Galiza: Ribeira Sacra

Duela gutxira arte, Galizako leku sekretuen artean ondoen gordetako tokietako bat izan da Ribeira Sacra. Lugo eta Ourense artean, Miño eta Sil ibaien erriberan, lurralde aberats bat aurkitzen da, bai natura eta bai ondare historiko aldetik ere. Ribeira Sacra mahastien lurra da, baso, malkar eta eraikin erromanikoena. Orain arte turismo aldetik gutxi esplotatu den tokia da, eta merezi du bertan galtzeak.

Gure bidea

Tras recorrer la costa atlántica de Galicia y conocer Costa da Morte y Rias Baixas, nos dirigimos primero a Tui (ciudad monumental) y luego hacia Ourense. Desde allí cogemos la carretera Ou-536 y atravesamos dos puertos, el Alto de Couso -donde paramos a comer- y el Alto de Rodicio. Seguimos por la carretera principal hasta Vilariño Frío, donde nos desviamos hacia Parada de Sil, nuestro primer destino.

Galizako kostalde atlantikoa zeharkatu eta Costa da Morte eta Rias Baixas ezagutu eta gero, Tui aldera joan gara lehenengo, eta Ourensera gero. Handik Ou-536 errepidea hartu dugu, eta Alto de Couso (bertan bazkaldu dugu) eta Alto de Rodicio mendateak pasa eta gero, errepide nagusiari jarraitu diogu Vilariño Frío parera iritsi arte; bertan ezkerretara hartu eta Parada de Sil herrira iritsi gara.


Parada de Sil

Parada de Sil 650 biztanleko herri txikia da. Plazan denda eta taberna lanak egiten dituen lokal bat dago. Handik bi kilometrora dagoen Cañon do Sil kanpinean egin dugu lo. Txikia eta lasaia da, eta bere izenak adierazten duen moduan, Sil ibaira ematen duen begiratoki ikusgarri bat du.

Beste aukera bat, gaua tabernako jabeak duen lursail batean pasatzea da; berak esan zigunez, ez die furgonetei eta autokarabanei kobratzen han lo egiteagatik (dendan edo tabernan kontsumizioren bat egitearen truke izango dela pentsatzen dugu).

Kanpinetik behera doan bidea jarraituta (estua eta bihurgunez betea), Mosteiro de Santa Cristina monastegira iritsi gara. Ribeira Sacrako erromanikoaren erakusgarri onenetarikoa dela diote, eta bere rosetoia, garai horretatik Galiza osoan hobekien kontserbatzen dena omen da. Fraide beneditarren monastegia zen, gaur egun hutsik dagoena. Noiz eraiki zen zehatz mehatz ez badakite ere, X. mendeko testuetan aipatzen zen

Parada de Sil herritik atera gabe, San Lorenzo de Barxacova-ko nekropolia eta Conceliños-eko ertaroko zubia ere ikus daitezke.


Castro Caldelas

Parada de Sil atzean utzi eta Castro Caldelasera abiatu gara, baina errepide orokorra hartu beharrean, Sil ibaiaren ondotik doan bidetik joan gara. Bihurgunez betetako bidea da, eta bertigoa dutenentzat ez oso egokia. Hori bai, sekulako ikuspegiak eskaintzen ditu. Bouzas eta Teixeira herrixketatik pasa gara, maldan behera ia modu bertikalean landatutako mahastiak ikusiz.

Castro Caldelas 1.300 biztanleko herria da, Sil ibaiaren gaineko muino batean eraikia. XIV. mendeko gaztelua bisitatu daiteke bertan; harresi bikoitzaren barruan, armen ataria, omenaldiaren dorrea eta ordulariarena ditu. Garai bateko palazioa kultur gune da egun, eta liburutegia eta museo etnografikoa hartzen ditu bere baitan. Galizaren historiari eta galegoari buruz gehiago ikasteko aukera eskaintzen dute bertan.

Herriak ACentzako area edo parking txiki bat du, bost plazakoa. Parke baten ondoan dago, toki polita da, eta gaztelua ere ondo ikusten da bertatik.


Sil ibaia

Castro Caldelas herritik behera, Sil ibairaino jaitsi gara. Zubia zeharkatuta, Doadeko moilara iritsi gara; bertatik abiatzen dira ibaian barrena nabigatzen duten katamaranak. Joan etorrian bi ordu eta erdi irauten du bideak, eta lehenago aipatu dugun Santa Cristina monastegiaren pareraino iristen da.

Bidean zehar, harkaitz eta labar ikusgarriez gain, aldapa handietan kokatutako mahastiak ikus daitezke. Ardo horiek dira Ribeira Sacra jatorri izendapenekoak. Barkuko gidak azaldu digunez, ardogintza mota honi “heroikoa” deitzen zaio, penditz horietan lan egiteak eskatzen duen ahalegina eta arriskua direla eta. Forma kuriosoak dituzten hainbat arroka, ardandegiak eta Sil ibaiaren gaineko begiratokiak ere ikus daitezke.

Ibaian barrena ibiltzen diren hainbat barku daude. Guk Lugoko Diputazioak jarritako barkua hartu genuen, eta ondo dago. Hori bai, edateko zerbait eramatea komeni da, barkuan bertan ez baitute ezer zerbitzatzen, eta bidaiak bi ordu eta erdi irauten du. Ah, eta moilako tabernan bokata hotzak besterik ez dituzte ematen, beraz hobe janda etortzea.

Eta horrela bukatu da Ribeira Sacran egin dugun ibilbidea. Egun gutxi izan dira, eta eskualdearen hegoaldea bakarrik ezagutu dugu. Zonaldea gehiago ezagutu nahi baduzue, errekaz iparraldera (Lugo aldera) jarrai dezakezue.

Bestela, Galizako kostaldera jo dezakezue, eta Costa da Morte eta Rias Baixas ezagutu. Ondo segi!

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude