Lenkunberri, Astitz eta Mendukilloko koba

Nafarroaren iparraldeko herri eta bailarek sekulako parajeak ezkutatzen dituzte, eta Larraun eta Lekunberri inguruak dira horietako bat. Bere baso eta zelai berdeen artean, herri dotoreak eta aisialdirako makina bat aukera daude, eta leku aproposa da asteburu pasa eder bat antolatzeko.

Gipuzkoa aldetik abiatuta, Etxegarateko mendatea pasa Sakana zeharkatuz, Iruñearako bidean goazela, A-15 autobidea hartu dugu Irurtzun parean. Errepide horretatik berehala iritsiko gara Lekunberrira.


Lekunberri

Larraun bailarako herri nagusia da Lekunberri, 1.469 biztanlerekin. Aralarren magalean kokatuta dago, eta inguruko herrietako biztanleen bilgunea izan da historikoki. Muga lekua izaki, Errege-bidea, aduana eta beste hainbat zerbitzu hartu izan ditu mendeetan zehar, eta bidaiari askoren geralekua ere izan da. Bertan jasotzen ziren Nafarroako merkatarien zergak, eta baita inguruko herrietako posta ere.

XV. mendean sute batek kiskali zuen herria, eta goitik behera berritu behar izan zuten. Hortik omen datorkio Lekunberri (leku-on-berri) izena ere. Lekunberrik hainbat gerrate eta setio ere ezagutu ditu, eta egun desagertuta badaude ere, gaztelua eta dorretxea izan zituen Erdi Aroan.

Sute eta gerrateei iraun dioten hainbat eraikin ere ikus daitezke herriaren alde zaharrean. Komentua, baserri zaharrak eta jauntxoen etxeak aurki daitezke horien artean, baita garai bateko harraska edo garbitokia ere. Handik gertu dagoen San Joan parrokia ere, XIV. mendekoa da.

Plazaolako bide berdea

Lekunberrik XIX. mendean goraldi ekonomikoa izan zuen, eta hainbat fabrika ireki zituzten bertan. Hori guztia, hein handi batean, Plazaolako trenari esker izan zen. Gaur egun tren hori ez dago martxan, baina haren tokian, bide berdea egin dute.

Irurtzun eta Latasa artean dagoen Kaxarnatik hasi Andoainera arteko 50 kilometroko bidea egiten du Plazaola-Leitzaran bide berdeak, tartean Latasa, Urritza, Mugiro, Lekunberri, Leitza eta Leitzaran pasata. Oinez nahiz bizikletan egin daiteke.

Lekunberriko tren geltokia zegoen lekuan dago kokatuta turismo bulegoa. Plazaolako bide berdearen eta inguruan ikus daitezkeen beste hainbat gauzaren inguruko informazioa ematen dute bertan. Taberna bat ere badu, eta ederki ematen dute gainera!

Lekunberrik AKgunerik ez badu ere, tren geltokiaren ondoan dagoen aparkalekuan pasa dugu gaua. Oso toki lasaia da, eta biharamunean, bertatik hasi daiteke ibilaldia.


Astitz

Lur kopuruz eremu handia hartzen badu ere, apenas 40 biztanlera iristen den herri txikia da Astitz. Herrigunean etxe gutxi batzuk baino ez ditu, baina garai bateko arkitektura eta dotorezia mantentzen jakin dute. Horren adibide da Juangenea, jauregi edo dorretxe itxurako eraikina. Haren parean dago San Pedro eliza, barroko estilokoa.

Herri txikia izaki, ez luke bizitasun handirik izango, bertan kokatuta dagoen Aterpetxea eta tabernarengatik ez balitz. Ikastetxeetako irteerei eta asteburu pasa datorren jendeari esker, beste bizi bat hartu du herriak. Bertako ostatuan bazkaldu dugu, eta baita ederki jan ere! Menu itxia da, baina plater bakoitzeko bina aukera ateratzen dituzte mahaira. Ezetz dena bukatu!

Astitzen bertan kokatuta dago Mendukilloko koba ezaguna, baina hori, aurrerago ikusiko dugu.


Oderitz

Lekunberritik Madotzera doan bidean, aurrena Astitz eta ondoren Oderitz herria bisitatu dugu. Aurrekoa bezala, herri txikia da hau ere, baina harmarridun etxe dotoreak ditu herrigunean. Interesgune nagusia, ordea, Erdi Aroko San Lorenzo ermita da, 1.200. urtekoa. Bertan bazkaldu nahi izanez gero, Juanluzenea sagardotegia herrian bertan dago (urtarrilaren erditik maiatzaren erdira zabaltzen dute).


Mendukilloko koba

Astitzera itzuli, eta handik Mendukilloko koba ezagutzera joan gara. Aspalditik genuen leku hau bisitatzeko gogoa, eta ez zaigu damutu! Iñaki Perurena harri-jasotzailea bertan saio bat egitekoa zela ikusi genuen, eta horren bueltan antolatu genuen bisita.

Aralar mendilerroak bere barrenean dituen koba eta ubideen erakusgarri ederra da Mendukillo. 540 metroko luzeera eta 40 metroko sakonera duen galeria bat bisitatu daiteke; bisitak ordubete inguru irauten du.
Ibilbidean zehar, Artzainzulo, Laminosin eta Herensugearen gotorlekua gela edo aretoak ikus daitezke, bisitentzako prestatutako pasabide baten bidez. Kobaren batazbesteko tenperatura 9 gradukoa da, eta %100eko hezetasuna du; hori dela eta, oinetako eta arropa egokiarekin joatea gomendatzen da.

Ohiko bisita gidatuez gain, azaroko eta abenduko asteburuetan, Olentzero koban bertan ikusteko aukera izaten da. Kobari buruzko informazio gehiago eta bisiten ordutegiak, Mendukilloko Kobaren webgunean aurki daitezke.


Uitzi

Atzera Lekunberrira itzuli, eta Larrain errekaren ibilbideari jarraitu diogu, beste herri txiki bezain eder bat ezagutzeko: Uitzi. Muino baten gainean eraikitako herrigunean, eliza eta hainbat etxe dotore daute pilatuta, XVIII. mendekoak gehienak. Juanenea, Osanbelena, Martiperena eta Orixenea dira horren adibide.

Guk Uitzin bukatu dugu gure ibilbidea, baina handik, Gorriti aldera edo Leitza aldera ere jarrai dezakezue bidea.


Beste leku interesgarri batzuk

Larraungo eskualdera egindako bidaia osatu nahi izanez gero, hainbat aukera gehiago eskaintzen ditu ingurune honek. Aralarren magalean kokatuta dagoenez, hainbat ibilbide egin daitezke mendilerroan eta bertako basoetan barrena; horietako bat da Larraun ibaiaren iturburura daramana. Beste aukera bat, San Migel santutegia bisitatzea da; Lekunberritik, Baraibarrera joan eta handik aurrera jarraitzen duen bidea hartu behar da.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude