Delta de l`Ebre furgonetan

Delta de l’Ebre, natur ingurune paregabea izateaz gain, furgonetarekin ezagutzeko leku ederra da. Arroz soroz, urmaelez eta hondartzaz inguratuta dago, hegaztien bizileku eta geldigune da, gastronomia aukera bikaina du, eta ondo prestatuta dago furgoneta edo autokarabanarekin bidaiatzeko.

Kataluniako hezegunerik handiena da, 320 kilometro koadroko eremua hartzen du, eta Parke Natural izendapena du 1983tik. Ebro ibaiak mendeetan zehar ekarritako sedimentuek sortu zuten ingurune berezi hau, Mediterrano itsasoan barneratzen den gezi formako lur eta hezegune eremua sortuz.

Delta de l’Ebre bi eskualdetan banatuta dago, Baix Ebre, ibaiaren iparraldean, eta Montsiá, hegoaldean. Bertako herrigune nagusiak L’Ampolla, Amposta, La Rapita, Deltebre eta Sant Jaume d’Enveja dira, nahiz eta hondartza inguruetan, beste herrixka eta urbanizazio batzuk ere aurki daitezkeen.

Urteko edozein garai izan daiteke ona Delta bisitatzeko. Gu Eguberri inguruan joan gara, eta Mediterraneoko tenperaturak Euskal Herrian baino goxoagoak ziren, nahiz eta iluntzeetan fresko egiten zuen. Esan behar da inguruko kanpin guztiak itxita zeudela egun horietan. Udan turismo eta aktibitate gehiago izango da, baina kontuan izan, hezegunez inguratuta dagoenez, eltxo edo moskito lekua ere badela.

Zer ikusi Delta de l’Ebren

Dela de l’Ebre ezagutzeko modurik onena, furgonetarekin batetik bestera ikusi eta bere paisaia berezietan galtzea da. Hala ere, gure ustez ikustea merezi duten hainbat leku bildu ditugu mapa honetan eta ondorengo lerroetan. Hiruzpalau egun nahikoa dira lekurik gehienak bisitatzeko, baina lasai hartu nahi baduzue astebete (edo gehiago) pasatzeko ere leku ona da.

Aintzirak

Delta de l’Ebrek hainbat aintzira edo urmael ditu, eta hegazti ugariren bizitoki edo migraziotako geraleku dira. Ikusgarrienak, flamingoak dira, talde handietan egoten dira, eta bere kolore biziari esker, paisaia ederrak sortzen dituzte. Bassa de l’Estella, La Tancada eta l’Encanyssada dira garrantzitsuenak. Denetan, hainbat begiraleku aurki daitezke, hegaztiak bistaratzeko. Oinez edo bizikletaz ere inguratu daitezke.

Ebro ibaiaren bokalea

Delta Ebro ibaiak sortutako ingurunea izanik, hau itsasoratzen den puntua ere Deltako puntu turistikoetako bat da. Riumar herriaren ondoan dago kokatua, eta bisitarientzako aparkalekua dauka (ezin da bertan lo egin). Handik gertu dago bokalea altueratik ikusteko begiratokia. Sant Antoni uhartea eta bertako itsasargia ere ikusten dira bertatik. Ibaiaren bideari barrukalderantz jarraituta, apenas kilometro batera, Deltako kaia dago; bertan, bisita gidatuak egiten dituzten itsasontziez gain, hainbat jatetxe aurki daitezke.

Casa de Fusta

Deltaren esentzia osoa jasotzen duen lekurik badago, Casa de Fusta da hori. Encanyssada aintziraren ondoan dago, eta 1920ko hamarkadan, bertara joaten hasi ziren ehiztariek eraikitako egurrezko etxe batean du jatorria. Egun, Ekomuseoa eta jatetxe bat ere baditu, eta baita autokarabana gunea ere (xehetasunak beherago).

Hondartzak

Delta itsasoan barneratzen den lur zatia izaki, hondartza kilometro asko dituen lur zatia da. Fangar (itsasargia ere badu), Riumar eta Trabucador izenekoak dira ezagunenak. Azken hau da bitxiena, Deltatik ateratzen den penintsula moduko bat osatzen baitu; arezko errepidearen bi aldetara zabaltzen da hondartza.

Jatetxeak

Delta de l’Ebrera etorrita, ia ezinbestekoa da bertako arroz on bat probatzea. Casa de Fusta, Deltebreko l’Arrós, Sant Jaume de Envejako Racó del Riu edota Ebroren bokalean dauden Casa Nuri eta Tramontano jatetxea aukera onak dira horretarako. Arrozaz gain, itsasoko asunekin egindako kroketak probatzea gomendatzen dizuegu.

Agrodendak

Bertako arroz eta bestelako produktuen ekoizleek kooperatiba moduan antolatutako dendak dira, eta Agrobotiga izenez ezagutzen dira. Deltako eta inguruko herrietako arroza, eztia, ardoa eta likoreak eros daitezke, besteak beste. Guk etxerako eta lagunentzako arroza hartu dugu Deltebreko Agrobotigan, baina beste herrietan ere aurki daitezke antzekoak.

Beste aktibitate batzuk

Delta de l’Ebre bizikletan, barkuan edo txalupan ezagutzea aktibitate interesgarria izan daiteke. Bizikletan ibiltzeko bidegorri eta ibilbide ugari daude. Ebroko bokaleko kaian, ontzi turistikoak ere har daitezke, eta Monnatura museoan, txalupan ibilbideak ere eskaintzen dituzte, museoko bisitarekin batera.

Delta de l’Ebren non lo egin

Kataluniako beste hainbat zonalde bezala, Delta ere ondo prestatuta dago furgonetan edo autokarabanan bidaiatzeko. Herririk gehienetan gure moduko ibilgailuentzako egokitutako AKguneak edo aparkalekuak bilatu ditugu. Jarraian zerrendatu ditugu, baina kokapena, goiko mapan ere ikus daiteke.

AKguneak:

Deltebre

Gehien gustatu zaigun lekuetako bat izan da, Ebro ibaiaren ondoan kokatuta dago eta aparkaleku zabala du, bidegorria eta arrozeria bat ondoan. Eguneko 8 euro ordaindu behar da, nahiz eta urtezahar gauean makina ez zebilen eta doan egin genuen lo. Urak hustu eta betetzeko gune 100 bat metrora dago, eta erabiltzeko beste 5 euro ordaindu behar da. Handik gertu doako guneak ere badaudenez, guk ez genuen erabili. Herrigunetik aparte xamar gelditzen da, oinez 20 bat minutu, baina herrian bertan dauden supermerkatu edota agrodendetara furgonetarekin mugitu daiteke.

Casa de Fusta

Leku bikaina eta ondo prestatua. Urmael baten ondoan kokatuta dago, ingurune natural batean eta herriguneetatik aparte. Jatetxe bat eta garai batean Deltara etortzen ziren ehiztariek eraikitako egurrezko etxe bat daude bertan, baita museo edo interpretazio zentro bat ere (gu joan ginen garaian itxita zegoen). Jatetxean oso ondo jaten da, eta aparkaleku zabala du. Urtean zehar X euro ordaindu behar da, baina Eguberrietan doan erabili ahalizan dugu. Urak hustu eta betetzeko bai, 5 euro ordaindu behar dira.

Sant Jaume d’Enveja

Deltebreren parean, errekaz bestalde dagoen herria da. AKgune ona dauka, eta doakoa. Aparkaleku zabala du eta urak hustu eta betetzeko gunea, eta herrigunetik bi pausora dago. Egun bat (edo batzuk) pasatzeko leku ederra da.

Amposta

Aurrekoen aldean herri hazia bada ere, bere AKguneak harritu egin gaitu. Duela gutxi eraikitakoa da, eta momentuz doakoa. Aparkaleku handia izateaz gain, Delta osoan elektrizitatea kargatzeko lekuak dituen bakarra da, gainera. Ezustean topatu genuen, eta sorpresa ederra izan zen. Parke baten ondoan kokatuta dago, eta herrigunetik 5 bat minutura oinez. Alde txar bakarra, kanpoko turista asko bertan ‘asentatuta’ zeudela, eta kosta egin zitzaigula argindarra kargatzeko leku libre bat topatzea. Gainontzean, gaua pasatzeko eta furgoneta kargatzeko aukera ona da.

L’Aldea

AKgune handia, garai bateko tren geltokian kokatuta dago, herrigunetik gertu. Urak husteko asmoz gerturatu gara, baina buxatuta eta gainezka zegoenez, beste leku baten bila jarraitu dugu. Hala ere, ez zaigu gaua pasatzeko leku txarra iruditu.

Kanpinak:

Delta de l’Ebre bisitatzeko beste aukera bat, bertako kanpinetan gelditzea da. Gu joan garen garaian (Eguberriak ziren) denak itxita zeuden, baina martxotik urrira bitartean zabalik aurki daitezke gehienak.

  • Camping Ampolla Playa
  • Camping Capfun Aube
  • Camping Platja des Eucaliptus
  • Camping Alfacs

Bukatzeko esan, Delta de l’Ebre furgonetan edo autokarabanan bisitatzeko leku aproposa dela, eta merezi duela bertara bidaia egin eta egun batzuk pasatzeak, hango paisaiak ikusi, eta arroz on batzuk janez.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude