Asteburu pasa Bilbon
Bizkaiko hiriburua eta Euskal Herriko hiririk jendetsuena da Bilbo, baina baita hiririk biziena ere. Autokarabana gune ederra dauka Kobetamendin, eta leku ederra da asteburu pasa baterako. 90eko hamarkadatik hona sekulako aldaketa izan du, eta itsadarreko eraikinak dira horren lekuko. Bilboko tokirik esanguratsuenak, alde zaharrena barne, ezagutzeko ibilaldi bat proposatzen dizuegu. Zatozte!
Bilbo itsasadarrari estuki lotutako hiria da, haren alboan sortu baitzen, duela zortzi mende. Eta hiria, eta honek azken 30 urteotan izan duen zaharberritzea ezagutzeko modurik onena, itsasadarraren ertzetik paseo bat ematea da. Deustuko zubitik abiatu, eta alde zaharreraino joatea gomendatzen dizuegu; baina goazen pausoz pauso.
Deustuko zubitik Guggenheimera
Bilbo eta Deusto lotzen dituen zubitik hasiko dugu ibilbidea. Leku esanguratsua da Bilboren historian, bertan kokatua baitzegoen Euskalduna ontzitegia. 80ko hamarkadan itxi zuten, protesta handien artean. Haren lekua, kulturari eskainitako Euskalduna jauregiak hartu du. Eraikin hori, eta izen bereko zubiak izan duen berrikuntza, Bilbok azken hamarkadetan izandako aldaketen erakusgarri dira.
Ibaiaren ertzetik jarraituz, Deustuko Unibertsitatearen eraikinak atzean utzi, eta Guggenheim museora iritsiko gara. Frank Gery arkitektu ezagunak diseinatu zuen, eta 1997an zabaldu zituen ateak. Bilboren eraldaketan, eta batez ere turismoaren etorreran eragin handia izan du titanioz estalitako eraikin ikusgarriak. Eraikinaren kanpoaldean hainbat eskultura ikus daitezke, tartean, Louise Bourgeoiseren Mamma izeneko armiarra erraldoia, edota Jeff Koonsen Puppy txakurra; museoaren atarian jarri zuten zaindari moduan, eta Bilboko ikurrik ezagunenetako bat bihurtu da. Museoa bisitatu nahi baduzue, webgune honetan aurkituko duzue prezioen eta ordutegien inguruko informazio osoa.
Museoaren ondoan, Bilboko sarbide nagusietako bat den Salveko zubia dago. Museoa harekin hobeto integratzeko, Frank Geryk dorre bat ere eraiki zuen, pasabide moduan. Zubiaren gainaldetik (altuera handia hartzen du) Guggenheimen eta Bilboren ikuspegi dotorea dago. Itsasadarraren beste aldera pasatu nahi izanez gero, igogailua erabiltzeko aukera ere badago.
Guggenheimetik udaletxera
Salveko zubitik, ibaiaren bideari jarraituko diogu, Isozaki dorretaraino. Horiek hobekien ikusteko modua, ibaiaren beste aldera pasatzea da, bertan dagoen Zubizuri, Santiago Calatravak diseinatutako zubia, zeharkatuz. Belauntzi batetan oinarrituta egin zuen, eta hortik datorkio bere diseinu berezia. Zorua kristalez egin zuen, baina horrek hainbat arazo sortzen zituen, irristakorra zelako, eta azkenean estali egin behar izan zuten. Zubi horrek zeresana eman badu ere, Bilboren berrikuntzaren beste sinboloetako bat bihurtu da.
Ibaizabal ibaiaren bideari jarraiki, metro gutxira dago Bilboko udaletxea. Joaquin Rucobak XIX. mendearen bukaeran egindako eraikin ikusgarria da, barroko estilokoa. Barrualdean, mudejar estiloko sapaia duen gela bat dauka, Granadako Alhambran oinarrituta egin zuena. Aurreko horman, zortzi zutabe eta kanpandorrea ditu. Ekainaren 15ean, Bilbok hiribildu titulua jaso zuela ospatzeko, Gau Zuria izeneko jaia egiten dute, eta bertan, argi ikuskizun koloretsu bat egiten dute udaletxearen hormetan. Haren kanpoaldean, Jorge Oteizak egindako Variante Ovoide eskultura ezaguna dago.
Areatzatik Erriberako merkatura
Udaletxetik metro gutxira dago Areatzako parkea, bilbotarren bilgunerik gogokoenetako bat. Zazpikaleen edo Bilboko alde zaharraren sarreran dago, eta bertan kokatzen dituzte jaietako txosnak edota Santo Tomas eta Eguberrietako azoketako postuak ere. Larunbat goizetan bertako produktuen feria ere egiten da. Zuhaitz artean doan pasabidetik, hainbat iturri eta kiosko ezaguna aurkituko ditugu.
Haren ondoan kokatuta daude San Nikolas eliza, eta baita Arriaga antzokia ere. Azken hau, udaletxea eraiki zuen arkitekto berak, Joaquin Rucobak diseinatu zuen, XIX. mendearen bukaeran, eta Juan Crisostomo Arriaga musikari eta konpositore bilbotarraren izena hartu zuen. Kanpotik nahiz barrualdetik, eraikin dotore bezain ikusgarria da.
Areatzako zubia eta Arriaga antzokia atzean utzita, ibaiaren ertzetik jarraituko dugu, Bilbo zaharrean barrena. Mesedeetako zubia pasata, Erriberako merkatua eta zubia ikusiko ditugu aurrez aurre. Eraikin ikusgarria da hau ere, eta merezi du bisita bat egiteak.
Pedro Ispizuak eraiki zuen 1920an; harrezkero hainbat birmoldaketa izan ditu, azkena, 2010-2012 urteen artean. Hiru solairutan banatuta dago, eta horietako bakoitzean, produktu ezberdinak aurki daitezke; hirugarrenean, hainbat taberna daude, eta aukera ona da geldialdi bat eginez pintxo eder bat jateko. Aste egunetan goizez eta arratsaldez, eta larunbat goizetan zabaltzen dute.
Merkatuaren eraikinaren atzealdean, San Anton eliza eta izen bereko zubia daude. XIV. mendeko eraikin gotikoa da, eta zubiarekin batera, Bilbo zaharraren sinboloetako bat. Garrantzi handiko eraikina da bilbotarrentzat, hainbeste, beraien armarrian ere agertzen dela.
Hemen bukatuko dugu Bilboko itsasadarrean barrena egin dugun ibilbidea. Baina Bilboren zatirik benetakoena gelditzen zaigu oraindik: alde zaharra.
Bilboko alde zaharra
Bilboko Alde Zaharra edo Zazpikaleak bisitatzea da Bilboren benetako arima ezagutzeko modurik onena. Ibaizabal ibaiaren ondoan kokatutako portuaren inguruan hasi zen hiria zabaltzen; hiru kale egin zituzten aurrena, Goenkale, Artekale eta Dendakale. Baina XIV. mendean beste lau kale gehitu zazpi kaleko eremu harresitua izatera pasa zen. San Antongo zubia zen sarbide nagusia.
Merezi du alde zaharrean barrena ‘galdu’ eta itzuli eder bat emateak. Bertan daude Bilboko Donejakue Katedrala, XIV. mendeko eraikin gotikoa; Juan Santuen eliza eta Euskal Museoa; edota Arana eta Yohn palazioak, azken hori, La Bolsa bezala da ezagunagoa.
Baina alde zaharreko bizitza kalean dago, bere denda, komertzio eta tabernetan. Zerbait hartu eta pintxo batzuk janez bazkaltzea gomendatzen dizuegu, bertako giroa ezagutzeko. Plaza Barria, Unamuno plaza inguruko kaleak eta Somera aukera onak dira horretarako. Ez zaizue damutuko!!!
Plaza Barritik pauso gutxira, Aeratzako parkera aterako gara berriz. Itzulerako bidea edo garraio publikoa hartzeko leku egokia da.
Non lo egin
Izan ere, Bilbok badu Autokarabana Gune eder bat, baina herrigunetik aparte dago. Hori bai, kokalekua eta bistak ezinhobeak dira. Kobetamendin dagoen guneak 70 plaza eta zerbitzu guztiak ditu, eta Bizkaiko hiriburua bisitatzeko lekurik egokiena da. 15 euro kostatzen da gaua, argindarra eta wifia barne. Hirira jaisteko, autobus zerbitzua dago (BilboBusen 58. linea) eta gunearen ataritik metro gutxira hartzen da. Basurtoko Ospitalera jaisten da aurrena, eta Autonomia kaletik barrena, Zabalburura eta Alde Zaharrera joaten da. Urtarrilaren erdialdetik aste santura arte ixten dute; kasu horretan, ondoan dagoen aparkalekuan ere egin daiteke lo.
Beste aukera bat, Bilbao Hostelek autokarabanentzat eskaintzen duen aparkalekuan gelditzea da. Bi guneak enpresa berak kudeatzen ditu. Hori bai, hemendik ere autobusa hartu behar da herrigunera joateko.
Azken iruzkinak: