Penedes eta Garraf: Mahastiak, historia eta kosta
Tarragona eta Bartzelona artean, izaera berezia duen Kataluniako eskualde bat aurkitzen da: Penedes. Mahastigintzan tradizio handia duen zonaldea da, ehunka ardo eta cava upategi baititu. Baina horrez gain, paisaia dibertsitate handia, herri ederrak eta historia eta ondare aberatsa ere biltzen ditu. Gainera, kanper edo autokarabanan joateko oso leku egokia da, hamabi AKgune baititu.
Bidaia hau 2020ko urtarrilean egin bagenuen ere, gaur arte idatzi gabe geunden blogean. Eguberri garaian joan ginen, urte zaharretik errege egunera arte. Udazkena eta Eguberriak oso garai aproposa dira inguru hauek bisitatzeko.
Gure ibilbidea
Alt Penedes azpieskualdetik hasi dugu ibilbidea, Sant Sadurni d’Anoia eta Vilafranca del Penedés herri ezagunetatik. Handik kostaldera jo dugu, Garrafetik hasita, Castelldefels, Sitges, eta Vilanova i la Geltrú bisitatuz. Eta azkenik, Baix Penedesera, Cubelles, Calafell eta Castellet i la Gornal herrietan barrena.
Vilafranca del Penedés
Penedes bailarako hiriburua eta biztanle gehien dituen herria da Vilafranca del Penedes; hala ere, bere gune historikoak herri izaera mantentzen du. Jaume I plazatik hasi dugu bisita; bertan daude Santa Maria basilika eta Vinseum, ardoaren kulturari eskainitako museoa ere. Plaza berean, castellersei eskainitako monumentua dago. Handik gertu, Casa de la Festa Major museoa ere bisitatu daiteke.
Metro gutxira, Plaça de l’Olin eta haren inguruko kaleetan, asteroko merkatuarekin ere egin dugu topo. Horrez gain, Eguberrietan azoka eta postu bereziak ere jartzen dituzte, San Francesc Ramblan eta San Joan plazan. Plaza horretan dago Macia palazioa ere, gabonetan argi eta musika saioekin apaintzen dutena. San Joan plazaren inguruko kaleetan, taberna eta komertzio ugari daude, eta giro bizia aurkitu dugu bertan.
Bazkaltzeko leku baten bila hasi eta oso toki berezi batekin egin dugu topo. Cal Figarot du izena, eta Vilafrancako Castellersen egoitza da. Bertan, zonalde honetako jaki tipikoak probatzeko aukera dago, bai ohiko otordu moduan, eta baita pikoteo edo anoa moduan ere. Asko gustatu zaigu lekua, bai bere janariagatik eta baita lokala bera eta duen giroa ere.
Vilafrancan non lo egin
Penedes eskualdean AKgune ugari aurki daitezke, eta horietan lehena Vilafrancan bertan aurkitu dugu. Herrigunetik gertu dago oinez (500 bat metrora), eta aparkaleku zabal batean kokatua dago. Doakoa da, 10 plaza ditu, eta baita urak husteko lekua ere. Hori bat, errepidearen eta biribilgune baten ondoan kokatuta dago, eta egunez nahiko zaratatsua gerta daiteke; gainontzean, gu oso gustura egon gara bertan.
Sant Sadurni d’Anoia
Vilafranca Penedes bailarako hiriburua bada, Sant Sadurni cavaren hiriburua dela esan daiteke, mahastiz eta upategiz inguratuta baitago. Bertakoak dira Codorniu, Freixenet eta Juvé i Camps upategi ezagunak, baina beste dozenaka txikiago ere badaude.
Herrigunean bertan ere nabari da hori, hainbat ardandegi eta vinoteka baitaude bertan, baita Fassina cavaren interpretazio zentroa ere. Udaletxeko plazan eta Raval kalean aurkitu dugu girorik politena.
Sant Sadurnin egin beharreko plan bat, bertako upategi bat bisitatzea da. Lagun batzuk gomendatuta, Recaredo upategira joan gara. Herrigunean bertan dago, eta familia negozioa da. Bertan, ardo apardunak modu natural, ekologiko eta artisauan ekoizten dituzte. Lurpeko cava edo upategiak eta haien lan egiteko modua ezagutu ahal izan dugu. Bisita eta dastaketa asko gustatu zaizkigu!!!
Handik gertu, ezagutzea merezi duen beste leku bat dago, Simon Coll txokolateria. 160 urte baino gehiago daramatzate txokolateak artisau eran egiten, eta lantegiaren ondoan duten dendan, ehunka motatako txokolate eta gozoak aurki daitezke.
Sant Sadurnin non lo egin
Sant Sadurnik ere badu bere AKgunea. Txikia da, eta ofizialki 5 plaza baditu ere, kanper eta autokarabana gehiago ere kabitzen dira. Doakoa da eta urak husteko gunea dauka. Herrigunea 600 bat metrora dago, baina bidean supermerkatu bat ere aurki daiteke. AKgunetik bertatik abiatuta, ibilbide polit bat egin daiteke, laku bat eta inguruko mahastiak ikusiz.
Avinyonet del Penedés
Vilafranca eta Sant Sadurniren arteko erdi bidean dago Avinyonet del Penedes udalerria, hainbat herri eta auzotan sakabanatuta. Aurreneko geldialdia Les Gunyoles herrian egin dugu. Gain batean kokatuta dago eta herrigune ederra dauka, baita Penedes eskualdearen ikuspegi ederra ere. Bere harrizko etxe eta kale artean ibili gara. Plazan eliza eta XVI. mendeko eraikinak daude. Aipamen berezia merezi dute Can Riabl etxeak, eta erromatar garaiko dorreak.
Gunyolesetik gertu, Sant Sebastiá dels Gorgs herrian, bisita azkar bat merezi duen eraikin historiko bat dago: X. mendeko monastegi erromanikoa. Fraide beneditarrek eraiki zuten eta lau mendez egon ziren bertan. Elizaz gain, kanpandorrea eta barrualdean klaustro dotorea ditu. Guk itxita bilatu bagenuen ere, hileko lehen eta hirugarren larunbatetan (11etan eta 12etan) zabaltzen dute bisitarientzat.
Sitges
Alt Penedes eskualdean egun batzuk pasa eta gero, urte zaharra pasatzeko kostako herri batera joatea erabaki genuen. Avinyonetetik apenas ordu erdira dago Sitges ezaguna. Bartzelonako probintziako kostako herri ederra da Sitges, udan oso turistikoa, baina urte garai honetan bisita egiteak merezi du.
Bere alde zaharra etxe zuriz eta kale biziz osatua dago, eta indianoek eraikitako palazioak eta beste hainbat eraikin interesgarri ere aurkituko ditugu bertan. Davallada, d’en Bosc eta Sant Joan kaleak dira horren adibide. Herriguneko kaleek giro bizia dute, eta Cap de la Vila plazan eta haren inguruko kaleetan aurkituko ditugu taberna eta komertziorik gehienak.
Itsasertzean kokatuta dago Sant Bartolomeu i Santa Tecla eliza; XVII. mendeko eraikin barrokoa da, eta herriaren ikur nagusietako bat. Atarian, Sitges defendatzeko erabiltzen ziren kainoietako baten erreplika ikus daiteke. Elizaren atzealdean berriz, hau ere itsasertzean eraikia, Maricel palazio ikusgarria dago. XX. mende hasieran eraiki zuten, garai bateko ospitalea eta arrantzale etxeak ordezkatuz. Sitgeseko etxe askok bezala, horma zuriak eta apaingarri urdinak ditu, eta kanpotik ez ezik, barrutik ere ikusgarria da (horretarako bisita erreserbatu behar da).
Kostako herria izanik, Sitges hondartza lekua ere bada. Guztira 4 kilometroko kostaldea du, eta herrigunean bertan bost hondartza aurki daitezke; Sant Sebastiá da guztietan ezagunena, baina Balmins, Ribera, Barra eta Aiguadolç ere bisitatzeko modukoak dira.
Sitgesen non lo egin
Sitgesek ez dauka autokarabana edo kannperrentzako gunerik, baina hainbat furgoperfekto aurkitu ditugu sarean. Horietako batean lo egin dugu; portuaren atzekaldean dago, Marina d’Aiguadolç hondartzaren ondoan. Uda garaian ez dakigu aukerarik izango den, baina urte zahar gauean nahiko lasai zegoen, eta beste bi kanper genituen ondoan.
Castelldefels
Azken urteetan urte zaharra bukatu eta berria bidairen batean hasteko ohitura hartu dugu, eta ohitura bihurtu da urte berria paella on bat janez hastearena ere. Eta Castelldefels horretarako leku egokia iruditu zaigu. Goizean bertako gaztelura bisita eginez hasi dugu eguna; obretan zeuden, ordea, eta ezin izan dugu barrutik ikusi.
Handik hondartza aldera jaitsi eta paseo eder bat eman dugu, giro ona egiten duela aprobetxatuz. Gero, esan bezala, hondartza ertzeko tabernetako batean gelditu gara, zerbait hartu eta bazkaltzeko. Leku horretan eta itsasoari begira paella bat jatea, ez da urtea hasteko modu txarra, ezta?
Herrigunean ere buelta bat eman dugu. Ez da Sitges bezain herri ederra, baina badu ikustekorik. Santa Maria eliza eta haren aurreko plaza edo Palmeres plaza dira horietako batzuk. Kostaldetik barrurantza sartuta, berriz, Garrafeko parke naturala dago, bere arroka formazio bereziekin. Hainbat ibilbide egin daitezke bertan. Eta bisita bereziago bat egin nahi izanez gero, Palau Novella monastegi budista ezagutzeko aukera ere badago.
Vilanova i la Geltrú
Bidaia honetan, aspalditik ezagutzen dugun beste herri bat, Vilanova i la Geltrú ere ezagutu dugu. Hainbat urtez kanpinean pasa izan ditugu oporrak bertan, furgonetarekin bidaiatzen hasi aurretik. Eta gustura itzuli gara bertara. Aurreko biak bezala, kostaldeko herria da, nahiz eta barrukaldera ere asko zabaltzen den.
Rambla de la Pau pasealekua da Vilanovaren arteria nagusietako bat, baita komertzio gehien duen kalea ere. Kale luze hau (gero Rambla Principal bihurtzen da), Sant Antoni Abat elizan eta Neus plazan bukatzen da. Handik gertu daude udaletxea eta Plaça de la Vila, hiriko gune nagusietako bat dena. Bertan, Eguberrietako azokako postuak ere aurkitu ditugu.
Plazaren atzealdeko kaleetan murgilduta, garai bateko Geltrú herriaren gune historikoa aurkituko dugu. Bertan daude Geltruko gaztelua eta eliza, ondo mantenduta eta zainduta dauden bi eraikin. Gaztelu edo palazioa barrutik bisitatu daiteke gainera. Herrigunetik kanpokalderago badaude ere, Kataluniako Ferrokarrilaren Museoa eta Espai Far itsasargia dira Vilanovan bisitatzeko moduko beste tokietako batzuk.
Vilanovak hondartzak ere baditu, ez du alferrik 7 kilometroko kostaldea. Sant Cristòfol, Ribes Roges eta Adarró dira ezagunenak, eta herrigunetik gertuen daudenak, baina handik Cubelleserako bidean, beste bospasei hondartza ere aurkituko ditugu.
Vilanovan non lo egin
Vilanovak ere ez du AKgunerik, baina negu partean behintzat, Ribes Rogeseko pasealekuan dagoen parkinean baimenduta dago furgoneta edo autokarabanarekin lo egitea. Hondartzaren ondoan dago gainera, eta leku ederra da, gaua pasatzeko ez ezik, baita herria bisitatzeko ere.
Cubelles, Cunit eta Calafell
Kostako bidea jarraituz, Cubelles herriria iritsi gara. Cunit eta Calafell herriekin batera, Garraf eta Baix Penedes arteko kostako hirukoa osatzen dute. Itsasertzean apartamentu iladaz osatutako herriak dira, baina barruralderago dauden herriguneetan, badago egiteko moduko bisita interesgarririk.
Cubelles herrian, esaterako, Stop&Go Cubelles AKgunean gelditu gara. Area pribatua da, beharrezko zerbitzu guztiak dituena, eta bidean geldialdi bat egiteko, oso leku aproposa.
Calafell herrian, berriz, Castell de la Santa Creu gaztelua bisitatu dugu. Handik, kostaldera itzuli eta bertako jatetxeetako batean bazkaldu dugu, atzera ere, barrualderako bidea hartu aurretik.
Eta noski, hondartzak. Hiru herrien artean 10 kilometrotik gorako kosta zatia hartzen baitute. Neguan ez dago udako jendetza eta girorik, baina hondartzan paseo lasai bat emateko aukera ugari ematen dute.
Castellet i la Gornal
Penedes alderako itzuleran, aurrez begiz jota genuen herri batean gelditu gara: Castellet i la Gornal. Foixeko lakuaren gainean eta paisaia eder baten erdian, muino batean kokatutako herria da Castellet, eta izenak dion moduan, gaztelu batek zaintzen du.
Gaztelua ikusgarria da kanpotik, hein handi batean haren kokapenagatik. 977. urtean eraiki zuten, eta bailara osoa zaintzeko moduko ikuspegia eskaintzen du. Barrutik ikusteko aukerarik ez dugu izan, ordea, egun jakinetan baizik ez baitute zabaltzen bisitarientzat. Hala ere, merezi du bertara bisita egin eta inguruetako ikuspegiez gozatzeak.
Itzulerako bidea
Etxera itzultzeko garaia iritsi zaigu, baina aurretik, pare bat geldialdi egin nahi izan ditugu. Aurreneko aldian hain gustura egon ginen Vilafrancan pasa dugu berriz gaua, aurretik herrigunean beste buelta bat emanda.
Euskal Herrirako bidean, berriz, bidetik pika bat desbideratu eta Aragoiko herririk ederrenetako bat ezagutzeko aprobetxatu dugu. Ainsa Pirinioen magalean kokatutako herria da, Huescako Sobrarbe eskualdean. Kasko historiko ederra du, Cinca eta Ara errekek bat egiten duten lekuan, muino baten gainean.
Erdi Aroko herrigunea du, multzo historiko-artistiko izendapena duena. Aparkalekutik abiatuta gazteluak egiten du lehenengo harrera. Dorren nagusia XI. mendean eraiki zuten, eta harresiz inguratzen joan ziren gero. Egungo egitura, XVII. mendekoa da. Murailen gainetik, herriaren eta inguruaren ikuspegi ederra dago. Dorre nagusian, ekomuseoa dago, eta beste bietan, turismo bulegoa eta Sobrarbe-Piriniotako Geoparkearen Gunea.
Handik metro gutxira dago herriko plaza nagusia, harrizko etxez eta arkudun aterpez inguratua, eta atzean Santa Maria eliza duela (XII. mendekoa. Plazako eraikinen artean, Arnal eta Bielsa etxeak (XVI. erta XVII. mendeen artekoak) dira aipagarrienak. Baina eraikin jakinez haratago, herrigune osoak badu erakargarri egiten duen zerbait, eta merezi du bere kaleetan gora eta behera paseo bat emateak. Plaza inguruan, hainbat taberna eta jatetxe ere aurkituko ditugu.
Ainsan non lo egin
Ainsa herriaren gainkaldean, gazteluaren eta herrigune historikoaren sarreran, aparkaleku zabala dago, ehunka autorentzako tokia duena. Bertan, 40 bat leku gordeta dituzte furgoneta eta autokarabanentzako. Eguneko 3 euro kostatzen da, eta urak beteatzea beste 3 euro. Bere kokapenagatik eta inguruko mendi eta parajeen gaineko ikuspegiagatik, leku ederra da eguna nahiz gaua pasatzeko.
Azken iruzkinak: