak dira taberna eta giro gehien izaten dutenak.

Alde Zaharraz gain, Donostiak baditu ezagutzea merezi duten beste hainbat txoko eta eraikin. Tabakalera kulturgunea, Cristina Enea parkea, Artzain Onaren katedrala edota Miramar jauregia dira horietako batzuk.

Kontxako pasealekuari jarraituz, pixkanaka Berio auzoan dagoen AKgunerantz gerturatzen hasiko gara. Aurretik, ordea, Ondarreta hondartza eta Donostiako beste gune turistiko garrantzitsuenetako bat, Haizearen Orrazia alegia, bisitatzeko aprobetxatuko dugu. Igeldoko jolas parkera daraman funikularra ere inguruan dago.

Donostian non lo egin

Berioko AKgunea Ibaetako unibertsitate-gunean dago. Euskal hiriburuetan lehenengoetarikoa izan zen turismo mota honen aldeko apustua egiten, eta egun txiki gelditu bada ere (kasik astebururo bete egiten da), guretzat hiriak lotarako duen lekurik egokiena da. 44 plaza ditu, eguneko 6 eta 9 euro artean (denboraldiaren arabera) ordaindu behar da, eta urak hustu eta betetzeko lekua du. Bigarren aukera, hau ere hirigunetik nahiko aparte, Illunbeko Donostia Arena camper gunea da. Bertan baimenduta dago furgonetan edo autokarabanan lo egitea. Donostiako Udalak Miramon inguruan autokarabana gune handi bat egiteko proiektua ere aurkeztu zuen, baina pandemia garaian geldirik egon da eta ez dute orain arte martxan jarri.


Pasaia-Hondarribia

Udalerri bakarrean hainbat Pasaia daudela esan liteke; izan ere, Pasaiako badiako garai bateko hainbat herrixkak osatzen dute egungo udalerria. XX. mendean, ordea, arrantzale herriak zirenak erabat aldatu ziren, portua industrializatu eta Gipuzkoako garrantzitsuena bilakatu zenean. Barrualdetik begiratuta, karga-barku handiek, garabiek eta kontainerrek itsusten dute paisaia; baina badiaren leporaino joaten bagara, beste Pasaia bat (edo bi) aurkituko dugu, itsasadarraren alde banatan eta parez pare dauden San Pedro eta Donibane auzoek osatzen dutena.

Bi auzo horiek garai bateko Pasaiaren izaera arrantzalea mantentzen jakin dute, nahiz eta portu erraldoiaren aldamenean egon. Bertako etxe estu eta koloretsuek, txalupek, arraunlarien traineruek eta tabernetako giroak herri izaera berezia adierazten dute. Gainera, itsasadarraren bi aldeak, eta ondorioz bi auzoak, elkartzen dituen pasaia dago, motora esaten diotena.

Donibaneko etxe eta kale estuak, Santiago plaza edo Kalaburtza hondartzaraino daraman paseoa dira bisitatzeko lekuetako batzuk. San Pedro aldetik, berriz, Albaola itsas faktoria eta Muguruza ardandegia ezagutzea gomendatzen dizuegu. San Pedrotik abiatuta, Platako itsasargira ere ibilaldi ederra egin daiteke.

Kostaldeko bidea jarraituz, Pasaiatik Hondarribia aldera joango gara. Gaintxurizketa aldeko errepidetik joan badaiteke ere, Jaizkibelgo bideak paisaia eta ikuspegi ederragoak eskaintzen ditu. Errepide malkartsutik Guadalupera iritsiko gara. Bertan, santutegia eta gotorlekua aurkituko ditugu. Azken honek aparkaleku handi bat du, eta baimenduta dago bertan furgoneta edo autokarabanan lo egitea.

Jaizkibelek eta Guadalupek zaintzen dute Hondarribia, euskal kostaldeko herririk dotoreenetakoa. Gipuzkoa eta Lapurdi, hegoaldea eta iparraldea banatzen dituen Bidasoa ibaiaren aldamenean dago, eta nola ez, itsasoaren ondoan. Erdi Aroko egitura eta harresiak mantentzen ditu Hondarribiko parte zaharrak. Balkoi ederrez apaindutako etxe eta kaleez gain, Gipuzkoa plaza eta Armen plaza ikustekoak dira.

Herriko behealdean, berriz, garai bateko arrantzaleen etxe koloretsuek osatzen duten San Pedro kalea dago, Hondarribiaren ikono edo irudirik ezagunenetakoa. Kale horretan taberna ugari daude, eta bertako pintxoak probatzeko leku ederra da.

San Pedro kaletik aurrera portu aldera joanda aurkituko dugu Hondarribiko hondartza. Aparkaleku handi bat du; garai batean hura zen camper eta autokarabanentzako lo egiteko leku nagusia, baina aparkalekuari dagokion ordenantza aldatu, eta hainbat urtez debekatuta izan dute 5 metrotik gorako luzera duten ibilgailuek herrigunean aparkatzea. Ordenantza hori atzera bota zuten auzitegiek, baina aparkatzeko arauak zorrotz betetzea komeni da, etxera isun batekin itzuli nahi ez bada. Beste aukera bat, Higer lurmuturrean edo Jaizkibelen gaua pasatzea da. Herriak bi kanpin ere baditu, Jaizkibel eta Higer deituak; aurrenekoa herriaren gainaldean dago, eta bigarrena itsasargiaren ondoan.


Lapurdiko kostaldea

Hendaia-Ziburu

Hondarribiatik Lapurdi aldera abiatuko gara gero. Bidasoa zeharkatu eta berehala, Hendaiara iritsiko gara. Bertako hondartza ezaguna da, eta geldialdi bat egiteko toki ona izan daiteke. AKgunea ere badauka, lotan gelditu nahi izanez gero.

Beste aukera bat kilometro gutxi batzuk aurrera egin eta Urruñara iristea da. Herri kasko txikia duen arren, oso eremu zabala hartzen duen herria da, eta bertan, hainbat kanpin ere aurki ditzakegu, gaua edo egun batzuk pasatzeko aproposak.

Urruñan hasi eta Zokoara arte, beti kostako bidea jarraituz, Europa mailako errepide zatirik ederrenetako bat bisitatu daiteke: Erlaitza. Kostako bide bihurri hau zaintzeko lanetan ari dira, eta litekeena da zenbait egunetan trafikoa mugatuta aurkitzea.

Errepide horretatik iritsiko gara Ziburura. Aurrena, ordea, Zokoa auzoko portua eta gotorleku ezaguna bisitatuko ditugu. Ziburuko herriguneak ere merezi du bisita bat; Bixintxo eliza eta euskal arkitektura tipikoa mantentzen duten hainbat etxe ikusiko ditugu bertan, horietako bat, Maurice Ravel musikari ezagunaren jaiotetxea.


Donibane Lohitzune-Angelu

Zibururen parez pare, urdazuri ibaiaren beste aldean dago Donibane Lohitzune. AKgunea badu, baina errepide ondoan dago eta nahiko zaratatsua da. Herria bisitatzeko, sarreran dagoen aparkalekuan edo San Juan parkinean utzi daiteke ibilgailua.

Herri bizia da Donibane. Dendaz eta tabernaz betetako kaleak ditu, eta portua eta hondartza ere ikustekoak dira. Eraikin aldetik, herriguneak garai bateko arkitektura eta edertasuna mantendu ditu. Luis XIV. plazan eta Ganbeta kalean aurkituko dugu mugimendurik handiena.

Itsasertzeko errepidetik Getari (ez nahastu Gipuzkoakoarekin) eta Bidarte ikusiko ditugu, biak ala biak ere, herri ederrak. Eta bien arteko bidean hainbat hondartza eta kanpin ere. Orokorrean, Lapurdiko kostako kanpinak oso txukunak eta ondo ekipatuak dira; gehienek igerileku estaliak dituzte, neguan ere erabiltzeko. Horiek eta AKguneak dira eskualde honetan gaua emateko lekurik onenak, hondartzetako eta itsas bazterreko aparkaleku gehienek 1,9 metroko altuerako langa izaten baitute. Bidartek badu urak husteko zerbitzugune bat, baina ez du gaua pasatzeko aukerarik ematen.

Kostaldeko bidetik, kasinoekin eta luxuzko turismoarekin lotzen den Biarritz da hurrengo herria. Hori, ordea, ez da beti horrela izan. Jatorriz arrantzale herria zen, baina XIX. mendean, itsas bainuak modan jartzen hasi zirenean, eta Napoleon III.ak eta haren emazte Eugenia de Montijok oporretarako leku bezala aukeratu zutenean, aristokrazia eta jende aberatsa bertara joaten hasi zen uda garaian, eta baita palazio eta etxe dotoreak eraikitzen ere.

Port Vieux edo portu zaharra auzotik hasiko dugu bisita. Bertan dago herriaren jatorria, eta, hein handi batean, garai bateko itxura mantendu du. Gainera, herriguneko luxuaren eta mugimenduaren aldean, leku apal eta lasaia da. Handik gertu daude Biarrizko Aquariuma eta Birjinaren Haitza; azken horretara egurrezko pasabide batetik joaten da, eta arroka baten buru dagoen ama-birjinaren irudiaren azpitik pasata, begiratoki batera iritsiko gara; ikuspegia ederra da.

Arrantzaleen kaletik aurrera joanda iritsiko gara Hondartza Handira. Kasinoaren ondoan hasten da eta Hotel du Palais ezagunaren parean bukatzen da. Haren jarraian, beste hondartza bat dago, Miramar. Eta honen bukaeran, Biarrizko itsasargia, herriari bukaera ematen diona.

Biarrizko herrigunean debekatuta dago camper motako furgonetak edo autokarabanak aparkatzea. Hala ere, bi AKgune ditu hiriak. Herrigunetik bi kilometrora daude, baina Milady eta Marbella hondartzetatik gertu. Paseo bat emanez, hala ere, hamar bat minutuan iritsiko gara herrira. Bi AKguneak elkarrengandik nahiko gertu daude, baina erosotasunagatik, hondartzatik gertuen dagoena aukeratzea gomendatzen dugu, bestea barrualderago eta ezkutuago baitago. Guztira 30 bat plaza ditu eta eguneko 13 euro ordaindu behar da (zerbitzuak prezioan sartzen dira).

Biarritz atzean utzi eta berehala, Angeluko hondartza luzeek ematen diote jarraipena Lapurdiko kostako bideari. Hain zuzen ere, bere hondartzei esker da ezaguna, batez ere, surf zaleen artean; herriko kaleetan barrena, nonahi ikusiko ditugu surf taulen irudiak. Bata bestearen ondoan kokatutako hamaika hondartza zati ditu, guztira 4,5 kilometro luze den hareatza osatuz. Denetan ezagunena, eta herrigunetik gertuen dagoena, Urrezko hondartza [Sables d’Or ]izenekoa da; Marinela eta Madraga [Madrague] izenekoak, berriz, jende gaztearen bilgune izaten dira.

Bizikletaz ibiltzeko ere leku egokia da, hondartzetako ibilbideaz gain, bidegorri sare zabala baitu herriak, guztira, 18 kilometro.

Hondartza horietako baten parean, Xiberta edo Les Corsaires izenekoan, autokarabana gune ederra aurkituko dugu. Aparkaleku zabala du (80 bat ibilgailu sartzen dira) eta oso leku lasaia da. Eguneko 7 euro ordaindu behar da (uda garaian 11 euro). Gainera, autobusa aparkalekuko sarreran bertan gelditzen da, eta egokia da herrigunera, gainerako hondartzetara, Biarritzera edo Baionara joateko.

Angeluko hondartzen ondotik doan errepidetik Aturri ibaiaren bokaleraino iritsiko gara. Han ere bada beste AKgune bat, txikiagoa (20 bat plaza) eta prezio berekoa. Handik gertu, 7,5 kilometrora, zain dugu Baiona.


Baiona

Lapurdiko hiriburua, Euskal Herriko hiririk ederrenetako bat da. Aturri ibaiaren bokaletik gertu kokatuta badago ere, ezin esan daiteke kostako herria denik, itsasertzetik sei bat kilometrora baitago. Baiona zazpi auzo edo barrutitan banatuta dago, baina bisitariarentzat, Baiona Handia, Baiona Ttipia eta Santizpirita izenekoak dira interesgarrienak, horietan kokatzen baita Baionaren alde zaharra edo herrigune historikoa.

Harresiaren atetik nahiz Gaztelu Zaharretik barrena, Baiona Handian murgilduko gara. Hiriaren sorlekua da, eta baita egungo erdigunea eta merkataritza-gune nagusia ere. Auzo honetan kokatuta dago Santa Maria katedrala. Hura eraikitzeko lanak XIII. mendean hasi zituzten, nahiz eta ez ziren XVII. mendera arte amaitu. Barrualdean, eraikinaren jatorrizko klaustro dotorea gordetzen du, 1240. urtekoa. Hain zuzen ere, elizako klaustroan nahiz elizaren atarian, bertako artisten eta artisauen azoka bat ikustea tokatu zaigu.

Elizaren atzealdetik abiatzen den Pilori kalea hartuta, Errobi ibaiaren ertzeraino iritsiko gara. Bertan dago Les Halles edo merkatu plaza. Eraikin estaliaz gain, azoka egunetan kanpoaldean ere jartzen dituzte saltzaileen postuak. Haren inguruko kaleetan, taberna eta denda ugari dago. Handik gertu, Baionaren izena hain ezagun egin duen xingarrari (urdaiazpikoari) eskainitako museoa aurkituko dugu, Bertako kalean. Ibai aldean zein barrualdeko kaleetan, euskal arkitektura tipikoa erakusten duten etxe koloretsuak aurki daitezke, horma zuriekin eta kolorez margotutako egur eta leihoekin apainduta.

Errobi ibaiaren bi aldeak lotzen dituzten bost zubi daude guztira; horietako bi, Marengo eta Pannecau dira oinez alde batetik bestera pasatzeko gehien erabiltzen direnak. Biek ala biek, Baiona Ttipiara eramaten dute. Bertan, taberna eta jatetxe ugari zain ditugu, baita, ibaiaren bideari jarraituz, aurten ehun urte bete dituen Euskal Museoa ere. Merezi du Baiona Ttipiko kaleetan galtzea, txoko eta bazter ederrak begien aurrean noiz agertuko.

Errobik Aturri ibaiarekin bat egiten duen lekuan dago Santizpirita auzora daraman zubia. Aturriren beste aldean kokatzen den auzo honek izaera berezia du, hainbat urtetan Gaskoiniaren parte izan baitzen. XVIII. mendean, Espainiatik ihesi zetozen juduak ere bertan kokatu ziren. Horren lekuko da Baionako Sinagoga. Handik gertu, Doneztebe auzoan, juduen hilerria ere badago; Europa osoko bigarren judu hilerririk handiena da. 1998an, bai sinagogak eta bai hilerriak, monumentu historiko izendapena jaso zuten.

Auzo honetan garrantzia berezia izan zuen txokolategintzak, eta Baionako txokolateek fama handia dute euskal mugetatik kanpo ere. Santizpirita auzoan, Baiona osoan bezala, hainbat txokolate-denda topatuko ditugu; L’Atelier du Chocolat izeneko tailer-museoa bisitatzea aukera ona izan daiteke. Santizpirita auzoan dago, bestalde, Baionako tren geltokia ere.

Bainonan non lo egin

Baionak ez dauka furgoneta eta autokarabanentzat prestatutako gunerik, baina hiria bisitatzeko hainbat aukera daude. Horietako bat, egun-pasa joatea da; kasu horretan, inguruko aparkalekuetako batean utzi daiteke ibilgailua egunez (gehienak ordainpekoak dira). Guk Champ de Foiren utzi dugu furgoneta, eta debeku seinaleak ikusi ditugunez, bertan lotan ez gelditzea erabaki dugu.

Park4night aplikazioak hainbat aparkaleku gomendatzen ditu, baina guk momentuz ez ditugu probatu; Euskaldunen plaza (ordainpekoa), Espainiako Atea (ordainpekoa) eta Mousserolles parkekoa (doakoa) dira herrigunetik gertuen daudenak.

Baina gaua AKgune batean pasa nahi baduzue, bada horretarako hainbat aukera. Angelun, esaterako, bi autokarabana gune daude: Corsaires hondartzakoa eta Aturriko bokalearen aldamenean dagoena. Bietatik ere, autobusez joan daiteke Baionaraino.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude