Bortziriak, mugaleku eta topagune

Bidasoa ibaiaren ertzean, Gipuzkoa, Nafarroa eta Lapurdiren arteko mugan kokatutako eskualdea da Bortziriak. Izenak dioen moduan, bost hirik edo herrik osatzen dute: Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi, eta Lesaka herriek, alegia. Euskal Herriko gunerik berde eta ederrenetako batean kokatuta dago, eta gu ere harritu egin gaitu, espero baino leku, eraikin eta ohitura eder gehiago gordetzen baititu bere baitan.

Urte askoan mugaren ondoan egoteak, kontrabandoak eta bentek izaera berezia eman diote eskualdeari, baina egun, mugaleku baino gehiago, topagune da Bortziriak, bertako herrien arteko harremana indartzeaz gain, inguruko herrialdeetatik ere gero eta jende gehiago joaten baita bertara.

Edozein garai da ona Bortzirietara bidaiatzeko; neguan, herririk gehienetan ihoteak edo inauteriak ospatzen dituztelako; eta udaberrian nahiz udazkenean, inguruetako mendi eta basoek hare ederrago egiten dutelako.

Gipuzkoaldetik etorriz gero, Bortzirietara iristeko sarbiderik errazena Behobiatik barrena Bidasoaren bideari jarraituz doan N-121-A errepidea hartzea da; trafiko handia izaten du, baina lasai hartu eta paisaiaz gozatuz joatea gomendatzen dizuegu. Nafarroa aldetik bazatozte, berriz, Doneztebe eta Sunbillatik etor daiteke.


Bera

Behobiatik barrena sartuta, Bera da Bortzirietako aurreneko herria. Muga aldeko izaera hori ezin hobeto islatzen duen herria da. Eskualdeko herririk haziena da, 3.760 biztanlerekin, eta baita denda eta ostatu gehien dituen herria ere.

Duela urte batzuk saihesbidea egin zuten, eta herria zeharkatzen duen errepidea lasaiagoa da orain -lehen trafiko handia hartzen baitzuen-. Kaskoan, San Esteban eliza eta Julio Caro Barojak egindako marrazki ikusgarriak dituen Herriko Etxea ikus daitezke. Baina horiez gain, Nafarroa iparraldeko ohiko arkitektura duten etxe ugari aurkituko ditugu herrigunean. Legia karrikatik barrena (kale nagusia dela esan liteke), horren adibide ugari ikusiko ditugu, tartean, barojatarren etxea izandako Itzea eraikin dotorea. Herriaren beste aldean dagoen Alzate auzuneko plazan, zubi zaharra eta egurrezko egitura mantentzen duten etxe gehiago ikus daitezke.

Hainbat ohitura eta kultur adierazpen mantentzen jakin duelako ere ezaguna da Bera; San Esteban jaietan egiten den makil dantza edota inauteriak dira horietako batzuk.

Inauteri asteburuan, Iñude eta artzainak ateratzen dira kalera, gizonezkoak emakumez, eta emakumezkoak gizonez jantzita, desfile koloretsuan. Adin guztietako herritarrek parte hartzen dute festan.


Lesaka

Bidasoa ibaiaren bideari eta inauterien egutegiari jarraiki, gure ustez, Nafarroako herririk ederrenetakoa den Lesakara iritsi gara. Furgoneta frontoiaren atzealdean dagoen aparkalekuan utzi dugu; zerbitzurik ez badu ere, leku egokia da gaua pasatzeko.

Herria lehendik ezagutzen genuen, baina gustura eman dugu paseo eder bat bere karriketatik. Izan ere, harriz eta egurrez egindako eraikin eta kale ugari ditu Lesakak. Lekurik ikusgarrienetako bat, Beheko Plaza deitzen dutena da. Onin errekak zeharkatzen du, eta harrizko hainbat zubi daude batetik bestera pasatzeko. Etxe ederrez inguratuta dago eta bertan egiten da errekako petrilaren gaineko dantza ezaguna, San Fermin jaietan.

Handik oso gertu dago Plaza Zaharra ere; udaletxeaz eta plazako kioskoaz gain, buelta guztian dituen etxe dotoreak ere ikusgarriak dira. Handik erreka aldera bueltatuta, XV. mendeko Zabaleta dorrea ikusiko dugu, herriko eraikinik esanguratsuenetako bat. Herrigunean badira antzeko beste eraikin: Minyurienea. Ikusgarriak dira biak ala biak ere, eta oso ongi zainduta daude, gainera.

Handik goraxago, muino batean kokatuta, dago Tourseko San Martin eliza. Barroko eta gotiko estiloak nahasten ditu, eta kanpandorre eta sarrerako ate ikusgarriak ditu.

Herrian paseo ederra eman eta plazako tabernetan zerbait hartuz, bazkaltzeko leku baten bila hasi gara. Bertako herritar batzuei galdetuta, hainbat leku gomendatu dizkigute, baina menu bat modu onean eta ederki jateko, Irubide ostatua gomendatu digute, eta halaxe egin dugu. Herriaren kanpoaldean dago, baina furgoneta utzi dugun aparkalekutik gertu. Larunbata izanda, 14 euro kobratu digute eguneko menua, eta sekulako janaldia egin dugu! Indabak, saiheskia, mamia… etxean bezala jaten da! Beste plan batean jan nahi baduzue, Arrano tabernan bokatak eta plater konbinatuak ere eskaintzen dituzte.

Beratarren bezala, lesakarrek ere badituzte hainbat ohitura, mendeetan zehar mantendu dituztenak. Erreka gaineko dantza da horietako bat; herriko festetan, San Fermin jaietan, egiten dute. Dantzari talde bat Onin errekako petrilen gainera igotzen da, bertan dantza egitera.

Eta nola ez, ihoteak! Inauterien asteburuan, Zakuzarrak, Mairuak eta Goitarrak ateratzen dira kalera. Irteera eta desfilea arratsalde-iluntze partean izaten bada ere, merezi du lehenago joan, eta zakuzarrak nola prestatzen diren ikusteak. Izan ere, zakuak jantzi eta lastoz betetzen dituzte, taldean. Plazaren erdian lasto piloa egin, eta han egiten dute betetze lana. Hainbat herritar aritzen dira haiei laguntzen, bai betetzen eta baita zakuak josten ere. Segidan, desfilean ateratzen dira, maskuri edo puxika beteekin jendea joz eta izutuz. Herria zeharkatu eta gero, erromeria giroan eta goizaldera arte luzatzen den festarekin bukatzen dituzte inauteriak.

Herria eta ingurua ezagutzeko gogoz gelditu bazarete, Agiñako eremu megalitikoa bisitatzea aukera ona izan daiteke. Ibilaldi bat eginez, hainbat trikuharri eta harrespila, eta Jorge Oteizak Aita Donostiaren omenez egindako eskultura ikus daitezke.


Igantzi

Lesakatik Bidasoa aldera itzuli beharrean, mendialdeko bideari jarraitu diogu, Igantzi eta Arantza aldera joateko. Bortziriak eskualdeko bi herririk txikienak dira, baina merezi dute goiz edo arratsalde pasako bisita bat.

Igantzik 620 biztanle inguru ditu eta muino baten gainean eraikita dago. Herrigunean San Migel parrokia dago, XVI. mendekoa, nahiz eta kanpandorrea geroztik egina den. Parean ditu udaletxea eta ostatua. Herrigunetik, inguruetako bista ederrak daude. Bertatik abiatzen da San Juan Xar baselizara doan oinezko bidea; Leze moduko batean kokatuta dago, Latsa errekaren ondoan.

Kaskotik beheraxeago, aparkalekutik gertu, Latsaga iturria ere topatu dugu; 1747koa bada ere, txukun mantenzen da oraindik.

Lesakako bidean berriz, Pietateko ermita dago, izen bereko gainean. XVI. mendekoa da hura ere, eta sarrerako atean, 1554. urtea agertzen da.


Arantza

Errepide bihurrian behera eta gora jarraituta, Arantzaraino iritsiko gara, biztanlez eta tamainaz, Igantziren antzeko herria. Furgoneta edo autokarabana herri sarreran dagoen aparkalekuan uztea aholkatzen dizuegu, herriko kaleak estuak baitira, eta ez baitago aparkatzeko leku askorik. Parkingaren ondoan, garbileku edo iturri zaharra ikusiko dugu.

Herrigunean, udaletxea eta frontoia daude, plaza txiki baten ondoan. Haien atzealdean dago Jasokundeko Amaren eliza. Eraikinaren jatorria XVI. mendekoa bada ere, bi mende geroago berritu zuten, eta egun duen kanpandorrea, XIX. mendean eraiki zioten.

Herrian barrena, etxe dotore ugari ikusiko ditugu, baina horietako batzuk merezi dute aipamen berezi bat: Xabatenea, Apezenea, Errontenea (errota izandakoa), Madalenea eta Larrainea dorretxea, Arantzako jauntxoaren etxe izan zena. Herrigunetik behera doan bidea jarraituz, Putxutxu eta Iturberri iturrietara irits daiteke oinez.

Umeak dituzuenontzat, Irrisarri Land abentura parkea egun pasa baterako aukera ona izan daiteke. Igantzi eta Arantza arteko bidean dago, eta natura eta aisialdia uztartzen dituzten ekintza ugari eskaintzen ditu.


Etxalar

Bukaerarako utzi badugu ere, Bortzirietako eta Nafarroa osoko herririk ederrenetako bat da Etxalar. Harriz eta egurrez egindako etxe dotorez osatutako kaleak ditu, eta merezi du bertan ere geldialdi bat egin eta paseo eder bat emateak. Herri sarreran, zubia pasa eta berehala dagoen aparkalekuan (Bekolandan) gelditu gara. Arratsaldea da, eta herrian buelta bat eman eta zerbait hartu ondoren, bertan egin dugu lo.

Kale nagusitik aurrera, Andre Mariaren elizara iritsi gara. Harrizko eskailerak igoz gerturatu gara bertara. Elizaren ikuspegirik ederrena, ordea, beste aldetik dago, lorategia eta antzinako hilarriz apaindutako sarrera baitauka. Elizaren jatorria 1200. urte ingurukoa bada ere, XVII. eta XVIII. mendeen artean hartu zuen egun duen itxura.

Elizaren inguruan, herriko etxerik zaharrenetako batzuk ere aurkituko ditugu: Iñarreta, Jauregieta eta Anduetzeta, denak ere XV. eta XVII. mendeen artean eraikitakoak.

Herrian barrena, beste hainbat eraikin interesgarri ere aurki daitezke. Horietako batzuk dira Gaztelu jauregia, Iñarrea eta Mokorrea etxeak edota egun udaletxea hartzen duen Mitxelarrenea. Eraikin dotore hori, XIX. mendean berregin zuten, lehendik toki berean zegoena bota eta gero. Garai batean, alondegia, taberna eta kartzela ere bazituen eraikinak. Egun, udal bulegoak daude goiko solairuetan, eta behekoan, herriko ostatua.

Herrigunetik ateraz gero, berriz, hainbat errota, burdinola eta iturri ikus daitezke, baita Sarrikuko eta Garaiko harrizko zubi ederrak ere. Azken hori, Ermitako zubia bezala ere ezaguna dena, Santa Kruz baselizara bidean dago. Herritik egin daitekeen beste ibilbide bat, Infernuko Errotara daramana da. Etxalarko eta Baztango lurren arteko mugan dago eraikita, eta hiru bat orduan egin daiteke joan-etorriko bidea.

Mendia nahiago duenak, Zentinela mendira joan eta hainbat aztarna prehistoriko ezagutzeko aukera izango du, bidean zehar, dolmenak, harrespilak eta iruinarriak aurkituko baititu.


Sunbilla

Bortzirietako ibilbidea bukatu dugu, baina etxerako bueltan, atzera Behobiatik itzuli beharrean, Malerreka aldetik joatea erabaki dugu, eta bidean, Bidasoa ibaiaren ondoan dagoen beste herri eder bat ezagutu dugu: Sunbilla.

Ibaiak herria bitan zatitzen duela esan liteke, baina hori ekiditeko, egun zutik dirauen erdi aroko zubi dotorea eraiki zuten, XVI. mendean. Zubiaz bestalde dago herrigune nagusia, baita San Joan bataiatzailearen eliza ere. Handik gertu, duela gutxi zaharberritu duten harraska edo garbileku dotorea dago.

Eraikin zibilei dagokionean, Subizarreko jauregia, Goienetxe eta Meharbaita etxeak (XVI eta XVII. mendeetakoak) dira aipagarrienak. Errekaz bestalde ere, udaletxeaz gain, badaude errekarea ematen duten hainbat etxe dotore.

Bazkaltzen bertan gelditu gara, igerilekuen ondoan dagoen Bustitz ostatuan. Ederki jan eta gero hartu dugu etxerako bidea. Bertan gelditu nahi duenak, Ariztigain kanpinean badu horretarako aukera.

Nafarroaren iparraldea eta inguruko herriak gehiago ezagutzen jarraitu nahi izanez gero, Baztan eta Malerreka eskualdeak ezagutzea gomendatzen dizuegu, paraje ederrak baitira denak ere!

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude